1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
123E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Arro baserrian ur-hornidurako hargunea egiteko proiekturako, Leitzako udal-mugartean. Sustatzailea Cristina Saralegi Arribillaga da.
2018ko azaroaren 23an, Arro baserrian ur-hornidurako hargunerako ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean dago sartua (“Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hoditeriak, beste eranskin batzuetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean”). Foru dekretu horrek onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen du ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektuko jarduketaren xedea da edateko uraren hornidura ematea Leitzako Arro baserriari, bertan taloak egiteko tailer bat jartzeko, egun betetzen duten nekazaritza/abeltzaintza jardueraren osagarri. Hargunerako, polietilenozko D-90 mm-ko hodia erabiliko da, eta ura bertan dagoen saretik hartuko du, baserriaren aldameneko bidetik baitoa. Hodia malda txikienarekin jarri beharko da (milako 4), lur azpian, gutxienez ere metro bateko sakoneran lurreko behin betiko sestraren gainetik; horrez gain, seinaleak eta beharrezkoak diren ebakitze balbulak izanen ditu, bai deribazioetan bai sare orokorrean. Kanalizazioa hondeamakina txiki batekin eginen da eta ez da beharrezkoa izanen behin-behineko sarbiderik egitea.
Espedientean Leitzako Udalak eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako aldeko txostenak daude. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak ere aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Arro baserrian ur-hornidurako hargunea egiteko proiekturako, Leitzako udal-mugartean. Sustatzailea Cristina Saralegi Arribillaga da.
2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:
Ingurumen arlokoak:
–Lanak hasi aurretik, argi mugatuko dira tokian bertan hargunearen trazadura eta materialak pilatzeko gunea. Lanerako eremuaren zabalera ahalik eta txikiena izanen da, eta eremu bakarrean eginen da lan. Materiala edo soberako lurrak lekualdatzeko, dumper motako pala erabiliko da, tamaina txikikoa.
–Lur naturalean zanga irekitzeko lanen hasieran, 40 cm-ko gutxieneko lodiera duen landare lurra kenduko da; lur hori gainerako hondeaketa lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean.
–Beharrezko neurriak hartuko dira jarduketa eremuaren inguruko zuhaitzak babesteko. Behar-beharrezkoa izanez gero zuhaitzen bat botatzea, dagokion administrazio baimena eskuratu beharko da mozketarako. Adarren bat inaustea beharrezkoa izanez gero, ebaketa garbiak eginen dira, eskuko tresnak erabiliz.
–Obra bukatuta, hondakin guztiak bildu eta bertatik eramanen dira, eta ukitutako eremu osoa garbituko da.
Hirigintza arlokoak:
–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduera zehatzak hornidura sarearekin lotzea edo horietarako harguneak egitea.
–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.
3. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren aurrean, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Basozaintza Ataleko Sakana-Mendialdeko Koordinazio Unitatera, Leitzako Udalera eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2019ko maiatzaren 9an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1907766