14. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASCANTE

Laborantza ureztatuko herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Cascanteko Udalak, 2018ko abuztuaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Cascanteko laborantzako herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Iragarkia 2018ko 180. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 17an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi da. Hona hemen haren testua, osorik:

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Cascanten, 2018ko abenduaren 4an.–Alkate udalburua, Alberto Añón Jiménez.

ORDENANTZA, CASCANTEKO LABORANTZA UREZTATUKO HERRI-LURRAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Cascanteko Udaleko ureztaketako herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zaintza, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Herri-lurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak enbargaezinak, preskribaezinak eta besterenezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izango.

Ez dute aldaketarik jasango beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua), Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, ordenantza hauek eta, bestela, Nafarroako Zuzenbide Pribatuko arauak; ezertan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko eskumenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Cascanteko Udalari dagozkio, erregelamendu honetan ezartzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen gainean Cascanteko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren onespena beharko dute soilik Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Gaineko Erregelamenduan (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Cascanteko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela beste bide batzuen bitartez lortzen ahal, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek lehentasuneko aukerak baitira.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzultzea gertatuko balitz, lur horiek Cascanteko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

Desafektazioa egiteko prozedura izango da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Gaineko Erregelamenduaren (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) 143.ean eta hurrengoetan ezarritakoa.

III. TITULUA

Herri-ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Cascanteko Udala herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzeaz arduratuko da, eta aurka egingo dio edozein pribatizazio saiori edo horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua. Cascanteko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Cascanteko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emango dio Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Caparrosoko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespena beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Cascanteko Udalak administrazio bidea erabiliko du, betiere, baimen, kontzesio edo beste edozeren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izango da.

12. artikulua. Cascanteko Udalak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, kontratuak interpretatuko ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Cascanteko Udalak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izango da; betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran.

Laborantzako herri-lurretako aprobetxamenduetarako arauak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. 1. Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Cascanteko Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez hiru urte lehenagotik.

c) Cascanten urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

d) Cascanteko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea. Betetzen ez badu, espedientea tramitatu ondoren, herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkio gelditzen den adjudikazio aldi osorako; lurrak, dauden bezala, Udalaren esku geldituko dira, kalte-ordainik edo erreklamaziorik egiteko eskubiderik gabe.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren: betiere, haien diru-sarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau ulertzeko sor daitezkeen zalantzak Cascanteko Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, herri-lurren batzordeak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

15. artikulua. Cascanteko laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduak lau modutan adjudikatuko dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa.

d) Cascanteko Udalaren zuzeneko ustiapena.

Cascanteko Udalak modu horiek erabiliko ditu laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak

16. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek Ondasunen Erregelamenduko 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo adimenekoa duten kideak baldin badaude, eskumena duen estatuko eta/edo erkidegoko administrazioak emandako agiri baten bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan edukitzea, abeltzaintzarako edo industriarako lurrak edukitzea, hiri-lurraren gaineko kontribuzioa, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita gisako izaera duen beste edozein datu ere.

17. artikulua. 1. Lote mota bakoitzaren azalerak eta modalitateak honako hauek dira:

a) Ureztalurra: 10.000 m².

2. 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei eman beharreko loteak zehazteko, ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuko zaizkio:

a) Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea.

18. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduetarako finkatu baldintzak betetzen dituzten familia unitate asko badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Cascanteko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, ordenantza honen 16. eta 17. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.

19. artikulua. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea hamar urtekoa izango da.

20. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herri-lurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte: 17 euro/erregua.

21. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak, eta ezin izango dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek, banan-banan, 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

22. artikulua. Ordenantza honi doakionean, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikazio-hartzaileak edo haren familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izango dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, 15 eguneko epearen barrenean jakinaraziko zaio Cascanteko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, 23. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

23. artikulua. Familia unitatea osatzen duten kideen borondatearen aurkako arrazoiren batengatik edo ezintasun fisikoa izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Cascanteko Udalak adjudikatu egingo ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrendako zuzeneko adjudikazio aprobetxamenduaren bidez. Cascanteko Udalak lurzatien onuradunei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Cascanteko Udalak ezintasun fisikorik edo bestelakoren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte; era berean, azpierrentamenduan, apartzerian edo lagapenean parte hartzen dutenei, edo adjudikazio-hartzaileak zuzenean eta pertsonalki parte hartu gabe laborantzan dabiltzanei.

Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

24. artikulua. Cascanteko Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahal ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki lantzen ulertuko da honakoetan:

a) Nekazaritzako makineria edukita, adjudikatutako herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Landazain Zerbitzuaren edo Nekazaritza Batzordearen txostenaren arabera, adjudikatutako lurzatiak lantzen ez dituztenak.

c) Honako alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu, eta agindu epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, erregaiak, ongarriak, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez dituztenean, egin beharra izanda ere.

e) Adjudikatutako lurzatiaren %80, gutxienez, lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak badituzte.

2. ATALA

Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa

25. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, baita onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean.

26. artikulua. Nekazaritza Batzordeak erabakiko du zein den herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko loteen azalera eta mota, lehentasuna dutenen arteko adjudikazioa egin ondotik, zenbateko nekazaritzako azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan; eskatzaileak nekazariak badira, haien ustiategien tamainaren alderantzizko proportzioan.

27. artikulua. Adjudikazio-epea 19. artikuluan adierazitako bera izango da.

28. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herri-lurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte: 40 euro/erregua.

29. artikulua. Adjudikaziodunak zuzenean landu beharko ditu lurrak. Horretarako, 21., 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

30. artikulua. Cascanteko Udalak laborantzarako herri-lurren azalera osoaren %5 gainditzen ez duen eremu bat gordetzen ahal du onuradun berriei adjudikatzeko. Udalak herri-lur horiek zuzenean edo enkante publikoaren bidez adjudikatu ahalko ditu behin-behinekoz eta indarrik gabe utzi, lehentasuna duen onuradun berri bati laga beharrez, baina horrela bada adjudikazioaren baldintzetan espresuki adierazi beharko da.

31. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondotik, aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, halako diru-sarrera batzuetatik gorakoak dituzten familia unitateen titularrenak kenduko dira. Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetako 16.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

3. ATALA

Udalak zuzenean egindako ustiapena edo enkante publikoa

32. artikulua. Cascanteko Udalak, Lehen eta Bigarren Ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra sobran baldin badago, enkante irekian egingo du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emango du.

Hasierako prezioa 45 euro/erregua izango da.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

33. artikulua. Cascanteko Udalaren osoko bilkurak erabakita, hogei egun balioduneko epea zabalduko da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Cascanteko Udalaren iragarki-taulan jarrita aditzera emango baita, eskubide dutela uste duten guztiek herri-lurretako lurzatiak adjudikatzeko idatziz eska dezaten, argi eta gabi adierazita herritarrendako adjudikazioko zer aprobetxamendu mota eskatzen duten.

34. artikulua. Eskabideekin batera erantzukizuneko aitorpen frogagarria aurkeztu beharko da honako hauei buruz:

a) Cascanteko bizilaguna izatea, hiru urte lehenagotik gutxienez ere, eta bertan urtean bederatzi hilabetez bizitzea, gutxienez.

b) Cascanteko Udalarekin zerga arloko beharkizunak beteak edukitzea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik baldin badute, aipatu beharra dute eskatzaileek.

d) Familia unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Cascanteko mugapekoak bai bestelakoak.

e) Aurreko ekitaldi ekonomikoko Errenta Aitorpenaren kopia edo familia unitateko kide bakoitzak lortzen dituen diru-sarrerak egiaztatzeko edozein agiri.

Cascanteko Udalak ahalmena izango du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 16.3) artikuluan zehazten den bezala.

35. artikulua. Nekazaritza Batzordeak proposatuta, Udalaren Gobernu Batzarrak lehentasunezko edo herritarren arteko adjudikazio modu bakoitzean onartutakoen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izango da.

Erregelamendu honen 14., 16. eta 21. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez bada, erregelamenduaren 15 b), c) eta d) artikuluan ezarritako moduen artean adjudikatuko ditu herri-lurren aprobetxamenduak.

36. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki-taulan jarriko da 10 egun balioduneko epean, interesdunek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten edo, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

37. artikulua. Alegazioak edo zuzendu beharreko akatsak aurkeztuz gero, Gobernu Batzarrak Nekazaritza Batzordearen txostena jaso ondoren, haiei buruzko ebazpena emango du, beharrezko arrazoiak azalduta, eta adjudikazio modu bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko.

38. artikulua. Gobernu Batzarrak, Nekazaritza Batzordearen txostena jaso ondoren, behin-behinekoz adjudikatuko ditu lurzatiak edo loteak.

