1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
101/2019 EBAZPENA, ekainaren 5ekoa, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Aberingo eta Oteitzako udal-mugarteetan goi tentsioko instalazio elektriko bat jartzeko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko baimen administratiboa ematen baitira, eta instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzen baita.
2019ko otsailaren 27an, Eduardo Ryan Muruak, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU ordezkatuz, aurretiazko administrazio baimena emateko eskatu zuen, baita eraikitzeko baimen administratiboa eta, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ere, instalazio elektriko honetarako:
–Eskatzailea: Iberdrola Distribución Eléctrica SAU.
–Espedientea: SAT10965.
–Instalazioaren kokapena: Aberin eta Oteitza.
–Xedea: inguru horretako horniduraren kalitatea hobetzea.
–Ezaugarri teknikoak: goi tentsioko aireko linea elektrikoa, 13,2 kV-ekoa, “Lizarra-Allo” eta “Lizarra-Arintzano” lineak lotzen dituena “Lizarra-Allo” zirkuituko 310. euskarritik “Lizarra-Arintzano” zirkuituko 806. euskarrira artean (100-AL1/17-ST1A eroalea duena, 2.665 metro luze).
–Aurrekontua: 106.528,41 euro.
I.–Jendaurrean jartzea.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa betez, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUren eskaera eta instalazioak ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza jendaurrean jarri ziren (iragarkia argitaratuz 2019ko martxoaren 20ko Diario de Navarran eta 2019ko 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 20koan), eta Aberingo eta Oteitzako udalei bidali zitzaizkien, ikusgai jar zitzaten. Horrez gain, espedientea jendaurrean jarri zen Nafarroako Gobernu Irekiaren web atarian.
Udalak:
Separata bidali zitzaion Oteitzako Udalari, txostena eman zezala eskatuz (2019ko otsailaren 28ko eta apirilaren 2ko ofizioak), eta ez du erantzunik eman.
2019ko apirilaren 30ean, Aberingo Udalak adierazi zuen ados zegoela proiektuaren separatarekin.
Alegazioak:
2019ko apirilaren 15ean, José Joaquín Garnica Hermoso jaunak alegazioak aurkeztu zituen, Luis Hermoso Echegaray jaunaren izenean. Horien bidez, eskatu zuen 317. eta 319. euskarriak Aberingo 3. poligonoko 93. lurzatiko ertzetan kokatzeko; berea da lurzati hori.
Alegazio horiek Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri igorri zitzaizkion, eta 2019ko maiatzaren 14an enpresa banatzaileak adierazi zuen jendaurrean jarritako trazadura hori badela gauzatzeari begira baldintza tekniko onenak dituena printzipioz, eta, Nafarroako Gobernuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 3ko 1E/2019 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaiola proiektuko instalazioari.
Hala ere, alegazio-egilearen eskaera aintzat hartuko da partez, 317. euskarria lurzatiaren mugan kokatzen ahalko baita, betiere ukitutako finkaren mendebaldean dagoen bidetik 3 metroko distantzia errespetatuta; 319. euskarria, berriz, proiektuan emandako kokapenean geratuko da, lurzatiaren ekialdeko mugan kokatzearekin batera bao luze-luze bat sortuko bailitzateke 318. eta 319. euskarrien artean, eta, bao hori eta lursailaren orografia direla-eta, euskarri handiegiak jarri beharko bailirateke lursailarekiko distantzia errespetatzeko.
Euskarri horiek finkan kokatzeak berekin dakarren kalteari dagokionez, kalte-ordain bat adostu beharko da bide-zorra ezartzeagatik, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 156. artikuluan ezarritakoarekin bat. Dena den, prozeduraren une egokian, aurretik adostasunik lortu ezean, Administrazioak dagokion prezio-orria eskatuko dio alegazio-egileari, eta horrek bertan zehaztu beharko du ezarritako bide-zorra dela-eta zer prezio balioesten den.
Horregatik guztiagatik, bidezkoa da Luis Hermoso Echegaray jaunaren alegazioak partez baiestea.
II.–Ukitutako erakundeak eta enpresak.
Espedientean Nedgia Navarra SAk 2019ko apirilaren 30ean emandako txostena dago (E-NAV-20190005), eta bertan adierazi zuen bat zetorrela aurkeztutako proiektuarekin, eta dagozkion baldintzak ezarri. 2019ko maiatzaren 9an, Iberdrola Distribución SAUk adierazi zuen ados zegoela baldintza horiekin.
Separata bidali zitzaion Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, txostena eman zezala eskatuz (2019ko otsailaren 28ko eta apirilaren 10eko ofizioak), eta ez du erantzunik eman.
Nafarroako Gobernuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 3ko 1E/2019 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion proiektuko instalazioari.
Adierazitakoarekin bat, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 15ean emandako 48/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (2016ko 20. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 1ekoa), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betez,
EBAZTEN DUT:
1. Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri administrazio baimena ematea aipatutako instalaziorako.
2. Instalazioari, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ematea, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.
3. Instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, Raúl Reviejo García industria ingeniari teknikoak sinatua, onestea. Hogeita lau hilabete eman zaizkio obrak burutzeko.
4. Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.
5. Luis Hermoso Echegaray jaunak aurkeztutako alegazioak partez baietsiko dira, aurretik esandakoaren arabera.
6. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.
7. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.
8. Baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.
9. Ebazpen hau igortzea Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.
10. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
11. Ebazpen hau Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri, Nedgia Navarra SAri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.
12. Ebazpen hau jakinaraztea Oteitzako eta Aberingo udalei eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2019ko ekainaren 5ean.–Azpiegitura Energetikoen Ataleko burua, Laura Larraya Irigoyen. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariaren ordezkoa (Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren azaroaren 30eko 167/2017 Ebazpenaren bidez, 2017ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, abenduaren 18koan).
Iragarkiaren kodea: F1907882