149. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko uztailaren 17an hartua, zeinaren bidez baiesten baita Ainhoa Jáuregui Zudaire andreak jarritako gora jotzeko errekurtsoa Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren otsailaren 20ko 10/2019 Foru Aginduaren aurka (agindu horren bidez onetsi zen maiztasun-modulazioko uhin metrikoen soinuzko irrati-hedapenerako soinuzko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren hiru lizentzia, bi Auritzen eta bat Iruñean, emateko lehiaketa).

EGITATEAK

1. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren otsailaren 20ko 10/2019 Foru Aginduaren bidez lehiaketa publiko bat deitu zen Nafarroako Foru Komunitatean maiztasun-modulazioko uhin metrikoen soinuzko irrati-hedapenerako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren hiru lizentzia emate aldera. Maiztasun horietako bi (93.2 MHZ eta 97.9 MHZ, hain zuzen) Auritz mugapekoak dira, eta hirugarrena (105.6 MHZ), berriz, Iruñekoa.

Foru agindu horretan berean onetsi ziren deialdiaren oinarriak, eranskinean jaso zirenak.

Foru agindua 2019ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 8koan.

2. 2019ko apirilaren 8an, Ainhoa Jáuregui Zudaire andreak idazki bat aurkeztu zuen zeinetan gora jotzeko errekurtsoa jarri baitzuen Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren otsailaren 20ko 10/2019 Foru Aginduaren aurka.

3. 2019ko 102. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 28koan, eta bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 118. eta 45. artikuluetan xedatutakoarekin, jakinarazi zitzaien interesdun guztiei Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren otsailaren 20ko 10/2019 Foru Aginduaren aurka jarritako errekurtsoa, alegazioak aurkeztu ahal izateko.

4. 2019ko ekainaren 11n, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, idazki bat sartu zen zeinetan alegazioak egiten baitzitzaizkion Ainhoa Jáuregui Zudaire andreak jarritako errekurtsoari. Idazki hori Fernando Giménez Barriocanal jaunak aurkeztu zuen, Radio Popular S.A., Cadena de Ondas Populares Españolas sozietatearen izenean eta hura ordezkatuz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehena.–Gora jotzeko errekurtsoa garaiz eta behar den formarekin aurkeztu da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Bigarrena.–Gora jotzeko errekurtsoa ebazteko organo eskuduna Nafarroako Gobernua da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.–Errekurtso jartzaileak eskatzen du deklaratu dadila “2. oinarriaren baliogabetasuna, debeku bat jasotzen baitu ez dagoena aurreikusia IKLOan, hautapen prozesuen arau-hauste garbia dena”. Zehazki, esan nahi du oinarri horretan jasoa dagoela, lehenengo paragrafoan, debekatuta dutela lehiaketan parte hartzea dena delako udalerrian jada lizentzia baten titular direnek. Hitzez hitz, hau da 2. oinarriaren edukia: “Lizentziak lortu ahal izateko, beharrezkoa da Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 25. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea. Ezin izanen dute eskaerarik aurkeztu dagoeneko irratiko komunikazio-zerbitzuaren lizentzia baten titular direnek herri horietan.

Ezin izanen dira lehiaketa honetara aurkeztu Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 26.1 artikuluak lizentzia baten titular izateko ezarritako eragozpenetakoren bat dutenek (ikus-entzunezkoaren arloko ordena publikoko arrazoiak).

Nafarroako irrati-eskaintzan aniztasuna bermatu eta sustatze aldera, lehiaketa honen xede diren irratiko komunikazio-zerbitzuen lizentziak lortu nahi dituzten pertsona fisiko eta juridikoek eskaera bakarra aurkezten ahalko dute Iruñeko lizentziarako eta beste bat Aurizko lizentziarako. Eskatzaile batek eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, lehenbizi erregistratzen dena baizik ez zaio onartuko, eta aurkezten dituen gainerakoak baztertu eginen dira.

