146. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

330E/2019 EBAZPENA, ekainaren 10ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen baimen integratua ematen duena Artaxoako udal-mugartean dagoen esnetarako behien ustiategi baterako. Titularra Olagorria 660 NA ENS da.

Instalazio hori funtzionamenduan dago gaur egun, eta ingurumen baimen integratua dauka, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 1000/2010 Ebazpenaren bidez emana.

Titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, esnetarako behien kopurua handitu nahi baitzuen, 505etik 1.200era. Aldaketa hori funtsezkotzat jo zuen Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hortaz, beharrezkoa da ingurumen baimen integratu berri bat ematea instalazio osorako, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluarekin bat.

Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 9.1.f) epigrafean jasota dago. Horren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren eta ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren araubidearen menpe dago. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Instalazioa, orobat, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 1. multzoko f) ataleko 2. puntuan dago sartuta.

Ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura hasi baino lehen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluak ezartzen duena kontuan hartuz, titularrak ingurumen eraginaren azterketaren norainokoa zehazteko eskatu zuen, proiektuaren hasierako dokumentu bat aurkeztuz.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara emisioak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Titularrak ingurumen eraginaren ebaluazioaren ohiko prozedurari hasiera ematea eskatu zuen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea (erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Espedientea jendaurrean egon da eta, aldi berean, kontsultak egin ziren ukitutako administrazio publikoekin eta pertsona interesdunekin, hogeita hamar eguneko epean, inork alegaziorik aurkeztu gabe.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da hamabost egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu aipatu epean.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan aurreikusitakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Artaxoako udal-mugartean kokatutako esnetarako behien ustiategi baterako. Horrenbestez, instalazioak eta jardueraren garapenak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Olagorria 660 NA ENS da.

Bigarrena.–Instalazio hori handitzeko proiektuari buruzko ingurumen eraginaren adierazpena egitea, aldekoa, hain zuzen, ebazpen honetan ezarritako baldintzetan. Adierazpen honek babesten duen proiektua gauzatzeko lanak lau urteko epean hasi beharko dira gehienez ere, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik kontatzen hasita; epe hori igarota, ingurumen eraginaren adierazpenak automatikoki galduko ditu ondorioak, eta eraginkortasunik gabe geldituko da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea instalazio horrentzat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera. Ebazpen honek babesten duen jardueraren exekuzioa edo abian jartzea jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu beharko da gehienez ere; epe hori amaituta, automatikoki agortuko dira baimenaren ondorioak, eta eraginkortasunik gabe geldituko da.

Laugarrena.–Ustiategia herri-lurretan egonen denez, obra-lizentzia eman aurretik, Artaxoako Udalak eta Artaxoako “Sociedad de Corralizas y Electra” sozietateak baimena eskatu beharko dute jarduera gauzatzeko behar den gutxieneko azaleraren desafektaziorako, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluarekin bat, eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 142. artikuluari eta hurrengoei jarraikiz.

Bosgarrena.–Zentroak Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa 15P02260090262009 zenbakiarekin duen inskripzioa mantentzea. Ekoizten ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinen ekoizpenean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Seigarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 0380120357/2/2 plana onestea. Ebazpen honen XI. eranskinean dago.

Zazpigarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren emisioetan izandako edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.

Zortzigarrena.–Era berean, teknika erabilgarri onenetako aurrerapenek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, zuzendaritza nagusi honek berrikusi eta egokitzen ahalko ditu ingurumen baimen integratuaren baldintzak.

Bederatzigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat. Halaber, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluetan xedatutakoa aplikatuko beharko da; hau da, instalazioaren aldaketari ingurumen ebaluaziorako prozedura arrunta edo sinplifikatua ezartzen ahalko zaio, kasuaren arabera.

Hamargarrena.–2019ko abuztuaren 31 baino lehen, titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, instalazioari gehitutako zatia abian jartzeari buruzkoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat. Adierazpenari agiri hauek erantsi beharko dizkio:

a) Txosten teknikoa, ikuskapen entitate ziurtatu batek egina, zeinetan ziurtatuko baita substratuaren gaineko iragazkortasun koefizientea 10-9 m/s-koa edo txikiagoa dela, 9. eta 10. nabeetako azpi konpostatuaren eremu bakoitzean iragazkortasun proba egin ondoren eta horretan oinarrituta.

b) Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

c) Txosten bat, argazkiez hornitua, ezponden amaierako egoeraren eta instalazioa paisaian txertatzeko hartutako egokitzapen neurrien berri ematen duena, eta erakusten duena, halaber, baimen honetan aurreikusitakoarekin bat egindako landareztatzearen egoera. Instalazioa irekitzean egin gabe baldin badago landareztatzea, klimatologia ez delako aproposa izan, adieraziko da zein den datarik hurbilena landareztatzea egiteko, instalazioa ireki ondoren.

d) Txosten bat, argazkiez hornitua, jasotzen dituena lurzatietan egindako jarduketak, ingurumen ondorioetarako konpentsazio neurriak izan dituztenak, produkzio nabeen handitzeak horien errealitate fisikoa eta biologikoa aldatu dituen kasuan, hori konpentsatzeko, hain zuzen ere; txostenean jasoko dira, horrez gain, aprobetxamendu hori jarduera betetzearekin lotzen dituzten ziurtagiriak edo agiriak.

e) Udalak obra-lizentzia eman aurretik lortu beharreko baimena eta nahitaezko tramiteen ziurtagiriak, proiektua handitzeko erabiliko diren lurren desafektaziorako, 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta 280/1990 Foru Dekretuaren 142. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat; lur horien trukea edo salmenta egitea nahi izanez gero, onespena jaso beharko du foru lege baten bidez.

f) Titularraren adierazpen bat, non konpromisoa hartuko baitu lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

Hamaikagarrena.–Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak handitzeko proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunean, edo, betiere, aldaketa martxan jartzen den egunean. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamabigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotzen diren ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamalaugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamabosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Olagorria 660 NA ENSera, Artaxoako Udalera, Artaxoako “Sociedad de Corralizas y Electra” sozietatera, Abeltzaintza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Ingurumena Zaintzeko Atalera eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 10ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1907983