147. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

75/2019 FORU DEKRETUA, ekainaren 26koa, honako arau hauek aldatzen dituena: Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamendua, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamendua, maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Sozietateen gaineko zergaren Erregelamendua, abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsia; eta otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretua, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia eta horri lotutako errolda zehatz batzuk arautzen dituena.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen azken xedapenetako hirugarrenak xedatzen du Nafarroako Gobernuak behar diren xedapen guztiak emanen dituela foru lege hori garatzeko eta aplikatzeko.

Aipatu legearen 109.1.3 artikuluak dioenez, zergaren subjektu pasiboak behartuak daude beren eragiketa guztien faktura luzatu eta ematera, eta, betiere, erregelamendu bidez zehaztuko diren beharkizunak, mugak eta baldintzak bete beharko ditu fakturak.

Bestalde, Hitzarmen Ekonomikoaren 3. artikuluak ezartzen du ezen betiere Estatuari dagokiola zerga berezien eta BEZaren inportazio eskubideak eta inportazioaren kargak arautzea, kudeatzea, biltzea, likidatzea, ikuskatzea eta berrikustea; eta lege-gorputz beraren 32. artikuluak zehazten du ezen Nafarroak Estatuko lurraldean uneoro indarra duten oinarrizko printzipio, funtsezko arau eta arau formal berberak aplikatu behar dituela, balio erantsiaren gaineko zergaren esparruan duen tributu-ahala erabiliz,nahiz eta bere ereduak onesten ahalko dituen aitorpenak eta diru-sarrerak egiteko.

Beste alde batetik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 80. artikuluak ezartzen du ezen erregelamenduz zehaztuko direla aipatutako zergari lotutako errenta zergapetuak ordaintzen dituzten pertsona juridikoen eta entitateen atxikipena egiteko betebeharrak.

Foru dekretu honek 5 artikulu eta azken xedapen bat ditu. Lehenengo artikuluaren bidez Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamendua aldatzen da; bigarren artikuluaren bidez, zenbait aldaketa sartzen dira Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan; hirugarren artikuluak Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamendua aldatzea du xede; laugarren artikuluak Sozietateen gaineko zergaren Erregelamendua aldatzen du; eta bosgarren artikuluaren bidez, otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretua aldatzen da, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia eta horri lotutako errolda zehatz batzuk arautzen dituena.

2017ko abenduaren 29an argitaratu zen Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean Kontseiluaren 2017ko abenduaren 5eko 2017/2455 (EB) Zuzentaraua, zeinaren bidez aldatzen baitira 2006/112/EE eta 2009/132/EE zuzentarauak, zenbait betebeharri dagokienez, zerbitzu emateen eta ondasunen urruneko salmenten balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez. Zuzentarau horrek BEZaren zuzentarau harmonizatua aldatzen du, elektronikoki, telekomunikazioen bidez eta irrati-difusio eta telebista bidez emandako zerbitzuen tributazio arauei dagokienez, hartzailea ez denean enpresaburu edo profesional bat, enpresaburu edo profesional gisa diharduena.

Horiek horrela, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, urteko 10.000 euro arteko atalase bakarra ezartzen da Europar Batasun osorako, Europar Batasuneko estatu bakar batean finkatuak egonik Europar Batasuneko beste estatu batzuetako azken kontsumitzaileei noizbehinka zerbitzu ematen dieten mikroenpresek zerbitzuaren hartzailea den kontsumitzailea finkatua dagoen estatuan (kontsumoko estatukidea) prestazio horiengatik tributatzeagatik dituzten karga administratiboak eta tributuzkoak murrizteko. Hortaz, atalase hori gainditzen ez bada, zerbitzu emate horiek jarraituko dute mikroenpresa finkatua dagoen estatuko balio erantsiaren gaineko zergari lotuak. Nolanahi ere, posible izanen da, orobat, enpresaburuek edo profesionalek, hala nahi izanez gero, EBko beste estatuan, kontsumokoan, tributatzea, nahiz eta aipatutako atalasea ez gainditu. 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legea onestearen bidez egin zen zuzentarau horren transposizioa abenduaren 28ko 37/1992 Legera (balio erantsiaren gaineko zergari buruzko legea). Horrenbestez, beharrezkoa da doikuntza teknikoak egitea Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduan.

