149. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Eskuordetzan emandako eskudantziak bereganatzea

Ikusita Alkatetza honen 2018ko martxoaren 16ko dekretua, zeinaren bidez Tokiko Gobernu Batzarraren esku uzten baitira legez Alkatetzarenak diren zenbait eskumen.

Aldi honetan –datorren igandean, maiatzaren 26an, udal hauteskundeak izanen direlarik– Udalbatza berria ekainaren 15ean eratu arte, herritarrak ukitzen dituzten udal aferak ebazteko eraginkorragoa denez Alkatetzak ebazpenak ematea, Tokiko Gobernu Batzarra bildu arte itxaron gabe;

Eta Alkatetzaren eskumena denez eskuordetzei eustea edo ez eustea, edo horietako batzuk bereganatzea,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Alkatetzaren 2018ko martxoaren 16ko dekretuaren bidez Tafallako Udaleko Gobernu Batzarraren gain utzitako eskumenak bereganatzea:

1. Kudeaketa ekonomikoa garatzea, onetsitako aurrekontuaren arabera, eta gastuak xedatzea, betiere bere eskumenen mugen barnean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko araudian ezarritakoarekin bat. Eskuordetzatik kanpora gelditzen dira Kontratu Publikoei buruzko 6/2006 Foru Legean jasotzen diren kasuak, baldin eta faktura eta/edo kredituaren erreserba baizik eskatzen ez bada (laguntza teknikoa eta hornidurak 6.000 euro bitarte, BEZa kanpo), eta obren kontratuei dagokienez, Eskuordetzatik kanpora gelditzen dira 12.000 eurora (BEZa kanpo) iristen ez diren kontratuak. Zenbateko horiek aldatuko balira edo kontratu publikoei buruzko ondorengo foru legeetan handiagoak izanen balira, oraingoan zehaztutako zenbatekoak muga berrietara egokituko dira.

2. Mota guztietako kontratazio eta emakidak, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada; horien artean urte anitzetakoak ere sartzen dira, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, eta urteko guztien zenbateko metatuak aipatu portzentajea gainditzen ez badu. Eskuordetzetik kanpora gelditzen dira Kontratu Publikoei buruzko 6/2006 Foru Legean jasotzen diren kasuak, baldin eta faktura eta/edo kredituaren erreserba baizik eskatzen ez bada (laguntza teknikoa eta hornidurak 6.000 euro bitarte, BEZa kanpo), eta obren kontratuei dagokienez, eskuordetzetik kanpora gelditzen dira 12.000 eurora (BEZa kanpo) iristen ez diren kontratuak. Zenbateko horiek aldatuko balira edo kontratu publikoei buruzko ondorengo foru legeetan handiagoak izanen balira, oraingoan zehaztutako zenbatekoak muga berrietara egokituko dira.

3. Obren eta zerbitzuen proiektuak onestea.

4. Lan eskaintza publikoa onestea osoko bilkuran onetsitako aurrekontuaren eta plantillaren arabera; langileak hautatzeko proben oinarriak onestea, bai eta lanpostuak betetzekoak ere.

5. Honako udal lizentzia hauek ematea, alor horretako legeek Osoko Bilkurari edo Tokiko Gobernu Batzarrari berari ematen ez badiote eskumen hori:

–Obra lizentziak, 35/2002 Foru Legearen 189.ter artikuluan xedatuaren arabera erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten egintzak izan ezik, eta zehatz-mehatz:

a) Merkataritza-jardueran aritzeko lokalak egokitzearekin lotutako obrak egitea, aplikatzekoa den araudi sektorialaren arabera.

b) Garrantzi edo tamaina txikiko obrak, Tafallako udal ordenantzetan zehazten direnak.

c) Itxiturak eta hesiak.

d) Eremu publikotik ikusten ahal diren publizitate kartelak.

e) Obra txikiak.

f) Eraiki aurreko lanak, adibidez zundaketak, prospekzioak, laginak eta saiakuntzak.

–Lur banantzeak egiteko lizentziak.

–Eraispen lizentziak.

–4/2005 Foru Legean zehaztuaren arabera ingurumena babesteko esku-hartzea behar duten jardueren espedienteei buruzko txostena egitea.

–Jarduera lizentziak, 448/2014 Foru Aginduaren 27.2 artikuluan zehaztuaren arabera erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduerak, hau da, foru agindu honen II. eranskinean adierazi direnak eta III. eranskinean adierazi ez direnak, izan ezik.

–Planeamendu orokorra garatzeko tresnen onespena, Osoko Bilkurari berariaz ez dagozkionean, baita hirigintzaren kudeaketarako proiektuena eta urbanizazio proiektuena ere.

–Ondare erantzukizuneko espedienteen ebazpena.

–Alkateak eskuordetuta Tokiko Gobernu Batzarrak hartu dituen erabakien aurka aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoen ebazpena.

–Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko lizentzia.

Eta, horren ondorioz, toki araubideko egungo araudiak Alkatetzari ematen dizkion eskumenak hartzea.

Bigarrena.–Ebazpen honetako bereganatzeak, 2019ko maiatzaren 27tik aitzina izanen ditu ondorioak.

Hirugarrena.–Dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta honen berri ematea Udalbatzari eginen den hurrengo osoko bilkuran.

Laugarrena.–Hau igortzea Zerbitzu Orokorren alorrera, Zerbitzu Ekonomikoen eta Garapenaren Alorrera, Hirigintza eta Ingurumen Zerbitzuen Alorrera, Herritarren Segurtasunaren Alorrera, Gizarte Zerbitzuen Alorrera, Zerbitzu Soziokulturalen alorrera, Zeharkako Zerbitzuen Alorrera, Idazkaritza Nagusira, Kontu-hartzailetzara eta Aholkularitza Juridikorako Alorrera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Tafallan, 2019ko maiatzaren 24an.–Alkatea, Arturo Goldaracena.

Iragarkiaren kodea: L1907689