146. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

361/2019 EBAZPENA, ekainaren 14koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol irakaskuntzetara atletismoko modalitatean sartzeko proba espezifikoak arautzen dituena eta horietarako deialdia egiten duena 2019-2020 ikasturterako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluak xedatzen du kirol irakaskuntzak araubide bereziko irakaskuntza gisa integratuko direla hezkuntza sisteman. Halaber, I. tituluko VIII. kapituluan irakaskuntza horien printzipio orokorrak ezartzen dira eta hezkuntza administrazioen esku uzten da irakaskuntza mota bakoitzaren curriculuma ezartzea, Gobernuak finkatutako oinarrizko alderdiak sartuta betiere.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bidez, araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezarri zen. Horren 30.1 artikuluan ezartzen denez, hezkuntza administrazioek antolatu eta kontrolatuko dituzte kirol irakaskuntzetako zikloetara sartzeko proba espezifikoak. Artikulu beraren 2. apartatuan xedatzen da titulua eta gutxieneko ikasketak ezartzen dituen errege dekretuak egitura, irakastorduak, edukia eta proba espezifikoen ebaluazio irizpideak zehaztuko dituela, bai eta kasuan kasuko ziklora sartzeko eskatzen diren kirol merezimenduak ere.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak xedatzen du ezen, abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako kirol espezialitateetako titulu eta irakaskuntza berriak sortu artean, kasuan kasuko titulua eta gutxieneko ikasketak arautzen dituen errege dekretuan aurreikusi bezala irakatsiko direla, salbu eta aipaturiko bigarren xedapen iragankorreko 2. eta 3. puntuetan zehazten diren alderdiei dagokienez.

Errege dekretu beraren 33. artikuluak goi errendimenduko kirolariak kirol irakaskuntzetara sartzea arautzen du, eta 1. apartatuan xedatzen duenez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 67. eta 85. artikuluetan eta Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legearen 53. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, goi errendimenduko kirolari izaera egiaztatzen dutenak kasuan kasuko modalitateko edo espezialitateko kirol irakaskuntzetara sartzeko baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, desgaitasuna duten pertsonak gainerako ikasleen baldintza beretan sartuko dira kirol irakaskuntzetara, eta administrazio eskudunen betebeharra izanen da beharrezkoak diren doikuntzak egitea sarbide horrek aukera berdintasunaren printzipioaren aurkako murriztapenik ekar ez dezan.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako irakaskuntzen indarraldia ezartzen du, eta 2. apartatuan, berriz, adierazten du honako hauek irakaskuntza horietara sartzeko proba espezifikoetatik salbuetsiak egonen direla: kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean goi mailako kirolari izaera egiaztatzen dutenak; kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean, autonomia erkidegoek goi errendimenduko kirolaritzat edo baliokidetzat hartzen dituztenak; eta kasuan kasuko modalitate edo espezialitateetan hautatuak izan direla edo sailkatu direla egiaztatzen dutenak, aipatu 2. apartatuko c), e) eta f) puntuetan adierazi bezala.

Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 8.3.a) artikuluak ezartzen du, irakaskuntza horietara sartzeko, Hezkuntza Departamentuak antolatu eta kontrolatutako proba espezifiko bat gainditzea eskatzen ahalko dela. Artikulu horren 4. apartatuarekin bat, goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izaera frogatzen dutenak baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira, dagokien modalitate edo espezialitateko kirol irakaskuntzetan sartzerakoan.

Halaber, funtsezkoa da kirol administrazioarekin eta kirol federazioekin batera lankidetzan aritzea Nafarroako kirola hobetzeko. Hori horrela, 25. artikuluak adierazten duen bezala, Nafarroan araubide bereziko kirol irakaskuntzak ezartzeak berekin dakar Nafarroako Gobernuan hezkuntzaren eta kirolaren arloetan eskumena duten departamentuen arteko lankidetzan oinarritutako garapen eredu baten alde egitea, bai eta Nafarroako kirol federazioekin lankidetzan aritzea ere.

Irailaren 6ko 669/2013 Errege Dekretuaren bidez, atletismoko kirol teknikari titulua ezarri, eta haren gutxieneko ikasketak eta sartzeko baldintzak finkatu ziren. Errege dekretu horren VII. eranskinean atletismoko erdi mailako hasierako zikloko irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoa arautu zen.

Abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoak, 9. artikuluan (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Foru Legeari buruzkoa), martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen zenbait manuren testu berria ezartzen du 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin; horietako bat “Bat bis. 99. artikulua” da, 17. tarifa sortzen duena, hain zuzen ere, araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoan izena emateari buruzkoa eta araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoan izena emateari buruzkoa.

Ikusita Nafarroako Foru Komunitatean ezarrita dauden araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak, 2019-2020 ikasturteari dagozkionak, egiteko deialdiaren alde Lanbide Heziketaren Zerbitzuak emandako txostena, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Arautzea Nafarroako Foru Komunitatean ezarrita dauden araubide bereziko kirol irakaskuntzetara atletismoko modalitatean sartzeko proba espezifikoak, 2019-2020 ikasturteari dagozkionak, eta horietarako deialdia egitea, ebazpen honi atxikitako oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalari, Eskolatze Bulegoari, Orientazio Bulegoari, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari eta Nafarroako Kirol Eskolari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko ekainaren 14an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

1. ERANSKINA

OINARRIAK

Alderdi orokorrak

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

1. Ebazpen honen bidez 2019. urterako deialdia egiten da Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol irakaskuntzetara atletismoko modalitatean sartzeko proba espezifikorako, 2019-2020 ikasturteari dagokiona, hain zuzen.

2. Deialdi honetako proba araubide bereziko kirol irakaskuntza hauetara sartzeko egiten da: Atletismoko kirol teknikari tituluaren erdi mailako hasierako zikloa.

2.–Proba espezifikoa egitetik salbuetsita egotea.

1. Sartzeko proba espezifikoa egitetik salbuetsita egoteko baldintzak betetzen dituztela uste dutenek hartan inskribatu beharko dute eta, inskribatzeko inprimakian, salbuespena eskatuko dute, horretarako adierazitako atalean. Horretarako, behar diren frogagiriak aurkeztuko dituzte.

2. Kirol espezialitate bakoitzari dagokion sarrera proba arautzen duen errege dekretu bakoitzean aurreikusitakoak dira salbuesteko arrazoiak, eta, horretaz gain, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren VIII. kapituluan eta bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako arrazoiak, harik eta abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren babespean ezarritako modalitate eta espezialitateetako titulu eta irakaskuntza berriak sortzen diren arte.

3. Kirol espezialitate bakoitzeko epaimahai ebaluatzaileek ebatziko dituzte salbuesteko eskaerak. Horretarako, inskripziorako ikastetxeek eskaera horien oinarri diren agiriak igorriko dizkiote epaimahai ebaluatzaileari, inskribatzeko epea bukatu eta hurrengo lanegunean.

3.–Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako sarrera proba.

1. Desgaitasuna duten pertsonek erakunde eskudunak luzatutako minusbaliotasunaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute sarrera proba espezifikoa egiteko inskripzioarekin batera.

2. Hezkuntza Departamentuak txostena eskatuko dio erakunde eskudunari, epaimahaiak baloratu ahal izan dezan izangaiak gai ote diren irakaskuntza hauek probetxuz egiteko –bakoitzaren desgaitasunaren eta mugen maila eta ezaugarriak kontuan harturik–, bai eta zikloari dagozkion gaitasunak eskuratzeko eta lanbidean aritzeko ere.

3. Epaimahaiak egoera horretan dauden izangaiek gainditu beharreko sarrera proba espezifikoak egokitzen ahalko ditu. Nolanahi ere, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako helburu orokorrak errespetatu beharko dira, bai eta atletismoko kirol teknikari titulua ezarri, eta gutxieneko ikasketak eta horietara sartzeko baldintzak finkatzen dituen errege dekretuan kirol irakaskuntzetarako finkatzen diren helburuak ere.

Inskripzioa

4.–Sarrera proba espezifikoetarako inskripzioa.