Bestalde, erraztasunak emate aldera tributu arloko betebeharrak borondatez betetzeko eta leihatilako sistema erraztuak erabiltzeko, ezartzen da ezen telekomunikazioetako, irrati-difusioko eta telebistako zerbitzuei eta elektronikoki ematen diren zerbitzuei aplikatu beharreko araubide bereziak dituzten subjektu pasiboei fakturazioaren arloan aplikatuko zaien araudia izanen dela EBko kide den identifikazioko estatukoa, eta ez kontsumoko estatukoa.

Aurrekoa gorabehera, balio erantsiaren gaineko zergaren erregistro-liburuak eramateko sistema berria Nafarroako Zerga Ogasuneko zerbitzu telematikoen bidez (Informazioa Berehala Emateko sistema, IBE, aurrerantzean) aplikatzearen lehenbiziko fasea gainditu da, eta, hala, beharrezkoa da aldaketa batzuk egitea zergaren erregelamenduan, borondatezko aukera errazteko tributu kudeaketa sistema berria aplikatzeko.

Helburu berarekin, arautzen da zer informazio eman behar duten subjektu pasiboek IBEa erabiltzera beharturik gelditu aurreko urte naturalean egindako eragiketei dagokienez.

Orobat, beharrezkoa izanen da informatzea dirua itzultzeko dokumentu elektronikoez, zeinak, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, nahitaezkoak izanen baitira bidaiarien araubidean egiten diren esportazioaren gaineko zergaren itzulketetarako.

Azkenik, aldaketa batzuk egin behar dira erregelamenduan jasotako erreferentzia batzuk –indargabeturik gelditu diren arau-xedapen batzuei buruzkoak– eguneratzeko, indarreko araudiarekin eta Zergari buruzko Legearen testuarekin bat etor daitezen; eta, orobat, doikuntza tekniko bat egin behar da koordinatzeko nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide berezia aplikatzeko muga jakin batzuk eta Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboko metodoan erabiltzen diren mugak.

Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduari dagokionez, zenbait arau aldatzen dira, fakturazioaren arloan aplikatu beharreko araudia zehazten dutenak. Izan ere, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, identifikazioko EBko estatukidearen araudia aplikatuko da telekomunikazioetako, irrati-difusioko eta telebistako zerbitzuei eta elektronikoki emandako zerbitzuei aplikatu beharreko araubide bereziak dituzten subjektu pasiboentzat.

Bestalde, zergatik salbuetsita egonik nahitaez faktura eman beharreko eragiketen zerrenda eguneratu egiten da, eta beste finantza entitate batzuk salbuesten dira (aseguru eta kreditu entitateekin jada egiten zen bezala) zergatik salbuetsita dauden aseguru- eta finantza-eragiketengatik faktura nahitaez egin behar izatetik. Bestalde, Nafarroako Zerga Ogasunak betebehar horretatik libre uzten ahal ditu erregelamendu horretan berariaz aipatutakoez bestelako enpresaburu edo profesional batzuk, interesa duen pertsonak edo entitateak aurretik eskatuta, horretarako arrazoiak daudenean.

Aurrekoa gorabehera, bidaia agentzien araubide bereziari lotutako bidaia zerbitzuetara zabaltzen da Fakturazioko betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako fakturaziorako prozedura berezia, zeina aplikatu behar baitzaie zerbitzu horiek merkaturatzean beste enpresaburu edo profesional batzuen izenean eta haien kontura esku hartzen duten bidaia agentziei.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Erregelamenduari dagokionez, lehenbizi, indarrik gabe uzten da ohiko etxebizitza eskualdatzen denerako finkatutako zerga-salbuespenaz baliatzeko baldintzen ez-betetzeak erregularizatzeko xedatutakoa; horrela, erregelamendua egokituko da zerga horri buruzko foru legearen 83. artikuluari egindako aldaketara, zerga-salbuespenez eta beste zerga pizgarri batzuez orokorrean baliatu ahal izateko baldintzak betetzen ez diren kasuei dagokienez. Bigarrenik, jabetza intelektualetik eratorritako kapital higigarriaren etekinetarako atxikipenen ehunekoa aldatzen da, zergaduna eta egilea pertsona bera ez den kasuetarako. Azkenik, zehazten da zer beharkizun bete behar dituzten lehengoratze-mekaniskoak, prestazioaldi ziurrak edo kontraaseguru formulak dituzten biziarteko errenta aseguratuek, bilatzen den asmoa beteko dela bermatzearren.

