149. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko uztailaren 3an hartua, Abartzuzako Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa, udal mailakoa, eskualdeko ikastetxe bihurtzen duena eta Lezaungo Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa kentzen duena.

Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiak txosten-proposamen bat aurkeztu du, Abartzuzako Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa eskualdeko ikastetxe bihurtzeko eta Lezaungo Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa kentzeko.

Abartzuzako ikastetxe publikoa eskualdeko ikastetxe bihurtzeak Nafarroako Gobernuko ikastetxeen sarea aldatzea dakar, hain zuzen ere martxoaren 13ko 69/1995 Foru Dekretuak ezarri zuena. Foru dekretu horren I. eranskinean ikastetxe publikoen hezkuntza zonifikazioa ezartzen da, eskola barrutietan banatuz, zein bere bigarren hezkuntzako eremuarekin, derrigorrezko bigarren hezkuntzako azpieremuarekin, lehen hezkuntzako eskualdearekin eta, azkenik, udalerriarekin lotuta. Hizpide dugun ikastetxearen lehen hezkuntzako eskualdea Abartzuzako udalerriarena da, “Lizarra” 4. barrutiaren barruan eta Lizarrako “Tierra Estella” Bigarren Hezkuntzako Institutuaren bigarren hezkuntzako eremuan eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako azpieremuan, eta orain eskualdeko ikastetxe bihurtuko da, bertan sartu direlako, Abartzuzako udalerriaz gain, Gesalazkoa, Lezaungoa eta Deierrikoaren zati bat.

Horrez gain, Lezaungo udalerria Abartzuzako ikastetxearen lehen hezkuntzako eskualdean sartzeak berekin dakar udalerri horretako ikastetxe publikoa desagertzea.

Beraz, beharrezkoa da Gobernuak erabakia hartzea Abartzuzako ikastetxea eskualdeko ikastetxe bihurtzeko, 69/1995 Foru Dekretuan ezarritako zonifikazioa aldatu eginen delako, batetik, eta bestetik, otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuak xedatzen duelako ikastetxeak Nafarroako Gobernuak kenduko dituela. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa.

Amaitzeko, erabaki honetan Abartzuzako ikastetxearen osaera juridiko berria ezartzen da, beste helbide batera eramateak eta eskualdeko ikastetxe bihurtzeak eragindakoa, unitateen kopurua ere handituko dela aintzat hartuz. “Zumadia” izen berariazkoa izanen du aurrerantzean, ikastetxeko Eskola Kontseiluak proposatuta, Abartzuzako Udalak horren aldeko txostena emanda.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eta Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuaren txostenak daude jasota proposamenean.

Nafarroako Eskola Kontseiluak edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiak espedientearen gaineko txostena egin du, eta irakasleen ordezkari sindikalei txosten horren berri eman zaie.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Abartzuzako Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa, udal mailakoa, eskualdeko ikastetxe bihurtzea, ondorioak 2019ko irailaren 1etik aurrera izateko; aurrerantzean, ikastetxe horren lehen hezkuntzako eskualdekoak izanen dira, Abartzuzako udalerriaz gain, Lezaungo udalerria, Gesalazko udalerria osorik, eta Deierriko udalerriko herri guztiak, salbu eta Arandigoien, Bearin, Lorka eta Murillo Deierrikoa, Lizarrako “Remontival” Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoaren lehen hezkuntzako eskualdean jarraituko baitute.

2. Adieraztea hauek izanen direla ikastetxearen erregistro datuak:

–Ikastetxearen kodea: 31000026.

–Izen generikoa: Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa.

–Berariazko izena: “Zumadia”.

–Helbidea: udal katastroko 11. poligonoko 485. lurzatia.

–Herria: Abartzuza.

–Udalerria: Abartzuza.

–Titularra: Hezkuntza Departamentua.

–Osaera juridikoa: 2 unitate Haur Hezkuntzaren bigarren zikloan eta 3 unitate Lehen Hezkuntzan. Seigarren unitatea ere izan dezake, behar izanez gero.

–Hizkuntza ereduak: A, G eta D.

3. Lezaungo Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa (ikastetxearen kodea: 31003295) kentzea, 2019ko irailaren 1etik aurrerako ondorioekin.

4. Adieraztea ezen, behin-behinekoz, ikasturteko lehen hiruhilekoan, eskola berria erabiltzeko moduan egon arte, Abartzuzako “Zumadia” ikastetxeko Haur Hezkuntzako 2. zikloko ikasleak Lezaungo ikastetxe publikoan egonen direla (erabaki honen bidez kentzen den horretan), eta Lehen Hezkuntzako ikasleak, aldiz, Abartzuzako egungo eskolan.

5. Erabaki hau igortzea Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Plangintza Zerbitzura eta Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera eta Abartzuzako eta Lezaungo udaletara.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko uztailaren 3an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1909225