144. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

Udal ordenantza, Kamera bidez araututako aparkatzeari buruzkoa. Behin betiko onespena

Azkoiengo Udalak, 2019ko martxoaren 25ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Kamera bidez araututako aparkatzeari buruzko udal ordenantza. Erabaki hori 2019ko 69. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 9an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta ordenantzan aldatutako artikuluen testua osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Azkoienen, 2019ko ekainaren 5ean.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

UDAL ORDENANTZA, KAMERA BIDEZ ARAUTUTAKO APARKATZEARI BURUZKOA

HITZAURREA

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege-Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.g artikuluan ezarritakoa betez, udalerriei esleitzen zaizkie, besteak beste, honako eskumen hauek: trafikoa antolatzea eta kontrolatzea beren titulartasuneko hiri barruko bideetan; hiri barruko bideen erabilera arautzea zirkulazioko udal ordenantzen bidez, aparkalekuen banaketa orekatua ahalbidetuz erabiltzaile guztien artean, kontuan hartuz ibilgailuen zirkulazioan beharrezkoa den arintasuna eta oinezkoen joan-etorria; hiri barruko bideak ixtea, beharrezkoa denean; eta hiri barruko bideetan ibilgailu jakin batzuei sarbidea murriztea.

Era berean, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 139. artikuluan xedatzen da “Zenbait gairi buruzko arau-hausteak eta zehapenak tipifikatzea”:

“Herriko interesekoak diren bizikidetza harremanak eta zerbitzuen, ekipamenduen, azpiegituren, instalazioen, eta espazio publikoen erabilera behar bezala antolatzeko, sektoreko berariazko araudirik egon ezean, toki entitateek ezarri ahalko dute arau-hausteen eta zehapenen tipifikazioa, betetzen ez direnean ordenantzetan ezarritako betebeharrak, debekuak edo mugatzeak, ondoko artikuluetan ezarritako irizpideekin bat”.

Aipatutako xedapenen babesean, Azkoiengo Udaleko ordenantza honen xede da, hasiera batean, udalerriko saltokien erabiltzaileek aparkatu ahal izatea merkataritzako gunean, 45 minutuan, behar dituzten erosketak edo mandatuak egiteko; eta gainera, etorkizunean, izaera publikoko bestelako zereginetarako ere erabiltzen ahalko da. Horretarako, herriko kaleetako bide azpiegituraren berezitasunak kontuan hartuz, beharrezkoa da bide horiei erregulazio berezia ematea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak indarra hartzean berrikuntza garrantzitsua ekarri du ordenantzen esparrura, lehen aldiz ezarri baitira erregelamendu-ahalak bete beharreko printzipioak eta organo eskudunek nahitaez bete beharreko hainbat gai.

Horrela, erregelamendu-ahalaren ohiko mugak (legezkotasun printzipioa, arau-hierarkiaren printzipioa, publizitate printzipioa) ezartzeaz gainera, legegintza berriak “erregulazio onaren printzipioak” izenekoak ezartzen ditu, eta izen horretan biltzen dira “premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia” printzipioak, eta horiek bete beharra –Legearen 129. artikuluaren arabera– xedapen orokorraren hitzaurrean justifikatua egon behar da.

Aurreko paragrafoen bidez justifikatzen da betetzen direla premiaren, eraginkortasunaren eta gardentasunaren printzipioak, eta haietan argi frogatzen da ekimena arrazoitzen duen interes orokorra justifikatua dagoela, lortu nahi den helburua zalantzarik gabe identifikatua dagoela, eta hori lortzeko hautatu den tresna egokia dela.

Arauaren hartzaile diren pertsona eta taldeen parte-hartze aktiboa sustatzeko prozesu bat egin da.

Proportzionaltasun printzipioari dagokionez, ordenantza honetan jasotzen den erregulazioa da haren xedeari erantzuteko beharrezkoa dena, ez besterik –bateragarri egitea, batetik, hiriaren alde jakin batean ibilgailu motordunekin sartzeko eskubidea; eta bestetik, herritarrek beren ibilgailuak aparkatzeko beharra eta joan-etorrien arintasuna bermatzekoa–. Ezin da jardun modu eraginkorragoan, ez eta eskubideak gutxiago murriztuz edo erabiltzaileei betebehar gutxiago ezarriz ere.

