14. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 3koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez berariazko prestakuntzako ikastaro batzuen deialdia egiten baita lan esperientziaren bidez edo bestelako prestakuntza bide ez-formaletan eskuratutako lanbide gaitasunak aitortu eta egiaztatzeko prozeduran (uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren bidez arautuan) aholkulari edo ebaluatzaile gisa aritu nahi dutenek behar den gaikuntza lor dezaten.

Lan esperientziaren bidez eskuratutako lanbide gaitasunak aitortzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak ezartzen duenez, aholkularitza eta ebaluazio lanak administrazio eskudunek gaitutako pertsonek beteko dituzte. Errege dekretu horren 22.3 artikuluak zehazten du, orobat, autonomia erkidegoetako administrazio eskudunek gaituko dituztela aholkularitza eta ebaluazio lanak bermatzeko behar diren pertsonak.

Bestalde, eginkizun horietan aritzeko gaikuntza lortzeko, errege dekretu horren 25.1 artikuluak ezartzen du zenbait baldintza bete behar direla esperientziari dagokionez, eta prestakuntza ikastaro berariazko bat gainditu. Era berean, adierazten da administrazio eskudunek antolatu edo gainbegiratu behar dutela ikastaro hori.

Abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuaren bidez, pertsonek lan esperientziaren bidez edo bestelako prestakuntza bide ez-formaletan lortutako lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura Nafarroako Foru Komunitatean ezartzeko arauak eta horretaz arduratuko den antolaketa egitura finkatu ziren. Haren 26. artikuluan zehazten da Nafarroako Lanbide Kualifikazioen Institutuari dagokiola prozeduraren orientatzaile, aholkulari eta ebaluatzaileak prestatu eta gainbegiratzea.

Ikusita Lanbide Heziketaren Zerbitzuak aurkeztutako txostena, lanbide gaitasuna egiaztatzeko prozedurako aholkulariak eta ebaluatzaileak gaitzeko ikastaroen deialdiari dagokionez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ikastaro baten deialdia egitea lan esperientziaren bidez edo bestelako prestakuntza bide ez-formaletan eskuratutako lanbide gaitasunak aitortu eta egiaztatzeko prozeduran (uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren bidez arautuan) aholkulari edo ebaluatzaile gisa aritu nahi dutenek gaikuntza lor dezaten, ebazpen honen 1. eranskinean biltzen diren oinarriei jarraituz.

2. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Lanbide Heziketaren Zerbitzuko Lanbide Kualifikazioen Atala izendatzea gaikuntza ikastaroak antolatu, eman eta segimendua egiteko organo arduradun.

3. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariari baimena ematea behar adina ebazpen emateko deialdi honen garapena egokia izan dadin.

4. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta haren eranskinak igortzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kudeatzailetzari, Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari eta Lanbide Gaitasunak Egiaztatzeko eta Iturrondo Zentroaren Atalari, eta Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Lanbide Kualifikazioen Atalari eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 3an.–Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendaria, Hasier Morras Aranoa (Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ordez, Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 1eko 109/2017 Foru Aginduaren indarrez).

1. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

a) Ebazpen honen xedea da berariazko prestakuntza ikastaro baten deialdia egitea Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, horren bidez gaikuntza emateko lanbide kualifikazio batzuen gaitasun unitateen ebaluatzaile eta aholkulari lanetan arituko diren pertsonei. Deialdi honen 2. eranskinean daude jasota kualifikazio horiek.

b) Berariazko ikastaro bat eginen da aholkulariak gaitzeko eta beste bat ebaluatzaileak gaitzeko.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

a) Ikastaro horiek egin ahal izateko, interesdunek frogatu beharko dute deialdi hau argitaratzen den egunean gutxienez 4 urteko esperientzia dutela, deialdiko kualifikazioei lotua, kolektibo hauetakoren batean:

–Hezkuntzako administrazio publikoko irakasleak, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen edo Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan aitortutako espezialitatekoak, kasuan kasuko lanbide arloan irakaslana esleitua dutenak.

–Prestatzaileak, hezkuntza sistemakoak ez direnak eta zehazten diren gaitasun unitateetan espezializatuak.

