150. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

350E/2019 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez xedatzen baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean berriz argitaratzea Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko UPSa eguneratzeko proiektuaren araudia. Sustatzailea Recuperación Ambiental SL da.

Nafarroako Gobernuak 2018ko maiatzaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, “Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko UPSa eguneratzeko proiektua” onetsi zen. Sustatzailea Recuperación Ambiental SL da. Erabakia 2018ko 186. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 25ekoan, eta bertan UPSaren testu bategina aurkeztea eskatzen da.

Eskatutako testu bategin hori aurkeztu eta balidatu ondoren, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 1eko 149E/2019 Ebazpenaren bidez, UPSa eguneratzeko proiektuaren araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea xedatu zen. Ebazpen hori 2019ko Nafarroako 76. Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 23koan.

Geroago, 2019ko martxoaren 4an, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak txostena eman zuen, UPSa eguneratzeko proiektuaren testu bateginaren aldekoa, baina baldintzatuta, eskatzen baitu plano batzuk arau izaeraz sartzeko eta agirian zenbait aldaketa egiteko, frogatuta gera dadin Estatuko araudian zortasun aeronatikoen arloan ezarritakoak lehentasuna duela.

2019ko maiatzaren 28an, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak balidatu ditu eskatutako zuzenketak. UPSaren araudia berriz argitaratzea proposatzen da.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2019ko ekainaren 6ko txostena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean berriz argitaratzea Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko UPSa eguneratzeko proiektuaren araudia. Proiektuaren sustatzailea Recuperación Ambiental SL da. Araudiaren testu osoa ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dutela, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko dira.

3. Ebazpen hau igortzea Iruñerriko Mankomunitatera, Zizur Zendeako, Eguesibarko, Galar Zendeako eta Oltza Zendeako udaletara eta enpresa sustatzailera, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 17an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINA

Araudia

Lurzoruaren kategoria.

Behin proiektu sektorial hau onetsita, ezarpen eremuan sartzen diren lurrak babestu beharreko lurzoru urbanizaezin izanen dira, jarduera berezietarako lurzoruen azpikategoriarekin.

Kategoria hori bost urtean (5) iraungiko da, jarduera itxi ondoren egin beharreko lehengoratze lanak bukatzen direnetik hasita. Prebentzio epe hori ezartzen da betegarriak finkatu eta sendotzeko behar den arrazoizko epea delakoan.

Kategoria hori eta eremu horretarako zehaztutako lurzoruaren erabilerari eta babesari buruzko araudia beti gailenduko dira arau sektorialei eta lurraldearen eta hirigintzaren antolamenduko tresnei jarraikiz aplikatzen ahal diren gainerakoen aldean.

Kategorizazio honek, hasiera batean, UPSak mugatutako lurrak ukituko ditu, eta, behin onetsi ondoren UPSa garatzen duten proiektuak, horietan sartzen diren lurrak ere bai, baina horien hedadura, gehienez ere, agiri honetan definitutakoa baino ehuneko hamar (10) handiagoa izanen da, eta ez ditu hartuko “Lurzoruaren kategoria” izeneko planoan aurreikusitako mugaketan sarturik ez dauden lurrak.

Lurzorua babesteko araubidea.

Atal honetan, jarduketaren aurretik, jarduketa bitartean eta ondoren ukituko den lurzorua babesteko araubidea zehazten da.

Jarduketaren aurretiko denbora da proiektu sektoriala onesten denetik erabaki edo desjabetze baten bidez lurrak okupatu arte doana.

Jarduketa bitarteko denbora da lurrak okupatzen direnetik jarduera itxi ondoren egin beharreko lehengoratze lanak bukatu arte doana.

Jarduketaren ondorengo denbora da lehengoratze lanak bukatzen direnetik bost urte bete arte doana.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritako ondorioetarako:

Hauek dira jarduera baimenduak:

a) Jarduketaren aurretik:

–“Lurzatien itxiturak eta behin-behineko nekazaritza eta abeltzaintza instalazioak. Bertan behera utzi beharko dira, eta, betiere, inolako kalte-ordainik gabe eraitsi, UPS honen xedeko hondakindegien jarduera hasi aurretik (UPSa garatzen duten proiektuak onetsi ondotik). Baimena, aipatutako baldintzekin, Jabetza Erregistroan jaso beharko da, jabeak baldintzak onartzen dituela adierazita, hipotekei buruzko legerian ezarritakoarekin bat”.

–Euste-lanak, lur mugimenduak eta pistak edo bideak irekitzea, betiere UPSa onesten den unean legezko egoeran dauden nekazaritza eta/edo abeltzaintza jarduerei lotuak badaude.

b) Jarduketaren ondoren, hots, lehengoratze lanak bukatu ondoko bost urteko epean:

–Nekazaritzako eta/edo abeltzaintzako jarduera eta erabilerak, betiere lurra sendotu eta finkatzean kaltea har dezaketen elementuak eta/edo azpiegiturak jartzen ez badira.

