144. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

319E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena Eguesko Udal Planaren aldaketari buruz (Elkanoko UC-25 unitatea). Desarrollos Especiales de Sistemas de Anclaje SA da aldaketaren sustatzailea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Kasu honetan, hiri-jarduketarako plan berezi bat da, GRUPODESA enpresaren instalazioak handitzeko helburua duena; gaur egun 8. poligonoko 76., 116. eta 117. lurzatietan dago kokatuta enpresa hori, Elkanotik hego-ekialdean (NA-2377 eta NA-2374 errepideen artean). 4.000 m² inguruko azalera gehituko da, biltegitarako erabiltzeko eta ekoizpen prozesuaren beharrak eraginda, egungo nabearen atzealdean (iparralderantz), mendebaldeko frontea libre utziz ibilgailuen sarrera-irteeretarako eta zama-lanetako maniobretarako.

Aldaketaren esparrua UC-25 unitateari eta AR-3 banaketa eremuari atxikita dauden eta hiri-lurzoruen eta lurzoru urbanizagarrien sailkapena duten lurretan dago. Hiri-jarduketarako plan bereziaren proposamenak puntu zehatz hauek ditu:

–AR-3 banaketa eremuko lurzoru urbanizagarriaren zati baten sailkapena aldatzea eta hiri-lurzoru finkatu gabearena ematea, UC-25 unitateari gehitzeko.

–Instalazioak handitzeko eremuko erabileren eta eraikinen antolamendua ezartzea.

–Menditik datozen uren bilketa desbideratzeko modua zehaztea; izan ere, perimetroko 5 metroko lur-zerrenda batean zehar doaz ur horiek, erabilera publikoa izaten segitzen duten lurretan, hain zuzen.

–Mendebaldeko muturrean eremu bat uztea aparkalekuetarako, beste 50 toki gehiagorekin.

Aldaketaren esparrua egungo instalazioen alboko lurrak dira, erabilera zehatzik gabekoak eta intereseko ingurumen baliorik ez dutenak. Aldaketak ekar litzakeen ukipen akustikoei dagokienez, zaratari buruzko azterlan bat aurkeztu da.

Eremua Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoen esparruan sartuta dago, eta industria-erabilerako eremu akustiko gisa ageri da bertan. Beraz, jarduera handitzeak zonifikazio akustiko horren aldaketa puntuala dakar. Zaratari buruzko azterlanaren arabera, instalazioak handitzeak ez du zarata sorgune berririk ekarriko, eremu berria biltegitarako erabiliko delako, eta, areago, iparraldean egonen den eremu horrek, 8 metroko eraikin batekin, pantaila akustikoaren lana eginen du, eta zarata gutxituko du enpresaren atzealdean, bai eta Elkano inguruan planifikatutako bizitegi-eremuan ere.

Aldaketaren ezaugarriak ikusirik eta jarduketa eremua azterturik, ondorioztatu da, kontuan harturik azalera txikia ukitzen dela, aldaketak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean. Aldaketa txikia da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 5. artikuluan definitzen direnetakoa. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura bete dela, eta aldeko txostena eman du.

Kontuan harturik ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozedura egoki bete dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Eguesko Udal Planaren aldaketari buruz (Elkanoko UC-25 unitatea). Desarrollos Especiales de Sistemas de Anclaje SA da aldaketaren sustatzailea.

2. Planaren aldaketa zaratari buruzko azterlanean babes akustikorako jasotako irizpideekin bat gauzatu beharko da, kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla bermatzeko. Aldeko txostena ematen zaio Iruñerriko aglomerazioko zonifikazio akustrikoaren aldaketa puntualari.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Eguesko Udalari eta Hirigintza Atalari jakinaraztea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 30ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1907765