–Hezkuntzaz kanpoko administrazio publikoetako edo enpresetako profesionalak, zehazten diren gaitasun unitateetan adituak, lanbide heziketako espezialitateetara parekatutako irakasleak barne, funts publikoak dituzten ikastetxeetan lanbide heziketako heziketa ziklo itunduak irakasten badituzte.

b) Profesionaltasun ziurtagiri edo titulu ofizial bat izatea, gaikuntza zer kualifikaziotarako nahi den, horri dagokion maila bera izanen duena bederen. Baldintza hori ez da nahitaezkoa izanen administrazioko funtzionarioentzat.

c) Ez egotea beste edozein ikastaro egiten helburua duena lanbide gaitasunak aitortzeko prozeduretan aholkulari edo ebaluatzaile gisa aritzeko gaikuntza lortzea (uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak arautzen ditu prozedura horiek).

d) Interneteko sarbidea izatea, baita erabiltzaile mailako informatikako oinarrizko ezagutza ere.

3.- Deialdiko lanpostuak.

a) Aholkulariak eta ebaluatzaileak gaitzeko berariazko ikastaroan 80 toki eskaintzen dira. Horietatik 40 aholkulari izateko dira, eta beste 40, berriz, ebaluatzaile izateko.

b) Berariazko baldintzarik ez duten tokiak (irakasle funtzionarioentzat edo adituentzat ez direnak) honako hauek eskatzen ahalko dituzte: beste administrazio publiko batzuetako funtzionarioek eta langileek, hezkuntza sistemako irakasleek, prestatzaileek eta enpresa munduko adituek.

c) Eskaintzen diren tokiak honela banatzen dira:

–Aholkulariak:

  • 4 lanpostu, farmaziaren esparruan (lanbide arloa: osasuna).
  • 3 lanpostu, ile-apainketaren esparruan (lanbide arloa: irudi pertsonala).
  • 4 lanpostu, ibilgailuen elektromekanikaren esparruan (lanbide arloa: garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak).
  • 3 lanpostu web-orriak sortzeko eta editatzeko esparruan, eta aplikazioen garapenenean web teknologiak erabiliz (lanbide arloa: informatika eta komunikazioak.
  • 2 lanpostu, biltegi jardueren antolakuntza eta kudeaketaren esparruan (lanbide arloa: merkataritza eta marketina).
  • 4 lanpostu, tanatopraxiaren esparruan (lanbide arloa: osasuna).
  • 4 lanpostu, hileta zerbitzuetan bezeroari arreta emateko eta protokolo ekintzak antolatzeko esparruan adituak diren pertsonentzat (lanbide arloa: gizarte eta kultura zerbitzuak eta komunitatearentzako zerbitzuak).
  • 3 lanpostu, toki irekietan eta industria instalazioetan garbitzeko esparruan (lanbide arloa: segurtasuna eta ingurumena).
  • 3 lanpostu, etxebizitzak, eraikinak eta lokalak garbitzeko esparruko adituentzat (lanbide arloa: gizarte eta kultura zerbitzuak eta komunitatearentzako zerbitzuak).
  • 3 lanpostu, telekomunikazio instalazioen esparruko adituentzat (lanbide arloa: elektrizitatea-elektronikoa).
  • 2 lanpostu, hezkuntza premia berariazkoak dituzten ikasleei arreta emateko esparruan (lanbide arloa: gizarte eta kultura zerbitzuak eta komunitatearentzako zerbitzuak).
  • 5 lanpostu Lanbide Heziketako irakasleentzat, deialdi honetan biltzen ez diren profiletakoak ez direnak.

–Ebaluatzaileak:

  • 6 lanpostu, farmaziaren esparruan (lanbide arloa: osasuna.
  • 2 lanpostu, diagnostiko kliniko eta ortoprotesikoko espezialitateko irakasle funtzionarioentzat (lanbide arloa: osasuna.
  • 5 lanpostu, ile-apainketaren esparruan (lanbide arloa: irudi pertsonala).
  • 2 lanpostu langile publikoentzat eta beste 2 lanpostu adituentzat, web-orriak sortzeko eta editatzeko esparruan, eta aplikazioen garapenenean web teknologiak erabiliz (lanbide arloa: informatika eta komunikazioak).
  • 2 lanpostu, biltegi jardueren antolakuntza eta kudeaketaren esparruan (lanbide arloa: merkataritza eta marketina).
  • 4 lanpostu, tanatopraxiaren esparruko adituentzat (lanbide arloa: osasuna.
  • 3 lanpostu, toki irekietan eta industria instalazioetan garbitzeko esparruan (lanbide arloa: segurtasuna eta ingurumena).
  • 3 lanpostu, etxebizitzak, eraikinak eta lokalak garbitzeko esparruko adituentzat (lanbide arloa: gizarte eta kultura zerbitzuak eta komunitatearentzako zerbitzuak).
  • 3 lanpostu, hileta zerbitzuetan bezeroari arreta emateko eta protokolo ekintzak antolatzeko esparruan adituak diren pertsonentzat (lanbide arloa: gizarte eta kultura zerbitzuak eta komunitatearentzako zerbitzuak).
  • 4 lanpostu, ibilgailuen elektormekanikaren esparruko adituentzat (lanbide arloa: garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak).
  • 2 lanpostu, telekomunikazio ibilgailuen esparruan (lanbide arloa: elektrizitatea-elektronika).
  • 2 lanpostu, hezkuntza premia berariazkoak dituzten ikasleei arreta emateko esparruan (lanbide arloa: gizarte eta kultura zerbitzuak eta komunitatearentzako zerbitzuak).

Aurreko ataletan aholkulari edo ebaluatzaileentzat ezarritako lanpostu guztiak betetzen ez badira, hutsik gelditzen direnak aurreko zerrendan agertzen diren gainerako taldeei esleitzen ahalko zaizkie, ezarritako lanpostu guztiak bete arte.

4.–Izena emateko eskaera.

a) Ikastaroan parte hartu nahi dutenek eskabide-orria bete behar dute, zer kualifikaziotan parte hartu nahi duten, horiexek lehenetsita, 3.a) eta 3.b) eranskinetan ezarritako ereduei jarraituz, nork bere kolektiboari dagokiona.

b) Interesdunek bi gaikuntzetako bat hautatu behar dute, edo, kasua bada, adierazi bi ikastaroetako edozeinetan parte hartu nahi dutela. Halakoetan, Hezkuntza Departamentuak modalitate bat esleituko dio, libre dauden tokien arabera eta aurreikusten diren beharren arabera.

c) Eskatzaileek eskabide-orrian zehaztu behar dute zer kolektiboren bidez hartzen duten parte, hiru hauen artetik aukeratuta: hezkuntzako sistema publikoko bigarren hezkuntzako irakasleak eta lanbide heziketako irakasle teknikoak (funtzionarioak izan ala ez), kasu horretan, irakasle espezialitatea zehaztuta; prestatzaile espezializatuak; edo administrazio publikoko edo enpresako profesional adituak.

5.–Izena emateko dokumentazioa.

Ikastaroan parte hartu nahi dutenek, kasuan kasuko eskabide-orriaz gain, dokumentazio hau ere aurkeztu behar dute:

a) Nortasun agiri nazionala.

b) Enplegatu publikoen kasuan: zerbitzu orria.

c) Gainerako kolektiboen kasuan:

1. Curriculum vitae-a.

2. Lan bizitzaren ziurtagiria.

3. Jardun duen enpresaren edo enpresen ziurtagiria, datu hauek jasoko dituena berariaz: kontratazio aldiak, egindako lanak eta zenbat denbora egin duen lan horietan, 3.c) eranskineko ereduaren arabera. Agiri horiek aurkeztu ezin badira, eskatzaileak lan kontratuak aurkez ditzake.

4. Prestatzaileen kasuan, irakatsitako ikastaroen ziurtagirien kopia, berariaz adierazita zenbat ordu edo kreditutakoak izan diren eta zer eduki izan duten.

5. Profesionaltasun ziurtagiria edo titulu ofiziala, gaikuntza zer lanbide kualifikaziotarako eskatzen den, horrexen maila berekoa bederen, bidezkoa denean.

6. Baremoko merezimenduak edo eskaeran alegatutakoak justifikatzen dituzten beste agiri batzuk.

6.–Onartzeko irizpideak.

Jasotako eskaeren kopurua deialdiko tokiena baino handiagoa denean, hautapen irizpide hauek aplikatuko dira:

1. Azkeneko lehenespen taldean sartuko dira, aurreko deialdi batean aholkulari edo ebaluatzaile gisa gaituta egonda, beste profil teknikorako gaikuntza lortu nahi duten eskatzaile guztiak.