Sozietateen gaineko zergaren Erregelamendua aldatzen da Espainiako Bankuaren indarreko Zirkularrera egokitzeko.

Azkenik, otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretua aldatzen da, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia eta horri lotutako errolda zehatz batzuk arautzen dituena, IFZ atzera botatzeko jakinarazpena egiten saiatzeko moduen zerrendan jakinarazpen elektronikoa gehitzeko.

Horrenbestez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren irizpenaren arabera, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko ekainaren 26ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.–Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren aldaketa.

Honela idatzita gelditu dira martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren manu hauek:

Bat.–9.1.2.B) artikuluaren c) letrako lehenbiziko paragrafoa eta e) letrako bigarren eta bosgarren paragrafoak.

“c) Pertsona edo entitate saltzaileak dagokion faktura egin beharko du; gainera, hala behar denean, itzulketako agiri elektroniko bat ere igorri beharko du (agiri hori Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren egoitza elektronikoan dago eskura). Hartan, eskuratutako ondasunak jasoko dira, eta, bereiz, egoki den zerga”.

“Zerga Administrazioko Estatu Agentziak baimendutako entitate laguntzaileen bidez ere egiten ahalko da zergaren itzulketa; halakoetan, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak ezarriko ditu entitate horiek jarduteko baldintzak eta haien komisioen zenbatekoak”.

“Itzulketako agiri elektronikoa erabiltzen denean, hornitzaileak edo entitate laguntzaileak haren ikus-onespena egiaztatu beharko du, kontsulta eginez Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren egoitza elektronikoan. Ondoren, bide elektronikoen bidez jasoko dute itzulketa egin dela”.

Bi.–14. artikulua.

“14. artikulua. Zenbait ondasunen entrega eta zerbitzu emate batzuk ez zergapetzeko aukera.

Subjektu pasibo batek aukeratu badu lurraldetik kanpo tributatzea ondasunak entregatzeagatiko zerga (entrega horiek jaso dira Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide amankomuna arautzen duen Legearen 68. artikuluko laugarren apartatuan) eta zerbitzu emateagatiko zerga (zerbitzu emate horiek jaso dira Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide amankomuna arautzen duen Legearen 70. artikuluko lehenbiziko apartatuan, 8. zenbakian), zerga administrazioaren aurrean justifikatu beharko du bai egindako entregak bai emandako zerbitzuak EBko beste estatu batean aitortu direla.

Bi urte naturalen buruan, subjektu pasiboak aukera horiek berretsi beharko ditu; bestela, automatikoki errebokatuak geldituko dira”.

Hiru.–15 quater artikulua, 7.b).

“b) Kasuan kasuko ondasun higiezinak erosteagatik jasandako zerga osorik edo partez kentzeko eskubidea dutenak”.

Lau.–17 bis artikulua. Bat, lehenbiziko paragrafoa, eta Bi.1.1, hirugarren paragrafoa.

“Bat.–Zergari buruzko Legearen 37.Bi.1.6 artikuluaren bigarren paragrafoan aurreikusitako ondorioetarako (etxebizitzen entrega-mota jakin batzuk arautzen dira bertan), zilegi izanen da hartzaileak idatzizko aitorpen sinatu bat aurkeztea egiaztatzeko eskubidea duela Sozietateen gaineko Zergari buruzko azaroaren 27ko 27/2014 Legearen VII. tituluko III. kapituluan aurreikusitako araubide berezia aplikatzeko, edo Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen VIII. tituluko IV. kapituluan aurreikusitakoa, eta, orobat, egiaztatzeko etxebizitza horien geroko errentamenduetatik eratorritako errentei aplikagarri zaiela, hurrenez hurren, aipatutako 27/2014 Legearen 49.1 artikuluan araubide amankomunean ezarritako hobaria edo aipatutako 26/2016 Foru Legearen 93.1 artikuluan ezarritakoa. Aitorpen hori subjektu pasiboari zuzenduko zaio, eta bertan hartzaileak adieraziko du, bere ardurapean, betetzen direla eskatutako inguruabarrak”.

