143. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Aldaketa, 0-3 urtekoendako ikastetxeko jantokirako dirulaguntza emateko udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Garesko Udalak, 2019ko martxoaren 21ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa egitea 0-3 urtekoendako ikastetxeko jantokirako dirulaguntza emateko Garesko ordenantzan. Hasierako onespena 2019ko 68. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 8an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aldaketa hori behin betiko onesten da, eta ordenantza osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Garesen, 2019ko maiatzaren 27an.–Alkate udalburua, Oihan Mendo Goñi.

UDAL ORDENANTZA, 0-3 URTEKOENDAKO IKASTETXEKO JANTOKIRAKO DIRULAGUNTZA EMATEKO

Xedea

1. artikulua. Honako honen xedea da Garesko udalerrian dirulaguntza emateko irizpideak eta prozedura arautzea eta ezartzea. Jantokirako dirulaguntza arautzen da, egoera sozioekonomiko ahulenean dauden ikasleendako.

Dirulaguntzaren zenbatekoa

2. artikulua. 2.1. Ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan adieraziko dira gai honi dagozkion zenbatekoak, horretarako izendatzen den partidan; hartan ezartzen den zenbatekoa gehienekoa izanen da.

2.2. Ekitaldiren batean xede horretarako partidarik gaitzen ez bada, ez da deialdirik izanen ikasturte horretan, eta ez da ulertuko ere eskubideak sortu direnik ordenantza hau onesteagatik.

3. artikulua.

Aurrekontuan dirulaguntza horietarako zenbat diru dagoen eta ordenantza honetako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileak zenbat diren, horren arabera ezarriko da onuradun bakoitzari dagokion ekarpena, eta horren zenbatekoa berdina izanen da onuradun guztiendako.

Dirulaguntza hau borondatezkoa eta aldi baterakoa da eta ez da aurrekaritzat jotzen ahalko.

Onuradunek bete beharreko baldintzak

4. artikulua. Nahitaezko baldintzak:

a) Garesen egiazko bizilekua izatea eta bertan erroldaturik egotea gutxienez ere urtebete lehenagotik (adingabea eta adingabearekin bizi den aita, ama, egitatezko bikotekidea, tutorea...).

b) Matrikulaturik egotea edo hurrengo ikasturtean matrikulatzeko konpromisoa izatea Garesko 0-3 urtekoendako ikastetxean, jantokia erabiliz.

c) Haur Hezkuntzako lehen zikloko udal ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez finantzatuetan, 2013-2014 ikasturtean, familiek haurrak eskolatzeko ordaindu beharreko tarifak ezartzen dituen Foru Aginduan Nafarroako Gobernuak ezartzen dituen familia unitateko kideen per capita errentaren azken lau tarteetan egotea. 6.650 eurotik beherako per capita errenta izatea, Errenta Aitorpenaren 511 zenbakiko laukitxoari dagokion zenbatekoa kenduta, kasua bada, konpentsazio-pentsioari dagokiona, alegia.

d) Garesko Udalarekiko betebehar fiskalak egunean izatea.

e) Deialdi honetan eskatzen diren eskabidea eta dokumentazioa ezarritako epeetan aurkeztu izana.

f) Familiaren ondarea gehienez ere 60.000 euro izatea, salbu eta ohiko etxebizitza eta lanean aritzeko ondasun higigarri eta higiezinak.

5. artikulua. Baldintzak betetzen direla frogatzeko modua:

Eskaeraren inprimakia eredu ofizialaren arabera bete behar da. Eskaerakin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabide orria.

b) NANa edo pasaportea.

c) Familia liburua. Familia liburuaren fotokopia, bere kide guztiekin, jatorrizkoarekin alderatua, edo familia unitateko kideak eta haien jaiotegunak frogatzeko dokumentazio ofiziala.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aurreko ekitaldiko aitorpenaren fotokopia, bizikidetzako unitateko kideena (aita/ama, ezkontide berriak edo izatezko bikoteak). Egitera beharturik ez badaude, aurkeztu beharko dute beharturik ez egotearen ziurtagiria, Nafarroako Gobernuko Ogasun Bulegoak emana.

