149. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko uztailaren 17an hartua, Erripagañako Osasun Eskualde Oinarrizkoa sortu, eta Sarrigurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoa aldatzen duena.

Osasun eskualde oinarrizkoak dira oinarrizko osasun laguntza mugarritzeko geografia- eta populazio-esparruak, oinarrizko osasun zerbitzuak herritar guztien eskura izatea bermatzen dutenak.

Osasun eskualde oinarrizkoen mugaketa Nafarroako Osasun Zonifikazioari buruzko azaroaren 13ko 22/1985 Foru Legean jasota dago, geroago aldatu bada ere, bai Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen bidez, bai aurrekontuei buruzko beste foru lege batzuen bidez.

2016ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 29ko 1/2016 Foru Legeak, hamabosgarren xedapen gehigarrian, Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legea aldatu zuen, 38. artikuluari 4. apartatu bat erantsiz, non esaten baitzen Nafarroako Gobernuaren erabakiz sortuko eta aldatuko direla osasun eskualde oinarrizkoak, osasunaren arloan eskuduna den departamentuak proposatuta, aldez aurretik entzunaldia emanez toki entitate ukituei eta oinarrizko eskualdeetako parte-hartze eta ordezkatze organoei.

Osasun Departamentuak Iruñeko Udalari, Burlatako Udalari, Eguesibarko Udalari eta Uharteko Udalari jakinarazi die Erripagañako Osasun Eskualde Oinarrizkoa sortzeko proposamena, baita horren ondorioz Sarrigurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoan egin beharreko aldaketa ere. Burlatako Udala, Eguesibarko Udala eta Uharteko Udala ados azaldu dira, eta Iruñeko Udalak, berriz, ez du inolako adierazpenik egin.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Osasuneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Erripagañako Osasun Eskualde Oinarrizkoa sortzea, Burlatako, Eguesibarko, Uharteko eta Iruñeko udalerriak barnean hartuko dituena. Eskualde oinarrizkoa honela dago mugatua:

a) Burlatako udalerria: 2. barrutia, 6. sekzioa (Argaren eskuineko bazterra).

b) Eguesibarko udalerria: 1. barrutia, 1. sekzioa (Sarrigurengo biribilgunetik mendebaldera dagoen aldea, Olazko udal-mugartean).

c) Uharteko udalerria: 1. barrutia, 1. sekzioa (NA-2300 errepidearen ezkerreko aldea, Aretako industrialdeko norabidean).

d) Iruñeko udalerria: 5. barrutia, 8. sekzioa (Erripagañako mugartea) eta 8. barrutia, 1. sekzioa (Sarrigurengo errepidearen ezkerreko aldea, Mendillorriko beheko aldean).

2. Sarrigurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoa aldatzea, aurreko puntuan ezarritakoarekin bat.

3. Aldaketa hau ez da gauzatuko harik eta Erripagañako Osasun Eskualde Oinarrizkoak osasun etxe bat martxan duen arte.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 17an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1909634