1. Inskripzioa honela egiten ahalko da:

a) Bertaratuta: Nafarroako Kirol Eskolaren administrazio bulegoetan, kirol irakaskuntza hauek hantxe egiten baitira.

b) Telematika bidez, online, dagokion tramiteen fitxatik. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digital balioduna edukitzea:

–”Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak: Atletismoa”.

c) Posta elektronikoaren bidez, helbide honetara igorriz:

IKASTETXEA/HELBIDE ELEKTRONIKOA

KIROL IRAKASKUNTZAK

Escuela Navarra del Deporte-Nafarroako Kirol Eskola

formación@fundacionmiguelindurain.com

Atletismoko hasierako zikloa

3. Izangai bakoitzak inskripzio eskabide bakar bat bete beharko du, 2. eranskineko eredua erabiliz. Eredu hori aipatutako kirol espezialitate edo modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxan eskura daiteke.

Eskabidea hartzen duen ikastetxeak inskripzioa eskatu izanaren frogagiri bat emanen du.

4. Taula honetan ageri da kirol irakaskuntza bakoitzean sartzeko proba espezifikoetarako inskripzioa aurkezteko epea:

EPEA

KIROL IRAKASKUNTZAK

2019ko abuztuaren 29tik irailaren 4ko 14:00ak arte, bi egun horiek barne

Atletismoko kirol teknikaria, hasierako zikloa

5.–Dokumentazioa.

Inskripzio eskabidearekin batera, dagokion dokumentazioa aurkeztuko da, kasuaren arabera, emandako datuak frogatzeko:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, pasaportearena edo atzerritarren nortasun txartelarena.

–Erdi mailako edo goi mailako kirol irakaskuntzetara sartzeko baldintza akademikoak betetzen direla frogatzen duen dokumentuaren fotokopia.

–Kasua bada, desgaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioa.

–Kasua bada, salbuesteko dokumentazioa.

6.–Inskripzio tasak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasei eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen (Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeko abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak aldatua) 99. artikuluan xedatutakoari jarraituz, hauek dira probetan inskribatzeko tasak:

Atletismoko hasierako zikloan sartzeko proba:

–Tarifa arrunta: 45 euro.

–1. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria orokorra): 22,50 euro.

–2. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria berezia): doakoa.

Onartu eta baztertuen zerrenda

7.–Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

1. Deitutako proba bakoitzean, oro har, izangai kopuru hau onartuko da gehienez: 30 izangai Atletismoko hasierako zikloko probetan.

2. Inskribatzen diren izangaien kopurua proba bakoitzerako adierazitakoa baino handiagoa bada, onartuen zerrenda prestatzeko, lehentasun irizpide hauek erabiliko dira:

–Lehenik: Nafarroako Atletismo Federazioak emandako lizentzia indarduna duten izangaiak.

–Bigarrenik: Atletismoko beste federazio batek emandako lizentzia indarduna duten izangaiak.

–Hirugarrenik: federazio lizentzia indardunik ez duten izangaiak.

Adierazitako irizpideak aplikatuta sortzen den talde bakoitza ordenatuko da Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian 2019-2020 ikasturteko onarpen prozedurarako egindako zozketaren emaitza aplikatuz.

3. Izangai onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak Miguel Indurain Fundazioaren Nafarroako Kirol Eskolako iragarki-taulan argitaratuko dira, baita arestian aipatutako kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan ere. Zerrenda horietan adieraziko dira, orobat, salbuespenei buruzko ebazpena eta izangaiek eskatutako proba egokitzapenak.

4. Erreklamazioak Nafarroako Kirol Eskolan aurkezten ahalko dira, kasuan kasuko tramiteen fitxako ereduaren arabera, eta ebaluazioaz arduratu den epaimahaiko buruari zuzenduko zaizkio.

5. Erreklamazioak ebatzi ondoren, onartuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, oinarri honen 5. atalean adierazitako egunetan, Nafarroako Kirol Eskolan eta kasuan kasuko tramiteen fitxan.

6. Zerrendak argitaratzeko eta erreklamazioetarako egunak honako hauek dira:

KIROL IRAKASKUNTZAK

PROZEDURAREN FASEA

DATAK

Atletismoko kirol teknikaria, hasierako zikloa

Behin-behineko zerrenda

2019ko irailaren 6a

Erreklamazioak

2019ko irailaren 6tik 10era

Behin betiko zerrenda

2019ko irailaren 11

Sarrera proba espezifikoak

8.–Atletismoko hasierako ziklora sartzeko proba espezifikoa.

