143. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Aldaketa, bide publikoetan pasabidearen lizentziak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Garesko Udalak, 2019ko martxoaren 21ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa bide publikoetan pasabidearen lizentziak arautzen dituen Garesko Udaleko ordenantzan. Erabakia 2019ko 67. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 5ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Garesen, 2019ko maiatzaren 24an.–Alkate udalburua, Oihan Mendo Goñi.

UDAL ORDENANTZA, BIDE PUBLIKOETAN PASABIDEAREN LIZENTZIAK ARAUTZEN DITUENA

LEHEN KAPITULUA

Pasabideen lizentziak

1. artikulua. Kontzeptua. Lizentzia eskuratu beharra.

1.–Jabari publikoaren aprobetxamendu berezia da ibilgailu motordunak erabilera pribatuko lokal edo guneetara sartu edo haietatik ateratzean espaloietan edo oinezkoen jabari eta erabilera publikoko bestelako ondasunetan barna pasatzea, intentsitate handiko erabilera baita eta okupatzen den gunearen erabilera erkide orokorra mugatzen baitu; horregatik, pasabidearen udal lizentzia eskuratu behar da.

2.–Ibilgailu motordunak erabilera pribatuko lokal edo guneetara sartu edo haietatik ateratzean pasatzen diren erabilera publikoko guneetan gelditzea edo aparkatzea debekatuta baldin badago, ez da pasabidearen lizentziarik eskuratu behar.

2. artikulua. Lizentziaren beharra. Titularrak.

1.–Pertsona edo entitate publiko eta pribatu guztiek behar dute lizentzia, eta, horretarako, dagozkion tasak ordainduko dituzte. Horrez gain, espedientean egiaztatu behar da egunean dituztela Garesko Udalarekiko tributu betebeharrak.

2.–Finkaren jabea, negozio-lokalaren errentaria edo hura erabili edo gozatzeko eskubide baten titularra izaten ahal dira pasabidearen lizentzien eskatzaileak eta titularrak, ez beste inor.

Jabea eskatzailea ez bada, bere adostasuna agertu beharko da eskaeran.

Pasabidearen lizentziak ekartzen dituen betebehar guztien erantzulea haren titularra izanen da, eta, subsidiarioki, finkaren jabea.

3. artikulua. Pasabiderako lizentziak. Gelditu eta aparkatzeko debekua.

Pasabidearen lizentziak ibilgailu guztiei debekua ekarriko die lokalaren sarreraren parean aparkatzeko, eta baimena emanen du inguruabar hori seinaleztatzeko.

Pasabidearen lizentziak ezarritako eremuan eta ordutegian debekatuko da ibilgailuak gelditu eta aparkatzea.

4. artikulua. Pasabiderako lizentzia motak.

1.–Pasabidearen lizentziak 24 ordurako emanen dira garajeetan eta etxabe/lokal pribatuen sarbideetan, eta ordutegi mugatu baterako gainerakoetan. Ibilgailuei pasabidearen lizentzia motaren arabera emanen zaie aukera pasatzeko, eta debekatuta izanen dute galtzadan eta pasabidearen parean gelditu eta aparkatzea.

5. artikulua. Pasabidearen lizentzia ematea justifikatzen duten egoerak.

Helburu hauetarako ematen ahal da pasabidearen lizentzia:

–Pasabide iraunkorreko lizentziak:

Etxebizitza, aparkaleku eta ibilgailuen gordelekuetarako: eraikinaren beheko solairuko lokala garaje izaten ahal denean, ibilgailuak eta nekazaritzako makinak edo lanabes osagarriak gordetzeko, titularrak nekazaritzako jarduerak egiteagatik.

–Pasabide mugatuko lizentziak:

Saltokietarako eta ordutegi mugatuaren beharra duten lokal pribatuetarako.

6. artikulua. Lizentzia eskuratzeko aurkeztu beharreko agiriak.

Honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio pasabidearen lizentziaren eskabideari:

1.–Garajea erabiltzea baimentzen duen udal lizentzia, hirigintzako araudi aplikagarriaren arabera (lehenengoz okupatzeko lizentzia edo erabilera aldatzeko lizentzia).

2.–Lokalaren kokapen planoa, eraikinaren zenbakia, lokalaren atea eta abarrak behar bezala identifikatuak. Pasabidearen baldintzak ere zehaztuko ditu planoak, zabalera eta ukitzen dituen zuhaitzak, hiri-altzariak eta bide publikoko oztopoak adierazita.