Gainera, irudiak hartzeko erabiltzen diren elementuek betetzen dituzte datu pertsonalak babesteko erregulazio-arauetan aplikagarriak diren mugak, eta ez dute ordenantza honetan ezarritako helburua baizik; horiek horrela izanda ere, beharrezkoa bada, arau-hausteak eta delituak antzemateko erabiltzen ahal dira, aplikagarriak diren xedapenetan ezarritakoaren arabera.

Segurtasun juridikoa berez dagokio honelako xedapen bat aplikatzeari, erregulazio-esparru egonkorra ezartzen baitu, aurreikusten ahal dena, integratua, argia eta ziurtasunekoa eta, hartara, arauaren erabiltzaileek ez dute izanen nahieran sorturiko administrazio jarduera bat, ordenamendu juridikoak jabari publikoko ondasunei dagokienez toki entitateei ematen dieten ahalen neurriz kanpoko erabileraren ondoriozkoa.

Aurrekontuaren ikuspegitik, begibistakoa da ordenantza aplikatzeak duen eragin ekonomikoa Udalaren aurrekontuan, osagai teknikoez hornitzeko egin behar den inbertsioagatik, mantentzen den arren araudi berriaren aginduak ez betetzetik ezartzen diren zehapenetatik ateratzen den diru-bilketa.

I. TITULUA

Eskumena, helburuak, ukitutako eremua

1. artikulua. Eskumenak.

Ibilgailuen zirkulaziorako diren espazio publikoen erabilera arautzeari dagokionez, ordenantza hau onetsi da Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legea onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege-Dekretuaren babesean, udalei dagozkien eskumenak erabiliz.

2. artikulua. Helburuak.

Xedapen honek, araututako eremuan ibilgailu motordunen sarbidea kontrolatzeko sistema ezartzearen bidez, honako helburu hauek ditu:

1. Hiritarren sarbide ordenatua eta baketsua ahalbidetzea hirian dauden saltoki, etxebizitza, kultur etxe eta ikastetxe, erakunde publiko eta gune monumentaletaraino.

2. Eremu horretako ekonomia eta garapena sustatzea.

3. artikulua. Ordenantzaren aplikazio eremua.

Aparkaldi murriztuko eremuak ezarriko dira, horien izaeraren arabera zehaztuak (komertziala, kulturala...), eta izaten ahal dute zaintza eta kontrola, horretarako kamera berezien bidez.

4. artikulua. Seinaleztapena.

Erabiltzaileek errazago identifika dezaten, Aparkaldi mugatuko eremua (AME) osatzen duten bideetako tarteak, behar bezala seinaleztatuko dira, bai horizontalean bai bertikalean, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuludunean xedatutakoaren arabera.

5. artikulua. Sarrera eta irteera. Aparkatzeko kontrola.

Eremu hau osatzen duten kaleetan ibilgailuen zirkulazioa librea da, hiri barruko bideetan zehar ibilgailuen zirkulazioa arautzen duten arauak besterik ez baitituzte bete behar; salbuespena da horietan aparkatzeko egokitutako eremuetan aparkatzea, honako muga hauen arabera arautua baitago:

1. Ibilgailuak aparkatu ahalko dira horretarako baimendutako guneetan, honako aldi eta ordutegi hauen arabera:

a) Aparkatzeko 45 minutu izanen dira, gehienez ere.

b) Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara; larunbatetan, 09:00etatik 14:00etara. Arautu gabeko ordutegian eta igande eta jaiegunetan ez da aparkaldiaren kontrolik egonen.

c) Aparkaldi mugatuko mugatuko eremuan baimendutako gehieneko denbora bukatu aurretik, ibilgailua handik kendu behar da, eta nahitaez atera behar da araututako eremutik.

Aparkaldi mugatuari dagokionez, ordenantza honetan xedatutakoa betetzen ote den kontrolatzeko AMEko sarbideetan instalatutako kamerak erabiliko dira; horrek ez du ezertan galarazten Udaltzaingoak erabiltzea kontrolerako bestelako bitartekoak.

II. TITULUA

Funtzionamendu irizpideak, aparkaldi mugatuko eremuetan (AME)

6. artikulua. Salbuespenak.

