147. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

76/2019 FORU DEKRETUA, ekainaren 26koa, “José Lázaro Galdiano” ediziorako saria sortu zuen martxoaren 30eko 26/2009 Foru Dekretua aldatzen duena.

Martxoaren 30eko 26/2009 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gobernuak “José Lázaro Galdiano” ediziorako saria sortu zuen, alde batetik, liburuen edizioaren kalitatea eta, bestetik, arteaz, esanahi zabalenean ulerturik, ikerketa historikoa eta saiakeragintza aintzat hartzen duena.

Esperientzia ikusita eta denbora iraganik, gomendagarria da sari hori bi kategoriatan banatzea (bata liburu orokorrei buruzkoa da, eta bestea, aldiz, bibliofiliako liburuei buruzkoa), baita hura hizkera ez-sexistara egokitzea eta saria emateko tokia aldatzea ere, ekitaldiaren hedapen handiagoa lortu nahian.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko ekainaren 26an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzen da martxoaren 30eko 26/2009 Foru Dekretua, “José Lázaro Galdiano” ediziorako saria sortu zuena, honela:

Bat.–Foru dekretuaren 1. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“1. “José Lázaro Galdiano” ediziorako saria sortzea, urtean behin emanen dena eta José Lázaro Galdiano nafar zenari agur eta ohorea egiteko helburua duena. Horretarako, haren nortasunaren alderdi guztiak kontuan hartuz, arteaz, esanahi zabalenean ulerturik, ikerketa historikoa eta saiakeragintza lantzen duten liburuen edizioaren kalitatea sarituko da”.

Bi.–Foru dekretuaren 2. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“2. Sariak bi kategoria izanen ditu: bata orokorra izanen da, eta ongien editatzen den liburua nabarmenduko du; bestea, aldiz, berariazkoa izanen da, eta bibliofiliako liburuak nabarmenduko ditu”.

Hiru.–Foru dekretuaren 3. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“3. Sariak 3.000 euroko zuzkidura izanen du saritutako kategoria bakoitzerako.

Kategorietako bat bete gabe gelditu dela deklaratzen bada, sari horren zuzkidura epaimahaiak saritutako obrentzako edo editoreentzako proposamena duen kategorian metatzen ahalko da”.

Lau.–Foru dekretuaren 4. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“4. Editoreak sari honetarako hautagai izaten ahalko dira, saria deitu aurre-aurreko urtean, edozein hizkuntzatan, arte liburuak edo arteaz, esanahirik zabalenean ulerturik, ikerlanak argitaratu badituzte”.

Bost.–Foru dekretuaren 5. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“5. Aurkezten diren eskaerak baloratzeko eta epaia proposatzeko, epaimahai bat arituko da, Nafarroako Gobernuaren, Lázaro Galdiano Fundazioaren eta Beireko Udalaren ordezkariek eta arloan adituak diren teknikariek osatuko dutena. Epaimahaiak saria emateko proposamena igorriko dio Nafarroako Gobernuko lehendakariari”.

Sei.–Foru dekretuaren 6. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“6. Nafarroako Gobernuak banatuko du saria, eta unean-unean zehazten diren tokian eta egunean emanen da”.

Zazpi.–Foru dekretuaren 7. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“7. Foru agindu honetan xedaturikoa betearaztea argitalpenen edizioaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuari dagokio”.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko ekainaren 26an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1908895