“Desgaitasuna izanik mugikortasun murriztua duten edo gurpil-aulkian dauden pertsonak garraiatzeko ibilgailuak erosteko baldintzak ez dira antzekotzat hartuko, baldin eta ibilgailu horiek autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari laguntzeko zerbitzu sozialak eskaintzen dituzten pertsona juridikoek edo entitateek erosi badituzte, hots, Autonomia Pertsonala Sustatzeari eta Mendetasun-egoeran dauden Pertsonak Zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean aipatutakoek, bai eta Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei eta haiek Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten duen azaroaren 29ko Legegintzako Errege Dekretuan aipatzen diren zerbitzu sozialak eskaintzen dituztenek ere, betiere erabiltzen badira ibilgailua edo ibilgailuak erostea eragin zuten pertsona-talde jakin batzuk ez diren beste batzuen ohiko garraiorako, edo ibilgailua edo ibilgailuak erostea eragin zuten lurralde edo eremu geografikoez bestelakoetan erabiltzeko”.

Bost.–32.2.b) artikulua.

“b) Aurre-aurreko urtean egindako eragiketa guztietan –aurreko a) letran aipatutakoez bestelakoak– aipatutako a) letran ezarritako zenbatekoa gainditu duten subjektu pasiboak”.

Sei.–50. quater artikulua, 2, bigarren paragrafoa.

“Fakturak bete beharko ditu Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritako beharkizun guztiak (apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori)”.

Zazpi.–50. quinquies artikulua, 2, lehen paragrafoa.

“2. Galarazi gabe erregelamendu honen 50. quater artikuluko 2. apartatuan xedatutakoa, entitateen artean egiten diren talde barneko eragiketak, betiere aplikatzen badute Zergaren Foru Legearen 108 sexies.bost artikuluan xedatutakoa, faktura bidez dokumentatu beharko dira, eta fakturak bete beharko ditu Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritako beharkizun guztiak (apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori). Nolanahi ere, aipatutako eragiketen zerga-oinarri gisa adierazi beharko dira, bai Zergaren Foru Legearen 108 octies. bat artikuluan xedatutakoa aplikatzearen ondoriozkoa, bai aipatutako foru legearen 26. eta 27. artikuluetan xedatutakoa aplikatzearen ondoriozkoa, eta kasu bakoitzean egoki dena identifikatu beharko da”.

Zortzi.–50. quinquiesdecies artikulua, 3.

“3. Faktura ematea bidezkoa denean, identifikazioko EBko estatuko arauekin bat eginen da”.

Bederatzi.–53.2 artikulua.

“2. Aurreko zenbakian xedatutakoa ez da aplikatzekoa izanen honako araubide bereziak dituzten jarduerei dagokienez: araubide berezi erraztua; nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide berezia; baliokidetasun-errekarguaren araubide berezia; eta telekomunikazioetako, irrati-difusioko eta telebistako zerbitzuen eta elektronikoki emandako zerbitzuen araubide berezia, betiere, araubide berezi horien arauetan ezarritako salbuespenekin. Orobat, aurreko zenbakian xedatutakoa ez da aplikatzekoa izanen zergaren foru legearen 5. artikuluko lehen apartatuko e) letran aipatutako pertsonek garraiobide berriak entregatzen dituztenean noizbehinka”.

Hamar.–54.3.a) artikulua.

“a) Egindako faktura mota, faktura osoa edo erraztua den adieraziz.

Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren titularrak emandako foru agindu bidez onetsiko diren erregistro elektronikoko eremuetan, beste zehaztapen batzuk eskatzen ahalko dira, bai faktura jakin batzuk identifikatzeko (esaterako, hirugarrenek egindako fakturak), baita itzulketen agiri elektronikoak, ordainagiriak eta enpresaburuen jardueran edo profesionalen jardueran erabiltzen diren beste agiri batzuk identifikatzeko ere, hain zuzen ere, erregelamendu honen 9.1.2.B) artikuluan aipatutakoak eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 16.1 artikuluan eta lehenbiziko xedapen gehigarrian aipatutakoak (erregelamendu hori apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen)”.

Hamaika.–59. artikulua, lehen paragrafoa.

“Erregelamendu honen 53.6 artikuluak aipatzen duen aukera ekitaldi guztian zehar erabiltzen ahalko da; horretarako, zentsuko aitorpena aurkeztuko da, eta ondorioak sortuko ditu aukera hori hautatu ondotik hasten den lehenbiziko likidazioaldian”.