Hauek dira jarduera debekatuak: baimenduen artean ageri ez diren erabilera eta jarduerak.

Zortasun aeronautikoak.

Proiektu sektorialaren eremuaren barruan, lurrak berak zortasun aeronautikoak gainditzen dituen tokietan edo zortasun aeronatikoen mugaketa-eremuetatik hurbil den tokietan, ezin da eraikin edo instalazio berririk egin, ez lurra edo objektu finkoak aldatu (zutoinak, antenak, kartelak, haize-sorgailuak, etab.), ez eta daudenen altuera handitu ere, baldin eta horrekin zortasun aeronautikoak gainditzen badira, salbu eta AESA-Aireko Segurtasuneko Estatuko Agentziaren iritziz frogaturik badago segurtasuna ez dela arriskuan jartzen eta ez dela nabarmenki kaltetzen aireontzien operazioen erregulartasuna, 584/1972 Dekretuan jasotako salbuespen kasuetan izan ezik, gaur egungo idazketaren arabera.

Zortasun aeronatikoek ezarritako mugek eta betebeharrak direla-eta ezinezkoa bada aurreikusitako eraikinak edo instalazioak egitea, horrek ez du sortuko inolako eskubiderik Sustapen Ministerioak, aireportuen kudeatzaileak edo Aireko Nabigazioko Zerbitzuen emaileak kalte-ordainak emateko, salbu eta patrimonializaturik dauden eskubideak ukitzen direnean.

Azterlanaren menpeko eremu osoa zortasun aeronautikoek ukitutako zona eta guneetan dagoenez, edozein eraikuntza, instalazio (zutabeak, antenak, airesorgailuak –palak barne–, eraikitzeko behar diren tresnak –eraikuntzako garabiak eta antzekoak barne–) edo landaketa egiteko, aldez aurretik AESA-Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziaren aldeko erabakia beharko da, 297/2013 Errege Dekretuaren bidez aldatutako 584/1972 Dekretuaren 30. eta 31. artikuluekin bat.

Zortasun aeronautikoei buruzko 584/1972 Dekretuaren 10. artikuluaren arabera (297/2013 Errege Dekretuaren bidez aldatua), jarduerak mugatzen dituen zortasun bat ezarri da Iruñeko aireportuko zortasun aeronautikoen eremuko lurren proiekzio ortogonalaren barreneko eremuan, eta, horren indarrez, AESA-Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziak ahalmena izanen du eremu horren barreneko jarduerak debekatu, mugatu edo baldintzatzeko, aireko operazioetarako edo instalazio erradioelektrikoen funtzionamendu egokirako arriskutsuak badira. Aukerabide hori aipatutako jarduerak ezarri edo egitea ahalbidetzen duten lurzoruen erabileretara ere zabalduko da, eta, besteak beste, honako hauek hartuko ditu bere baitan:

a) Turbulentziak eragiteko moduko oztopoak eraiki beharra dakarten jarduerak.

b) Argien erabilera (laser izpien emisoreak edo proiektoreak barne), arriskua sor badezakete edo nahastera edo huts egitera eraman badezakete.

c) Eremu handi eta oso islatzaileak erabiltzen dituzten jarduerak, itsualdiak eragin ditzaketelako.

d) Aerodromoaren mugimendu esparruaren inguruetan faunaren jarduera erakarri dezaketen jarduketak.

e) Ikusten ez diren irradiazio-iturrien ezarpena edo funtzionamendua dakarten jarduerak, edo objektu finko edo mugikorren presentzia dakartenak, aeronautikako komunikazio, nabigazio eta zaintza sistemen funtzionamendua oztopatu badezakete edo haiei kalte egiten ahal badiete.

f) Kea, lainoa edo aireontzientzat arriskutsua izan daitekeen beste edozer sortzen duten instalazioen ezarpena edo funtzionamendua dakarten edo errazten duten jarduerak.

g) Propultsio edo aireratze bideak erabiltzea kirol jarduerak edo beste edozein jarduera egiteko.

Planoen bilduman honakoak sartu dira arauzko izaerarekin:

–Iruñeko aireportua. Zortasun aeronautikoak. Aerodromoko zortasunak eta instalazio erradioelektrikoak eta aireontzien operaziokoak. 1875/1973 Dekretua. 2016ko martxoa.

–Iruñeko aireportua. Zortasun aeronautikoen proposamena. Aireontzien operazioko zortasuna, Plan Zuzentzailea. 2016ko martxoa.

Iragarkiaren kodea: F1908313