149. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko uztailaren 24an hartua, zeinaren bidez eratzen baita Nafarroako Erdialdearen zati bat lehengoratzeko batzordea, hain zuzen ere 2019ko uztailaren 8an izandako uholdeen ondorioz hondamendi eremu deklaratutakoa.

Nafarroako Gobernuak 2019ko uztailaren 11n hartutako Erabakiaren bidez hondamendi egoera deklaratu zen Nafarroako Erdialderen zati batean 2019ko uztailaren 8an izandako uholdeen ondorioz gertatutakoa, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 2. eta 22. artikuluetan xedatutakoaren ondorioetarako.

Arestian aipatutako foru lege horren 23. artikuluak ezartzen duenez, hondamendi egoera deklaratzen denean Nafarroako Gobernuak lehengoratze batzorde bat eratuko du, eta bertan parte hartzen ahalko dute administrazio publikoek eta kaltetutako sektoreen ordezkariek; batzordearen zeregina izanen da ebaluazio eta lehengoratze lanen jarraipena zentralizatzea, eta helburu hauek dituzten neurriak edo programak aztertu eta proposatzea: sortutako kalte eta galerak identifikatu eta ebaluatzea, ukitutako administrazio publikoek nahiz beste administrazio batzuek zuzenean hartu beharreko neurriak proposatzea, Nafarroako Gobernuak eman beharreko laguntzak eta dirulaguntzak proposatzea, edo beste administrazio batzuei eskatu beharrekoak, eta arrisku eragileak kendu edo gutxitzeko behar diren neurriak bultzatzea, etorkizunean horrelako galerak ekiditeko.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko idazkari tekniko nagusiak txosten-proposamena egin du 2019ko uztailaren 23an; bertan, gogora ekartzen du Gobernuak 2019ko uztailaren 11n hartutako Erabakia, eta, aipatutako uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 23. artikulua jaso ondoren, adierazten du behar bezala bete direla oinarrizko zerbitzuak berrezartzeko eta uholdeek kaltetutakoei arreta emateko presako lanak, baina orain bidezkoa dela lehengoratze batzorde bat eratzea, legearen 23. artikuluan xedatutako ondorioak izateko. Txostenean proposatzen du, halaber, lehengoratze batzorde hori kide kopuru batekin eratzea hasiera batean, horrek eragotzi gabe geroago erabakitzea beste administrazio batzuetako eta/edo kaltetutako beste sektore batzuetako ordezkariak izendatu eta sartzea, lehengoratze batzordeak berak proposatuta eta behar diren kontsultak egin ondoren.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 26. artikuluaren eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluaren bidez emandako eskumenez baliatuz,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Erdialdearen zati bat lehengoratzeko batzordea eratzea, hain zuzen ere 2019ko uztailaren 8an izandako uholdeen ondorioz hondamendi eremu deklaratutakoa.

2. Lehengoratze batzordeak kide hauek izanen ditu hasiera batean:

a) Batzordeko burua: toki administrazioaren arloan eskuduna den kontseilaria edo hark eskuordetzen duena.

b) Batzordeko buruordea: barne gaien arloan eskuduna den kontseilaria edo hark eskuordetzen duena.

c) Batzordeko idazkaria: batzordeko buruak izendatzen duena.

d) Batzordeko kideak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ordezkatuz, izanen dira, batetik, arlo hauetan eskudunak diren zuzendari nagusiak: herri-lanak, industria, merkataritza, nekazaritza, ingurumena, lurraldearen antolamendua, toki administrazioa, barne gaiak eta komunikazioa; eta bestetik, Nafarroako Zerga Ogasuna Erakunde Autonomoa erakundeko zuzendari kudeatzailea. Aipatutakoak edo haiek eskuordetzen dituztenak izanen dira batzordeko kide.

3. Erabaki hau igortzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari, herri lan, industria, merkataritza, nekazaritza ingurumen, toki administrazio, barne, komunikazio eta harreman instituzionalen arloetako zuzendaritza nagusietara, eta Nafarroako Zerga Ogasuna erakundeko zuzendari kudeatzaileari, eta jakinaraztea udal hauei: Barasoain, Beire, Ezporogi, Garinoain, Leotz, Lerga, Murillo el Cuende, Erriberri, Orisoain, Pitillas, Puiu, Zare, San Martin Unx eta Tafalla.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1909999