3.–Lizentziaren xedeko lokalaren katastro-erreferentzia. Salbuespenez, horren ordez lokalaren plano ulerterraz eta zehatz bat aurkezten ahal da, azalera (metro koadrotan), sarbideak eta haien ezaugarriak adierazita. Udaleko zerbitzu teknikoek egiaztatzen ahalko dituzte datuak.

4.–Ibilgailuak eta/edo nekazaritzako makinak utzi edo gordetzeko establezimenduen kasuan:

a) Garaje komunitarioetarako: jabeen erkidegoaren frogagiria (erkidegoaren IFKren fotokopia).

b) Garajeak izaten ahal diren lokaletarako, eta ibilgailuak eta nekazaritzako makinak edo lanabes osagarriak gordetzen dituzten garajeetarako: lokalean gordeko diren ibilgailu eta makinen inskripzioa (dagokien erregistrokoa) frogatzen duten agiriak.

Ibilgailuak edo garajea erabiltzen duten jabeak aldatzen badira, lehenbailehen jakinaraziko zaio Udalari, pasabidearen lizentziaren espedientean jaso dadin.

5.–Lokalaren jabearen adostasuna, eskatzailea ez bada, eta erantzukizun subsidiarioaren onarpena ordenantza honetan ezarritako betebeharrei dagokienez.

Toki Ogasunei buruzko Legean ezarritakoarekin bat, lokalaren jabea zergadunaren ordezkoa izanen da aprobetxamendu bereziaren tasan. Aprobetxamendua ibilgailu motordunak espaloietan edo jabari publikoko bestelako ondasunetan barna pasatzeari dagokio.

6.–Espaloia eta zintarria egokitu behar baldin badira eraikinera edo lokalera sartzeko, obra lizentziaren eskaera eta hirigintzako lizentziaren tasaren ordainagiria erantsi beharko zaizkio pasabidearen lizentziaren eskabideari.

7. artikulua. Pasabidearen lizentzia emateko prozedura.

1.–Pasabidearen lizentziaren eskatzaileak aurkeztutako eskabidea eta agiriak jaso ondoren, Zerga Kudeaketa Zerbitzuak tramitatu eta bideratuko du espedientea, eta eskatzaileari galdatuko dio akatsak zuzen ditzala edo falta diren agiriak aurkez ditzala hamar eguneko epean.

2.–Agiri administratibo hauek ofizioz erantsiko zaizkio espedienteari:

1. Garajearen edo garaje izaten ahal den lokalaren katastro-ziurtagiri deskriptibo eta grafikoa.

2. Udaleko Kontu-hartzailetzaren edo Diru-bilketa Alorraren txostena, egiaztatzeko eskatzaileak udal honekiko tributu betebeharrak egunean dituela.

3. Udaleko zerbitzu teknikoen neurketa txostena, hala behar denean.

4. Egokitzat jotzen diren txosten osagarriak.

3.–Agiri guztiak aurkeztu eta espedientea tramitatu ondoren, proposamen arrazoitua igorriko zaio espedientea ebatzi behar duen organoari.

8. artikulua. Lizentziaren tramitazioa.

1.–Alkatetzak, Tokiko Gobernu Batzarrak edo eskuordetzen den udal organoak emanen edo ukatuko du baimena, Udaleko zerbitzu teknikoek txostenak egin ondoren.

Pasabidea egokitzeko obren baimena ere ebatziko da, hura eskatu bada; baimena ematekotan, eraikuntzen gaineko zergaren ordainketa eskatuko da, baita galtzada eta zintarria lehengoratzeko fidantza ere.

2.–Pasabidearen lizentziak diskrezionalki baimenduko dira, ordenantza honetan ezarritako irizpideen arabera, jabetza eskubidea salbu dela eta hirugarrenak kaltetu gabe.

3.–Pasabideen lizentziek ez dute eskubide subjektiborik sortzen. Udalak edozein unetan eskatzen ahalko dio titularrari pasabidea deuseztatzeko, eta azken honen kontura izanen da galtzada eta zintarria lehengoratzea, ordenantza honetan araututako baldintzetan.

