141. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALESBES

Deialdia, Alesbesko Virgen del Portal Zahar Etxean zaintzaile laguntzaile izateko bost lanpostu oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko

Alesbesko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2019ko maiatzaren 23an egin bilkuran, honako deialdi hau onetsi zuen: Alesbesko Virgen del Portal Zahar Etxean zaintzaile laguntzaile izateko bost lanpostu oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia.

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xede da Virgen del Portal Zahar Etxean zaintzaile laguntzaile izateko bost lanpostu oposizio-lehiaketaren bidez betetzea.

Lanpostu hutsak plantilla organikoaren 4, 6, 15, 16 eta 17 zenbakidunak dira.

1.2. Izendapenak lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen dituela.

1.3. Izendatuak D mailari dagokion urteko ordainsari gordina jasoko du bere lanagatik, bai eta plantilla organikoan eta Virgen del Portal Zahar Etxearen lan hitzarmenean ezarritako osagarriak ere.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

b) Era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte hartzen ahal dute, baldin eta zuzenbidez bereizita ez badaude; orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

c) 16 urtetik gorakoa izatea eta nahitaezko erretirorako adina ez izatea.

d) Karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea izatea.

f) Titulu edo ziurtagiri hauetako bat edukitzea:

–Gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria, edo lortzeko prozesuan egotea.

–Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikaria, edo lortzeko prozesuan egotea.

–Erizaintzako zainketa lagungarrietarako teknikaria edo horren baliokidea, edo lortzeko prozesuan egotea.

–Gizarte integrazioko goi mailako teknikaria, 2017ko abenduaren 30ean zaintzaile edo gerokultore lanbide-kategorian lanean zeuden profesionalentzat.

g) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

2.3. Baldintza horiek guztiak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

2.4. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

2.5. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.–Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Alesbesko Udalaren bulegoetan aurkeztu beharko dira edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

3.2. Eskabideak deialdi honetako II. eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoak izanen dira.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Baztertutakoek erreklamazioak egiten ahal dituzte edo akatsak zuzendu behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunean.

4.2. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta horiek ebatzita, alkateak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko eta oposizioaldiaren lehenengo ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia adierazteko. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu gainerako ariketak egiteko iragarkiak, erregelamenduak agintzen duen moduan.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Udalaren Patronatuaren burua.

Ordezkoa: adieraziko da.

Epaimahaikidea: M. Carmen Lafraya Fernández, ordezkari sindikala.

Ordezkoa: adieraziko da.

Epaimahaikidea: Anyuri Gorjón Lizarbe, erizaina (EUD).

Ordezkoa: adieraziko da.

Epaimahaikidea: Arancha García Corts, erizaina (EUD).

Ordezkoa: adieraziko da.

Epaimahaikidea: Misael Narros Martín.

Ordezkoa: adieraziko da.

Idazkaria: Francesca Ferrer Gea, Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: adieraziko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten beharrezkoa izanen da bertan egotea epaimahaiburu edo idazkari lanak egiten dutenak eta, gutxienez, kideen erdiak.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Lehiaketaldia: guztira 30 puntu.

Izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko dira deialdi honen I. eranskinari jarraikiz. Emaitza ez da baztergarria izanen, eta gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira.

Merezimendu guztiak alegatu eta agiri bidez egiaztatu beharko dituzte izangaiek. Horretarako, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak aurkeztu beharko dira, bestela ez baitira kontuan hartuko. Merezimenduak aurkeztu beharko dira lehen ariketa egin baino lehen, Virgen del Portal Zahar Etxearen bulegoetan, bertako erregistroan instantzia aurkeztuz.

6.2. Oposizioaldia: guztira 70 puntu.

Proba teoriko-praktikoa: aukera anitzeko test motako 50 galderei erantzun beharko da, izangaiak zaintzaile/gerokultorearen eginkizunei buruzko ezagutza egiaztatzeko. Galderek ez dute penalizaziorik izanen, eta gehienez ere 50 puntu lortu ahalko dira.

