Iragarkia
148. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
127E/2019 EBAZPENA, ekainaren 27koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena laguntzak emateko lehiakortasunerako eta enpresa-berrikuntzarako plataformen eta klusterren elkarlan proiektuak gauzatzeko. DDBN identifikazioa: 457471.
Bai Europa mailan, baita estatu eta eskualde mailan ere, berrikuntza praktikak sustatzeko eta elkarlan proiektuetarako enpresen kolektiboetara azkarrago zabaltzeko aukeratu den formula izan da klusterrak edo enpresa batasun berritzaileak sustatzea, 2014ko ekainaren 17ko Batzordearen 651/2014 EB Erregelamenduan erabilitako terminologia erabiliz.
Gure eskualdean, egitura horiek klusterren eta plataformen izaera hartu izan dute; izan ere, Nafarroako Gobernua halako batasunen alde jokatzen ari da bere Espezializazio Adimentsuaren Estrategia (S3 Nafarroa) eguneratu zenetik, baita estrategia horrekin bat datozen plan eta baliabide sektorialetan ere, besteak beste, Nafarroako 2020 Industria Planean.
Plan horretan, Nafarroako produkzio kate jakin batzuk identifikatzen dira, haien jarduera funtsezko euskarria baita S3-Nafarroa estrategiaren kateentzat, lehiakortasunerako palanka gisa jarduten baitute. Lan-ildo horiei balio-kate erraztaileak esaten zaie, eta honako hauek dira: Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiak, Makineriaren diseinua, ingeniaritza eta fabrikazioa, eta Logistika.
S3-Nafarroa estrategiaren kate sektorialak eta balio-kate erraztaileak bereizteak aukera ematen digu, deialdi honen ondorioetarako, plataformak eta klusterrak bereizteko; izan ere, kluster gisako erakundeak S3-Nafarroan Estrategian lehenetsitako sei arloetan aritzen dira bakar-bakarrik; aitzitik, enpresa-berrikuntzarako eta lehiakortasunerako plataformek Nafarroako 2020 Industria Planean jasotzen diren zeharkako kate horietan ere jarduten ahal dute.
Horregatik, izaera industrialagoa duten planen balio-kate sektorialetan eta zeharkakoetan enpresen arteko lankidetza denboraren ikuspegia hobeki txertatuz sustatzeko asmoz, erabaki da bigarren deialdi bat onestea lehiakortasuna hobetzeko eta enpresa-berrikuntza sustatzeko helburua duten proiektuak finantzatzeko asmoz.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Lehiakortasunerako eta enpresa-berrikuntzarako plataformen eta klusterren elkarlan proiektuei laguntzak emateko 2019ko deialdia onestea.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimendu da:
Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorretatik:
810001-81100-4819-422200: Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana | 100.000 |
Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretatik, 2019ko Aurrekontuan dagoen partidaren balio bereko partida:
810001-81100-4819-422200: Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana | 100.000 |
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2019ko ekainaren 27an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria.–Xedea.
Dirulaguntza hauen helburua da Nafarroako enpresen arteko elkarlana sustatzea, eta, orobat, enpresek beren eraginkortasuna hobetzen duten proiektuetan parte har dezatela lehiaketarako eta enpresa-berrikuntzarako plataformen eta klusterren bitartez.
Deialdi honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:
a) Kluster erakundea (hemendik aurrera klusterra): balio-kate baten ezagutza-entitate, erakunde eta enpresen multzoa, bere bazkideen lehiakortasuna hobetzea bilatzen duena elkarlanaren bitartez; balio-kate hori S3-Nafarroa estrategiaren lehentasunezko arloetako merkatu batera edo merkatuaren segmentu batera orientatua izan daiteke, edo teknologia erraztailea eskaintzera.
b) Enpresa-berrikuntzarako eta lehiakortasunerako plataforma (hemendik aurrera, plataforma): entitate independenteek (konparazio batera, enpresak, ikerketa eta ezagutza erakundeak eta antzeko beste eragile ekonomiko batzuk) osatutako egiturak edo talde antolatuak, izaera juridikoa bai baina irabazteko asmorik ez dutenak, jarduera berritzailea edo lehiakorra sustatzeko helburua dutenak proiektu pilotuak gauzatuz, ezagutza teorikoa eta praktikoa trukatuz eta balidatuz, sareak sortuz, informazioa hedatuz eta enpresen eta beste erakunde batzuen arteko elkarlanaren bidez.
2. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.
Diruz lagunduak izateko, elkarlan proiektuek baldintza hauek bete behar dituzte:
1. Arlo hauek landu beharko dituzte:
a) S3-Nafarroa Estrategiaren lehentasunezko arlo ekonomikoak (Automozioa eta mekatronika, Elikakatea, Energia berriztagarriak eta baliabideak, Osasuna, Turismo integrala eta Sorkuntza industriak eta industria digitalak).
b) Arlo horietako teknologia erraztaile bat.
c) Nafarroako 2020 Industria Planean identifikatutako balio-kate erraztaileetako bat.
2. Proiektuen helburua bazkidetutako enpresa eta erakundeen lehiakortasuna hobetzea izan behar da, zehazki, arlo hauetako batean: berrikuntza teknologikoa, berrikuntza ez-teknologikoa edo kudeaketaren arloko berrikuntza, internalizazioa, hobekuntza produktiboak, azpiegitura komunak ezartzeko azterketak, kalitate arauak eta estandarrak garatzea, zaintza estrategiko edo teknologikorako sistemak, merkatuak eta lehiakortasuna.
3. Laguntzak kudeatzen dituen organoak diruz lagungarritzat jotzeko, proiektuaren aurrekontuak 20.000 eurotik gorakoa izan behar du.
3. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.
Laguntzen onuradunak 1. oinarrian adierazitako klusterraren edo plataformaren definizioaren arabera eratuak egon beharko dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Berezko nortasun juridikoa izatea, zeinahi delarik ere haren izaera juridikoa, betiere irabazi-asmorik ez badu.
b) Egoitza soziala Nafarroan izatea, eta lehentasunezko jarduketa-eremu geografikoa Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea izatea. Gainera, bazkideen edo kideen %50ek Nafarroan izan beharko dute egoitza soziala edo lantokia.
c) Hogei bazkide edo gehiago izatea eta, gutxienez, ezagutza-zentro bat izatea.
d) Bere helburu sozialen artean bazkide guztien lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzea egotea.
e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ez egotea sexu- edo genero-bazterketatzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako kondena-epai edo zahapen bat betetzeko zain.
f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.
Dirulaguntza-eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
g) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuaren arabera.
4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen intentsitatea.
1. Diruz lagungarriak dira kontzeptu hauengatik fakturatutako eta ordaindutako zuzeneko gastuak:
a) Langileria, lan eta lanbide kostuak, diruz laguntzen den proiektuari zuzenean lotuak badaude.
b) Bidaia eta ostatu gastuak. Kilometraje kostuak ezin dira 0,30 eurotik gorakoak izan kilometro bakoitzeko. Ostatu-gau bakoitzeko gastu diruz lagungarria 120 eurokoa izanen da gehienez.
c) Aholkularitza teknikorako edo komunikazioaren edo ezagutzaren arloko kanpo zerbitzuen kontratazioa.
2. Oinarri honetako 1. ataleko c) letrako gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunek frogatu beharko dute hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dutela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dituzte, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.
Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintza aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, et hori arrazoibidez frogatu beharko da.
3. BEZa gastu diruz lagungarritzat hartuko da, baldin eta onuradunek egiten dituzten jarduerak BEZetik salbuetsiak badaude eta onuradunek kenkaria egiteko eskubiderik ez badute. Tratamendu fiskal hori Nafarroako Zerga Ogasunaren ziurtagiriaren bidez justifikatuko da.
4. Behin kudeaketa organoak proiektua ebaluatuta, diruz lagungarritzat jotzen den gastu-aurrekontuaren % 50ekoa izanen da laguntzaren intentsitatea.
5. oinarria.–Proiektuaren eragin pizgarria eta hura gauzatzeko epea.
2014ko ekainaren 17ko 651/2014 EB Erregelamenduaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera (erregelamendu horren bidez, laguntzen kategoria jakin batzuk bateragarritzat jotzen dira barne-merkatuarekin, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz), laguntza hauek efektu pizgarria dute. Beraz, eskatzaileek debekatua dute jarduera diruz lagungarriak hastea eskaera aurkeztu baino lehen.
Horiek horrela, laguntza-eskaera aurkeztu ondoren abiatuko dira proiektuak, eta 2020ko irailaren 30erako bukatu beharko dira.
6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.
2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematika bidez eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.
3. Laguntza eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 12. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.