2. Aditu profilarekin iragartzen diren tokiak eskuratzeko, irakasle ez direnak lehenetsiko dira, salbu eta prestakuntza jardueran parte hartzeko eskatzen diren lanbide esperientziari buruzko baldintzak irakaskuntza esparrutik kanpora ere betetzen badituzte.

3. Kontuan harturik aurreko puntuetako irizpideak, lanbide esperientziarik handiena duten langileak lehenetsiko dira, baremo honi jarraikiz:

a) Zer kualifikaziotan nahi den gaikuntza, esparru horretan eta lanaldi osoan lan egindako urte bakoitzeko: 1 puntu. Denbora zati laburragoak, egun batera bitartekoak, proportzionalki konputatuko dira. Esperientzia konputatzeko, deialdi hau argitaratzen den eguna hartuko da erreferentzia gisa.

b) Hezkuntza sistemakoak ez diren prestatzaileen kasuan, esperientzia adierazten bada irakatsitako ordutan edo kreditutan, ulertuko da 600 eskola-ordu urtebeteko esperientzia dela. Denbora zatikiak ere konputatuko dira: 2,5 ordu, egun bakoitzeko. Kredituen kasuan, ulertzen da kreditu batek 10 orduko balioa duela.

c) Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari dagozkion kualifikazioen garapenean parte hartzeagatik, edo egiaztapen prozedura sostengatzeko tresnetan eta/edo profesionaltasun ziurtagirien garapenean: 1 puntu.

d) Berdinketa kasuetan, zozketaz erabakiko da.

7.–Eskaerak aurkeztea.

Parte hartzeko eskaerak, beharrezkoa den dokumentazioarekin batera, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta 2019ko urtarrilaren 23tik 31ra bitarte aurkeztuko dira, departamentu horretako Erregistroaren bulegoan, ahal bada, edo Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez: (http://www.navarra.es/home_es/servicios/ficha/1718/registro-general-electronico), eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluak dioen moduan ere aurkezten ahal diren arren.

8.–Onartuen zerrendak.

Onartuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Gobernuko Zerbitzuen Atarian argitaratuko dira 2019ko otsailaren 4an. Zerrenda horien aurka erreklamazioren bat aurkeztu nahi duten pertsonek hiru egun balioduneko epea izanen dute horretarako, behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Onartuen behin betiko zerrendak 2019ko otsailaren 11n argitaratuko dira.

9.–Ikastaroaren ezaugarriak.

Lan esperientziaren bidez lortutako lanbide gaitasunak aitortzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 4. eta 5. eranskinetan ezarritakoarekin bat etorriko da ikastaroaren edukia.

Ikastaroak 50 prestakuntza ordu izanen ditu; horietatik 20 prestakuntza presentzialekoak izanen dira, eta 30 urrutiko prestakuntzakoak. Saio presentzialak otsailaren 14an, 19an, 21ean, 26an eta 28an eginen dira. Urrutiko fasea 2019ko martxoaren 15ean bukatuko da.

10.–Gaikuntza.

a) Aholkulari eta ebaluatzaileen prestakuntza ikastaroa gainditzen duten pertsonek gaikuntza jasoko dute lanbide gaitasunak egiaztatzen dituzten prozeduretan aritzeko, eta kasuan kasuko erregistroetara gehituko dira.

b) Prestakuntza gainditutzat jotzeko, parte-hartzaileek ikastaroa probetxuz bukatu behar dute, saio presentzial guztietara joan, eta ezartzen diren jarduera guztiak egin. Saioren batera huts eginez gero, ez da gaikuntza emanen, justifikatutako arrazoiren bat izan ezean. Honako hauek dira justifikatutako arrazoiak: parte-hartzailea gaixorik egotea eta, horregatik, ezinezkoa izatea ikastaroa egiteko tokira joatea eta bertaratzea, edo nahitaezko eginbehar publiko edo pertsonal bat izatea. Nahitaezko eginbehar publiko edo pertsonaltzat hartzen da pertsona bati, bete ezean, erantzukizun penal, zibil edo administratibo bat sorrarazten dion betebeharra. Kasu horietan, inguruabar hori frogagiri bidez justifikatu beharko da, saio presentziala egin eta hurrengo bost egun balioduneko epean.

c) Hezkuntzako zuzendari nagusiak emanen du gaikuntza, eta Estatuko Administrazio Orokorrak nahiz autonomia erkidegoek lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko egiten dituzten prozeduren deialdietarako ere balioko du.

d) Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen edo Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetakoak diren irakasle funtzionarioen gaikuntzak honako hauetarako balioko du:

–Aholkularien kasuan, irakaslana zein lanbide arlotan duten esleitua, lanbide arlo horretarako guztirako.

