147. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

39/2019 FORU AGINDUA, ekainaren 28koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, “José Lázaro Galdiano” ediziorako sarirako deialdia egiten duena 2019an.

Martxoaren 30eko 26/2009 Foru Dekretuaren bidez, “José Lázaro Galdiano” ediziorako saria sortu zen. Ekainaren 26ko 76/2019 Foru Dekretuak aurretik aipatutako dekretu hori aldatu du.

Foru dekretu horiek betetzeko, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuak proposatu du aipatu sarirako deialdia egitea 2019an, haren oinarri arautzaileak onestea eta kalifikazio epaimahaia izendatzea.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “José Lázaro Galdiano” ediziorako sarirako deialdia egitea 2019an, eta hura emateko oinarri arautzaileak onestea, zeinak eranskinean jaso baitira.

2. 6.000 euroko gastua baimentzea “José Lázaro Galdiano” ediziorako saria emateko, 2019. urteko gastu-aurrekontuko “José Lázaro Galdiano sariak” izeneko B10004 B1210 4709 921100 partidaren kargura.

3. Pertsona hauek izendatzea 2019ko “José Lázaro Galdiano” ediziorako sarian epaimahaia eratu dezaten:

–Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusia, epaimahaiburu izanen dena.

–Elena Hernando Gonzalo, Lázaro Galdiano Fundazio Museoko zuzendaria.

–Ainara Gonzalez Rubio, Beireko Udaleko alkatea.

–Juan Antonio Yeves Andrés, arte argitalpenen edizioan aditua eta Lázaro Galdiano Fundazioko bibliotekaria.

–Guillermo Nagore Ferrer, kazetaria, diseinatzaile grafikoa eta nazioarteko aholkularia.

–Matías Múgica Franco de Medinaceli, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Argitalpen Ataleko goi mailako tituluduna, idazkari izanen dena.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzura eta Ekonomia Aferetarako Bulegora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu honen eta haren oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko ekainaren 28an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA: OINARRIAK

1.–Sariaren xedea.

Saria bi kategoria ezberdinetan emanen da, eta José Lázaro Galdiano nafar zenari agur eta ohore egiteko helburua du. Horretarako, haren nortasunaren alderdi guztiak kontuan hartuz, liburuen edizioaren kalitatea sarituko da bi kategoriatan:

a) Arte liburuak, oro har, adiera zabalenean ulerturik: erakusketen katalogoak, artistei buruzko monografiak, argazkilari baten edo zenbaiten lana biltzen duten liburuak, arte edo diziplina zientifikoren baten gaineko saiakerak, edizio zaindua duten literatura liburuak, etab.

b) Edizio artistikoa duten eta pertsona zein entitate bibliofiloentzat izan ohi diren liburuak, kalitate handiko materialekin eginak, hala nola edizio zenbakitua eta mugatua duten artista liburuak, edo obra klasikoen edizio faksimileak.

2.–Aurrekontua eta zenbatekoa.

2.1.–Saria, zeina 3.000 eurokoa baita kategoria bakoitzarentzat, Nafarroako 2019. urteko gastu-aurrekontuko “Lázaro Galdiano saria” izeneko B 10004 B1210 4709 921100 partidaren kargura finantzatuko da.

2.2.–Bi kategorietako batean libururik aurkezten ez bada edo epaimahaiak uste badu kategoria horietako bat bete gabe deklaratu behar dela, 6.000 euroko saria ematen ahalko zaio beste kategorian saritutako liburuari.

3.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Pertsona fisikoak, enpresak edo pertsona juridikoak sari honetarako hautagai izaten ahalko dira, 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra, edozein hizkuntzatan, arte liburuak argitaratu badituzte 1. oinarrian adierazitako kategorietako batean edo bietan, zabalkunderako legezko betekizunak bete badituzte eta 2018. urteko lege gordailua eta ISBNa (International Standard Book Number) baldin badituzte.

Berrargitalpenak lehiaketatik kanpo gelditzen dira. Alabaina, kontuan hartzen ahalko dira, aurreko argitalpenarekin edo argitalpenekin alderaturik, merezi duen funtsezko hobekuntza edo aldaketaren bat ekarri badute.

4.–Eskaerak aurkeztea.

4.1. Lehiaketan parte hartzeko eskaerak oinarri hauetako eranskinean ageri den ereduaren araberakoak izanen dira eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Karlos III.aren etorbidea 2, beheko solairua, 31002 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

4.2. Eskaera Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Argitalpen Atalera igorri beharko da, eta bertan adieraziko da “José Lázaro Galdiano ediziorako saria 2019” izeneko deialdirako dela.

4.3. Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea 2019ko irailaren 16an bukatuko da, 14:00etan.

5.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Editoreek (pertsonak nahiz enpresak) gehienez ere hiru lanekin hartzen ahal dute parte aipatutako bi kategorietako bakoitzean. Horietako bakoitzeko, honako hau aurkeztu behar dute:

a) Aurkeztutako lanaren ale bat.

b) Lehen argitalpenarekiko hobekuntza edo aldaketarik ekarri duten berrargitalpenen kasuan, lehen argitalpeneko ale bat.

c) Lanaren azalpen laburra gaztelaniaz edo euskaraz: argudioa eta edizioaren ezaugarri teknikoak.

6.–Tramitazioa.

6.1. Eskaerak Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Argitalpen Atalak tramitatuko ditu.

6.2. Eskaerak epaimahai batek baloratuko ditu. Epaimahaiko burua Nafarroako Gobernuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusia izanen da eta mahaikideak, honako hauek:

–Elena Hernando Gonzalo, Lázaro Galdiano Fundazio Museoko zuzendaria.

–Ainara Gonzalez Rubio, Beireko Udaleko alkatea.

–Juan Antonio Yeves Andrés, arte argitalpenen edizioan aditua eta Lázaro Galdiano Fundazioko bibliotekaria.

–Guillermo Nagore Ferrer, kazetaria, diseinatzaile grafikoa eta nazioarteko aholkularia.

–Matías Múgica Franco de Medinaceli, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Argitalpen Ataleko goi mailako tituluduna, idazkari izanen dena.

Epaimahaiak liburuaren argitalpenean sartzen diren elementu formal guztiak ebaluatuko ditu, kalitatearen irizpidea lehenetsiz. Haren irizpena loteslea izanen da eta saria eman gabe uzten ahalko du.

Epaimahaiak saria emateko proposamena igorriko dio Nafarroako Gobernuko lehendakariari.

Nafarroako Gobernuak emanen du saria, zehazten diren tokian eta egunean eman ere.

Lan irabazlea Nafarroako Liburutegiko funts bibliografikoan geldituko da.

Saritu gabeko lanak horiek aurkeztu dituzten pertsona edo enpresa editoreen eskura egonen dira, eta 2019ko abenduaren 31ra arte hartzen ahalko dituzte. Jaso ezean, Nafarroako Liburutegiko funts bibliografikoan sartuko dira.

ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1909055