Ordenantza honetan araututako iraupen mugatuko aparkatzetik salbuesten dira, eta beharrezko baimenak ezertan galarazi gabe, honako ibilgailu hauek:

a) Udal lizentzia Azkoienen duten auto-taxi ibilgailuak.

b) Estatuaren, autonomia erkidegoen, edo bestelako erakunde publikoen jabetzako ibilgailu ofizialak, beren eskumeneko zerbitzuak emateko erabiltzen badira, eman bitartean eta behar bezala identifikaturik badaude; halaber, Azkoiengo Udalak baimendutako beste edozein ibilgailu.

c) Osasun laguntza emateko direnak, Gizarte Segurantzaren jabetzakoak, larrialdi zerbitzuetakoak eta anbulantziak.

d) AME barruan baimendutako denbora baino luzeagoan egon behar duten ibilgailuak (aldairak, obrak, etab.), betiere baimena jaso ondoren.

III. TITULUA

Sarbide mugatuko eremuaren kontrola eta zaintza

7. artikulua. Zaintza, kontrola eta zehapenak.

Udaltzaingoa izanen da aparkaldi mugatuko eremuan zaintza eta kontrola egiteko arduraduna, eta, kasua bada, trafikoa zaintzeko sistemen bidez atzemandako arau-hausteak zehatzeko arduraduna.

IV. TITULUA

Zehapen araubidea

8. artikulua. Arau-hausteak.

1. Ordenantza honetan ezarritako arauak ez betetzetik datozen arau-hausteak, arau-hauste arintzat hartuko dira eta 50,00 euroko isunarekin zehatuko dira aparkatzeko arauak ez betetzeagatik. Ehuneko berrogeita hamarreko hobaria eginen da, ordainketa egiten bada jakinarazten denetik hogei eguneko epean; murriztapen hori eginen da zehapenaren aurka inolako ekintza edo errekurtso administratibo aurkezteari uko egiten bazaio edo halakoetan atzera egiten bada.

2. Arau-hauste astuntzat hartuko da araututako eremuetan aparkatzeko arauak behin eta berriz betetzen ez direnean. Arau-hauste astunak 200,00 euroko isunarekin zehatuko dira, eta ehuneko berrogeita hamarreko hobaria eginen da, baldin eta ordainketa egiten bada jakinarazten denetik hogei eguneko epean; murriztapen hori eginen da zehapenaren aurka inolako ekintza edo errekurtso administratibo aurkezteari uko egiten bazaio edo halakoetan atzera egiten bada.

3. Gainerako arau-hausteak Trafikoari buruzko Legearen eta Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren arabera kalifikatuko dira.

4. Azaldutakoa ezartzen da ezertan galarazi gabe jabari publikoko ondasunetan egiten ahal diren kalte-galerak ordaintzeko dagoen betebeharra, ordenantza hau betetzeari lotuta egon edo ez.

9. artikulua. Organo eskudunak.

Prozedura irekitzeko eta hura ebazteko erabakia hartzeko organo eskuduna Azkoiengo Udaleko Alkatetza da, eta Azkoiengo Udaltzaingoko buruari dagokio prozedura instruitzea.

10. artikulua. Subjektu erantzuleak.

Ordenantza honi dagokionez, egiten diren arau-hausteen erantzule dira sarbideen kontrolerako ezarritako irudiak atzemateko sistemek identifikatzen dituzten ibilgailuen titularrak.

Beharrezkoa bada, titularren erantzukizuna da identifikatzea une horretan ibilgailua gidatzen zuen pertsona, hura izanen baita salatutako arau-haustearen erantzulea.

Ordenantza honen xedapenen arau-hausteengatik Azkoiengo Udaltzainek berek ezartzen dituzten salaketen erantzule izanen dira une horretan ibilgailua gidatzen duten pertsonak.

11. artikulua. Zehapen prozedura.

Jasotako zehapenak ezarriko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Lege eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Lege indardunetan jasotako printzipio eta zehapen prozedurei hertsiki lotuz, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruz kasu bakoitzean aplikagarriak diren xedapenetatik ezartzen ahal diren berezitasunak kontuan hartuta.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 96.5 artikuluan xedatutakoarekin bat, alkateak zehapen prozeduraren izapidetze erraztua adostu ahalko du ulertzen duenean badaudela aski irizpide zehapena arin gisa kalifikatzeko, eta interesdunak ezin izanen dio berariaz horri kontra egin.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean, indarrik gabe geldituko dira haren edukiaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari dagokionez.

Iragarkiaren kodea: L1907799