Adjudikazioa herritarren arteko lehentasuneko aprobetxamenduetarako egingo da lehendabizi eta, ondoren, herritarren arteko zuzeneko adjudikazioetarako, honako irizpde hauekin bat:

–Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak: adjudikazioak, herritarren arteko lehentasuneko aprobetxamenduen onuradun izan daitezkeenei, lanbide arteko gutxieneko soldataren erdiaren adinako diru-sarrera garbia ekarriko die.

–Herritarrendako zuzeneko aprobetxamenduak: adjudikaziorako irizpidea izango da familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioa, edo eskatzaileak nekazariak badira, haien ustiategien tamainaren alderantzizko proportzioa.

Herritarren arteko aprobetxamenduen behin-behineko adjudikazioa egin ondoren, adjudikazioa argitaratu egingo da 10 eguneko epean iragarki bat jarrita ediktuen taulan eta udalaren egoitza elektronikoan, alegazioak eta erreklamazioak aurkeztu ahal daitezen.

Epe hori iraganik, Cascanteko Udalak alegazioak edo erreklamazioak ebatziko ditu, halakorik bada, eta aprobetxamenduaren behin betiko adjudikazioa erabakiko du.

Alegaziorik jartzen ez bada, Gobernu Batzarrak adostutako behin-behineko adjudikazioa behin betikoa bilakatuko da.

5. ATALA

Laborantzako herri-lurren adjudikazio-hartzaileen betebeharrak

39. artikulua. Adjudikazio-hartzaileek ordaindu behar dute adjudikazio erabakian ezarritako edo enkantean ateratako urteko kanona, aldez aurretik eta urte bakoitzaren lehen hiruhilekoan. Aurrekoa gorabehera, adjudikazioan erabakitako urtekoaren prezioa hilabeteka hainbanatuko da, eta adjudikazioa erabaki eta jakinarazten den egunaren hurrengo hilabetean ordainduko da.

Kanona urtero berrikusiko da, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

40. artikulua. Ureztalurren adjudikazio-hartzaileek beren kargura hartuko dituzte ur kontsumoaren eta ureztaketarako azpiegiturak mantentzeko eta konpontzeko lanek sorrarazitako gastuak eta Ureztatzaileen Elkarteak ezartzen dituen ordainarazpenak.

Aurrekoa gorabehera, adjudikazio-hartzaileek ez daude behartuta beren kargura hartzera lanek sorrarazitako gastuak adjudikatutako lote edo lursailetan dauden hidranteen aurreko ureztaketarako azpiegiturak mantentzeko eta konpontzeko.

Era berean, beren gain hartuko dituzte adjudikazio-hartzaileari egozten ahal zaion uraren erabilera okerragatik edo bestelako arau-hausteengatik Ureztatzaileen Elkarteak ezartzen ahal dituen zehapenak.

41. artikulua. Laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduaren adjudikazioan, adjudikazio-hartzaileak hartzen ditu egon daitezkeen arriskuak eta onurak. Adjudikazio-hartzaileak loteen adjudikazioa onartzen du dauden baldintzetan, eta ezin dio lurzatien egoera edo ureztaketa azpiegituren egoera dela eta sortutako kalte-galeren ordainik eskatu Cascanteko Udalari.

Cascanteko Udalak ez du ardurarik bereganatzen adjudikazioaren indarraldian lurzatien egoera edo ureztaketa azpiegituren egoera dela eta hirugarrenei sortzen ahal zaizkien kaltegalerengatik, ez eta adjudikazio-hartzaileek herri-lurretako aprobetxamenduan sorrarazten dituzten egintzengatik ere.

Udalak ez du inolako erantzukizunik izango ureztaketa azpiegiturak (hidranteak, aspertsoreak, programagailuak, etab...) konpontzeko edo mantentzeko adjudikazioak dirauen artean.

42. artikulua. Adjudikazio epea bukatu ondoren, lurzatiak Udalari itzuliko zaizkio jaso ziren baldintza beretan eta/edo adjudikazio-hartzaileek haietan egindako hobekuntzekin; horiek herri-lurrean geratuko dira eta adjudikazio-hartzaileak ez du kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik, beren kontura instalatu edo finantzatu baditu ere.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-lurretako ondasunetan

43. artikulua. 1. Cascanteko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

d) Udalerrian lanpostuak eta aberastasuna sortzen dituzten proiektuak.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izango dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea, eta, Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten ahal zaizkien kalte eta galerengatik jasotako kalteordainak ere, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

44. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunetan jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.

