148. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

97/2019 EBAZPENA, maiatzaren 24koa, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Aribeko udal-mugartean goi tentsioko instalazio elektriko bat jartzeko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko baimen administratiboa ematen baitira, eta instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzen baita.

2019ko otsailaren 26an, Marina Martínez Larrosak, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU ordezkatuz, aurretiazko baimen administratiboa eskatu zuen, baita eraikitzeko baimen administratiboa eta, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ere instalazio elektriko honetarako:

–Espedientea: SAT04345-2.

–Instalazioaren xedea: hornidura elektrikoaren kalitatea hobetzea eta bermatzea azpiestazioaren eragin eremuan.

–Kokapena: Aribeko udal-mugartea.

–Instalazioaren ezaugarriak: 66/20 kV BTA Aribe banaketarako transformazio azpiestazio elektriko berria.

Egungo MBA Aribe 20 kV-eko banaketarako azpiestazio bat da, aterpez kanpokoa, barra bakuneko konfigurazioa duena eta lineako hiru posizio: L-Zubiri-Luzaide, L. Agoitz-P. Nagore eta L.C.Irabia.

Proiektuan jasotakoaren arabera, 20 kV-eko egungo sistema eta kontrol eraikina eraitsi eginen dira, zelaigunea handitu, eta ondoren elementu berri hauek ezarri: 66 kV-eko sistema, potentzia-transformadorea eta 20 kV-eko sistema:

–66 kV-eko sisteman bat datoz diseinuko tentsioak eta energizazio/uholdekoa. Hauxe da konfigurazioa:

• Lineako posizio bat (1) - HIS motako transformadorea, aterpez kanpokoa.

–Transformadorea (T-1) motakoa izanen da, 66/21,5 kV-ekoa eta 12,5 MVA-koa, kanpoan jartzekoa, olio mineralean isolatua, eta YNd11 konexioa eta kargako erregulazioa izanen ditu.

–20 kV-eko sisteman bat datoz diseinuko tentsioak eta energizazio/uholdekoa. Konfigurazioa barra bakunekoa da. Barnerako metalezko gelaxka normalizatuen modulu batek osatua da, eta guztira posizio hauek ditu:

• Transformadoreko posizio bat (1), barnetik blindatua, etengailuarekin (barrak elikatzeko).

• Lineako lau (4) posizio, barnetik blindatuak, etengailuarekin.

• Zerbitzu osagarrietako transformadoreko posizio bat (1), barnekoa eta blindatua, etengailurik gabe.

• Barretako tentsioaren neurketarako posizio bat (1), barnetik blindatua, etengailurik gabe, moduluko beste posizioetako bati dagokion gelaxka fisikoan jarria.

Aurrerago handitzeko tokia dago, beste 3 posizio jartzeko adinakoa.

–Aurrekontua: 1.135.863 euro.

Nafarroako Gobernuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak, maiatzaren 15eko 128E/2019 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zuen BTA Aribe 66/20 kV-eko banaketarako azpiestazio elektrikoa handitzeko proiekturako, Aribeko udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

Halaber, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan ezarritakoaren ondorioetarako, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUren eskaera jendaurrean jarri zen hogei egunean, iragarkia argitaratuta 2019ko 67. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 5ekoan, eta Diario de Navarra egunkarian, 2019ko apirilaren 3koan.

Ez da alegaziorik jaso.

Ikusirik espedientean dagoen dokumentazioa, eta kontuan hartuta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatua, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk eskatutakoa onartzea proposatzen da.

Adierazitakoarekin bat, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 15ean emandako 48/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (2016ko 20. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 1ekoa), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betez,

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio baimena ematea Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri, BTA Aribe 66/20 kV-eko banaketarako azpiestazio elektrikoa handitzeko.

2. Instalazioari, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ematea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan, eta hori garatzen duen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.4 artikuluan aipatutako ondorioetarako.

3. Onestea instalazioa egiteko aurkeztutako proiektua, Eneko Santamaría industria ingeniari teknikoak sinatua. Hogeita lau hilabete eman zaizkio obrak burutzeko.

4. Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

5. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

6. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

7. Aurretiazko baimen administratiboa eta eraikitzeko baimen administratiboa emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

8. Ebazpen hau igortzea Garapen Ekonomikorako Departamentuko Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

10. Ebazpen hau Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 2an.–Azpiegitura Energetikoen Ataleko burua, Laura Larraya Irigoyen. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariaren ordezkoa (Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren azaroaren 30eko 167/2017 Ebazpenaren bidez, 2017ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 18koan).

Iragarkiaren kodea: F1907143