Eskabidea aurkezteko epeak

6. artikulua.

Eskabidea aurkezteko epea, eskatzen den dokumentazioarekin batera, matrikula egiteko ezarritakoa izanen da.

7. artikulua.

Abenduan ez-ohiko epe bat egonen da eskabideak aurkezteko, eta onartutakoak, urtarrilean hasiko dira dirulaguntza kobratzen.

Dena dela, epe horretatik aurrera ere aurkeztu eta onartu ahalko dira eskabideak, baldin eta aurrekontuan behar besteko krediturik bada.

8. artikulua. Eskaerak Garesko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Mena plaza, z.g.), astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara.

Dirulaguntza emateko modua eta irizpideak

9. artikulua. Matrikula egiteko epean honako hauek jakinaraziko dira: gaitutako partida, ikasturte horretarako deialdia eta eskaerak aurkezteko aukera.

10. artikulua. 0-3 urtekoendako ikastetxean jantokia diruz laguntzeko aurrekontuko partidan jarri den zenbatekoa banatuko da aurkeztu diren eskaeren artean, betiere ordenantza honen baldintzak betetzen dituztenen artean.

Partida hori honela banatuko da:

–Urtarriletik ekainera: partidaren %60.

–Irailetik abendura: partidaren %40.

11. artikulua.

–Eskaerak aurkeztuko dira aurrematrikula egiteko ezartzen den hilabetean.

–Udalak aztertuko ditu aurkeztu diren eskaerak, eta, dokumentazioan akatsik egin bada, eskatzaileek 5 egun naturaleko epea izanen dute horiek zuzentzeko.

Dirulaguntza kudeatzeko organoa honako hauek osatuko dute: Garesko Udaleko Hezkuntza Batzordeko Burutza, Idazkaritza eta Kontu-hartzailetza.

–Matrikulazio epea ireki aurretik, Udalak eskaerak ebatziko ditu eta interesdunei horien berri emanen, bost egun naturalean egokiak iruditzen zaizkien alegazio edo erreklamazioak aurkez ditzaten.

–Erreklamazioak ebatzirik, dirulaguntzen gaineko ebazpena jakinaraziko zaie interesdunei.

Onuradunaren betebeharrak eta betebehar horiek ez betetzeak dakartzan ondorioak

12. artikulua.

Dirulaguntza honen onuradun izateko, ordenantza honetan ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta eskatzen den dokumentazioa aurkeztu.

Beharrezkoa ikusten denetan, Udalak argibideak eskatzen ahalko ditu aurkeztutako dokumentazioaren gainean, eta are dokumentazio gehiago eskatu ere, aurkeztu den horretatik ez baldin bada ondorioztatzen ahal zein den, egiazki, interesdunaren errenta edo ondarea.

13. artikulua.

Ikasturtean zehar aldaketa aipagarririk baldin bada eta aldaketa horiek dirulaguntza emateko erabakigarriak izan ziren inguruabarrak bestelakoak izatea ekartzen badute, onuradunak horren berri eman beharko dio Udalari.

Halaber, Udalari aditzera emanen zaio ikasleren bat jantokian bajan badago.

14. artikulua. Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzeak edo bestelakotzeak ekartzen ahal du hura emateko ebazpena aldatzea edo deuseztatzea.

Aurreko bi artikuluetan ezarritakoa ez betetzeak dirulaguntzaren galera ekartzen ahal du eta, hala behar badu, modu bidegabean jasotako zenbatekoa itzuli beharra.

Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epeak

15. artikulua. Ebazpen baten bidez ordenantza honetan arautzen den dirulaguntzaren onuradun bilakatzen diren lagunek osorik ordainduko dute, hilabetero, eskolako eta jantokiko kuota, eta Udalak gero ordainduko du jantokiagatik diruz laguntzen duen zatia.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Salbuespenez, eta 2014-2015 ikasturteari dagokionez baizik ez, eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da ordenantza honen behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek 15 artikulu, xedapen iragankor bat eta azken xedapen bat dauzka, eta ez du ondorio juridikorik sortuko harik eta haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen den arte, hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren ondorioz.

I. ERANSKINA

Eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1907259