146. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

155E/2018 EBAZPENA, ekainaren 7koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 21eko 62E/2018 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion Arbaitz alderdian, Almandozko 1. poligonoko 171. lurzatian, Baztango udal-mugartean, zuntz optikoko kablea jartzeko proiektuari. Sustatzailea Telefónica SAU da.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 21eko 62E/2018 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion Arbaitz alderdian (Baztan) zuntz optikoko kablea jartzeko Telefónica SAUk sustatu duen proiektuari. Ebazpen horretan ezartzen zen zuntz optikoko kablea balizatzeko betebeharra, hegaztien babeserako baliza bat 15 metrotik behin jarriz.

Sustatzaileak erregistro orokor elektronikoaren bidez departamentu honetara bidali duen idatzi batean eskatzen du kentzeko aurreko ebazpenean ezarritako betebeharra, alegia zuntz optikoko kablea hegaztien babeserako balizen bidez balizatzekoa, eta alternatiba gisa proposatzen du jarriko den kablea 16 FO-PCKP zuntz anitzeko bi kablek eta altzairu koloreko kable batek osatuta egotea, 41,5 mm-ko diametroa izan dezan, horrek gutxitu eginen dituelako inguruetako abifaunaren balizko talkak.

Espedientea aztertu ondoren, Ingurumen Ebaluazioaren Bulegoak aldeko txostena eman du Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 21eko 62E/2018 Ebazpenean jasotako baldintzak aldatzeari buruz; hortaz, zuntz optikoko kablea hegaztiak babesteko balizen bidez balizatzeko betebeharra kentzen da, eta baldintza gisa ezartzen 16 FO-PCKP zuntz anitzeko bi kablek eta altzairu koloreko kable batek osatutako kable bat jartzea, 41,5 mm-ko diametrokoa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109. artikuluak aukera ematen die administrazio publikoei haien ekintzak aldatzeko, baldin eta aldaketa hori antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 21eko 62E/2018 Ebazpena aldatzea. Ebazpen horren bidez ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion Arbaitz alderdian, Baztango udal-mugartean, zuntz optikoko kablea jartzeko Telefónica SAUk sustatutako proiektuari.

2. Ebazpenaren ingurumen arloko baldintzetako lehen puntuari soilik dagokio aldaketa. Honela idatzita geldituko da:

–Abifaunak zuntz optikoko kablearekin, airean egiten duen tartean, talka egiteko arriskua gutxitzeko, kableak 16 FO-PCKP zuntz anitzeko bi kablek eta altzairu koloreko kable batek osatuta egon beharko du, guztira 41,5 mm-ko diametroa izateko.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren aurrean, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Baztango Udalera, Basozaintza Ataleko Bidasoaldeko Koordinazio Unitatera eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 7an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1907942