149. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGOITZ

Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Agoizko Udalak, 2019ko martxoaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantza.

Hasiera batez onetsitako erregelamendu-aldaketa jendaurrean egon da, hogeita hamar egunez, Udalaren iragarki taulan, 2019ko 66. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 4koan, horren berri eman ondotik. Epe horretan ez denez erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu, bidezko da Ordenantza behin betiko onestea eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea; halaxe xedatu baita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan.

Agoitzen, 2019ko maiatzaren 24an.–Alkatea, Unai Lako Goñi.

UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikatzekoa den araudia betez, desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzea, eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea (legearen testu bategina urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan ezarritakoari egokituta (haren bidez desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautu ziren).

2. artikulua. Lurralde eremua.

Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatuetan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

3. artikulua. Aparkatzeko txartela.

Agiri publiko bat da, baldintzak betetzen dituzten pertsonen eskubidea egiaztatzen duena; hain zuzen ere, ibilgailua sarbide edo helmugatik ahalik eta hurbilen aparkatzeko eskubidea. Baldintza horiek aipatu abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan ezarrita daude. Ordenantza honen I. eranskinean zehazten dira aparkatzeko txartelaren ezaugarriak.

4. artikulua. Titularrak.

Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

1.–Desgaitasunen bat duten pertsona fisikoak, udalerrian erroldatuak, gutxienez %33ko minusbaliotasun aitortua badute eta ondoko egoera hauetakoren batean badaude:

a) Mugikortasun murriztua izatea, Desgaitasun maila onartu, aitortu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinarekin bat. Aipatu eranskinean jasotako baremoaren arabera, nahitaezkoa da A, B edo C apartatuetan deskribatutako egoeretakoren batean egotea, edo gutxienez 7 puntu lortzea gainerako apartatuetako (D, E, F, G eta H) puntuak batu ondoan.

b) Mugikortasun urritua izatea, lesio muskulu-eskeletikoen edota beste lesio organiko nahiz funtzionalen ondorioz, eta horrek zailtasun larriak eragitea 100 metro baino tarte laburragoetan ibiltzeko, makulua, eskumakila, protesia edo ortesiak erabilita ere; edo joan-etorrietarako aulki gurpilduna behar izatea; edo aparkatzeko maniobrak egiteko arazo larriak edukitzea.

c) Begirik onenean ikusmen-zolitasuna 0,1 edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

Egoera horiek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalaren irizpena jaso behar dute.

2.–Udalerrian erroldaturiko pertsona fisikoak, handi edo larri gisa kalifikatutako mendekotasun gradua badute.

3.–Udalerrian erroldaturiko pertsona fisikoak edo bertan helbideratuta dauden pertsona juridikoak, desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektibora soilik bideratutako ibilgailuak badituzte, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak ematen dituztenean. Zerbitzu horiek Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean jasotzen dira, baita Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean ere (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

5. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

Aparkatzeko txartela erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

Aparkatzeko txartela titularraren alde eta berak soilik erabiltzeko emanen da, txartelaren titularrak joan-etorrietarako ibilgailuetan erabil dezan. Pertsonala eta besterenezina da, eta erabiliko da, bakar-bakarrik, baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.

4. artikuluko 3. apartatuan jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsonen garraio kolektiborako soilik erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da, bakar-bakarrik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.

Aparkatzeko txartela erabili ahal izateko, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.

6. artikulua. Balio epea eta berritzea.

Aparkatzeko txartelen balio epea 5 urtekoa izanen da, txartela igortzen denetik aitzina.

Gerta liteke txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusi behar izatea artikulu honetan aipatutako balio epea bete baino lehen. Horrelakoetan, desgaitasun maila berrikusteko egunera arte balio izanen du txartelak.

Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskaera egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak betetzea.

Txartela berritzeko eskabidea aurkeztean, aurretiaz emandako txartelaren balio epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, ulertuko da indarrean jarraitzen duela berritzeko prozedura ebatzi arte.