–Ebaluatzaileen kasuan, irakaslana zein lanbide modulutan duten esleitua, haiei loturiko gaitasun unitateak dituzten kualifikazio guztietarako.

e) Gainerako kolektiboen gaikuntza lanbide kualifikazio edo gaitasun unitate zehatzetarako izanen da.

f) Deialdi honen bidez gaikuntza jasotzen dutenek konpromisoa hartzen dute Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren prozedura deialdietan parte hartzeko, ebaluatzaile gisa edo aholkulari gisa, salbu eta behar bezala justifikatutako arrazoiren bat baldin badago, b) letran adierazitakoari jarraikiz.

g) Deialdi honen bidez aholkularien edo ebaluatzaileen gaikuntza jasotzen duten pertsonak ezin izanen dira hautagai gisa aurkeztu Nafarroan egiten den hurrengo deialdian, gaikuntza zer lanbide kualifikaziotan jasotzen duten, horiexetan.

2. ERANSKINA

Deialdiko lanbide kualifikazioak

1.–Merkataritza eta marketin arloa.

COM411_1. Biltegiko jarduera osagarriak.

COM315_3. Hornikuntzaren kudeaketa eta kontrola.

COM318_3. Biltegiak antolatzea eta kudeatzea.

2.–Telekomunikazio instalazioen arloa.

ELE043_2. Eraikinetan telekomunikazioetako azpiegituren instalazioak muntatu eta mantentzea.

ELE189_2. Telefonia sistemen eta tokiko datu sareetako azpiegituren muntaketa eta mantentze-lanak.

ELE258_3. Eraikinen ingurunean telekomunikazio azpiegituren eta ahots eta datu sareetako azpiegituren proiektuak garatzea.

ELE383_3. Eraikinen ingurunean telekomunikazio azpiegituren eta ahots eta datu sareetako azpiegituren muntaketa eta mantentze-lanak kudeatu eta gainbegiratzea.

3.–Farmaziaren arloa.

SAN123_2 Farmazia.

4.–Hileta zerbitzuak.

SSC608_2. Hileta zerbitzuetan bezeroari arreta ematea eta protokolo ekintzak antolatzea.

SAN491_3. Tanatopraxia.

5.–Garbiketaren arloa.

SSC319_1. Gainazalak eta altzariak garbitzea eraikinetan eta lokaletan.

SEA406_1. Garbiketa toki irekietan eta industria instalazioetan.

SSC446_3. Garbiketa taldeen kudeaketa eta antolaketa.

6.–Hezkuntzaren arloa.

SSC444_3. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleendako (HPBI) arreta ikastetxeetan.

7.–Ile-apainketaren arloa.

IMP022_1. Ile-apainketako zerbitzu osagarriak.

IMP119_2. Ile-apaindegia.

IMP249_3. Ile-apainketa tekniko-artistikoa.

IMP397_3. Ile-tratamendu estetikoak.

8.–Automozioaren arloa.

TMV049_3. Karrozeriaren arloaren plangintza eta kontrola.

TMV050_3. Elektromekanikaren arloaren plangintza eta kontrola.

9.–Informatikaren arloa.

IFC297_2. Web-orriak egitea eta argitaratzea.

IFC078_2. Sistema mikroinformatikoak.

IFC154_3. Aplikazioen garapena web teknologiekin.

Kualifikazio horien garapena esteka honetan kontsultatu daiteke:

http://cualificaciones.educacion.navarra.es/index.php/el-sistema-nacional-de-cualificaciones/catalogo-nacional-de-cualificaciones.

3.A) ERANSKINA

Eskabide eredua irakasle funtzionarioentzat.

3 B) ERANSKINA

Eskabide eredua beste kolektibo batzuentzat.

3.C) ERANSKINA

Jarduera profesionalaren ziurtagiria.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1900170