143. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

322/2019 EBAZPENA, ekainaren 4koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko jarraibideak onesten dituena 2019-2020 ikasturterako.

Ikusirik Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman duela jarraibideak onets daitezen Nafarroan araubide bereziko kirol irakaskuntzen 2019-2020 ikasturteko eskola egutegia prestatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroan araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko jarraibideak onestea 2019-2020 ikasturterako. Eranskinean zehaztu dira.

2. Ebazpen hau eta haren eranskina igortzea Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari, Eskolatze Bulegoari eta “FP Lumbier LH” IBPari eta “FP Sakana LH” IBPari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko ekainaren 4an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Jarraibideak, 2019-2020 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko

1. Egutegia.

Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia klausula hauen araberakoa izanen da:

1. Araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan 2019-2020 ikasturtea 2019ko irailaren 2an hasiko da, eta 2020ko ekainaren 30ean bukatuko.

2. Mailako ofiziala Ikastetxeek araubide bereziko kirol irakaskuntzetarako egutegi proposamen berariazko bat prestatu beharko dute 2019-2020 ikasturterako, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 22ko 291/2019 Ebazpenaren eranskinean ezarritako baldintzen araberakoa; izan ere, horren bidez jarraibideak onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatearen hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko, betiere, honako salbuespen hauek kontuan hartuta:

a) Eskola-egunen kopuruari dagokionez, bermatu beharko da nahikoak direla Nafarroako Foru Komunitatearen eremuko araubide bereziko kirol irakaskuntzetako kirol teknikarien titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuetan finkatzen diren eskola-ordu guztiak emateko.

b) Amaierako ebaluazioaren deialdietako probak, ingurune naturalean, ikastetxeko instalazioetatik kanpo, egin behar behar badira, horretarako erabiltzen diren egunak aurreko letran aipatzen direnei gehituko zaizkie.

c) Oro har, edukien multzoen sekuentziazioa hauxe izanen da: lehenbizi, multzo komunak eta osagarriak; bigarrenik, berariazko multzoak; eta hirugarrenik, prestakuntza praktikoari dagokion multzoa.

d) Ikastetxeak ahalmena du berariazko multzoa edo modulua multzo komun eta osagarria bukatu aurretik hasteko.

e) Kirol irakaskuntzetako zikloetan, prestakuntza praktikoaren multzoa hasiko da, oro har, multzo komunaren, berariazko multzoaren eta, halakorik bada, multzo osagarriaren moduluak gainditu ondoren. Ikastetxeak ahalmena du prestakuntza praktikoaren multzoa hasteko goian aipatutako moduluak gainditu aurretik.

2. Ordutegi orokorra.

Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen 2019-2020 ikasturterako eskola egutegia Hezkuntzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 22ko 291/2019 Ebazpenaren eranskinean ezarritakoarekin bat etorriko da; izan ere, horren bidez jarraibideak onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatearen hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko, betiere, honako salbuespen hauek kontuan hartuta:

a) Multzo komuna eta osagarria, oro har, goizeko eta/edo arratsaldeko eskolaldietan emanen dira, astelehenetik ostiralera. Eskola saioak 55 minutukoak izanen dira gutxienez.

b) Multzo berariazkoa, oro har, goizeko eta/edo arratsaldeko eskolaldietan eginen da, astelehenetik ostiralera; larunbatetan, igandeetan, jaiegunetan eta oporraldietan ere egiten ahalko da gainerako irakaskuntzetarako.

3. Prestakuntza multzoen denbora-banaketa.

Mendi-kiroletako eta Eskaladako kirol irakaskuntzen zikloetako prestakuntza multzoak, oro har, honela banatuko dira denboran:

a) Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen maila:

–Multzo komuna, multzo osagarria eta berariazko multzoa: 2019ko abenduaren 4tik 2020ko martxoaren 31ra.

–Prestakuntza praktikoaren multzoa: lehen mailako gainerako multzoak gainditu ondoren.

b) Erdi-mailako Mendiko bigarren maila:

–Multzo komuna, multzo osagarria eta berariazko multzoa: 2019ko irailaren 16tik 2020ko martxoaren 20ra.

–Prestakuntza praktikoaren multzoa: bigarren mailako gainerako multzoak gainditu ondoren.

c) Eskaladako bigarren maila:

–Multzo komuna, multzo osagarria eta berariazko multzoa: 2019ko irailaren 16tik 2020ko martxoaren 18ra.

–Prestakuntza praktikoaren multzoa: bigarren mailako gainerako multzoak gainditu ondoren.

d) Iraupen-eskiko lehen maila:

–Multzo komuna, multzo osagarria eta berariazko multzoa: 2019ko azaroaren 4tik 2020ko apirilaren 30era.

–Prestakuntza praktikoaren multzoa: lehen mailako gainerako multzoak gainditu ondoren.

Berariazko multzoei eta prestakuntza praktikoaren multzoei dagozkien denbora-banaketak aldatzen ahal dira, “1. Egutegia” jarraibidearen c) eta d) letrek ezartzen dutenari jarraikiz, mendi eta eskalada jarduerak egin beharreko tokiko egoeraren arabera eta kirol horiek duten beste ezaugarri berezien arabera.

4. Salbuespenerako arrazoiak.

Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, hark azter ditzan.

5. Tramitazioa.

Tramitazioa Hezkuntzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 22ko 291/2019 Ebazpenaren eranskinaren laugarren jarraibidean ezarritako arauen arabera eginen da.

Iragarkiaren kodea: F1907962