Txartelaren kopia eman ahalko da, hura lapurtu, galdu edo hondatuz gero. Lapurtzen badute edo galdu bada, salaketaren egiaztagiria eskatuko zaio interesdunari. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du. Udalak txartel zaharraren iraungitze egun berarekin emanen du berria.

7. artikulua. Aparkatzeko txartela, behin-behinekoa.

Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak ematen ahalko zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatutako mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, baldin eta haien adinerako, eta gainerako egoera pertsonaletarako, normaltzat jotzen den bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarren larritasun handiko gaixotasunik edo muturreko patologiarik badute, eta horren ondorioz ez baldin badago nahikoa denborarik aparkatzeko txartelaren izapideak ohiko bidetik egiteko.

Osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira halako egoerak. Ziurtagiria eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzak balioztatu beharko du.

Txartel hori urtebeterako emanen da gehienez ere, eta epe bererako luzatzen ahalko da, mantentzen baldin badira hura emateko hasiera batean eskatzen ziren baldintzak.

Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzearren.

8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

1.–Txartelaren titularrek honako eskubide hauek edukiko dituzte nazio lurralde osoan, txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago:

a) Ordutegi mugarik gabe aparkatzeko eskubidea, desgaitasuna duten pertsonendako erreserbatuta eta seinalatuta dauden lekuetan.

b) Bizilekutik nahiz lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatuta eta premia justifikatuz gero.

c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duen denboran aparkatzeko eskubidea.

d) Zamalanetarako gordetako eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea; oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

e) Bideko edozein lekutan gelditzeko eskubidea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez, eta oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

f) Zirkulazioa bertako bizilagunendako mugaturik duten bideetan, eremuetan nahiz guneetan sartzeko eskubidea, baldin eta aipatutako eremu horren barnean badagoen toki batera badoaz.

2.–Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inolaz ere eskubiderik emanen honako toki hauetan aparkatzeko:

–Oinezkoen guneetan.

–Oinezkoentzako pasabideetan.

–Gelditzeko debekua dagoen tokietan eta kasuetan.

–Pasabideak edo larrialdietako irteerak oztopatzen diren tokietan.

–Segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio erreiak txikiagotzen dituzten eremuetan.

–Autobusen geralekuetan.

–Espaloi gainean.

–Ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

9. artikulua. Titularren betebeharrak.

1.–Txartelaren titularren betebeharrak hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela aginte-panelean paratzea edo, bestela, aurreko haizetakoan, barnetik itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da, eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da. Agintari eskudunak edo horren agenteek eskatuz gero, azter dezaten utziko zaie.

c) Agintaritzaren agente batek eskatzen badio, bere burua identifikatzea.

d) Agintaritzaren agenteei laguntzea, aparkatzeko txartelak ematen dituen eskubideak betetzean sor daitezkeen trafiko arazoak saihesteko, ahal den neurrian.

e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea, txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.

2.–Betebehar horiek ez betetzeak aparkatzeko txartela bertan behera geratzea edo aldi baterako kentzea ekar dezake. Horiez gain, legezko eta araubidezko xedapenetan ezarritako zigorrak ekar ditzake.

Txartela deuseztatzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.

Espedientea izapidetu aurretik, txartela bertan behera uzteko edo aldi baterako kentzeko agindua eman daiteke. Espedientean, entzunaldia emanen zaie interesdunei.

10. artikulua. Aparkatzeko txartela emateko prozedura.

Txartela Udaleko erregistro orokorrean eskatuko da, ordenantza honen II. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen NANaren fotokopia.

–Karnet tamainako argazki bat.

–Desgaitasuna duenaren izenean ari den pertsonaren NANaren fotokopia, halakorik bada.

–Iraungitako txartela, txartela berritu nahi denean.

–Eskatzailea desgaitasuna duen pertsona fisikoa baldin bada: desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria (baremoa edo txostena), edo begirik onenean eta leiar zuzentzaileekin 0,1eko edo gutxiagoko begi-zorroztasuna duela, edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. apartatuan jasotako baldintzetan, eta desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek emana.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak, beharrezkoa dela uste badu, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari eskatzen ahalko dio eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela ziurtatzen duen txostena, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

–Eskatzailea mendekotasuna duen pertsona bat bada: mendekotasun maila frogatzen duen ziurtagiria.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emandako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuan eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak balioztatua.

