146. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

200E/2019 FORU AGINDUA, ekainaren 11koa, Osasuneko kontseilariak emana, aldatzen duena Osasuneko kontseilariaren ekainaren 5eko 216E/2018 Foru Agindua, Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokia sortu zuena.

Hiltzeko prozesuan pertsonaren duintasunari dagozkion eskubideei eta bermeei buruzko martxoaren 24ko 8/2011 Foru Legean aurreikusirik daude, besteak beste, heriotzaren prozesuan pertsonek dituzten eskubideak, prozesu horretan daudenei arreta ematen dieten osasun langileen betebeharrak, eta batzuetan heriotza gertatzen den osasun zentroek eta zentro soziosanitarioek dituzten betebeharrak.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 5eko 216E/2018 Foru Aginduaren bidez sortu zen Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokia, Nafarroan hiltzeko moduen berri izateko eta Osasun Departamentuarekin elkarlanean aritzeko, Hiltzeko prozesuan pertsonaren duintasunari dagozkion eskubideei eta bermeei buruzko martxoaren 24ko 8/2011 Foru Legearen garapen maila neurtzeko asmoz.

Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokia parte-hartzera bideratutako kide anitzeko organo egonkor bat da, eta bertako kide dira, batetik, sektore profesionaletako ordezkariak, eta, bestetik, gai honetan interes berezia duten herritarren sektoreetakoak.

Organo honen funtzionamendu prozesuan ikusi da organoak bere eginkizunak hobeki betetzeko, egokia dela kide egonkorren artean izatea beste esparru batzuetako ordezkariak, Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokia sortu zuen Foru Aginduan jasotakoez beste batzuetakoak alegia; horrenbestez, beste bi pertsona sartzea komeni dela iritzi zaio, hain zuzen ere bi esparru hauek ordezkatuz: oinarrizko laguntza eta Nafarroako Zainketa Aringarrien Elkartea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 19. artikuluan xedatutakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokia sortzen duen ekainaren 5eko 216E/2018 Foru Aginduaren 5. artikulua aldatzea.

Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokia sortu zuen ekainaren 5eko 216E/2018 Foru Aginduaren 5. artikulua aldatzen da, eta honela geratu da idatzita:

5. artikulua. Egitura.

1. Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokiak kide hauek izanen ditu:

a) Osasun Zuzendaritza Nagusiko hiru ordezkari, osasun arloko eskumena duen departamentuko titularrak izendatuak. Horietako bat lehendakari gisa arituko da, eta beste bat, idazkari.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ordezkari bat, osasun arloko eskumena duen departamentuko titularrak izendatua.

c) Nafarroako osasun zentroetako Osasun Laguntzaren Etika Batzordeetako lehendakariak.

d) Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen aldeko Elkarteko ordezkari bat.

e) Esku-hartze Sozialaren Etika Batzordeko ordezkari bat.

f) Nafarroako Zainketa Aringarrien Elkarteko ordezkari bat.

g) Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzako ordezkari bat.

2. Behatokiko kide titularrak kanpoan edo eri daudenean edo justifikatzen diren gainerako kasuetan, ordezko kideak joanen dira haien ordez.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko ekainaren 11n.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1908027