147. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRIBERRI

Egiaztapen-kode segurua sortzea

Sektore Publikoaren Araubidea Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 42.b) artikuluak xedatzen du egiaztapen-kode segurua sinadura elektronikoko sistema bat dela, Administrazioa modu automatizatuan ari denean. Kasu horretan, agirien osotasuna egiaztatzeko aukera eskainiko da, egoitza elektronikora sarbidea ahalbidetuz.

Bestalde, Administrazio-Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 27.3.c) artikuluaren arabera, administrazio publikoek egiaztapen-sistema bat izan behar dute, agiri elektronikoen paperez kopien benetakotasuna egiaztatu ahal izateko, kopiaren jatorrizko agiri elektronikoak kontsutaltzea ahalbidetuz.

Bi arauek nahitaezko baldintza hau ezartzen dute: egiaztapen-kode seguruak edo erabilitako egiaztapen-sistema argitaratzea.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

1. Erriberriko Udalean agiriak egiaztatzeko sistema sortzeko agintzea. Sistemak egiaztapen-kode segurua izanen du oinarri, eta honako helbide elektroniko honetan izanen du egoitza elektronikoa: https://sedeelectronica.olite.es

2. Aipatu kodeak honako ezaugarri hauek izanen ditu:

1.–Bakarra eta ausazkoa izanen da agiri bakoitzerako sortzen den kodea, baita kodearen igorlearekiko lotura ere.

2.–Segurtasun kriptografikoa izanen du, ziurtagiri kualifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko aurreratuaren baliokidea.

3.–Kode bidez autentifikatutako agiria eskuratzen ahalko da, egoitza elektronikoaren bidez –eta, hala badagokio, kodea gordetzen duen fitxategi elektronikoaren bidez–, aipatu agiriak lege-ondorioak izan behar dituen epe osoan. Pertsonek berehala eta doan eskuratzen ahalko dute agiria.

4.–Toki entitatea identifikatutzat joko da, Interneten duen atarian edo bestelako sarbide-puntuan bere izenean argitara ematen duen informazioari dagokionez, sarbide-puntu horiek legez egoitza elektronikoak badira.

3. Egiaztapen-kode seguruak indarra hartuko du ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera. Halaber, tokiko egoitza elektronikoko eta Udaleko iragarki-taulan ere argitaratuko da.

Ebazpen honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, hautara:

1.–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, egintza hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

2.–Administraziorekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3.–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

Erriberrin, 2019ko ekainaren 3an.–Alkatea, Andoni Lacarra.

Iragarkiaren kodea: L1908516