146. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

81/2019 EBAZPENA, ekainaren 7koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibideak ezartzen baitira, Nafarroako Foru Komunitateko kontsumitzaileak energia elektrikoaren autokontsumoaren erregistro administratiboan inskribatzeko behar den informazioa jaso eta tratatzeko.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 9.4 artikuluan energia elektrikoaren autokontsumoaren erregistro administratiboa sortu zen Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren barnean; erregistro telematikoa, adierazpen bidezkoa eta doakoa dela dio legeak, eta Gobernuak ezarriko dituela, erregelamenduz, haren antolaketa eta datuak inskribatzeko eta jakinarazteko prozedura. Erregelamendu horretan jasoko da zer informazio igorri beharko dioten autonomia erkidegoek eta Ceuta eta Melilla Hiriek Trantsizio Ekologikorako Ministerioari, honek sar dezan energia elektrikoaren autokontsumoaren Estatuko erregistro administratiboan. Informazio hori igorri beharko da erregistro administratibo autonomikorik izan gabe ere.

Apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak, energia elektrikoaren autokontsumorako baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoak arautzen dituenak, Sektore Elektrikoari buruzko Legean jasotako aurreikuspenak garatzen ditu, eta ezartzen du, halaber, nola igorri beharko duten autonomia erkidegoek energia elektrikoaren autokontsumoaren erregistroan inskribatzeari buruzko informazioa Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusira. Informazio horren edukia aipatutako errege dekretuaren II. eranskinean zehaztuta dago.

Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 5eko 60/2015 Foru Aginduak, berriz, arautzen du industria segurtasunaren arloko erregelamenduzko arauak bete behar dituzten instalazioen titularrek eta agenteek jarraitu beharreko prozedura, segurtasun baldintzak betetzen dituztela frogatzeko.

5. artikuluan, administrazio baimena behar duten instalazioez ari dela, legeak ezartzen du eraiki eta ustiatu aurretik halakoa behar duten instalazioen baimen administratiboa araudi berariazkoari jarraikiz tramitatuko dela, eta beharrezkoa izanen dela ezarritako ereduaren araberako eskaera aurkeztea industria eta energia arloko organo eskudunari, aipatu araudiak kasu bakoitzean eskatzen duen dokumentazioa erantsita.

Eta 6. artikuluan, administrazio baimenik behar ez duten instalazioei dagokienez, ezartzen du horiek jakinarazpen bat baizik ez diotela aurkeztu beharko industria eta energia arloko organo eskudunari, aplikatzen den araudian eskatutako dokumentazioa erantsita, bertan, eskatzen diren beharkizun guztiak betetzen direla adierazita.

Aurreikuspen horiek betetzeko, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, bidezkoa da jarraibideak ezartzea, energia elektrikoaren autokontsumoaren erregistro administratiboan inskribatzeari dagokionez Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusira igorri behar den informazioa jaso eta tratatzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ondotik ematen diren jarraibideak ezartzea, Nafarroako Foru Komunitateko kontsumitzaileak energia elektrikoaren autokontsumoaren erregistro administratiboan inskribatzeko behar den informazioa jaso eta tratatzeko.

Lehena.–Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak ofizioz inskribatuko ditu autokontsumoaren erregistroan ezaugarri hauek dituzten autokontsumoko kontsumitzaileak: behe tentsioan konektatuta egon, energia sortzeko instalazioa behe tentsiokoa izan, eta sortzeko potentzia instalatua 100 kW-etik beherakoa dutenak. Instalazio mota honetan, instalazioa besterik ez da erregistratu beharko, abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Behe Tentsiorako Erregelamendu Elektroteknikoarekin eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 5eko 60/2015 Foru Aginduarekin bat.

Bigarrena.–Autokontsumoko gainerako kontsumitzaileen kasuan, beraiek inskribatu beharko dira autokontsumoaren erregistro administratiboan, eta horretarako, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute, bertan adierazita Energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoak arautzen dituen apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritako informazioa. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak prestatuko ditu inprimakien ereduak, eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko tramiteen katalogoan eskuragarri egonen dira:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7952/Tramitacion-y-registro-administrativo-de-instalaciones-de-autoconsumo-de-energia-electrica

Aldez aurretik, interesdunek beren instalazioak erregistratuta izan beharko dituzte, abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Behe Tentsiorako Erregelamendu Elektroteknikoarekin eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 5eko 60/2015 Foru Aginduarekin bat. Horrez gain, goi tentsioko instalazio elektrikoek aurretiazko baimenerako prozedura bete beharko dute, honakoetan ezarritakoa: abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan, Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko Erregelamenduan, maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoan, eta/edo goi tentsioko linea elektrikoek bete beharreko baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko Erregelamenduan, otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoan.

Hirugarrena.–Energia elektrikoaren autokontsumoaren erregistro administratiborako informazioa Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak igorriko du Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusira, honek garatutako aplikazio informatikoen bidez. Orobat, informazio hori erregistraturik geldituko da Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko kudeaketa aplikazioetan.

2. Jarraibide hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 7an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F1907961