4. Kluster edo plataforma bakoitzeko eskaera bakarra aurkeztuko da, eta bertan adieraziko da 2. oinarriko proiektuetatik zeinetarako eskatzen den laguntza.
5. Eskaera honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin. Adibidez: “Estatutuak”):
a) Eskabidearen inprimakia, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena, Excel formatuan.
b) Entitate eskatzailearen eraketa-agiria edo akta.
c) Entitate eskatzailearen estatutuak.
d) Hala badagokio, finantzatu beharreko jarduketaren iturri den plan estrategikoa.
e) Memoria bat eskatzen den proiektu bakoitzeko: Memoria bakoitzean jaso beharko da laguntzen fitxan adierazitako eduki espezifikoa, zehaztuta egin beharreko jarduerak eta aurrekontua jardueraz jarduera.
6. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Politika Ekonomikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen horrela egiten ez badu eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Zuzenketa nahitaez telematika bidez egin beharko da, 12.1. oinarrian adierazitako moduan.
7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.
1. Laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko dira, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun zerrenda bat ezartzeko, oinarri honetan zehaztutako balorazio irizpideen arabera.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaeren gastu-aurrekontu diruz lagungarriari 4. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaio, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen 200.000 euroko kreditua agortu arte:
2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:
a) Irismen estrategikoa. Proposatutako jarduketen kalitatea eta anbizioa baloratuko dira, bazkideen beharren araberako motibazioa eta bazkideen lehiakortasunean eta berrikuntzan espero den eragina, baita proposatutako helburuak ere (5 puntu gehienez).
b) Elkarlana. Honako hauek baloratuko dira: proiektuan parte hartzen duten bazkideen kopurua, bazkideen konpromisoa eta bateragarritasuna, beste eragile batzuen inplikazioa eta nola koordinatzen diren Nafarroako Gobernuaren ekintzekin. Orobat, beste kluster batzuekin edo klusterren eta plataformen artean proposatzen den lankidetza baloratuko da (3 puntu gehienez).
c) Proposatutako jarduketen aurrekontua. Baloratuko da aurrekontuaren egitura eta zehaztapena koherenteak izatea, erabiltzen diren baliabideen egokitasuna eta efizientzia egin beharreko jardueretarako eta espero den emaitzarako, bai eta beste finantzaketa batzuk, publikoak edo pribatuak, lortzeko gaitasuna ere (2 puntu gehienez).
3. 5 puntu edo gehiago lortzen dituzten eskaerei baizik ez zaie dirulaguntzarik emanen.
Lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, jarduketa-ildo bakoitzerako ezarritako a) irizpideko puntuazioa kontuan hartuz ebatziko da, eta, berdinduta segituz gero, b) irizpidekoa.
8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
1. Laguntzen kudeaketa organoak ebaluatuko ditu eskaerak, hots, Politika Ekonomikoaren Zerbitzuak, SODENAren laguntzaz, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio eskatzaileari, adieraziz, errekerimenduari ezarritako epean erantzuten ez badio, eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.
Eskaerak ebaluatu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta hartan jaso behar da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
2. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
3. Laguntzei uko eginez gero edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, laguntza ematen ahalko zaie aurrekontu-kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren beste eskaera batzuei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio.
9. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.
1. 2019ko urriaren 31 baino lehen hasten diren proiektuetan, diruz lagundutako jarduketaren exekuzio partziala justifikatu behar da nahitaez.
Horretarako, gauzatutako jarduketen memoria tekniko bat aurkeztu beharko dute 2019ko azaroaren 15a baino lehen, egun hori barne, eta, horrekin batera, proiektu bakoitzean 2019ko urriaren 31rako gauzatutako jarduketen gastuen zerrenda ordenatu bat, Excel formatuan.
