150. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

287/2019 FORU AGINDUA, uztailaren 4koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Hirugarren Adinekoen arloko “Egoitzetako Etxebizitza Laguntzadunaren Zerbitzua” berariaz sailkatzen duena.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44. artikuluaren arabera, Nafarroak eskumen osoa du gizarte laguntzaren arloan, eta, berariaz, haurren, gazteen eta hirugarren adinekoen arloko politikan, ongintza eta laguntza elkarteen arloan eta adingabeak babestu eta tutoretzapean jartzeko eta gizarteratzeko erakunde eta establezimendu publikoen arloan. Azkeneko kasu horretan, betiere, Estatuko legeria orokorrari jarraikiz.

Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak xedatzen duenaren arabera, Nafarroako Gobernuaren eskumen dira, besteak beste, gizarte zerbitzuak erregistratu, baimendu eta haien kalitatea homologatzea, baita sistemako zerbitzuak ikuskatu eta kontrolatzea eta gizarte zerbitzuen arloan zehatzeko ahala erabiltzea ere.

Maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuak, gizarte zerbitzuen arloko zerbitzu eta zentroak garatu eta sailkatzeaz gain, horietako bakoitzak azpiegiturei, ekipamenduari, langileei eta funtzionamenduari dagokienez bete beharreko baldintzak ere ezartzen ditu.

Biztanleria gero eta zaharragoa denez, mendekotasunaren eragina handitzen da, eta horrek zerbitzu gehiago ematea eskatzen du. Zerbitzu horiek jasoko dituztenen bizitzeko moduei eta lehentasunei begira eman behar dira, gero eta gehiago, norbere beharretara eta hautuetara egokitutako bizitzaren amaiera lortzen laguntzeko asmoz.

Horretarako, garrantzi handikoak dira honako hauek: erantzunbideak dibertsifikatzea –Europako beste herrialde batzuetan eta beste autonomia erkidego batzuetan erabiltzen diren esperientziekin–, zerbitzuen eta baliabideen eskaintza eta horien aniztasuna handitzea –esaterako, tutoretzapeko apartamentuak, etxebizitza komunitarioak, egoitza txikiak, etxebizitza laguntzadunak eta abar– eta laguntza jarraitua ematea, pertsonen behar aldakorretara eta nahietara egokitua.

Maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuak ez ditu egoitza baliabide horiek berariaz arautzen. Beraz, gaur egungo beharrak ikusita, beharrezkoa da berariazko babes legala ezartzea baliabide horietarako, adinekoei aldi baterako edo betirako ostatu ematearren, behar bezainbesteko laguntza malgutasunez eskaintzen dieten tokietan bizi nahi badute, etxebizitzaren antzekoenetan alegia, independentziari eta norbere antolaerari eusten laguntzeko.

Ildo horretan, maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren 4. artikuluak zehazten du foru dekretu horren eranskinean agertzen ez diren zentro edo zerbitzuak eta, orobat, horietako ezeinekin ere parekatu ezin direnak banaka-banaka sailkatuko direla, kontseilariaren –gaur egun, Eskubide Sozialetako kontseilariaren– foru agindu baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Berariaz sailkatzea, maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako ondorioetarako, “Egoitzetako Etxebizitza Laguntzadunaren Zerbitzua”, Hirugarren Adinekoen arlokoa, foru agindu honen eranskinean agertzen den moduan.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, hori gertatu eta biharamunean indarrean jar dadin.

Iruñean, 2019ko uztailaren 4an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

ERANSKINA

Adinekoentzako Etxebizitza Laguntzadunaren Zerbitzua

Definizioa:

Etxebizitza irisgarria eta independentea, egoitza batean kokatua, arreta pertsonaleko edo etxeko lanetako zerbitzuen laguntza behar dezaketen adinekoei ostatu emateko, aldi baterako edo betirako.

Hartzaileak:

65 urtetik gorako pertsonak, mendekotasun mailarik aitortuta ez dutenak edo mendekotasun moderatua dutenak.

Ematen diren zerbitzuak:

Kasu guztietan: ostatu eta etxebizitzaren mantentze-lanak.

Pertsonen beharren arabera, gutxienez hauek eskaini behar dira:

–Janari zerbitzua eta etxeko lanetarako laguntza.

–Eguneroko bizitzako jardueretan laguntzea eta gainbegiratzea.

–Arreta soziala: jarraipenekoa, lau hilabetetik behin.

Langileak:

Zuzendaritza, gainbegiratzea eta jarraipena entitate baimenduaren esku izanen dira. Mendekotasun moderatuko egoeran dauden egoiliarren kasuan, arreta zuzeneko langileen ratioak izanen dira egoitzako arretarako eskatzen direnak. Banakako Arreta Plana izan behar da, eta bertan neurriak, jarduketak, helburuak eta laguntzak jasoko dira pertsona helburu duen arreta integrala bermatzeko.

Berariazko baldintzak:

  • Hirigune batean kokatuko da, bizitza independentea egiteko zuzkidura aski dituen leku batean, edo horrelakoak dituen beste hirigune batekin lotzeko hiri-garraioa daukan leku batean.
  • Gehienez ere hiru lagun biziko dira etxebizitza bakoitzean. Gutxienez ere 45 m² izanen dituzte. 10 m²-tik beherako logelak pertsona bakar batentzat izanen dira. 10 m²-koak eta hortik gorakoak bi pertsonentzat izan daitezke.
  • Etxebizitzek egongela-jantokia, logela, oinarrizko ekipamendudun sukaldea eta komuna izan behar dituzte, den denak iristeko oztoporik gabekoak.
  • Etxebizitzak erabiltzaileen oinarrizko beharrak asetzeko moduko ekipamendua izanen du.

Iragarkiaren kodea: F1909521