Horren ondorioetarako, enpresa talde bereko pertsona juridikoek lehiaketa honetarako eskaera bat baino gehiago aurkezten badituzte, ulertuko da, Merkataritza Kodearen 42. artikuluak aipatzen dituen kasuen arabera, eskaera guztiak eskatzaile bakar batenak direla.

Eskaera bat elkarrekin aurkezten duten pertsona fisiko edo juridikoek ezin izanen dute beste eskaintzarik aurkeztu udalerri bererako, banaka nahiz beste edozein pertsona fisiko edo juridikorekin batera. Baldintza hori ez betetzeak berekin ekarriko du eskatzaile horrek udalerri horretarako aurkeztutako eskaera guztiak baztertzea.

Bidezkoa da xeheki aztertzea udalerri batean gaur egun irrati-lizentzia baten titular direnei jarritako debekua udalerri horretan berean lizentziak adjudikatzeko lehiaketan parte hartzeko.

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren (IKLO) 25. artikuluan, honako baldintza hauek ezartzen dira ikus-entzunezko komunikazio lizentzia baten titular izateko:

“1. Pertsona fisikoen kasuan, Europako Esparru Ekonomikoko estatu kide bateko herritartasuna izatea, edo, barneko araudiaren arabera, eskubide hori Espainiako herritarrei aitortzen dien edozein estatutakoa.

2. Titularrak ordezkari bat izan behar du, helbidea Espainian duela, jakinarazpenak jasotzeko.

3. Pertsona juridikoen kasuan, bere kapital sozialean Europako Esparru Ekonomikoko kide ez diren herrialdeetako pertsona fisikoek edo juridikoek partaidetza dutenean, elkarrekikotasun-printzipioa bete beharko da.

Horrez gain, Europako Esparru Ekonomikoko kide ez diren herrialdeetako pertsona fisiko edo juridiko baten banakako partaidetza izaten denean, ezin izanen da, zuzenean edo zeharka, kapital sozialaren %25 gainditu. Era berean, pertsona juridiko berean Europako Esparru Ekonomikoko kide ez diren herrialdeetako pertsona fisiko edo juridiko batzuek duten partaidetza osoa kapital sozialaren % 50etik beherakoa izanen da”.

Halaber, 26. artikuluak muga hauek jasotzen ditu lizentzia baten titular izateko, ikus-entzunezkoen arloko ordena publikoko arrazoiak tarteko:

“1. Ezin izanen dira, inolaz ere, lizentzia baten titularrak izan honako egoera hauetako batean dauden pertsona juridiko edo fisikoak:

a) Lizentzia baten titularrak izanik edo aurretiazko jakinarazpena burutu ostean edozein estaldura-esparrutarako, eskaera aurkeztu aurreko bi urteko epean administrazio ebazpen irmo baten bidez lizentzia baliogabetzeko edo ondoriorik gabe uzteko zehapena jaso dutenak.

b) Beren kapital sozialean aurreko egoerako pertsonen partaidetza esanguratsua edo kontrola, zuzena edo zeharkakoa, duten sozietateak.

c) Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kide batean ikus-entzunezko zerbitzuak eman dituztenak, baldin eta azken bi urteetan debekua jaso badute beren jarduerek Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren printzipioak eta balioak edo Europako eta Espainiako legedian adingabeen babesari buruz xedatutakoa hausteagatik.

d) Sektore Publikoko kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera kontratatzeko debekuren bat duten pertsonak.

2. Ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu bat emate aldera ez du inongo ondoriorik izanen aurretiazko jakinarazpenak, baldin eta hura aurkeztu duen pertsona fisiko edo juridikoa 1. apartatuan adierazitako egoeraren batean badago”.

Udalerri berean lizentzia baten titular ez izatea deialdiko baldintza bat da adjudikazio lehiaketan parte hartu ahal izateko, zeina ez baitago jasoa IKLOaren 25. artikuluan. Horrek ez du esan nahi, a priori, ez denik zilegi, gutxieneko baldintzez ari garenez gero, betiere baldintza hori sartzeak bermatzen badu ikus-entzunezko zerbitzua aniztasunez emanen dela eta gainerako ordenamendu publikoa errespetatzen dela; beraz, aztertu behar da ea egoera horiek ematen diren.

