149. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1433/2019 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaprobetarako deia egiten da honako ikerketa proiektu hau garatzeko: “IoB (0011-1365-2019-000090)”.

2019ko uztailaren 4an, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetarako deia egiteko eskatu zuen, proiektuko lankide ikertzaileak kontratatzeko “IoB (0011-1365-2019-000090)” ikerketa proiektua egiteko. Ikerketa proiektuaren ikertzaile arduraduna Alberto Córdoba Izaguirre da, unibertsitateko irakasle titularra eta Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia.

Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak proposatuta.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Hautaprobetarako deia egitea “IoB (0011-1365-2019-000090)” ikerketa proiektua egiteko ikertzaileen lan kontratazioa egiteko.

Bigarrena.–Hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak, ebazpen honekin batera doazenak, ebazpenaren parte gisa onestea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Hautapen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzura helaraztea.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web orrialdean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2019ko uztailaren 4an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko ikerketa proiektu hau garatzeko: “IoB (0011-1365-2019-000090)”.

–Maila profesionala: proiektuko lankidea, batez ere ikerketa lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: IoT (My inBiot) protaforma garatzea. Machine learning.

–Kontratu mota: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegian, Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an hartu zuen erabaki baten bidez onetsitakoan, ezarritakoarekin bat etorriz, Langileen Estatutuko 15. artikuluak ezarritako obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu modalitatearen bidez egingo da kontratazioa.

–Iraupena: 2020/12/31ra arte, kontratua sinatzen denetik.

Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 15. artikulua garatzen duen 1998ko abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, iraupen hori orientagarria da, eta iraupena inolaz ere ez da izango proiektua indardun den denbora baino luzeagoa, eta betiere esleitutako diru kopuruak baldintzatuko du, eta, horrenbestez, ikerketa proiektuari lotzen zaion funts falta kontratua iraungitzeko zioa izango da.

–Lanaldi mota: lanaldi osoa edo partziala, erabilgarri dagoen aurrekontuaren arabera.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak, 2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak, bere eranskinean ezarritakoak.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egongo da, proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: FEDER Funtsekin batera finantzatua.

–Argitaratzeko tokia: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webean argitaratuko dira.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1.–Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izango dute.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Gutxienez ere 300 ECTS dituen Graduko irakaskuntza titulazio ofiziala, Masterra, Lizentziatura, Ingeniaritza edo hezkuntza alorrean eskuduna den ministerioak ezarri duenaren arabera, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 3. mailari (masterrari) dagozkion titulazioak.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua ez egotea epai irmo baten bidez.

2.2.–Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Eskabide eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dituzte:

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Ikasketa espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako eta Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsuletxeetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.

Eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak data eta zigilua jar ditzan, ziurtatu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora bidali baino lehen.

Giza Baliabideen Zerbitzuak eskaerak behar bezala kudea ditzan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistroak aukeratzen ez dituzten eskatzaileek eskaeraren kopia eskaneatu bat bidali behar dute dagokion erregistroko sarrera-zigiluarekin recursos.humanos@unavarra.es helbide elektronikora.

4.–Izangaien onarpena.

4.1.–Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baztertua izateko arrazoia esanez, baztertuen kasuan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2.–Hirugarren oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izango dira, eta, gainera, horiek ezin izango dira zuzendu.

4.3.–Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dira, eta ez dute probarik egingo.

4.4.–Eskaerak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5.–Izangaiak hautaketa prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota 6.2 oinarriak aipatu hautaketa prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6.–Jatorrizko dokumentazioan aitortzen dena parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan zehatz ez emateak, faltsutzeak edo ez emateak kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatutako erantzunkizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa prozesua.

Izangaien merezimenduak balioetsiko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautapen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautapen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izango da.

6.–Hautaketa prozesuaren ebazpena.

6.1.–Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balioespena amaitu eta gero, Hautapen Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2.–Ikerketako errektoreordeak ebazpena emango du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.

6.3.–Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

6.4.–Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten hautagaiei ez zaie beste edozein lanpostutarako kontraturik eskainiko. Dena dela, eskain litzaieke baldin eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira edo deia maila edo kategoria handiagoko lanpostu bati dagokion zerrenda batetik egina bada.

7.–Hautapen batzordea.

Batzordeburua: Jesús Villadangos Alonso, unibertsitateko irakasle titularra, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: Alberto Córdoba Izaguirre, unibertsitateko irakasle doktore titularra, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia.

Batzordekidea: José Javier Astrain Escola, kontratupeko irakasle doktorea, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia.

Hautapen batzorde ordezkoa.

Batzordeburua: José Ramón González de Mendívil, unibertsitateko katedraduna, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia.

Idazkaria: Federico Fariña Figueredo, unibertsitateko irakasle titularra, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia.

Batzordekidea: Alfredo Pina Calafi, unibertsitateko irakasle titularra, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia.

