141. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

87/2019 FORU AGINDUA, uztailaren 2koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, organo beraren maiatzaren 23ko 69/2019 Foru Agindua aldatzen duena; foru agindu haren bidez, publizitatea ematen zitzaion betetzen ari ziren plazaren hizkuntza-eskakizuna aldatzeak (nahitaezko euskarazko hizkuntza-eskakizuna esleitzeak) ondorioak eragiten zizkien langileen gaineko prozedurari, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

HITZAURREA

Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak, 6. artikuluan, ezartzen du ezen administrazio honetako departamentu bakoitzak hizkuntza plana egin behar duela; plan horren ondorioz gerta daiteke ele biko hizkuntza-eskakizuna esleitzea bere plantilla organikoko zenbait lanposturi.

Bestetik, 103/2017 Foru Dekretuaren 24. artikuluak honako hau xedatzen du: “Euskara jakin gabe ele biko lanpostutzat hartutakoak betetzen ari diren pertsonek hartutako eskubideak errespetatuko dira eta horretarako antolatuko diren euskarazko prestakuntza jardueretan beren borondatez parte hartzeko aukera eskainiko zaie”.

Orobat, arau horren zazpigarren xedapen gehigarriak honako hau ezartzen du: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen esparruan, foru dekretu honetako 6. artikuluan jasotako plangintza prozesutik heldutako departamentu edo erakunde autonomo bakoitzaren plantilla organikoa, euskararen ezagutza nahitaezkoa duten ele biko lanpostuen zehaztapenari dagokionez, negoziazio kolektibora eramango da. Aldez aurretik, betetzen ari diren plazaren hizkuntza-eskakizuna aldatzeak ondorioak eragiten dizkien langileen gaineko jarduketak arautuko dituen prozeduraren zehaztapena ere negoziazio kolektibora eramango da”.

Aurreikuspen horiek betetzeko, negoziazio kolektiboan aztertu da departamentu bakoitzak arlo horretan onesten duen planaren ondorioz plantilla organikoan ele biko hizkuntza-eskakizunaren esleipena duten lanpostuak hautatzeko prozedura, baita hizkuntza-eskakizun berria eskatzeak lanpostu horiek betetzen ari diren langileen gaineko ondorioak ere. Zehazki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziazio Mahaiak 2019ko otsailaren 15ean, martxoaren 11n eta apirilaren 9an egin zituen bileretan negoziatu zen.

Negoziatu den prozeduran, funtsean, langileek borondatez eta berariaz adierazi behar dute ados daudela betetzen ari diren lanpostuari ele biko hizkuntza-eskakizuna esleitzearekin. Lehenbizi langile finkoei eskainiko zaie aukera, eta gero aldi baterako langileei. Horrekin ados inor agertzen ez bada, ele biko hizkuntza-eskakizuna lanpostu bati esleitzeak ez du ondoriorik izanen lanpostua betetzen ari den langilearen gainean, eta ondorioak sortuko dira lanpostua hutsik gelditzen denean edo, sartzeko edo betetzeko dagokion prozeduraren bidez, behin betiko betetzen denean.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren maiatzaren 23ko 69/2019 Foru Aginduaren bidez, publizitatea eman zitzaion sindikatuekin negoziatu zen prozedura horri. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu eta erakunde autonomo guztiek bete beharko dute, betetzen ari diren plazaren hizkuntza-eskakizuna aldatzeak ondorioak eragiten dizkien langileei dagokienez.

Prozedura horretan ez da aurreikusten prozedura aplikatzeko unean boluntariorik egon gabe izaera elebiduna esleitu zaion lanpostu zehatz baten titularrak lanpostu hori berriro betetzea eta ados ez agertzea lanpostuari esleitutako hizkuntza-eskakizunarekin. Kasu horretan, prozedura bideratzen duen borondatezkotasun printzipioarekiko koherentziak dena delako unitate organikoan hizkuntza-eskakizuna esleitzeko prozedura berriz egitea ekarri beharko luke berekin. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen negoziazio-mahaiak aho batez onetsi du irizpide hori gehitzea, 2019ko ekainaren 21ean egindako bileran. Horrenbestez, bidezko da foru agindua aldatzea, aurreikuspen hori sartu ahal izateko.

Horrenbestez, arlo honetan indarra duen legediak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren maiatzaren 23ko 69/2019 Foru Agindua aldatzea, zeinaren bidez publizitatea ematen baitzitzaion betetzen ari ziren plazaren hizkuntza-eskakizuna aldatzeak (nahitaezko euskarazko hizkuntza-eskakizuna esleitzeak) ondorioak eragiten zizkien langileen gaineko prozedurari, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

“Ele biko hizkuntza-eskakizuna Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde publikoen plantilla organikoko lanpostu bati esleitzeak hura betetzen ari den langilearen gainean sortuko dituen ondorioak” izeneko 1. atalean, laugarren puntua gehitu da, eta testu hau izanen du:

“4. Halaber, hizkuntza-eskakizuna esleitzeko unean aldi baterako langileek betetzen duten lanpostu baten titularrak lanpostu hori berriro betetzen duenean eta ados agertzen ez denean lanpostuari esleitutako hizkuntza-eskakizunarekin, dena delako unitate organikoan lanpostuari hizkuntza-eskakizuna esleitzeko unean behar beste boluntario egon ez bada, hizkuntza-eskakizuna berriro esleitzeko prozedura egin beharko da dena delako unitate horretan, jarraian ezarritako prozedurari bete-betean jarraikiz.”

2. Agintzea foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 2an.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1909159