4.–Oro har, kasu hauetan ez da pasabidearen lizentziarik emanen:

4.1. Pasabideak lorategiak edo zuhaiztiak okupatuko balitu, edo, hurbiltasunagatik, haien garapen edo kontserbazio normala oztopatuko balu.

4.2. Eraikinen kantoi edo alaketan, urbanizazioaren ezaugarriengatik trafikoaren edo oinezkoen segurtasuna oztopatuko edo arriskuan jarriko balitz.

4.3. Bide publikoaren zabaleragatik edo beste ezaugarri batzuengatik aurrerantz biratzeko maniobra egin beharko balitz eraikinera sartzeko, edo beste ibilgailuen zirkulazioa oztopatuko balitz, edo pasabidetik pasatuko liratekeen ibilgailuen pisu edo ezaugarriengatik espaloia edo galtzada kaltetzeko arriskua sortuko balitz.

4.4. Espaloiaren zabaleragatik, oinezkoen zirkulazioaren intentsitateagatik edo pasabidearen lizentzien kopuru handiagatik zirkulazio hori edo beste erabilera orokor bat arriskutsu bihurtuko edo nabarmenki murriztuko balitz.

4.5. Interes kulturaleko ondasun, hiri-altzari, semaforo, bide-seinale edo trafiko handiko eremu batetik hurbil egoteagatik hura kaltetuko edo mugatuko balitz.

Lizentzia ukatzeko arrazoi diren elementuak lekualdatu edo ezeztatzen ahal badira, Udalak lizentzia ematen ahal du baldin eta interesdunek lekualdaketaren edo ezeztapenaren gastuak ordaintzen baditu.

9. artikulua. Mugak.

Pasabiderako lizentzia bakar bat ematen ahalko da lokal bakoitzeko, lokala izanik espazio-unitate fisiko bat, besteengandik guztiz eta modu iraunkorrean bereizia fabrika-obren bidez.

Titular batek ondoz ondoko bi lokal baditu eta biek sarbidea konpartitzen ahal badute, soilik lokal baterako emanen da pasabidearen lizentzia.

Pasabideak dauden bideetan ezarritako edo ezartzen diren egunetan eta orduetan ibilgailuak sartzeko baimenak eten eginen dira, Udalak baimendutako ekitaldiak, jaiak, azokak edo feriak antolatzen direnean, edo obra publikoak edo pribatuak egin behar direnean, dela larrialdikoak edo programatuak, eta horrek ez du inola ere emanen ordaindutako tasaren zati proportzionala itzultzeko eskubiderik.

10. artikulua. Sarbidea.

Interesdunak eskatuko du pasabidearen lizentziaren xedeko lokal edo gunearen sarbidearen zabalera, sartzeko atearekiko lerro perpendikularra barne hartuta eta 5 metro gainditu gabe. Salbuespenez, behar bezala arrazoitutako kasuetan, Udalak zabalera handiagoa edo txikiagoa baimentzen ahalko du.

11. artikulua. Seinaleztatzea.

1.–Pasabidea seinaleztatzeko, debeku plaka iraunkor bat jarriko da, ordenantza honen I. eranskineko ereduari jarraikiz, sarbidearen zentrotik ikusgai eta lurretik gutxienez 1,50 metrora.

2.–Kasu batzuetan, ikusgarriago egiteko, plakaren kopia eginen da titularrak bi plaka edo disko jar ditzan.

3.–Udalak emanen du plaka, baina titularraren kontura geldituko dira hura bere tokian paratu, kontserbatu eta mantentzeko lanak, eta Udalari itzuli beharko zaio pasabidearen lizentziaren baja gertatu edo hura baliogabetuz gero.

4.–Plakek Udalaren eredu normalizatuari jarraitu beharko diote, eta baimendutako ordutegia eta lizentzia zenbakia jaso beharko dituzte, bai eta Udalaren ustez pasabidea identifikatzen duten datu guztiak ere.

5.–Egokia denean, lizentzia emateko ebazpenean berariaz ezarritakoaren arabera, pasabideak seinale horizontala izanen du. Marra hori jarraitua izanen da, 15 zentimetroko zabalerakoa eta baimendutako eremuaren luzerakoa, material irristagaitzez egina galtzadan, beheragunean edo espaloiaren, plazaren edo bide publikoaren zintarrian.

Titularrari dagokio seinale horizontala egoera onean kontserbatzea.

12. artikulua. Espaloia eta zintarria beheratzeko obrak.

