146. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

420/2019 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako kirolarien zerrendan David Pazos Fuentes eta Óscar Pascual Buldón sartzen dituena.

Kirolaren Zuzendariordetza Nagusiak txosten bat aurkeztu du, non adierazi baita otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola eta goi mailako kirolarien zerrenda arautzen direla.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 30ean emandako 240/2015 Ebazpenaren bidez, Nafarroako goi mailako kirolari bihurtzeko bete behar diren kirol betebehar teknikoak aldatu ziren, eta honako hauek arautu: Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolari izaeraren iraunaldia, Foru Komunitateko kirol administrazioak Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolariei ematen dizkien prestazioak, kirol federazioen ziurtagiriaren eredua eta Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako kirolari, teknikari edo epaile izateko norbanakoen eskabidearen eredua.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 29ko 393/2012 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Errendimenduko Kirolaren Balorazio Batzordea sortu da eta haren kideak izendatu dira. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 16ko 224/2016 Ebazpenaren bidez, Errendimenduko Kirolaren Balorazio Batzordea berritu da, haren kideak aldatuta. Eta, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 20ko 185/2017 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Errendimenduko Kirolaren Balorazio Batzordea berritu eta haren kideak izendatu dira.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak otsailaren 11n emandako 75/2019 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako kirolarien behin-behineko zerrenda onetsi zen.

Otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuaren IV. kapituluan, 11. artikuluko 1. puntuan, zehazten da ezen, Nafarroako Errendimenduko Kirolaren Balorazio Batzordeak, kirol merezimenduak eta merezimendu teknikoak aztertu ondoren, goi mailako kiroleko epaile, teknikari eta kirolarien zerrendarako proposamena igorriko diola Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, eta horren gaineko txosten zehatz bat gehituko diola.

Hori horrela, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 15ean emandako 194/2019 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako kirolarien, teknikarien eta epaileen behin betiko zerrenda onetsi zen.

Otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuaren 10.2 artikuluak, berriz, ebazpen osagarriak ematen ahal direla ezartzen du, urteko ebazpen arrunta argitaratu ondoren kirol merezimenduak jaso dituzten kirolari, teknikari edo epaileek izaera hori lortu, eta foru dekretu honetan eta bere garapeneko araudian aurreikusitako onurak izan ditzaten.

Óscar Pascual Buldón eta David Pazos Fuentes jaunek frogatu dute betetzen dituztela goi mailako kirolaritzat hartzeko baldintza orokorrak eta baldintza teknikoak. Horregatik, Nafarroako Errendimenduko Kirolaren Balorazio Batzordeak proposatu du goi mailako kirolarien behin betiko zerrendan sartzea.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. David Pazos Fuentes eta Óscar Pascual Buldón jaunei Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako kirolariaren izaera ematea eta Nafarroako goi mailako kirolari, teknikari eta epaileen urteko zerrendan sartzea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta, honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau igortzea Kirolaren Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 17an.–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Rubén Goñi Urroz.

Iragarkiaren kodea: F1908208