146. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 29a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA

Titulu judizialak betearazteko 7/2019 prozedura

Fabiola Llorente Llorente, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua.

Aditzera ematen dut: sala honetan bideratu den 152/2013 administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren 152/2013 prozedura arruntean, zeinaren ondorioz titulu judizialak betearazteko 7/2019 pieza hau baitator, 27/2015 Epaia eman zen 2015eko urtarrilaren 24an; hura kasazioan errekurrituta, Auzitegi Goreneko Hirugarren Salako Laugarren Atalak 150/2017 Epaia eman zuen 2017ko otsailaren 1ean, 1094/2015 zenbakiaz bideratu den kasazio-errekurtsoan; epai horiek irmo geratu dira; hona, hitzez hitz, haien idazpuruak eta epaitzak:

“27/2015 Epaia.

Lehendakaria: Francisco Javier Pueyo Calleja jauna. Magistratuak: Antonio Rubio Pérez jauna eta María Jesús Azcona Labiano andrea.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 21ean.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatutako magistratuek osatuak, 152/2013 errekurtsoaren autoak aztertu ditu, zeina Nafarroako Gobernuaren 2012ko abenduaren 19ko Erabakiaren aurka jarri baitzen. Erabaki horren bidez onetsi egin zen Viana eta Jurramendiko Mankomunitateko Erribera urez hornitzeko udalez gaindiko proiektu sektoriala, Jurramendiko Mankomunitateak sustaturik. Auzi honetan alderdi hauek parte hartu dute: errekurtsogile gisa, Antzingo Udala, Murietako Udala eta Sustrai Erakuntza Fundazioa, zeinak Ricardo Beltrán García prokuradore jaunak ordezkatu eta Eduardo Santos Itoiz legelari jaunak gidatu baitituzte; eta demandatu gisa, Nafarroako autonomia erkidegoko Administrazioa, zaina Nafarrroako Gobernuaren aholkulari juridikoak ordezkatu eta gidatu baitu.

Epaitza:

Ezesten dugu errekurtsogileen –hots, Antzingo Udalaren, Murietako Udalaren eta Sustrai Erakuntza Fundazioaren– ordezkaritza prozesalak ebazpen honen idazpuruan aipatutako erabakiaren aurka jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, antolamendu juridikoaren araberakoak direlakoan.

Ez da kostuetarako kondenarik ezartzen.

Ebazpen honen aurka kasazio-errekurtsoa jar daiteke.

Beraz, epai honen bidez, hori erabaki, agindu eta sinatzen dugu (epaiaren ziurtapena autoei erantsiko zaie). Epaiaren kontra kasazio-errekurtsoa jar daiteke Sala honi berari zuzendua, hamar eguneko epean.”

Aurreko ebazpenaren aurka kasazio-errekurtsoa jarri zen, eta Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien 3. Salako 4. Atalak ebazpen hau eman zuen;

“Auzitegi Gorena. Administrazioarekiko Auzien Sala. Laugarren Atala, 150/2017 Epaia.

Lehendakaria:

Jorge Rodríguez-Zapata Pérez jauna.

Magistratuak: Pablo Lucas Murillo de la Cueva, Celsa Pico Lorenzo, María Pilar Teso Gamella, José Luis Requero Ibañez eta Rafael Toledadno Cantero jaun-andreak.

Madrilen, 2017ko otsailaren 1ean.

Sala honek 1094/2015 kasazio-errekurtsoa aztertu du, Ricardo Beltrán García epaitegietako prokuradore jaunak jarria, Sustrai Erakuntza Fundazioaren, Antzingo Udalaren eta Murietako Udalaren izenean eta haiek ordezkatuz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak udalez gaindiko proiektu sektorial bati buruzko 152/2013 administrazioarekiko auzi-errekurtsoan 2015eko urtarrilaren 21ean emandako epaiaren aurka.

Errekurritutako alderdia Noel de Dorremochea Guiot epaitegietako prokuradore jauna izan da, Nafarroako Foru Komunitatearen izenean eta hura ordezkatuz aritu dena.

María del Pilar Teso Gamella andrea izan da txostengilea.

Epaitza.

Adierazitako guztia kontuan harturik, Erregearen izenean eta Konstituzioak emandako aginpidea erabiliz, sala honek honako hau erabaki du:

1.–Bidezkoa da Sustrai Erakuntza Fundazioaren, Antzingo Udalaren eta Murietako Udalaren ordezkaritza prozesalak jarritako kasazio-errekurtsoa, hots, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salak, 152/2013 administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren barruan, 2015eko urtarrilaren 21ean emandako Epaiaren aurka jarritakoa. Hortaz, horrekin bat etorriz, epaia baliogabetzen da.

2.–Baiesten dugu alderdi prozesal horrek berak Viana eta Jurramendiko Mankomunitateko Erribera urez hornitzeko udalez gaindiko plan sektorialaren aurka jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, eta, horrenbestez, plan sektoriala baliogabetzen da, Urei buruzko Legearen testu bateginaren 25.4 artikuluan ezarritako txostena falta baita.

3.–Kostuak ez zaizkio inori ezartzen.

Jakinaraz bekie ebazpen hau prozedurako alderdiei, eta jaso bedi legegintzako bilduman.

Hori erabaki eta sinatu da”.

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 eta 107.2 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, honako hau egin eta sinatzen dut.

Iruñean, 2019ko uztailaren 5ean.–Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua, Fabiola Llorente Llorente.

Iragarkiaren kodea: J1909410