Hamabi.–59 ter artikulua gehitzea.

“59 ter. Erregistro-liburuak elektronikoki eraman aurreko aldiari dagokionez eman beharreko informazioa.

1. Balio erantsiaren gaineko zergaren erregistro-liburuak Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bitartez eramaten hasi diren subjektu pasiboak, urte naturalaren lehenbiziko eguna ez den beste batean hasi badira eginkizun horretan, behartuak egonen dira egun hori baino lehenagoko fakturazio erregistroak bidaltzera –urte natural berari dagozkionak–. Erregistro horietan epealdi horretan egindako eragiketen informazioa jaso beharko da baldin eta eragiketa horiek erregistro-liburuetan jaso behar baldin badira erregelamendu honen 54.3, 55.4 eta 57.2 artikuluetan ezarritakoarekin bat, erregelamendu honen 53.6 artikuluan aipatzen diren pertsona eta entitateak ez diren beste batzuentzat.

Informazio hori ematean, aditzera eman beharra dago eragiketa horiek dagozkiola subjektu pasiboa balio erantsiaren gaineko zergaren erregistro-liburuak Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bitartez eraman beharraren aurre-aurreko denbora tarteari. Betiere, hori dena egin beharko da bat etorriz Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko titularraren foru aginduaren bidez ezarritako zehaztapen teknikoekin, prozedurarekin, formatuarekin eta diseinuarekin, aipatzen baitira erregelamendu honen 54. eta 55. artikuluetan.

Denbora tarte horri dagozkion fakturazio erregistroak bidaltzeko epea hasiko da subjektu pasiboa zerbitzu telematikoa erabiltzen hasten den egunean, eta ekitaldi horretako abenduaren 31n bukatuko.

2. Erregelamendu honen 56. artikuluan azaltzen den inbertsioko ondasunen erregistro-liburuan, ekitaldi osoari dagozkion oharrak jasoko dira.

3. Erregelamendu honen 54.3 eta 55.4 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz tributu aldetik garrantzia duen bestelako informazioa ematean, ekitaldi osoari dagozkion eragiketak sartuko dira”.

Hamahiru.–60. bis artikuluaren 1 zenbakiari e) letra gehitzea.

“e) Erregelamendu honen 9.1.2.B) artikuluak aipatutako itzulketako agiri elektronikoari dagokion informazioa, betiere bidaiariak jasandako kuotaren itzulketari dagokion zergaren zuzenketa sartzen den likidazioaldiaren ondoko hilabetearen 16a baino lehen”.

Hamalau.–62.3.1 bis artikulua, hirugarren paragrafoa.

“Zergaren foru legearen 66. artikuluaren 1. zenbakiko bigarren paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, ondare enpresarial edo profesional osoaren edo haren zati baten eskualdaketatzat hartuko da halako eskualdaketa non eskualdatzailearen jardueraren adar bat edo batzuk osatzen duten ondare-elementuak sartzen diren, Sozietateen gaineko Zergari buruzko azaroaren 27ko 27/2014 Legearen 76.4 artikuluan aurreikusi bezala, edo Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 116.4 artikuluan aurreikusi bezala; kontuan hartu gabe eskualdaketari ez zergapetzeko kasuren bat aplikatzen ahal zaion zergaren foru legearen 7. artikuluko 1. zenbakian aurreikusitakoaren arabera”.

Bigarren artikulua.–Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren aldaketa.

Apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduko manu batzuk aldatu, eta honela gelditu dira:

Bat–2. artikulua, 3. zenbakia.

“3. Faktura egiteko betebeharra, aurreko ataletan azaldu dena, erregelamendu honetan ezarritako arauei jarraikiz beteko da, kasu hauetan:

a) Aipatzen den ondasun entrega edo zerbitzu ematea zergaren aplikazio lurraldean gauzatu dela ulertzen denean, salbu honako kasu hauetan:

a´) Ondasunaren hornitzailea edo zerbitzuaren egilea aipatu lurraldean finkatuta ez dagoenean, zergaren subjektu pasiboa zergapetutako eragiketa horren hartzailea denean eta azken horrek faktura egiten ez duenean erregelamendu honen 5. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

b’) Zerbitzua ematen duenak azaroaren 28ko 2006/112/EE Zuzentarauaren XII. tituluko 6. kapituluak aipatutako araubide bereziren bat duenean (zuzentarau hori balio erantsiaren gaineko zergaren sistema amankomunari buruzkoa da), eta identifikazioko EBko estatua Espainia ez denean, zergaren foru legearen VIII. tituluaren XI. kapituluan ezarritakoaren ondorioetarako.