Hautapen Batzordearen jarduerak, uneoro, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Hautapen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartzeko, datu pertsonalak eskatzen zaizkie izangaiei, eta datu pertsonalen fitxategi batean sartzen dira. Fitxategi horren helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileak kudeatzea da, eta, bereziki, hautaketa-prozesuetako hautagaiek izandako parte-hartzea eta unibertsitate-zabalpeneko jardueretan NUPeko langileek izandako esku-hartzea kudeatzea.

Deialdi honetan parte hartzeko eskabidean hautagaiek baimena emateak berekin dakar hautaketa-prozesuan emandako datuak tratatzeko baimena ematea ere. Datu pertsonalak babesteko indarrean diren araudien arabera interpretatu behar da hori. Zehazki, hauek dira bete beharreko araudiak: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak sartzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar da delegado.protecciondatos@unavarra.es 3/2018 Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz –2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa–.

9.–Errekurtsoak.

Hautapen Batzordeak erabakitzen dituen egintzen aurka, zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den eguna eta biharamunetik kontatzen hasita.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko ekintzen aurka, Batzordeak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo iragartzen den eguna eta biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazten den eguna eta biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA

Hautatzeko irizpideak

1. ATALA: Ikasketa espedientea

Puntuak:

4

Titulazioaren ikasketa espedientea proportzionalki balioetsiko da, 4 punturekin gehienez ere.

Izangaia 300 ECTS kreditu egindako ingeniaria, lizentziaduna edo arkitektoa edo graduduna bada, titulazioa 4 punturekin balioetsiko da gehienez ere.

Izangaia, masterrarekin ere, 300 ECTS kreditura ailegatzen ez bada (gradua, ingeniaritza teknikoa, diploma, arkitektura teknikoa), 4 puntura bitarte balioetsiko da, proportzioan, titulazioaren eta masterraren ECTS kopuruaren portzentajea aintzat hartuz.

Kasu batean zein bestean, ateratzen den puntuazioa 1 faktoreaz biderkatuko da baldin eta izangaiak honako tituluetako bat badu: Gradua Ingeniaritza Informatikoan, Ingeniaritza Informatiko Teknikoan, Telekomunikazio Teknologietan, Telekomunikazio Ingeniaritzan, Telekomunikazio Ingeniaritza Teknikoan, Industria Teknologietako Ingeniaritzan, Industria Ingeniaritzan, Industria Ingeniaritza Teknikoan, eta Unibertsitate Masterra Ingeniaritza Informatikoan, Industria Ingeniaritzan edo Telekomunikazio Ingeniaritzan. Bestelako titulazioa bada, 0,5 faktoreaz biderkatuko da.

Izangaiak aurkezten duen titulazio bakoitza dagokion faktorearekin biderkatuko da.

Izangaiak 300 ECTS kredituko lizentzia, ingeniaritza, arkitektura edo gradua aurkezten badu, titulazio bakarra hartuko da kontuan; 300 ECTS kreditutik beherako ingeniaritza teknikoa, diploma, arkitektura teknikoa edo gradua aurkezten badu, titulazio bakarra hartuko da kontuan izangaiak deialdira sartzeko bide gisa aurkezten duen unibertsitate masterrarekin batera.

2. ATALA: Lan esperientzia

Puntuak:

14

–Lankidetza bekarik edo ERASMUS bekarik izateagatik: gehienez ere 0,5 puntu urteko, kontratu honen xedearekin duen loturaren arabera.

–Ikerketa proiektuekin lotutako kontratuetan parte hartzeagatik edo egiaztatutako lan esperientziagatik baldin eta gaia jarduera hauekin lotua badago: IoT aplikazioen garapena edo datu eskalagarien aplikazioen garapena. 2 puntu kontratu-urte bakoitzeko.

Bi kasuetan, urtebetetik beherako denbora-tarteengatik parte proportzionala emanen da.

3. ATALA: Beste merezimendu batzuk

Puntuak:

16

–Java programazioari buruzko ezagupenak Eclipse, Visual Studio C#NET, Javascript inguruneetarako, eta weben programazioa: 4 puntu gehienez ere.

–Cloud Computing-i buruzko ezagupenak: 8 puntu gehienez ere.

–Esperientzia Machine Learning-en: 8 puntu gehienez ere.

–Esperientzia BI tresnetan (Grafana, Birt edo antzekoak): 6 puntu gehienez ere.

–Ingelesa jakitea: Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak jasotako mailen arabera. 1 puntu, B1 maila edo handik gorakoa.

4. ATALA: Banakako elkarrizketa

Puntuak

6

Aurreko atalen baturan gutxienez 20 puntu atera dituztenei baizik ez zaie egingo elkarrizketa. Hautagaiak deialdi honen xede izan eta garatu behar diren jardueretarako egokiak ote diren aztertzea da elkarrizketaren helburua.

Hautaketa prozesua gainditzeko, gutxienez ere 22 puntu ateratzea eskatuko da.

Hautaketa prozesuaren azken emaitzan gertatzen diren berdinketak 3. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen baldin badu, 2. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen baldin badu, 1. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen badu, zozketaren bidez ebatziko dira.

Iragarkiaren kodea: F1909612