Atletismoko erdi mailako irakaskuntzen hasierako ziklora sartzeko proba espezifikoa irailaren 6ko 669/2013 Errege Dekretuaren VII. eranskinean dago zehaztua. Errege dekretu horretan, Atletismoko kirol teknikari titulua ezartzen da, eta irakaskuntza horietara sartzeko baldintzak finkatzen, bai eta gutxieneko ikasketak ere.

9.–Informazio bilera.

Sarrera proba espezifikoak egin baino lehen, informazio bilera bat eginen da Nafarroako Kirol Eskolaren instalazioetan, eta izangai onartuek joateko aukera izanen dute. Bileran, honako alderdi hauei buruzko argibideak emanen dira: probaren edukia eta ezaugarriak, proba egiteko behar diren jantziak eta kirol materiala, eta probarekin loturiko beste alderdi batzuk.

Informazio bilera hau 2019ko irailaren 12an eginen da. Bilera egiteko ordua eta tokia Nafarroako Kirol Eskolaren iragarki-taulan eta kasuan kasuko tramiteen fitxan argitaratuko dira.

10.–Izangaientzako informazioa eta orientazioa.

Nafarroako Kirol Eskolak, atletismoko kirol irakaskuntzak han ematen baitira, irakaskuntza horiei buruzko informazioa eta orientazioa eman beharko die interesdunei, baita inskribatzeko prozedurari eta kirol modalitate horretara sartzeko proba espezifikoei buruz ere.

11.–Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak egiteko eguna, ordutegia eta tokia.

Proba espezifikoa egun batean baino gehiagotan egiten ahalko da, araudi indardunean xedatutakoaren eta inskribatutako izangai kopuruaren arabera. Proba zenbait egunetan egiten bada, egun bakoitzean joan behar duten izangaien zerrendak argitaratuko dira.

Atletismoko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoa egun honetan eginen da:

DATAK (1)

KIROL IRAKASKUNTZAK

2019ko irailaren 13a

Atletismoko kirol teknikari tituluaren hasierako zikloa

(1) Datak inguruabarren arabera aldatzen ahalko dira. Nolanahi ere, datak garaiz argitaratuko dira kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta “Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak” fitxan (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es/eu/ webgunean dago fitxa hori).

Proba egiteko eguna, ordua eta tokia proben aurreko informazio bileretan jakinaraziko dira, bai, halaber, kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta baita kirol modalitate eta espezialitate bakoitzari dagokion tramiteen fitxan, behar den denborarekin.

Proba hasteko ezartzen den ordua baino ordu erdi bat lehenago eginen da proba egiteko deialdia. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo atzerritarren identifikazio txartela aldean dutela agertu beharko dute, eta ariketak egiteko beharrezkoa den materiala eta ekipamendua eraman beharko dute.

12.–Proba espezifikoa zuzentzeko eta betebehar espezifikoak baloratzeko epaimahaia.

1. Berariazko epaimahai batek antolatu, kontrolatu eta ebaluatuko du proba. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak izendatuko du epaimahai hori.

2. Epaimahaian, epaimahaiburu bat, idazkari bat eta hiru ebaluatzaile izanen dira, ebazpen honen 8. oinarrian adierazitako errege dekretuan xedatutakoaren arabera.

3. Kirol modalitate eta espezialitate guztiei dagozkien irakaskuntzak Nafarroan guztiz ezarririk egon arte, sarrera proba espezifikoetako epaimahaietan goi mailako kirol teknikariei esleitutako eginkizunetarako, Hezkuntza Departamentuak kasuan kasuko Espainiako Errege Federazioak emandako goi mailako diploma edo ziurtagiria dutenak izenda ditzake.

4. Epaimahaiko buruaren zeregina izanen da bermatzea sarrera proba garatzen dela ebazpen honetan ezarritakoari eta gainerako araudi indardunari jarraikiz.

5. Epaimahaiko idazkariaren zeregina izanen da sarrera probari buruzko aktak egitea, eta egiaztatzea proba hori ebazpen honetan ezarritakoarekin eta gainerako araudi indardunarekin bat egiten dela. Halaber, epaimahaiburuaren eginkizunak beteko ditu hura ez dagoenean.

