150. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

86/2019 EBAZPENA, ekainaren 18koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Iberenova Promociones SAU izendatzen duena nodoko solaskide bakar Castejón 400 kV-eko posizio batean.

2019ko apirilaren 16an, Roberto Izaga López de Arroyabek (IFZ A82104001), Iberenova Promociones SAU (Iberdrola) ordezkatuz eta haren izenean, eskabidea aurkeztu du Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusian, Iberenova Promociones SAU izendatzeko nodoko solaskide bakar Castejón 400 kV-eko posizio batean.

Eskabide horretan adierazten da Iberenova Promociones SAU 80 MWp/60 MWn-eko “FV Bardenas” parke fotovoltaikoa sustatzen ari dela Alesbesko eta Caparrosoko udal-mugarteetan eta Errege Bardeko lurraldean, eta 370 MWp/325 MWn-eko “FV Peralta” parke fotovoltaikoa Azkoiengo udal-mugartean.

Iberenova Promociones SAUk elektrizitatea sortzeko proiektu horiek garraio sarean sartzeko eskabidea aurkeztu du, Red Eléctrica de España SAUren Erregistro Orokorrean 2019ko martxoaren 1ean sartua. Abalen gordekinak ere erantsi ditu, 2019ko martxoaren 1ekoak, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eskatutakoari jarraikiz.

Energia elektrikoa energia-iturri berriztagarrien, kogenerazioaren eta hondakinen bidez sortzeko jarduera arautzen duen ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren XV. eranskinean jasotzen denez, “sortzaile batek baino gehiagok garraio sarearekin konektatzeko puntu bera dutenean, batera eta nodoko solaskide bakar batek koordinatuta egin beharko da sarerako sarbide eta konexiorako prozeduren tramitazioa, sistemaren operadorearen eta garraiolariaren aurrean, bai eta garraiolariarekiko koordinazioa ere sorkuntza instalazioa zerbitzuan jarri ondoren, eta solaskide horrek sortzaileak ordezkatuz jardunen du, ezartzen diren baldintza eta eginkizunekin”.

Garraio sarean sarbide koordinaturako eskaera egiteko beharrezkoa denez nodoko solaskide bakarra egotea Castejón 400 kV-eko posizio batean, Iberenova Promociones SAUk hala izendatzea eskatu du.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 83. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean jarri du Iberenova Promociones SAUren eskaera, iragarkia argitaratuz 2019ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 14koan.

2019ko maiatzaren 29an, Rocío Sicre del Rosalek (IFZ B91115196), EDP Renovables España SL ordezkatuz eta haren izenean, eskabidea aurkeztu du Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusian, EDP Renovables España SL izendatzeko nodoko solaskide bakar Castejón 400 kV-eko posizio batean.

Eskabidean adierazten da EDP Renovables España SL bost eguzki instalazio fotovoltaiko sustatzen ari dela: “PSFV Cierzo I”, 50 MW-ekoa, Tuterako eta Corellako udal-mugarteetan; “PSFV Cierzo II”, 50 MW-ekoa, Tuterako eta Cintruenigoko udal-mugarteetan; “PSFV Cierzo III”, 50 MW-ekoa, Tuterako eta Cascanteko udal-mugarteetan; “PSFV Cierzo IV”, 50 MW-ekoa, Tuterako eta Ablitasko udal-mugarteetan; eta “PSFV Cierzo V”, 50 MW-ekoa, Tuterako eta Ablitasko udal-mugarteetan.

EDP Renovables España SLk elektrizitatea sortzeko proiektu horiek garraio sarean sartzeko eskabidea aurkeztu du, Red Eléctrica de España SAUren tramitazio elektronikorako aplikazioan 2019ko martxoaren 1ean erregistratu izanaren frogagiria erantsita. Abalen gordekinak ere erantsi ditu, 2019ko otsailaren 21ekoak, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eskatutakoari jarraikiz.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53. eta 83. artikuluekin bat, espedientean dagoen informazioaren zati bat eman zaie Iberenova Promociones SAUri eta EDP Renovables España SLri.

Espedientean dagoen informazio guztia ikusita, eta kontuan hartuta bai Iberenova Promociones SAk bai EDP Renovables España SLk justifikatu dutela egun berean (2019ko martxoaren 1ean) aurkeztu zutela garraio sarean sartzeko eskaera, bidezkoa da afera ebaztea Iberenova Promociones SAU izendatuz nodoko solaskide bakar Castejón 400 kV-eko posizio batean, lehenago aurkeztu zuelako izendapen eskaera.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Iberenova Promociones SAU (IFZ A82104001) izendatzea nodoko solaskide bakar Castejón 400 kV-eko posizio batean.

2. Ebazpen hau Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea EDP Renovables España SLri (IFZ B91115196), Iberenova Promociones SAUri (IFZ A82104001) eta Red Eléctrica de España SAUri (IFZ A85309219), eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 18an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F1908254