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorrak adierazten du, zioen azalpenean, Europako araudia izanen dela barne araudiaren esparru-araudia.

Alde horretatik, kontuan hartu behar ditugu irrati-lizentzien adjudikazio prozedurei dagokienez dauden zuzentarau guztiak eta haien xedapenak. Hala bada, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2007ko abenduaren 11ko 2007/65/EE Zuzentarauak adierazten du, bere 6. kontuan hartuzkoan, ezen, lehia baldintzak berberak izan daitezen denentzat eta komunikazio zerbitzuen benetako merkatu europar bat egon dadin, errespetatu egin behar direla barne merkatuaren oinarrizko printzipioak, hala nola lehia askea eta tratu berdintasuna.

Horrekin lotuta, bai Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko martxoaren 7ko 2002/21/EE Zuzentarauaren (esparru zuzentaraua) 9.1 artikuluak, bai Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko martxoaren 7ko 2002/20/EE Zuzentarauaren (baimentze zuzentaraua) 5.2 artikuluak ezartzen dute ezen irrati-frekuentzien eskudantzia eta espazioa irizpide objektibo, garden, ez diskriminatzaile eta proportzionatuetan oinarrituko direla.

Bistan denez, espazio irrati-elektrikoaren eskasiak, irrati-hedapenerako oinarrizko baliabide den aldetik, beharrezko egiten du hautapen irizpideak ezartzea emisio-lizentziak adjudikatzeko; hori deialdiak onetsiz egiten da, errekurritu dena bezala, eta deialdi horrek baditu oinarri batzuk, arestian aipatutako legezko irizpideak betez, zenbait hautapen irizpide jasotzen dituztenak, aurkeztutako eskaintzen artean ezberdintasunak ezarri ahal izateko eta adjudikazioa onenari eman ahal izateko.

Ez dugu ahaztu behar ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak interes orokorreko zerbitzuak direla, Nafarroako Foru Komunitateko Ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 3.1 artikuluak dioen bezala, eta baldintza hori da, hain zuzen, gehien kontuan hartzen dena lizentzien adjudikazioari dagokionez, zeinaren bidez gauzatzen baita interes orokorreko zerbitzu hori.

Formulak ez aplikatzea, oinarrietan jasotakoak kasu, ez-betetze larria izanen litzateke arloaren gaineko araudiari dagokionez, eta interes orokorrari erasoko lioke.

Beraz, deialdiak, arauan hautapen irizpideak sartzeari dagokionez, betetzen ditu Europako araudiak eskatutako baldintzak, eskatzaile guztiei aplikagarri zaizkien irizpide komunak ezartzen baititu.

Barne zuzenbidean, eta lehenik eta behin gure oinarrizko araua kontuan hartuz, ikusten dugu Espainiako Konstituzioaren 9.2 eta 14. artikuluek aldarrikatzen dutela berdintasuna legearen aurrean, printzipio gisa; hitzez hitz, honela dio:

“9.2. artikulua. Botere publikoei dagokie inguruabar zehatzak sustatzea, gizabanakoaren eta berak osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen; oztopoak kentzea, horiek haien osotasuna eragozten edo zailtzen badute; eta herritar guztien parte-hartzea erraztea, bai bizitza politikoan, baita ekonomia-, kultura- eta gizarte-bizitzan ere”.

“14. artikulua. Espainiarrak legearen arabera berdinak dira, eta ezin da inolako bereizkeriarik egin, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi nahiz bestelako inguruabar edo egoera pertsonal zein sozialak aintzat hartuta”.

