14. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

381E/2018 EBAZPENA, abenduaren 21ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: Cadreitarako ur horniduraren proiektua eroanbide berri baten bidez, Cadreita eta Alesbeseko udal-mugarteetako ur-biltegi nagusitik. Sustatzailea Cadreitako Mankomunitatea da.

2018ko uztailaren 6an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean dago sartua (“Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hoditeriak, beste eranskin batzuetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean”). Foru dekretu horrek onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Hori horrela, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak aldeko txostena egin zuen 2018ko abenduaren 13an, ebazpen honetan adierazitako baldintzekin.

Proiektatu den jarduketa honen helburua da gutxi gorabehera 3,4 km izango dituen eroanbide bat egitea, Morante urtegitik (Bardeako Ubidearen adarra den Nafarroako Erretenak hornitzen du urtegi hau). Eroanbide hau Valcaldera Ureztatzaileen Elkarteak dituenetik independentea da. Eroanbidea Cadreitako ur-biltegiaren EUTE (Edateko Ura Tratatzeko Estazioa) ondoan aurreikusten den ponpaketa-etxolarekin konektatuko da (5 × 3 m, gutxi gorabehera). Horrekin lortu nahi dena da eragozpenik ez izatea (hornidura erregularra ez izatea, horniduraren etena dakarten matxurak edo gorabeherak izatea, kostuak, kudeaketa...), gaur egun ureztatzaileen elkartearen mende egoteak maiz horrelakorik ekartzen baitu. Obrak 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean daude sarturik.

2018ko abuztuaren 1ean, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak jakinarazi zuen dokumentazioa osatu behar dela ingurumen ukipenen azterlan batekin. Azterlanak martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamenduaren 34. artikuluak ezartzen dituen edukiak izango ditu, eta batez ere auzi hauei bilatuko die irtenbidea: landaredi naturala duten lurrei eta “Traviesa 5” abelbideari eginiko kalteak, eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostena (Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentua), balizko aztarnategi arkeologikoei buruzkoa. Sustatzaileak 2018ko irailaren 14an eman zuen erantzuna, ingurumen ukipenen azterketa erantsita.

Espedientean 2018ko abuztuaren 8ko txostena dago, Cadreitako Udalaren aldekoa hirigintzari dagokionez, baita 2018ko abuztuaren 31ko Alesbesko Udalaren txostena ere, aldekoa hura ere, baina baldintza batzuekin (ukitutako bideak birjartzea eta eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretua aintzat hartzea). Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. 2018ko abenduaren 13ko txostena aldekoa da, baina baldintza batzuk jartzen ditu.

Espedientean Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren 2018ko irailaren 5eko txostena dago, aldekoa.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin zuen 2018ko abenduaren 18an, ebazpen honetan biltzen diren ingurumen arloko baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: Cadreitarako ur horniduraren proiektua eroanbide berri baten bidez, Cadreita eta Alesbeseko udal-mugarteetako ur-biltegi nagusitik. Sustatzailea Cadreitako Mankomunitatea da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Zuhaitzei egindako kalteak gutxiagotu egingo dira eroanbidea alepo-pinudien ondoan doan tarteetan. Horretarako:

a) Hodiaren trazadura aldatuko da Moranteren eskortaren ondoan (pk 0+700), basoaren txoko bat zeharkatu behar ez izateko (ukipenen azterketako 7. orrian identifikatzen den puntua). Hori egingarria da trazadura hurbileko pistara hurreratzen bada.

b) Morantesen bidearekin paralelo doazen tarteeko trazaduraren birplanteatzea (0 pk-tik 0+650 pk-ra) eta AHT trenaren zerbitzuko bidearena (1+350 pk-tik 1+800 pk-ra), basozainak bertan daudela egingo da (12. barrutia-Tutera), trazadura doitzeko zuhaitzei ahalik eta kalte gutxien egiteko moduan, edo hala badagokio, bota behar diren zuhaitzak markatzeko. Sustatzaileak 48 ordu lehenago gaztigua eman behar du posta elektronikoaren helbide honen bidez: ogfotude12@cfnavarra.es.

–Azken tartean, biltegiaren ondoan, eroanbideak zeharkatzen du 85 metroren bat luze den zuhaitzik gabeko baso-eremu bat (sasi mediterraneoa baita). Han ukipen-zabalera ahalik eta gehien murriztuko da, eta horizonte edafikoen birjartze egoki bat egingo da.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Ur-biltegiaren ondoko (18 metro ipar-ekialderantz) legar-hobien (500 m² inguru) profilatuari eta paisaian txertatzeari ekingo zaie, baita ere.

Hirigintzari eta lurraldeari dagokionez:

–Baimenak Cadreita urez hornitzeko azpiegitura burutzea babesten du. Aldiz, ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.

–Azpiegiturarekin lotuta eta lurraren sestra baino gorago dauden elementuek 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute bide publikoen kanpo bazterretik neurtuta (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 art.).

–Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren ureztalur-lurzatien ukipenari buruzko txostenarekin bat, lurzoruak nekazaritzarako duen gaitasunari ahalik eta gehien eusteko, baimena jasotzeko baldintza beharrezkoa izanen da eskatzaileak konpromisoa hartzea lurzorua berriz ere egokitzeko, behin zanga bete ondoan.

–Herri-lurren Atalaren txostenak jakinarazi duenaren arabera, prezio justuaren ordainketaren bidezko herri-lurren nahitaezko desjabetzea gai horretan indarrean dagoen legediak arautuko du, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.4 artikuluak eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 151. artikuluak, zeina zorrozki bete baita, ezartzen dutenaren arabera.

–Jabari publikoko eremuaren edo/eta tren-babesaren ukipenari dagokionez, trenbideari buruzko legeek ezartzen dutenari jarraituko zaio (Trenbide Sektoreari burizko 38/2015 Legea, Trenbide Sektorearen Erregelamendua onesten duen 2387/2004 Errege Dekretua eta indarrean dauden gainerako arauak), eta Abiadura Handiko Trenbide Azpiegituren Administratzailearen ebazpenak ezartzen dituen betebeharrak beteko dira.

–Ubide naturalen eta ura hartzearen ukipenak arroko erakundearen baimena eduki beharko du. Beste alde batetik, Moranteko idoiari lotutako azpiegituraren kudeatzailearen baimena ere beharko da, hala badagokio.

–Cadreitaren eta Alesbesen udal-mugarteen arteko abelbidearen bidegurutzeari (Traviesa 5) dagokionez, gogoratu behar da sektoreko legedia bete behar dela, eta hala badagokio, organo arduradunaren baimena egongo da.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Ildo horretan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratuko duela bost urteko epean gehienez.

3. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Cadreitako eta Alesbesko udalei, Basozaintzari (12. barrutia, Tutera) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko abenduaren 21ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1816073