1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
368E/2019 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena “Arroizko Udal Planaren aldaketa 22. poligonoko 976. lurzatian” espedientearen gainean. Jesús Echeverría García da aldaketa horren sustatzailea.
Aldaketa txikia da honakoa, Ingurumen ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 5. artikuluan zehaztua; eta lege horren 6. artikuluko aplikazio eremuan xedatzen denaren arabera, ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren menpe jarri behar da.
2019ko urtarrilaren 24an hasiera batez onetsi ondoren, aldaketa jendaurrean egoteko epe bat ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2019ko 41. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 28koan. Epe horretan, ez da ingurumenari lotutako alegaziorik jaso.
Aldaketaren xedea da hiri lurzorua handitzea, 573 m²-ko eremu bat gehituz, 2. poligonoko 976. lurzatiari kenduta, bertan familia bakarreko etxebizitza bat eraiki ahal izateko.
Aldaketaren esparrua herriaren sarreran dago, Barbaringo errepidetik etorrita, eta hiri lurzoruak ditu mugakide, bai iparraldean, bai hegoaldean; hortaz, oinarrizko hornidura-azpiegiturak ditu.
Aurreikusitako antolamenduaren arabera, sistema orokorrean 42,98 m² erreserbatuko dira, iparraldeko mugan dagoen EG2 sistema orokorrari gehituko zaizkionak; gainera, lurzatiaren lerrokadura aldatzen du, Barbaringo errepidea kalearen aldean, 2 metro inguruko zerrenda bat lagatzen baitu, espaloia luzatzeko, eta aparkatzeko 2 toki ezartzen ditu lurzatiaren barrualdean.
Proposamenak berekin dakar lurzoruaren kategorizazioa aldatzea, lurzoru urbanizaezina izatetik hiri lurzoru finkatua izatera igaroko baita. Lur horiek alorrak dira gaur egun; eremuak malda txiki bat dauka hego-ekialdera, eta ez du intereseko ingurumen baliorik. Hortaz, ez da ingurumen arloko ukipen nabarmenik aurreikusten.
Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura bete dela, eta aldeko txostena eman du.
Kontuan harturik ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozedura egoki bete dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. “Arroizko Udal Planaren aldaketa 22. poligonoko 976. lurzatian” espedientearen aldeko ingurumen txosten estrategikoa egitea. Jesús Echeverría García da aldaketaren sustatzailea.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Foru agindu hau Arroizko Udalari eta Hirigintza Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2019ko ekainaren 24an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
Iragarkiaren kodea: F1908564