Aipatutako lehenengo aginduak “berdintasun formalaren” ideia du oinarri, eta bigarrenak, berriz, “berdintasun errealaren” ideia. Bi kontzeptu ezberdin dira, Konstituzioko agindu ezberdinetan jasota daudenak, baina ez haatik kontrajarriak. “Berdintasun errealak” berekin dakar trataera juridiko ezberdina ezartzea desberdintasun-irizpide arrazoizko, baliozko eta legitimoei jarraikiz. “Berdintasun erreala”, horrenbestez, “berdintasun formalaren” ideiaren barruan sartzen da; hau da, “berdintasun erreala” da “berdintasun formala” bera, baina desberdintasun-irizpideak aplikatuta desabantaila egoeran dauden pertsonen edo taldeen alde.

Bestalde, Espainiako Konstituzioaren 9.3 artikuluak, zeinak jasotzen baitu Administrazio Publikoaren lotura positiboaren printzipioa, zehazten du organo dei egilea behartuta dagoela, kasu honetan, deialdiaren edukia egokitzera arlo honen gaineko araudiaren aurreikuspenetara, zeinak behin eta berriz aipatu baitira.

Kasu honetan, argitu beharreko gai nagusia da dena delako udalerrian beste lizentzia baten titular ez izatea, zeina baldintza baita irrati-lizentzien adjudikazio deialdian onartuak izateko, ea elementu baztertzaile gisa onargarria den edo ez oinarri hartuz gero deskribatutako printzipio konstituzionalak, Europar Batasuneko araudia eta gaiaren gaineko araudi espezifikoa.

Egiaz, IKLOaren 37. artikuluak honako muga hauek ezartzen ditu pertsona fisiko edo juridiko baten titulartasunekoa izan daitekeen edo haren kontrolpean egon daitekeen lizentzia kopuruari dagokionez, irratiaren ikus-entzunezko merkatuaren aniztasuna helburu:

“37. artikulua. Aniztasuna irratiaren ikus-entzunezko merkatuan.

1. Pertsona fisiko edo juridiko batek ezin izanen du, inolaz ere, zuzenean edo zeharka kontrolatu administrazio-lizentzien ehuneko berrogeita hamarra baino gehiago lurreko soinuzko irrati-hedapeneko zerbitzuari dagokionez, baldin eta funtsean estaldura-esparru bera badute. Edonola ere, pertsona fisiko edo juridiko batek ezin izanen ditu bost lizentzia baino gehiago kontrolatu estaldura-esparru berean.

2. Autonomia erkidego berean, pertsona fisiko eta juridiko batek ezin izanen ditu kontrolatu dauden lizentzien ehuneko berrogei baino gehiago lizentzia bakar baten estaldura dagoen esparruetan.

3. Pertsona fisiko edo juridiko batek ezin izanen du kontrolatu zuzenean edo zeharka lurreko soinuzko irrati-hedapeneko zerbitzuaren lizentzia guztien heren bat baino gehiago, baldin eta lizentzia horiek estaldura osoa edo partziala badute Estatuko lurralde osoan.

4. Pertsona fisiko edo juridiko batek kontrola ditzakeen lizentzia kopurua mugatze aldera, muga horiek kontabilizatzeko orduan ez dira kontuan hartuko entitate publikoek zuzenean kudeatzen dituzten soinuzko irrati-hedapeneko irrati etxeak. Artikulu honetan ezarritako ondorioetarako, kontrola dagoela ulertuko da Merkataritza Kodearen 42. artikuluan aipatutako egoerak gertatzen direnean.

5. Aurreko mugak aplikatuko dira kontuan hartu gabe lizentziak teknologia digitalarekin emititzeko diren edo teknologia analogikoarekin emititzeko diren”.

Muga horiek ez dira soilik aplikatuko lizentzia bakarraren titular direnen kasuan; are gehiago, ezinezkoa da titulartasun bakar horrek aipatu 37. artikuluan aurreikusitako ondorioak sortzea. Pentsa daiteke errekurritutako oinarrian jasotako inguruabar baztertzailea “berdintasun errealeko” kasu bat izan daitekeela arestian deskribatutako terminoetan, baina hori zaila da defendatzen, kontuan izanik inguruabar hori ez dagoela aurreikusia gaiaren gaineko araudian, eta, batez ere, deialdian parte hartzeko baldintza horrek guztiz eragozten duelako informazio eta prentsa askatasunerako eskubideak gauzatzeko bidea (eskubide horiek Espainiako Konstituzioaren 20.1 artikuluan jasota daude, a) eta d) letretan).