b) Ondasuna entregatzen duena edo zerbitzua ematen duena zerga aplikatzen den lurraldean finkatuta dagoenean edo bertan establezimendu iraunkor bat duenean, edo, bestela, bere ohiko bizitokia edo helbidea, eta bertatik egiten dituenean ondasun entregak edo zerbitzu prestazioak, eta entrega edo prestazio hori (aplikatzen zaizkien lokalizazio arauei jarraituz) ez denean jotzen zerga aplikatzen den lurraldean egindakotzat, honako kasu hauetan:

a´) Eragiketa Europar Batasuneko kide den beste estatu bati lotua dagoenean, zergaren subjektu pasiboa eragiketaren hartzailea denean eta faktura ez duenean azken horrek egiten ondasun hornitzailearen edo zerbitzu emailearen izenean eta kontura.

b’) Zerbitzua ematen duenak zergaren foru legearen VIII. tituluaren XI. kapituluaren 3. ataleko araubide berezia duenean, eta Espainia denean identifikazioko EBko estatua.

c´) Eragiketa Erkidegotik kanpo egindakotzat jotzen denean.

c) Zerbitzua ematen duenak, Erkidegoan finkatua ez egonik, zergaren foru legearen VIII. tituluaren XI. kapituluaren 2. ataleko araubide berezia duenean, eta Espainia denean identifikazioko EBko estatua”.

Bi.–3.1.a) artikulua.

“a) Balio erantsiaren gaineko zergatik salbuetsitako eragiketak, zergaren foru legearen 17. artikuluan ezarritakoaren ondorioz, salbu hurrengo 2. apartatuan aipatzen diren eragiketak. Hala ere, faktura egin beharko da aipatu artikuluaren 1.1., 2., 3., 4., 5., 10., 12., 26., 27. eta 28. apartatuen arabera zerga hau ordaintzetik salbuetsita dauden eragiketetan”.

Hiru.–3.2. artikulua.

“2. Ez da beharrezkoa izanen faktura egitea Zergaren Foru Legearen 17.1.14 artikuluko a) letratik n)-ra bitartean eta 15. artikuluan definitutako zerbitzuak emateagatik, salbuespen hauekin:

a) Horiei aplikatu beharreko lokalizazio arauekin bat, ulertzen bada zergaren aplikazio lurraldean edo EBko kide den beste estatu batean egin direla, eta, zergari lotuak egonda, salbuetsiak ez badaude.

b) Horiei aplikatu beharreko lokalizazio arauekin bat, ulertzen bada egin direla zergaren aplikazio lurraldean, Kanarietan, Ceutan edo Melillan, zergari lotuak egonda salbuetsiak badaude eta enpresaburuek edo profesionalek egin badituzte, alde batera utzita aseguru-etxeak, inbertsio kolektiboko erakundeen sozietate kudeatzaileak, pentsio funtsak edo titulazio funtsak kudeatzen dituzten entitateak eta haien sozietate kudeatzaileak eta kreditu erakundeak, aipatutako lurraldean kokatuta daukaten jarduera ekonomikoaren edo establezimendu iraunkorraren bidez.

Zergaren kudeaketan eskumena duen Nafarroako Zerga Ogasuneko zerbitzuak beste enpresaburu edo profesional batzuk salbuesten ahal ditu faktura egitetik, interesa duten pertsonek edo entitateek aurretik eskatuta, justifikaturik dagoenean kasuan kasuko jarduera-sektoreko merkataritzako praktikengatik edo praktika administratiboengatik, edo faktura horiek egiteko baldintza teknikoengatik”.

Lau.–Hirugarren xedapen gehigarriaren 1.c) apartatuari h´) letra gehitzea.

“h´) Bidaia agentzien araubide berezia aplikatu behar zaien bidaia zerbitzuak”.

Hirugarren artikulua.–Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Erregelamendua aldatzea.

Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamenduaren manuak honela idatzita gelditu dira:

Bat–40.9 artikulua. Indargabetzea.

