144. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

99/2019 EBAZPENA, ekainaren 3koa, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Orotz-Beteluko, Garaioako eta Aribeko udal-mugarteetan goi tentsioko instalazio elektriko bat jartzeko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko baimen administratiboa ematen baitira, eta instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzen baita.

2019ko otsailaren 14an, Eduardo Ryan Muruak, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU ordezkatuz, aurretiazko baimen administratiboa emateko eskatu zuen, baita eraikitzeko baimen administratiboa eta, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ere, instalazio elektriko honetarako:

–Eskatzailea: Iberdrola Distribución Eléctrica SAU.

–Espedientea: SAT10961.

–Instalazioaren kokapena: Orotz-Betelu, Garaioa eta Aribe.

–Xedea: inguru horretako horniduraren kalitatea hobetzea.

–Ezaugarri teknikoak: aireko linea berria, 20 eta 66 kV-ekoa, “Orotz-Betelu - Aribe” zirkuitu bikoitzekoa, gaur egungo “Agoitz-Nagore” 20 kV-eko aireko linearen ordez. 20 kV-eko zirkuitua egungo linea ordezteko erabiliko da, eta 66 kV-ekoa, berriz, Orotz-Betelun dagoen 66 kV-eko linea, “Orkoien-Ezkaba 2” izenekoa, eraiki beharreko 66kV-eko BTA Aribe azpiestazioarekin konektatzeko.

–Aurrekontua: 1.146.853,31 euro.

I.–Jendaurrean jartzea.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa betez, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUren eskaera eta instalazioak ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza jendaurrean jarri ziren (2019ko martxoaren 7ko Diario de Navarran eta 2019ko 55. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 21ekoan), eta Orotz-Beteluko, Garaioako eta Aribeko udalei ere bidali zitzaizkien, ikusgai jar zitzaten. Horrez gain, espedientea jendaurrean jarri zen Nafarroako Gobernu Irekiaren web atarian.

Separata bidali zitzaion Garaioako Udalari, txostena eman zezala eskatuz (2019ko otsailaren 19ko eta martxoaren 27ko ofizioak), eta ez du erantzunik eman.

2019ko apirilaren 17ko idatzi batean, Orotz-Beteluko Udalak adierazi du ez dela eragozpenik izanen okupazioa baimentzeko, baldin eta zenbait ohar kontuan hartzen badira herri-lurretako finken gaineko ukipenak baimentzeko erabakia tramitatzean. Orotz-Beteluko Udalaren erantzuna igorri zitzaion enpresa banatzaileari, eta, 2019ko maiatzaren 14an, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk adierazi du erabakia tramitatzean aintzat hartuko dituela udalak helarazitako oharrak.

Halere, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluak, energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluarekin bat, xedatzen duenari jarraikiz, gogoratu behar da onura publikoa zehazki deklaratzeak berarekin dakarrela ukitutako ondasunak okupatu edo eskubideak erosi beharra, bai eta presako okupazioa ere, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan jasotako ondorioak izateko.

Separata bidali zitzaion Aribeko Udalari, beste txosten bat eman zezala eskatuz (2019ko otsailaren 19ko eta martxoaren 27ko ofizioak), eta ez du erantzunik eman.

II.–Ukitutako erakundeak eta enpresak.

Nafarroako Gobernuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 29ko 127E/2018 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion proiektuko instalazioari.

Espedientean Zainketa Zerbitzuko Ustiapen Atalaren txosten bat dago (2019/123564 espedientea), 2019ko martxoaren 14koa, eta bertan adierazten da eskatutako lanak baimentzeko modukoak liratekeela, eta Herri Lanetako zuzendari nagusiaren ebazpena, baimenari buruzkoa, idatzi, sinatu eta tramitatu gabe dagoela.

Espedientean Telefónica de España SAUk 2019ko martxoaren 3an emandako txostena dago (I-052-19), eta hor adierazten den bezala, ez du inolako eragozpenik lanak egin daitezen, indarrean den legeria betez gero.

Separata bidali zitzaion Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, txostena eman zezala eskatuz (2019ko otsailaren 19ko eta martxoaren 27ko ofizioak), eta ez du erantzunik eman.

Acciona Energía SAUk 2019ko apirilaren 5eko komunikazio batean adierazi du ez dagoela ukipenik bere ondarearen edo instalazioen gainean, eta beraz ados dagoela idatzi honen gaian aipatzen den linea elektrikoa egitearekin.

Adierazitakoarekin bat, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 15ean emandako 48/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (2016ko 20. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 1ekoa), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betez,

EBAZTEN DUT:

1. Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri administrazio baimena ematea aipatutako instalaziorako.

2. Instalazioari, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ematea, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.

3. Onestea instalazioa egiteko aurkezturiko proiektua, Francisco Javier Juárez Gay industria ingeniariak eta David Remírez de Ganuza Satrústegui industria ingeniari teknikoak sinatua, eta 24 hilabeteko epea ematea lanak egiteko.

4. Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

5. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

6. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

7. Baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

8. Ebazpen hau igortzea Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

10. Ebazpen hau jakinaraztea Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri, Acciona Energía SAUri, Telefónica de España SAUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

11. Ebazpen hau jakinaraztea Orotz-Beteluko, Garaioako eta Aribeko udalei eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko ekainaren 3an.–Azpiegitura Energetikoen Ataleko burua, Laura Larraya Irigoyen. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariaren ordezkoa (Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren azaroaren 30eko 167/2017 Ebazpenaren bidez, 2017ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, abenduaren 18koan).

Iragarkiaren kodea: F1907681