1.–Pasabidearen lizentziaren xedeko eraikin edo lokalaren sarbidean espaloia eta bide publikoaren zintarria egokitu behar badira, Udalak ordenantza honen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat zehazten duen azaleran eginen da obra, erabiliko diren ibilgailuen ezaugarrien arabera, lokal edo eraikinaren sarbidearen eta haren pareko espaloiaren arteko ebakidura lerroa gainditu gabe eta sestra ofiziala aldatu gabe.

2.–Udalak izendatzen dituen profesional eskudunek eginen dituzte obrak, pasabidearen titularraren kargura.

3.–Obra egin eta bide publikoaren zatia seinaleztatu ondoren, Udaleko zerbitzu teknikoek ikuskatuko dute.

13. artikulua. Behin-behineko instalazioak.

Debeku da ibilgailuak bide publikotik eraikinetara sartzea eta eraikinetatik bide publikora ateratzea behin-behineko edo aldi baterako elementu mugikorrak, arrapalak, oholak, harea eta abarrak erabiliz, arrazoi justifikatuengatik baimen berezia ematen denean izan ezik.

14. artikulua. Debeku orokorrak.

Espresuki debekaturik daude honako hauek:

1. Lizentziaren titularrak pasabidearen lizentziaren seinaleak eta bereizgarriak behar bezala (ezarritakoaren arabera) ez mantentzea.

2. Pintura, errotulu, seinale edo adierazpen grafikoak, baldin eta, pasabidearen lizentziarekin bat etorri gabe, lizentziak aparkatzeko ezartzen dituen mugen gainean oker egitera bultzatzen badute.

3. Edozein ibilgailu uztea, Ibilgailuei buruzko Erregelamendu Orokorra onesten duen abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren II. eranskinaren arabera.

4. Pasabidearen lizentziaren titularrek konpontzen ari diren edo merkataritzako salmentarako diren ibilgailuak uztea.

15. artikulua. Indarraldia.

1.–Pasabideen lizentziak urtebeterako baimenak dira, eta abenduaren 31n bukatzen da indarraldia urtero, baita lehenbiziko urtean ere. Urte horretan hainbanatzen da tasa, bere ordenantza fiskalaren arabera.

2.–Hala ere, urtero luzatuko da lizentzia, ezer egin gabe, baldin eta titularrak pasabidearen lizentzia amaitzeko asmoa adierazten ez badu, Udalak interes publikoarengatik indargabetzen ez badu eta Udalak aurreikusitako arrazoiengatik baliogabetzen ez badu.

a) Titularrak dagokion tasa ordaindu beharko du legezko epeen barruan, Agiriak luzatzeagatik ordaindu beharreko tasa arautzen duen ordenantza fiskalean ezarritakoari jarraikiz. Administrazioak emandako ordainagiriak frogatuko du lizentzia indarrean dela.

b) Tasa borondatezko bilketaren epean ordaintzen ez bada, ulertuko da titularrak lizentziari uko egiten diola isilbidez. Kasu horretan, segidan, titularrek isilbidez lizentziei uko egiteagatik (tasa ez ordaintzeagatik) indarraldia galdu duten pasabideen zerrenda eginen du Zerga Kudeaketa Zerbitzuak, eta agindua igorriko zaie Udaleko zerbitzuei pasabidearen lizentzien plakak kentzeko.

Aurrekoa gorabehera, titularrak isilbidezko ukoa errebokatzen ahalko du, zorra eta lizentzia berriz indarrean jartzeko tasa ordainduta, ordenantza fiskal indardunaren arabera.

3.–Nolanahi ere, eta aurreko apartatuan xedatutakoa galarazi gabe, pasabidearen lizentzia deuseztatu ondoren (titularrak berariaz edo isilbidez -tasa ez ordaintzeagatik- uko eginda edo Udalak ofizioz), 19. artikuluan ezarritakoarekin bat, titularrak plaka itzuli beharko du. Udalak lehengoratuko ditu espaloia eta zintarria, pasabidearen titularraren kargura.

16. artikulua. Pasabideen lizentzien aldaketak.

Pasabideen lizentzien titularrek baimena eskatuko diote udal administrazioari pasabidean aldaketak egiteko, eta haren kontura izanen dira gastuak.

17. artikulua. Zabaltzeak eta lekualdaketak.