Bi.–73. artikulua.

“73. artikulua. Kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenen zenbatekoa.

Kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipena edo konturako sarrera %19 izanen da. Jabetza intelektualetik eratorritako kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipena edo konturako sarrera %15ekoa izanen da, baldin zergaduna eta egilea pertsona bera ez den kasuetan”.

Hiru.–Lehen xedapen gehigarria.

“Lehen xedapen gehigarria. Lehengoratze-mekanismoak, prestazioaldi ziurrak edo kontraaseguru formulak biziarteko errenta aseguratuen kontratuetan (2019ko apirilaren 1etik aurrera sinatuak).

Baldin eta zergaren foru legearen 30.1.g) eta 45.3 artikuluetan aipatutako biziarteko errenta aseguratuen kontratuetan (2019ko apirilaren 1etik aurrera sinatutakoen kasuan) lehengoratze-mekanismoak, prestazioaldi ziurrak edo kontraaseguru formulak baldin badaude heriotza kasuetarako, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Lehengoratze-mekanismoak badaude aseguratua hiltzen den kasurako, biziarteko errentaren onuradun potentzial bat bakarra izaten ahalko da.

b) Prestazioaldi ziurren kasuan, aldi horiek 10 urtekoak izanen dira gehienez ere, biziarteko errenta eratzen denetik kontatzen hasita.

c) Kontraaseguru formulen kasuan, aseguratua hiltzeagatik guztira jaso beharreko zenbatekoa ezin da inola ere izan biziarteko errenta eratzeko erabilitako diru kopuruaren portzentaje hauek baino handiagoa:

BIZIARTEKO ERRENTA ERATU
ZENETIK IGAROTAKO URTEAK

PORTZENTAJEA

1

%95

2

%90

3

%85

4

%80

5

%75

6

%70

7

%65

8

%60

9

%55

10etik gora

%50”

Laugarren artikulua.–Sozietateen gaineko zergaren Erregelamendua aldatzea.

Abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 12. artikulua honela idatzita gelditu da:

“12. artikulua. Kreditu arriskuaren estaldura finantza entitateetan.

Espainiako Bankuaren tutoretza administratiboaren menpe dauden finantza entitateen kreditu arriskuaren estaldurari dagozkion zuzkiduren kenkaria egitean, horretarako emandako berariazko araudiaren arabera jokatuk da. Araudi hori bera aplikatuko zaie, kasua bada, Finantza-sektoreko Higiezin Aktiboak Saneatu eta Saltzeari buruzko urriaren 30eko 8/2012 Legearen 3. artikuluan aipatzen diren aktiboen kudeaketarako sozietateei, bai eta kreditu entitatearen sozietate talde bereko kide diren entitateei ere, Merkataritza Kodearen 42. artikuluaren ildotik, zorren ordainketa gisa esleitutako edo jasotako ondasun higiezinetako aktiboei dagokienez, betiere Espainiako Bankuaren azaroaren 27ko 4/2017 Zirkularren 9. eranskineko V. atala aplikatu behar bazaie.

Irizpide bera erabiliko da kostu amortizatuaren arabera baloratutako zor instrumentuek (zergari buruzko foru legearen 10.1.g) artikuluan aipatutako titulizazio funtsek dituztenek) izandako narriaduraren balio-zuzenketen kengarritasunari dagokionez”.

Bosgarren artikulua.–Identifikazio fiskaleko zenbakia eta horri lotutako errolda zehatz batzuk arautzen dituen otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretua aldatzea.

Otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuaren 13.1.c) artikulua honela idatzita gelditu da:

“c) Urtebetetik gorako aldian eta, gutxienez, hiru jakinarazpen ahalegin egin ondoren, ezinezkoa izan bada tributudunari helbide fiskalean jakinaraztea, edo elektronikoki egindako jakinarazpenak atzera bota badira; edo, kaudimen gabezia dela-eta, zorrei hiru zergaldi edo likidazioalditan baja eman zaienean”.

Azken xedapenetako lehena.–Indarra hartzea.

1. Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

2. Argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra lehenengo eta bigarren artikuluetan aurreikusitakoak, eta 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra hirugarren artikuluan xedatutakoak, hartan aurreikusitako ondorioekin.

Iruñean, 2019ko ekainaren 26an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1908894