149. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko uztailaren 17an hartua, zeinaren bidez sektore publikoaren zerbitzuko langileentzat aurreikusitako ordainsari osagarriari dagokion portzentajea handitzen baitzaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei, hots, ordainsarien %0,25, 2019ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 27/2018 Foru Legearen 6. artikuluak lehenengo apartatuan ezartzen du Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen eta estatutupeko langileen ordainsariei Estatuko legedian sektore publikoko langileentzat 2019rako ezartzen den gehieneko igoera globala ezarriko zaiela 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, deusetan galarazi gabe, hala dagokionean, ordainsarietan behar diren doikuntzak egitea ziurtatzeko ezen lanpostu bakoitzari esleitutako ordainsariak bat datozela lanpostuaren zailtasun tekniko bereziekin, arduraldiarekin, erantzukizunarekin, arriskugarritasunarekin edo nekagarritasunarekin.

2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 27/2018 Foru Lege horren beraren 7.1 artikuluak, bestalde, ezartzen du ezen, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lan kontratudunen ordainsariak haien hitzarmen kolektiboan zehazten direnak izanen direla, foru lege horretan funtzionarioentzat finkatutako irizpideekin bat etorriz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileei dagokienez, abenduaren 24ko 27/2018 Foru Legearen 8.3 artikuluak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileen ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dutela.

Ildo berean, arestian aipatutako abenduaren 24ko 27/2018 Foru Legearen 9.12 artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi kargudunen eta gainerako behin-behineko langileen 2019ko ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dute.

Horiek horrela, kontuan izanik Nafarroako Gobernuak nahitaez aplikatu behar dituela arestian aipatutako legezko xedapenak, behin 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 27/2018 Foru Legea onartu eta indarra hartu ondoren, langile publikoen ordainsariak igotzeko beharrezkoak diren funtsak –kasuan kasuko legezko xedapenari jarraikiz– onetsi eta hartarako gaikuntza eman arte itxarotea besterik ez zegoen.

Hala bada, 2019ko urtarrilaren 29ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 24/2018 Errege Lege Dekretua, abenduaren 21ekoa, zeinaren bidez presako neurriak onetsi baitziren sektore publikoaren esparruko ordainsarien gainean. 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorrak automatikoki luzatzeak ekarri zuen hura onestea, Espainiako Konstituzioaren 134.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Abenduaren 21eko 24/2018 Errege Lege Dekretu horren 3.2 artikuluan ezartzen denez, 2019an sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsariek ezin izanen dute ehuneko 2,25etik gorako igoera globalik izan 2018ko abenduaren 31n indarra zutenekin alderaturik, betiere konparatzen diren bi aldiak modu homogeneoan harturik, hala langileen kopuruari dagokionez nola haien antzinatasunari dagokionez.

Gainera, abenduaren 21eko 24/2018 Errege Lege Dekretu horren 3.2 artikuluko bigarren paragrafoan ezarri da arestian aipatutakoaz gain beste %0,25 igoko direla soldatak, baldin eta 2018. urtean %2,5ekoa edo handiagoa bada Barne Produktu Gordinaren (BPGd) igoera prezio konstanteetan. Soldata igoera horrek 2019ko uztailaren 1etik aurrera izanen lituzke ondorioak. Ondorio horretarako, araudi horrek xedatzen du Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN) urtero argitaratzen duen aurrerapen estimazioa hartuko dela kontuan BPGd-aren igoera kalkulatzeko. EINk BPGd-aren aurrerapena argitaratzen duenean, eta enplegu publikoa eta lan-baldintzak hobetzeko 2018ko martxoaren 9ko Erabakiaren jarraipena egiten duen batzordeari jakinarazi ondoren, hala badagokio, igoera aplikatzea onartuko da, Ministroen Kontseiluaren erabaki bidez. Erabaki hori autonomia erkidegoei, hiri autonomoei eta Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioari igorriko zaie.

2019ko ekainaren 5ean, Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN) egiaztatu du, Espainiako Hiru Hilabeteroko Kontabilitate Nazionalaren emaitzen arabera, BPGd-aren 2018ko aldakuntza-tasa %2,58 dela 2017koaren aldean, bolumenari dagokionez; horren ondorioz, aplikatu egin behar da %0,25eko errebalorizazio aldakorra enplegatu publikoen ordainsarietan.

Bestalde, abenduaren 21eko 24/2018 Errege Lege Dekretuaren 3.2 artikuluak azken paragrafoan xedatutakoari jarraikiz, soldata-masa beste %0,25 igotzea baimendu daiteke, produktibitatea edo efizientzia hobetzea helburu duten planak edo proiektuak ezartzeko, pareko eginkizunak dituzten lanpostuen arteko osagarri berariazkoak berrikusteko, destinoko osagarriak homologatzeko edota pentsio planetara ekarpenak egiteko, besteak beste. Igoera osagarri hori %0,30ekoa ere izan daiteke 2018ko ekitaldian aurrekontuko superabita izan duten administrazioetan eta sektore publikoaren gainerako entitateetan.

Diputatuen Kongresuaren 2019ko urtarrilaren 22ko Ebazpenaren bidez agindu zen Sektore publikoaren esparruko ordainsarien arloan premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 21eko 24/2018 Errege Lege Dekretua baliozkotzeko erabakia argitaratzea (2019ko 25. Estatuko Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 29koa).

2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileen ordainsarien %2,25 adinako diru kopurua kalkulatu eta kontsignatu zen: 27.499.069 euro, guztira. Nafarroako Gobernuak 2019ko otsailaren 6an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei 2019rako ezarritako ordainsariak ehuneko 2,25 igo zitzaien, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2019ko ekainaren 21ean, Ministroen Kontseiluak abenduaren 21eko 24/2018 Errege Lege Dekretu horren 3.2 artikuluan ezarritako %0,25eko igoera osagarria onetsi zuen sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsarietarako.

2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileen ordainsarien %0,25 adinako diru kopurua kalkulatu eta kontsignatu zen: 1.540.116 euro, guztira.

Ordainsariak igotzeko orain hartzen den erabaki honek atzerako eragina izanen du 2019ko uztailaren 1etik aurrera, eta 2019ko abuztuko nominan ordainduko da.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei 2019rako ezarritako ordainsariak ehuneko 0,25 igotzea, 2019ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2. Igoera aplikatzea, orobat, Nafarroako Gobernuko kideei, goi kargudunei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako gainerako behin-behineko langileei.

3. Erabaki hau Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igortzea, langileen kudeaketa sisteman behar diren neurriak har daitezen erabaki hau betetzearren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparru guztietan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 17an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1909632