Zuzen erantzundako galdera bakoitzari puntu 1 emanen zaio. Okerreko erantzunek ez dute punturik kenduko.

Proba praktikoa: izangaiak zaintzaile/gerokultorearen eginkizunetan duen abilezia egiaztatzeko ariketa bat egin beharko da. Gehienez ere 20 puntu lortu ahalko dira.

7.–Emaitzak.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa emanik, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda jendaurrean jarriko du epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta ariketa egin den tokian. Izangai bakoitzak oposizioko ariketetan eta lehiaketaldian ateratako kalifikazioak batu ondoren lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko da zerrenda. Bestetik, izendapen proposamena eginen du.

7.2. Epaimahaiak proposatutako izangaia izendatuko du Alesbesko Udalak eta izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko. Proposaturiko izangaiak honako agiri hauek ekarri beharko ditu, izendapen proposamena argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, interesdunak lanpostuko eginkizunak betetzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

d) Zinpeko aitorpena, erakusten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dutela baztertu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aipatutako epean aurkezten, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna galarazi gabe.

7.4. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 apartatuan aipatzen den zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua bukatutakoan, aukeratutako izangaia izendatuko du Alesbesko Udalak.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hilabeteko epearen barrenean. Epe horren barrenean eta ezinbestekoak salbu, jabetza hartzen ez badu, Alesbesko Udaleko lan-kontratudun finko bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu eta aurreko oinarrian esandakoari jarraituko zaio.

9.–Lan-poltsa.

Lan-poltsa bat egin eta onetsiko du Udalak, hautapen prozesuan izangaiek lortutako kalifikazioekin. Lan-poltsan sartu ahal izateko, beharrezkoa izanen da oposizioaldiko lehenengo ariketa gainditu izana.

10.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, haren oinarrien edo hura aplikatzeko egintzen kontra, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aipatzen diren errekurtsoak jartzen ahal dira.

11.–Aplikatu beharreko araudia.

251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

Alesbesen, 2019ko maiatzaren 17an.–Alkatea, Delia Linzoain Pinillos.

I. ERANSKINA

1. Merezimenduen baremoa (lehiaketaldia, 30 puntu).

Esperientzia zaintzaile laguntzaile/gerokultore gisa, egoitza geriatrikoetan edo antzeko laguntza zentroetan, titulartasun publikokoak edo pribatukoak izan, behar bezalako kontratu harremanarekin.

Mendekotasuna duten pertsonak laguntzeko egoitzetan lan egindako urte oso bakoitzeko: 2 puntu. Urte osoak ez direnean, puntuak proportzioan emanen dira.

Titulartasun publikoko laguntza zentroetan izandako esperientzia honako hauek aurkeztuz egiaztatuko da: giza baliabideen arloan eskumenak esleiturik duen erakundearen unitateko buruak egindako ziurtagiria, eta, horrekin batera, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren lan bizitzari buruzko txostena, egiaztatu nahi dituen aldi horiek agertzen direla.

Enpresa pribatuetan lan egindako denbora honako hauek aurkeztuz egiaztatuko da:

Enpresaren ziurtagiria, lan-kontratuaren kopia egiaztatu nahi duen aldi bakoitzeko, eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren lan bizitzari buruzko txostena, egiaztatu nahi dituen aldi horiek agertzen direla.

Aurreko paragrafoetan zehaztutako agirien bidez egiaztatzen ez diren merezimenduak ez dira baloratuko.

2. Gai zerrenda.

1.–Zahartzea eta eritasunak.

2.–Azala eta egoiliarraren higienea eta garbiketa.

3.–Mugitzeko, ibiltzen laguntzeko eta lekuz aldatzeko teknikak.

4.–Egoiliarraren elikadura.

5.–Hil ondoko zainketak.

II. ERANSKINA

Hautapen prozesuan onartua izateko eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1908847