1.–Pasabidea handitu edo lekualdatzeko eta titulartasuna aldatzeko, lizentzia berria eskuratu behar da; horretarako, pasabidearen lizentzia baimentzeko eskatzen diren tramite eta baldintza guztiak bete behar dira.

2.–Lizentziaren indarraldian lokalaren jabetza eskualdatzen bada edo errentamenduaren titularra edo lokala erabiltzeko gaitzen duen titulua juridikoa aldatzen bada, segidan jakinarazi beharko dio Udalari, egiazta dezan ordenantzan pasabidearen lizentzia emateko eskatzen diren baldintzak mantentzen direla.

3.–Pasabidea lekualdatzen denean, deuseztatutako pasabidea kentzeagatik sortutako gastuak ere titularrak ordainduko ditu.

4.–Pasabidea kendu dela egiaztatu ondoren, titularrak eskabidea aurkeztuta, lizentzia deuseztatuko da eta, hala badagokio, fidantza itzuliko zaio.

18. artikulua. Ordezko betearazpena, Udalarena.

Udalak pasabide bat kentzen ahal du edo, nahitaezkoa izateagatik, pasabide bat jarri, aurretik errekerimendua egin gabe, fidantzaren kargura eta, aski ez bada, pasabidearen titularrari zuzenean ordainaraziz.

19. artikulua. Betebeharrak.

Pasabidearen lizentziaren titularrak honako betebehar hauek ditu:

a) Zoladura, seinale horizontala eta plaka egoera onean kontserbatzea; zoladurak edo erabilera publikoko zintarriak jasaten dituen kalte guztien erantzulea izanen da.

b) Dagozkion tasak ordaintzea; subsidiarioki, lokalaren jabea izanen da zergadunaren ordezko.

c) Pasabidea ordenantza honetan xedatutakoarekin bat identifikatu eta seinaleztatzea.

d) Plaka itzultzea baimenak indarra galtzen duenean.

e) Agintaritzaren agenteari edo Udaleko zerbitzuei pasabidearen lizentziaren xedeko lokalean sartzen uztea, halakorik eskatzen zaionean.

20. artikulua. Pasabideen lizentzien azkentzea.

1.–Pasabidearen lizentzia azkenduko da titularrak berariaz edo isilbidez -tasa ez ordaintzeagatik- uko egiten dionean.

2.–Pasabidearen lizentzia indargabetzen ahalko da titularrak ordenantza honen hirugarren kapituluan tipifikatutako arau-hauste astun edo oso astun bat egiten duenean.

3.–Pasabidearen lizentzia baliogabetuko da hura emateko baldintzak desagertzen direnean, edo beste batzuk sortzen edo ezagutzen direnean, bere garaian lizentzia ukatzea ekarriko zutenak. Era berean, pasabidearen lizentziak baliogabetzen ahalko dira balorazio irizpide berriak ezartzen direnean. Lizentzia baliogabetzeko, espediente administratibo bat tramitatu beharko da, eta interesdunari entzutea emanen zaio.

4.–Titularrak berariaz edo isilbidez -tasa ez ordaintzeagatik- uko egiteagatik edo lizentzia indargabetu edo baliogabetzeagatik lizentzia amaitzen denean, titularrak plaka itzuliko du eta, behar denean, espaloia lehengoratu beharko du, aurretik ezarritako baldintzetan.

BIGARREN KAPITULUA

Tokia erreserbatzeko lizentzia

1. artikulua. Kontzeptua. Lizentzia eskuratu beharra.

1.–Bide publikoetan edo erabilera publikoko guneetan aparkalekua erreserbatzea, modu iraunkorrean edo mugatuan, zamalanak egiteko, jarduera jakin batzuen mesedetan, jabari publikoaren aprobetxamendu berezia da, okupatzen den gunearen erabilera erkide orokorra mugatzen baitu.

Ekainaren 13ko 1372/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 77. artikuluan xedatutakoarekin bat, aurreko paragrafoan definitzen den aparkaleku erreserbak lizentzia behar du, tokiko jabari publikoaren aprobetxamendu berezia baita.

2.–Aurrekoa gorabehera, Udalak, bidezkotzat jotzen badu eta antolaketarako ahalmenak baliatuz, zenbait tokitan eta ordutan aparkatzeko debekua ezartzen ahal du interes publikoko arrazoiengatik, hainbat lokal, jarduera edo sektoreren titularrek erabil ditzaten.