–Ordenantza honen 1. artikuluko 2. apartatuan aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela. Garraio kolektiborako ibilgailuaren matrikula zenbakia ere aurkeztu beharko dute.

Alkate udalburuak gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, aparkatzeko txartelaren eskaera, dokumentazio osoa duela, Udalaren erregistroan sartzen den egunetik hasita. Eskatzen diren baldintzak betez gero, aparkatzeko txartela emanen da.

Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaera administrazio isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertuko da.

11. artikulua. Arau hausteak eta zehapenak.

Arau hauste administratiboak honako hauek dira:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea, eta txartela lortzea eragotziko luketen beste datu batzuk gordetzea eta modu agerian ez jartzea.

–Arau hauste horrek 600 eurotik 1.200era bitarteko zehapena izanen du.

–Faltsutzearen egileak izanen dira arau haustearen erantzule.

b) Txartelak erabiltzea, administrazioaren baimenik gabe.

–Arau hauste horrek 1.200 eurotik 3.000ra bitarteko zehapena izanen du.

–Txartelaren erabiltzaileak izanen dira arau haustearen erantzule.

c) Txartelak erabiltzea eskubidearen titularrak ez direnak garraiatzeko.

–Arau hauste horrek 1.200 eurotik 3.000ra bitarteko zehapena izanen du, eta titularrari txartela erabiltzeko debekua ezarriko zaio, gehienez ere 2 urtera arteko epean.

Txartelaren titularrak eta hura oker erabiltzen dutenak izanen dira arau haustearen erantzule.

Arau hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aitzin, interesdunei entzunaldia emanen zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatzen denari jarraikiz.

Xedapen iragankorra.–Xedapen honek indarra hartu baino lehen emandako txartelek balioa izaten jarraituko dute, harik eta iraungitze eguna iritsi arte, baldin eta txartela emateko baldintzak, ordenantza honetan ezarritakoak, objektiboki betetzen badira. Hortaz, 4. artikuluan jasotako baldintzak frogatzen ez baldin badira, txartelak balioa eta indarra izateari utziko dio.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe geratzen da Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantza, 2013ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, abenduaren 20an.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

I. ERANSKINA

Desgaitasuna duten pertsonek aparkatzeko
txartelaren eredu europarrari buruzko xedapenak

A.–Eredu europarraren arabera, hauek dira desgaitasuna duten pertsonek aparkatzeko txartelaren neurriak:

–Luzera: 106 mm.

–Zabalera: 148 mm.

B.–Aparkatzeko txartela urdin argia izanen da, salbu eta aulki gurpildun bat irudikatzen duen sinbolo zuria, atzealde urdin ilunaren gainean dagoena.

C.–Desgaitasuna duten pertsonek aparkatzeko txartelak aurrealdea eta atzealdea izanen ditu, haietako bakoitza bi zatitan banatua.–Aurrealdearen ezkerreko zatian, honako hauek agertuko dira:

  • Aulki gurpildunaren sinboloa, zuriz, atzealde urdin ilunaren gainean.
  • Ibilgailuaren matrikula (4. artikuluko 3. apartatuan ezarritako kasuan).
  • Aparkatzeko txartela zein egunetan iraungitzen den.
  • Aparkatzeko txartelaren zenbakia.
  • Agintari edo erakunde emailearen izena eta zigilua.

–Aurrealdearen eskuineko zatian, honako hauek agertuko dira:

  • Honako idazkun hau, letra handiz: “Desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartela”. Horren ondotik, tarte aski utzita eta letra txikiz, honako idazkun hau, Europar Batasuneko gainerako hizkuntzetan: “Aparkatzeko txartela”.
  • Idazkun hau: “Europako Erkidegoen eredua”.

Atzean, Espainiaren bereizgarria, E letra, Europar Batasunaren sinboloaren barrenean: hamabi izarreko zirkulua.