6. Ebaluatzaileen zeregina izanen da proba egiteko tokiak antolatu eta prestatzea hura modu egokian garatu ahal izateko, probaren garapen teknikoa kudeatzea eta izangaiak ebaluatzea proba osatzen duten ariketetan, modu independentean, eta horretarako, kasu bakoitzerako ezarritako irizpideak jarraituko dituzte. Hortaz, beraiek bakarrik baloratuko dute proba.

7. Epaimahaiak proposatzen ahalko dio Lanbide Heziketaren Zerbitzuko Zuzendaritzari aholkulariak izenda ditzan; horien zeregina izanen da probak prestatzeko eta egiteko aholkularitza eta laguntza ematea. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaria arduratuko da aholkulari horiek izendatzeaz.

8. Epaimahaiari dagokio sarrera proba espezifikoa martxan jartzean eta garatzean sortzen ahal diren kontu tekniko eta logistiko ororen berri izatea eta horiek ebaztea. Halaber, epaimahaiak ebazpen honen edukia interpretatzeko ahalmena izanen du proben garapenarekin lotutako alderdietan eta, aipatutako gaiei dagokienez, oinarri arautzaileetan aurreikusi ez diren kasuetan.

9. Salbuesteko eskaerak ebaztea ere epaimahai ebaluatzaileari dagokio.

10. Epaimahaikideei, baita epaimahaian parte hartzen duten aholkulariei ere, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenean ezarritako diru konpentsazioak dagozkie. Ebazpen horren bidez, proben epaimahaietako kideek jaso beharreko konpentsazioak ezartzen dira.

Proben emaitzak eta erreklamazioak

13.–Azken kalifikazioa.

Sarrera proba espezifikoa “Gai” edo “Ez gai” terminoekin kalifikatuko da. “Gai” balorazioak esan nahi du probaren zati guztiak gainditu direla, kasu bakoitzean ezartzen diren irizpideen arabera.

14.–Probaren emaitzak eta erreklamazioak.

1. Proben behin-behineko emaitzak Nafarroako Kirol Eskolako iragarki-taulan eta kasuan kasuko kirol modalitateari dagozkion tramiteen fitxetan argitaratuko dira.

Proba bakoitza bukatu ondoko hiru eguneko epean argitaratuko dira sarrera proba espezifikoaren behin-behineko emaitzak.

2. Izangaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute sarrera probaren kalifikazioari buruzko erreklamazioa jartzeko, behin-behineko emaitzak argitaratzen diren egunetik zenbatzen hasita. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (San Domingo kalea 8), eta epaimahaiburuari zuzenduko zaizkio, kirol modalitate honi dagozkion tramiteen fitxan dagoen ereduaren arabera.

3. Erreklamazioen ebazpena eta probaren behin betiko emaitzak bi eguneko epean argitaratuko dira, probaren kalifikazioaren aurkako erreklamazioak jartzeko epea bukatzen denetik kontatzen hasita, bai Nafarroako Kirol Eskolaren iragarki-taulan, bai kirol modalitate honi dagozkion tramiteen fitxan.

Behin betiko emaitzak argitaratzearekin beteko da epaimahai ebaluatzaileak aurkezten diren erreklamazioei buruz hartutako ebazpena jakinarazteko prozedura.

Egiaztagiriak

15.–Proba espezifikoen balioa eta egiaztapena.

Proba espezifikoa gainditzen duen izangaiak horren egiaztagiria eskatzen ahalko du, zeinak Estatu osorako balioko duen. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak luzatuko du egiaztagiri hori.

Interesdunek Nafarroako Kirol Eskolan hartzen ahalko dituzte ebazpen honen xedeko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoa gainditu izanaren egiaztagiriak, behin betiko emaitzak argitaratzen direnetik hasita zazpi eguneko epea igaro ondoren. Inskripzioa modu telematikoan egiten duten izangaiek Hezkuntza Departamentuan (Lanbide Heziketaren Zerbitzuan) jasotzen ahalko dituzte ziurtagiriak, aurretik ezarritako epean.

Ez da inola ere emanen probaren zatiren bat gainditu izanaren frogagiririk edo egiaztagiririk.

Proba espezifikoak gainditzeak hemezortzi hilabeteko indarraldia izanen du, proba horiek bukatzen direnetik zenbatzen hasita.

2. ERANSKINA

Inskripzio eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1908373