3.–Toki zehatzetan ezin izanen dira inola ere ezarri ibilgailua gelditu edo aparkatzeko debekaguneak, erreserbatzeak duen xedea betetzen ahal dutenak, jarduera edo lokal jakin batzuen mesedetan.

2. artikulua. Pasabidearen lizentzien gaineko arauen ordezko aplikazioa.

Kapitulu honetan araututa ez dagoen orotan, bide publikoetan tokia erreserbatzeko lizentziak pasabidearen lizentziarako arauei jarraituko die, betiere aplikagarriak badira bi lizentzia moten ezaugarrien arabera.

1.–Udalak zehaztuko du seinale horizontala, bidezkoa bada. Sigi-sagako marka eginen da galtzadan, eta toki horretan, oro har, ibilgailuek ezin izanen dute aparkatu, erreserbatuta egoteagatik erabilera berezi baterako –beti ere ibilgailuak luzaz utzi gabe–.

3. artikulua. Baldintzak.

Bide publikoan tokiaren erreserba baimentzeko, eskatzaileak honako hauek frogatu beharko ditu:

1. Zamalanetarako erreserbetan, eragiketen kopurua, maiztasuna eta izaera, eta haietan igotzen eta garraiatzen diren zamak.

Bide publikoan tokiaren erreserba diskrezionalki baimenduko da, eta soilik kasu bakoitzean zehazten den ordutegirako. Ez du eskubide subjektiborik sortuko titularraren alde, eta Udalak eta Alkatetzak aldatzen ahalko dute lizentzia trafikoaren premiek hala eskatzen duten aldiro, espedientea instruitu eta interesdunari entzunaldia eman ondoren.

HIRUGARREN KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

1. artikulua. Arau-hausteak.

Tributuen arloko araudian, bide segurtasunarenean edo gainerako araudi administratiboan ezartzen diren arau-hausteak eta arlo zibilean edo penalean penalean gerta litezkeen erantzukizunak deusetan galarazi gabe, honela tipifikatzen dira ordenantza honen aurkako arau-hausteak:

1.–Arau-hauste arinak:

1.1. Pasabidea identifikatzeko plaka egoera onean ez kontserbatzea.

1.2. Sartzeko ateko toki ikusgarri batean ez jartzea pasabidea identifikatzeko plaka.

1.3. Ordenantza hau ez betetzea dakarren eta arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez den beste edozein ekintza edo omisio.

2.–Arau-hauste astunak:

2.1. Pasabidearen edo erreserbagunearen parean traba edo oztoporen bat jartzea, garajera sartzea galarazi edo eragozten duena.

2.2. Zoladura ez berritzea Udalak hala agintzen duenean.

3.–Arau-hauste oso astunak:

3.1. Plaka ofiziala ez den beste bat erabiltzea pasabidea seinaleztatzeko. Dagokion zehapena jartzeaz gain, egintza jurisdikzio penalera helarazten ahalko da faltsutze-delituagatik.

3.2. Baimendutako ordutegia ez den beste bat jartzea plakan. Dagokion zehapena jartzeaz gain, egintza jurisdikzio penalera helarazten ahalko da faltsutze-delituagatik.

3.3. Udalari ez jakinaraztea lizentzia emateko oinarri izan ziren inguruabarren aldaketa, lokalaren titulartasunaren aldaketa, handitze bat edo lekualdatze bat.

3.4. Beste titular baten lizentzia (pasabidearena edo erreserbarena) erabiltzea eskualdaketarako baimena eman gabe.

3.5. Udalak agintzen dituen segurtasun neurriak ez betetzea.

3.6. Lokalean ibilgailurik ez gordetzea.

3.7. Pasabidearen aprobetxamendu berezia gauzatzea behar den baimena izan gabe.

2. artikulua. Zehapenak.

1.–Honako zehapen hauek ezarriko dira aurreko artikuluan tipifikatutako arau-hausteengatik:

–Arau-hauste arina: 100 euro arteko isuna.

–Arau-hauste astuna: 200 euro arteko isuna.

–Arau-hauste oso astuna: 500 euro arteko isuna.

Arau-hauste astunen eta oso astunen kasuan, isun ekonomikoaz gain, lizentzia indargabetzen ahalko da.