–Atzealdearen ezkerreko zatian, honako hauek agertuko dira:

  • Titularraren deiturak.
  • Titularraren izena.
  • Titularraren sinadura edo baimenduriko bestelako markaren bat, legeria nazionalak halakorik jasotzen badu.
  • Titularraren argazkia.

–Atzealdearen eskuineko zatian, honako hauek agertuko dira:

  • Idazkun hau: “Txartel honek erakusten du titularrak baduela baimena aparkatze erraztasunak erabiltzeko, Europar Batasuneko zein estatutan dagoen, bertako legeriaren arabera”.
  • Idazkun hau: “Txartela erabiltzen denean, ibilgailuaren aurreko aldean jarriko da, txartelaren aurrealdea aise ikusteko gisan, kanpotik kontrolatzeko”.

II. ERANSKINA

Desgaitasuna duten pertsonek aparkatzeko txartelaren eskabide eredua

Desgaitasuna duen pertsonaren datuak:

Izen-deiturak: ................................................... IFZ: ...........................

Helbidea: ...........................................................................................

Telefonoa: .........................................

Desgaitasuna duenaren izenean ari den pertsonaren datuak:

Izen-deiturak: ................................................... IFZ: ...........................

Helbidea: .............................. Kalea: ..................................................

Telefonoa: .........................................

Desgaitasuna duen pertsonaren izenean (haren datuak goian adierazi dira).

Dokumentu honen atzeko aldean zehazten diren agiriak aurkezten ditu eta eransten den dokumentazioa eta eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatuta, ESKATZEN DU EMAN / BERRITU dakiola desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela.

……….…………(e)n, ……..(e)ko ……….………aren….(e)(a)n

Sinadura

AGOIZKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

DATUEN BABESARI BURUZKO OINARRIZKO INFORMAZIOA

Arduraduna

Agoizko Udala.

Helburua

Desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko prozedura, baldintzak egiaztatzea, emandako txartelak kontrolatu eta mantentzea. Hori arautzen duen udal ordenantzarekin bat biltzen dira datu pertsonalak.

Legitimazioa

1056/2014 Errege Dekretua, abenduaren 12koa, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautzen dituena, eta hori arautzen duen ordenantza.

Hartzaileak

Ez da eginen datu lagapenik.

Eskubideak

Datuetan sartu, zuzendu eta ezerezteko eskubidea, baita informazio gehigarrian adierazitako bestelako eskubideak ere.

Informazio gehigarria

Datuen tratamenduari eta datuak babesteko ordezkariari buruzko informazio gehigarria eta zehaztua ikusgai dago Udalaren webgunean.

Erantsitako agiriak:

  Eskatzailearen NANaren fotokopia.

  Karnet tamainako argazki bat.

  Desgaitasuna duenaren izenean ari den pertsonaren NANaren fotokopia, halakorik bada.

  Txartela berritu nahi denean: iraungitako txartela.

  Minusbaliotasunaren ziurtagiri.

  Desgaitasun maila onartu, aitortu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren eranskineko baremoa.

  Medikuaren txostena, adierazten duena badituela lesio muskulu-eskeletikoak edota beste lesio organiko nahiz funtzionalak, eta, horien ondorioz, zailtasun larriak dituela 100 metro baino tarte laburragoetan ibiltzeko, makulua, eskumakila, protesia edo ortesiak erabilita ere; edo joan-etorrietarako aulki gurpilduna behar duela; edo aparkatzeko maniobrak egiteko arazo larriak dituela.

  Begi zorroztasunari buruzko irizpena.

  Mendekotasunaren kalifikazioa.

  Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emandako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak baliozkotua.

  Pertsona fisikoek edo juridikoek desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako txartela eskatzen badute, honako hau frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte: ematen dituztela autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta emateko zerbitzuak edo desgaitasuna duten pertsonendako eta horiek gizarteratzeko gizarte zerbitzuak.

  Desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako erabiltzen den ibilgailuaren matrikula (4. artikuluko 3. apartatua). Zenbakia:..................

  Beste agiri batzuk: .........................................................................

Iragarkiaren kodea: L1907389