145. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

JURRAMENDIKO MANKOMUNITATEA

Erabakia, “Viana eta Jurramendiko Mankomunitateko Erribera hornitzea-4. fasea. Lehenengo tartea: Lodosa-Cárcar arteko hoditeria” proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideak okupatu beharrari buruzkoa

Jurramendiko Mankomunitatearen Batzorde Iraunkorrak, 2019ko ekainaren 27an egin bilkuran, erabaki hau hartu zuen:

Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2019ko apirilaren 3an), idatzitako prentsan (2019ko apirilaren 4an) eta udalen iragarki-tauletan argitaratu zen Jurramendiko Mankomunitatearen erabakia, zeinaren bidez aipatutako proiektua kontuan hartu eta haren onura publikoa eta okupazio beharra deklaratu baitziren. Nahitaezko desjabetzeari buruzko araudian ezarritako hamabost eguneko epea iraganda, honako alegazio hauek jaso dira:

1. Nafarroako Gobernuko Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalak alegazioa aurkeztu du proiektuak ukituriko herri-lurrei dagokien kalte-ordainari eta balio justuari (zero) buruz, “horiek ezartzeko ez baitira jarraitu legez ezarritako prozedurak”.

2. Halaber, Herri-lurren Atalak beste alegazio bat jarri du, aipatutako ondasunak okupatzeko beharrari aurka eginez, proiektua ez delako onura publikokoa, legezko baldintza guztiak bete gabe onetsi baita.

Eta jarraian ebazten dira, honela:

11/2019 Foru Legearen 37.1 artikuluarekin eta 78/2016 Foru Dekretuaren 7. artikuluarekin bat, atal horrek ez dauka legitimaziorik alegazioak aurkezteko, ez baitu erabakiak hartzeko eskumenik.

Horrez gain, balio justua zehazteari buruzko eztabaida ez dagokio jendaurreko tramiteari, desjabetze-espedientetik bereizitako pieza batean erabakitzeko gaia baita (Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 26. artikulua). Eta, azkenik, ez da egia proiektuak onura publikorik ez duela, proiektuaren onespenean inplizitua dagoela ulertu behar baita (Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. artikulua eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 215. artikulua).

Horrenbestez, hau erabakitzen da:

Lehena.–Ez onartzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Herri-lurren Atalak aurkeztutako alegazioak, azalpen zatian adierazitakoari jarraikiz, eta behin betiko onestea “Vianako eta Erriberako goi hornidura, 4. fasea: hodi nagusiak. Lehenengo tartea: Lodosa-Cárcar” proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioaren beharra. Honekin guztiarekin hasiera ematen zaio dagokion desjabetze espedienteari:

HERRIA

POLIGONOA

FINKA

JABEA

HELBIDEA

LUR MOTA

ZORTASUNA

(ml)

ALDI BATERAKO OKUPAZIOA

BEHIN BETIKO OKUPAZIOA

m²/ml

Kutx.

LODOSA

8

358

Lodosako Udalaren herri-lurrak

Ancha kalea 1, Lodosa

Laborantzako lurra

19,15

12

272,04

LODOSA

8

410

Lodosako Udalaren herri-lurrak

Ancha kalea 1, Lodosa

Laborantzako lurra

33,72

12

404,62

Bigarrena.–Ukitutako ondasunen titularren behin betiko zerrenda onestea, haiekin eginen baitira desjabetzeko espedientearen hurrengo tramiteak.

Hirugarrena.–Erabaki hau argitara ematea eta jakinaraztea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Erregelamenduaren 20. artikuluarekin bat.

Laugarrena.–Interesdunei jakinaraztea ebazpen honek bide administratiboari amaiera ematen diola, eta horren aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahal dutela, hautara:

–Berraztertzekoa, Jurramendiko Mankomunitateko buruari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpen hau jaso eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako jakinarazpen hau jaso eta biharamunetik hasita.

Lizarran, 2019ko uztailaren 2an.–Jurramendiko Mankomunitateko burua, M.ª Victoria Sevilla Marzo.

Iragarkiaren kodea: L1909105