45. artikulua. Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da herri-lurrak laborantzarako luberritzeko.

V. TITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

46. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira laboreekin zerikusia duten gertakari hauek:

1.–Norberak ez lantzea adjudikatutako lurzatiak.

2.–Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen ez lantzea.

3.–Lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

4.–Kanonak, gizarte aseguruak, landazaintza edo erregelamendu bidez ezarritako bestelako tasak zein bere epean ez ordaintzea.

5.–Nekazaritzako lanak Erregelamendu honek baimentzen ez dituen aroetan egitea, larreen ustiapenaren kaltetan.

6.–Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) Udalaren baimenik gabe landatzea.

7.–Lurzati bat goldatzean ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

8.–Lurzatiak banatzen dituzten ezpondak goldatzea.

9.–Bideak edo altxonbideak landatzea, edo txaradia (erromeroa, milazka etab.) luberritzea.

10.–Bideetan eta altxonbideetan harria edo bestelako materialak botatzea.

11.–Azienden idoietatik ura hartzea eta tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea horretarako.

12.–Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

13.–Erregelamendu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

14.–Plastikoak, ontziak, bidoiak eta horrelakoak ez biltzea edo erretiratzea adjudikatutako lurzati, sarbide edota altxonbideetatik.

47. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izango dituzte:

–1, 2, 3, 4, 5 eta 6. arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da.

–12.agatik, berriz, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazio-hartzaile izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteetan, Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen Legeko 21.1.n) artikuluan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 52.2. artikuluan xedatzen denaren arabera, gutxienez 300 euro eta gehienez ere 1.000 euroko isunak jarriko dira. Hori guztia, ondasun publiko edo lurretan eragindako kalteen ordainketa ezertan ukatu gabe, kalteen egileek Zuzenbidearen arabera ordainduko baitituzte behar diren zenbatekoak.

48. artikulua. Herri-lurzatien adjudikazioa behar bezala egin ondoren, urtero, bete gabe dauden lurzatiak adjudikatuko dira, Udalaren osoko bilkurak aurretik erabakia hartuta, erregelamendu honetan ezarritako modalitateetan eta moduan.

49. artikulua. Egokitu zaion herri-lurretako lurzatian laborantza zuzenean eta pertsonalki egiteari borondatez uko egiten bazaio, erabiltzeko aukera aprobetxamenduaren epe osorako galduko da, ordenantza honen 19. eta 27. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

50. artikulua. Herri-lurretako lurzatiak erabiltzeko aukera, edonola ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: herriko biztanle izateari utzita, Cascanten urtean 9 hilabetez ez bizitzeagatik, edo Cascanteko Udalarekin zerga arloko betebeharrak egunean ez izateagatik, erregelamenduaren 14. artikuluak agintzen duen moduan.

51. artikulua. Ureztatzeko herri lurzatien adjudikazio-hartzaileek ubideak eta erretenak zaindu beharko dituzte eta aldian-aldian garbitu, Udalak xedatu moduan. Herriko Ureztaketa Batzordeko sindikatuak dermioko ureztaketa orokorrari buruz ezarritako guztiari ere lotuko zaizkio. Nolanahi ere, egindako arau-hausteei dagozkien zehapenak 50. artikuluan zehaztutakoaren arabera ezarriko dira.

52. artikulua. Abeltzainak edo herri lurzatien eta ureztatzeko loteen belar eta larreen onuradunak belarrak eta uzta hondarrak behar bezala erabil ditzan, lurzatiaren edo lotearen adjudikazio-hartzaileak 10 egun gabe erein nahi baldin badu abeltzainari esan beharko dio, belarrak balia ditzan.

53. artikulua. Adjudikazioaren azken urtean, zortzigarrenean, alegia, ureztatzeko lurzatietan ezin izango dira bi landaketa batera egin, bakarra egin beharko da edo gehienez ere elkarri lotutako bi eta, edozein kasutan, lurzatia hutsik geldituko da abenduaren 31rako.

54. artikulua. Erregelamendu hau edo hura aplikatzeari buruzko udal egintza nahiz erabakiak ulertzerakoan sortzen diren afera guztiak errekurtso hauen bidez ebatziko dira:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.

Indarrik gabe geldituko dira erregelamendu honetako xedapenei kontra egiten dieten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.

Iragarkiaren kodea: L1814854