Beste kontu bat da behin adjudikazio prozedura bukatutakoan adjudikazioa ezin gauzatu ahal izatea Estatuko oinarrizko arauak jarritako mugak gainditzen direlako.

Edonola ere, egoera hori, gertatzera, soilik izanen zen posible aurrez lehiatzailea onartu bada. Ez ditugu aurrez juzgatu behar egoerak, zeren eta gerta daiteke egoera horiek aldatzea lizentzia adjudikatzeko prozesuan zehar, bitarte horretan negozio juridikoak egin direlako eta horiek lizentziadunei eta lehiatzaileei eragiten dietelako, eta, beraz, horiek objektiboki landu daitezke soilik adjudikazio prozedura bukatzen denean edo titulartasuna mugatzen duen egoeraren berri izan eta gero.

Ondorioz, alegazioaren arrazoia baietsi behar da.

Laugarrena.–Nafarroako Foru Komunitateak irrati-lizentziak adjudikatzeari dagokionez duen eskumena dela eta, zeina zalantzan jartzen baitu errekurtso jartzaileak, ez dago inolako zalantzarik, oinarri baitu Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 55.1 artikuluan jasotako eskudantzia. Eskudantzia hori, gainera, berresten du denboran zehar irrati-hedapenaren arloan onetsi diren plan nazionalek esleitutako gaikuntzak, hala nola irailaren 1eko 964/2006 Errege Dekretuak jasotako planak, hain zuzen errekurtso egileak gaizki aipatu eta interpretatzen duen horrek.

Baieztapen hori eginda, ez da beharrezkotzat jotzen errekurtso egileak egindako gainerako alegazioak lantzea, kontuan izanda gora jotzeko errekurtsoa baiesten dela aurreko apartatuan adierazitako arrazoiengatik. Horren ondorioz, bertan behera gelditzen da errekurritutako deialdia, eta horrek esan nahi du, bestalde, alegazio horiek ezetsi eginen liratekeela.

Azaldutako guztia kontuan hartuta, ondorioztatu behar da auzitan dugun gaia (hots, irrati-lizentzien adjudikazio lehiaketatik kanpo uztea irrati-komunikazioko zerbitzurako lizentzia baten titular direnak lehiaketa horrek hartzen dituen udalerrietan) berdintasunaren eta lotura positiboaren printzipio konstituzionalen aurkakoa dela, bai eta arloa arautzen duten zuzentarauetan jasotako aurreikuspenen aurkakoa ere. Horregatik, bidezkoa da bertan behera uztea, deialdiko elementu oinarrizko bat denez gero eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 47. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Baiestea Ainhoa Jáuregui Zudaire andreak jarritako gora jotzeko errekurtsoa Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren otsailaren 20ko 10/2019 Foru Aginduaren aurka. Foru agindu horren bidez onetsi zen maiztasun-modulazioko uhin metrikoen soinuzko irrati-hedapenerako soinuzko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren hiru lizentzia (bi Auritzen eta bat Iruñean) emateko lehiaketa.

2. Bertan behera uztea Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren otsailaren 20ko 10/2019 Foru Aginduaren bidez onetsitako deialdia. Foru agindu horren bidez onetsi zen maiztasun-modulazioko uhin metrikoen soinuzko irrati-hedapenerako soinuzko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren hiru lizentzia (bi Auritzen eta bat Iruñean) emateko lehiaketa.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Igortzea erabaki hau Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusira eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta jakinaraztea Ainhoa Jáuregui Zudaire andreari, adieraziz honek administrazio bidea amaitzen duela eta honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal duela, bi hilabeteko epean erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita, aplikatuz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoa.

Iruñean, 2019ko uztailaren 17an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1909629