2. 2020ko irailaren 30erako, egun hori barne, azken justifikazioa egin beharko dute, eta, horretarako, dokumentazio hau aurkeztu:
a) Egindako jarduerak eta lortutako emaitzak justifikatzen dituen memoria, bai eta onuradunari ezarritako betebeharrak bete dituela ere (laguntzen fitxan eredu bat dago).
b) Gastu diruz lagungarri guztien zerrenda, Excel formatuan. Erabili beharreko kalkulu-orria laguntzen fitxan dago, eta bertan azaltzen da nola justifikatu gastu mota bakoitza.
c) 4. oinarriko langileria gastuak justifikatuko dira nominak eta Gizarte Segurantzaren nahiz PFEZaren likidazioak, zehaztapenak eta ordainagiriak aurkeztuz. 2020ko azken hiruhilekoko PFEZaren atxikipenen eta 2020ko iraileko Gizarte Segurantzaren ordainagiriak 2020ko urriaren 15era arte aurkezten ahalko dira.
d) Fakturen eta ordainagirien kopiak, behar bezala ordenatuta aurreko atalean eskatzen den Excel taulako gastuen ordenari jarraikiz. Hala fakturak nola ordainagiriak onuradunen izenean egon beharko dira, eta dirulaguntza eskatzen den egunetik hasi eta 2020ko irailaren 30era bitarte datatuak.
e) “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal dena. 4.2 oinarrian adierazitako edukia izanen du.
f) Egindako proiektuak eta gastuak justifikatzeko onuradunak egokitzat jotzen duen edozein dokumentazio.
10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. 2019ko urriaren 31 baino lehen hasten diren proiektuen kasuan, dirulaguntzak ematen dituen organoak konturako ordainketa bat eginen die onuradunei egun hori arte gauzatutako jarduketengatik, betiere 9.1 oinarrian eskatutako dokumentazioa egiaztatu ondoren.
9.1 oinarrian adierazitako justifikazioa ikusirik, ebazpen bat emanen da 2019ko urriaren 31ra arte gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntzaren konturako ordainketa agintzeko.
2. Diruz lagundutako jarduketak egoki finantzatu daitezen, onuradunek konturako ordainketa bat eskatzen ahalko dute 2020ko maiatzaren 15a baino lehen, 2019ko azaroaren 1etik 2020ko apirilaren 30era bitarte egindako jarduketengatik. Horretarako, gauzatutako jarduketen memoria teknikoa eta Excel formatuan prestatutako gastuen zerrenda ordenatua aurkeztu beharko dira.
Dokumentazio hori ikusirik, ebazpen bat emanen da jarduketa horiei dagokien dirulaguntzaren konturako ordainketa agintzeko.
3. 9.2 oinarrian adierazitako frogagiriak aztertuta, laguntzen organo kudeatzaileak azken ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
4. Laguntza ordaintzeko ebazpenak gehienez ere 6 hilabeteko epean emanen ditu organo eskudunak, frogagiriak aurkezten direnetik hasita kontatuta.
11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.
Foru dekretu horren 4. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.
b) 9. oinarrian ezarritako moduan eta epean justifikatzea diruz lagundutako jarduera egin dela.
c) Politika Ekonomikoaren Zerbitzuari aurretik jakinaraztea deialdi honen bidez diruz lagundutako proiektuetan gertatzen den aldaketa garrantzitsu oro, horretarako baimena eman dezan; esate baterako, onetsitako aurrekontuan edo proiektuen gauzatze mailan gertatzen diren desbideratzeak.
d) SODENAk onuradunentzat antolatutako jarduketetan parte hartzea (jarraipen mahaiak, prestakuntza jarduerak, etab.) eta aldian behin sozietate publiko horri informazioa ematea diruz lagundutako jardueren segimendua egiteko, eta, orobat, ebaluazio lanetan laguntzea.
e) Nafarroako Gobernua eta SODENA gonbidatzea jasotako laguntzekin finantzatzen diren jarduketetan parte hartzera, baita diruz lagundutako proiektuak koordinatzeko edo zuzentzeko bileretan ere.
f) Enpresentzako ekintzetan erabiltzen diren materialak hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiliz erredaktatzea, baita dirulaguntza justifikatzeko dokumentazio guztia ere.
g) Diruz lagundutako jarduketei buruz egiten den zabalkunde publikoan eta korporazioaren webgunean adieraztea jarduketa horiek Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.
Diruz lagundutako jarduketen zabalkunderako materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, ez da hizkera sexista erabiliko dirulaguntzaren xedeari loturik prestatzen den dokumentazio guztian.
h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, diruz lagundutako proiektuaren gauzatze maila %70etik beherakoa bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.
2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.
Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, helbide horretan bertan egin beharko da Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza.
13. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.
Deialdi honen dirulaguntzak bateraezinak dira jarduketa beretarako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta beste administrazio publiko batzuek emandako beste dirulaguntza batzuekin.
14. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.
Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 27. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituelako (erregelamendu horrek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26koan).
15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Politika Ekonomikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F1908992
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