2.–Zehapenak mailakatzeko, egintzaren munta, interes publikoari eragindako kaltea eta arau-hauslearen berrerortze-maila hartuko dira kontuan.

3.–Isunak jartzea Alkatetzaren eskumena da, horretarako espedientea instruitu ondoren, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legean, Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta legeak garatzeko erregelamenduetan ezarritakoarekin bat.

4.–Zehapen-espedientea ebatzi baino lehen ordaintzen ahal dira isunak; kasu horretan:

Ordenantza honetan araututako arloan jarraitu beharreko zehapen-prozedura urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan eta hura garatzen duen araudian ezarritakoa izanen da; berariaz ezartzen da ezen isuna borondatez ordaintzen baldin bada (salaketa helarazteko egintzan edo jakinarazi eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean), zehapen-prozedura amaituko dela, ondorio hauekin:

–Zehapenaren %50 murriztea.

–Alegazioak egiteari uko egitea. Eginez gero, ez aurkeztutzat joko dira.

–Prozedurari bukaera ematea, berariazko ebazpenik eman behar izan gabe, ordainketa egiten den egunean.

–Administrazio bidea amaitzea; administrazioarekiko auzien organo jurisdikzionalean soilik aurkezten ahalko da errekurtsoa.

–Administraziorekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea hasiko da ordainketa egiten den unean, eta biharamunetik sortuko ditu ondorio guztiak.

–Zehapena administrazio bidean irmo bihurtuko da ordainketa egiten den unean, eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorio guztiak.

5.–Zehapena jarri arren, araua hautsi duen pertsonari eska dakioke aldatutako egoera lehengoratzeko, baita zehatutako egintzek eragindako kalte-galerak ordaintzeko ere.

Kalte-galerak Udalaren titulartasuneko ondasunetan sortzen direnean, Udalak, zerbitzu tekniko eskudunek tasazioa egin ondoren, konponketaren zenbatekoa zehaztuko du, eta horren berri emanen dio arau-hausleari edo arau-haustearen erantzuleari, ezartzen den epean ordainketa egin dezan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan ezarritako epea iragan ondoren, eta indarrean izanen da harik eta berariaz haren aldaketa edota indargabetzea erabaki arte.

I. ERANSKINA

L1907385_0.pdf

II. ERANSKINA

Ibilgailua kentzeko prozedura

Pasabidearen titularrak Foruzaingoari edo Guardia Zibilari deitu beharko dio, joan daitezen salaketa egitera, bidezkoa bada. Agenteak, ez beste inork, abisatuko dio ibilgailua ken dezan Udalak kontratatutako garabi enpresari.

Garabiari abisatu ondoren, pasabidea trabatzen zuen ibilgailuaren jabeak ordaindu beharko ditu garabiaren irteerak eragindako gastuak, kontuan izan gabe jabea ibilgailua kentzera bertaratu den ala ez.

Udalak Mena Fundazioko aparkalekuan erreserbaturik dituen plazetara eramanen dira kendutako ibilgailuak. Udala ez da erantzule izanen ibilgailuen lekualdaketan eta gordetzeko tokian (jabea eramatera joan arte) gertatutakoaz.

Enpresak ibilgailua kendu ondoren, pegatina bat utziko da egintzaren eta aparkaleku-plazaren berri emateko.

Garabi zerbitzua kobratzeko prozedura

1.–Udalak garabi zerbitzuaren faktura ordainduko dio kontratatutako enpresari, biek adostutako baldintzetan.

2.–Udalak arau-hausleari kobratuko dio ibilgailua kentzeak eragindako gastua, zehazten den bidetik.

Oinarriak, tasak eta tarifak

Autoen 3 aparkaleku arte: 25 euro metro eta urte bakoitzeko (90 euro gehienez ere).

Autoen 4 aparkaleku edo gehiago: 45 euro metro eta urte bakoitzeko + 6 euro x aparkaleku kopurua.

Fidantza:

–Plaka ordezteko berme gisa: 28 euro.

–Espaloia jaisteko obra egin behar denean: 72 euro, espaloia lehengoratzeko berme gisa.

Garesen pasabidearen lizentzia eskuratzeko eskabidea (PDFa).

Onarpen agiria, Bide publikoetan pasabidearen lizentziak arautzen dituen Garesko Udaleko ordenantzari dagokiona (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1907385