14. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2387/2018 EBAZPENA, 2018ko abenduaren 18koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko atal, bulego eta antzeko unitateetako burutzak merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Gobernu Kontseiluaren 2018ko ekainaren 19ko Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen lanpostuak betetzeko arautegia onesten duenak, xedatzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoak funtzionarioentzat gordetzen dituen eta izendapen librekoak ez diren lanpostu hutsak merezimendu lehiaketa baten bidez beteko direla, eta horien artean daude, beste batzuen artean, unitate organikoen zuzendaritzak edo burutzak.

Aintzat harturik Nafarroako Unibertsitate Publikoko ataletako, bulegoetako eta antzeko unitateetako burutzak betetzeko, Nafarroako administrazio publikoetan aplikagarria den lanpostuak betetzeko araudian ezarritakoari jarraitu behar zaiola, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta zerbitzuetako langileen lanpostuak betetzeko arautegiaren berezitasunak kontuan hartuta.

Ikusirik Langileen Kudeaketa Ataleko buruak egin duen txosten-proposamena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2015eko ekainaren 24an eman zuen 1042/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko atal, bulego eta antzeko unitateetako burutzak, III. eranskinean zehazten direnak, merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia eta haren oinarriak onestea. Oinarriak I eranskinean daude.

Bigarrena.– Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko webgunean argitara dadin agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta haren kontra zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2018ko abenduaren 18an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

I. ERANSKINA

Nafarroako unibertsitate publikoko atal, bulego eta antzeko unitateetako burutzak merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko
deialdiaren oinarriak

1.–Xedea.

Deialdiaren xedea da Nafarroako Unibertsitate Publikoko atal, bulego eta antzeko unitateetako burutzak (aurrerantzean burutzak), deialdiko III. eranskinean agertzen direnak, merezimendu lehiaketaren bidez betetzea.

Merezimendu lehiaketaren tramitazioa egin bitartean, deialdiko burutzetakoaren bat kentzen bada, Nafarroako Unibertsitate Publikoko egitura organikoa aldatu delako, kudeatzaileak ebazpena emango du aipatu burutzari dagokionez deialdia baliorik gabe uzteko.

2.–Arau aplikagarriak.

Arau hauek arautuko dute merezimendu-lehiaketa: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileen lanpostuak betetzeko arautegia, Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an hartutako erabaki baten bidez onetsia; Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginak, 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak, hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa; Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko arautegia, 1985eko azaroaren 6ko 215/1985 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitakoa; deialdi honetako oinarriak eta gainerako arau aplikagarriak.

3.–Argitaratzeak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, deialdi honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari dagokiona izan ezik (laugarren oinarrian aipatutakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean azalduko dira (https://portal.unavarra.es), eta ez dira baliozkoak izango bestelako tokietan agertzen direnak.

4.–Burutzen ezaugarriak.

III. eranskinean zehazten da deialdiko burutza bakoitza zein mailari atxikita dagoen, eta, hala badagokio, zein betekizun espezifiko dituen.

5.–Izangaiek bete beharrekoak.

Merezimendu-lehiaketako burutzak betetzeko prozesuan hartzen dutenek baldintza hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta izendapena egiten denean:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioa izatea zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

Parte hartzeko aukera izango dute, halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak Betetzeko Arautegiaren hirugarren xedapen iragankorra aplikagarri zaien langileek ere. Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an hartutako erabaki baten bidez onetsi zen aipatu arautegia.

b) Lortu nahi den burutzarako III. eranskinean eskatzen den mailakoa izatea, edo haietakoren batekoa, bat baino gehiago badira.

c) III. eranskinean aipatu burutzarako ezarritako baldintza espezifikoak betetzea, beharrezkoa bada.

6.–Eskaerak, epea eta aurkezteko modua.

6.1. Eskaerak.

Eskabide-eredua Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan dago:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

Izangaiek zein burutzatarako lehiaketan parte hartuko duten jarri behar dute parte hartzeko orrian.

Parte hartzeko orriarekin batera, lehiatzaileek aipatu burutzarako baldintza espezifikoak betetzen dituztela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar dute, aipatu dokumentazioa jada Nafarroako Unibertsitate Publikoak duenean izan ezik. Nolanahi ere, zilegi izango da Giza Baliabideen Zerbitzuak leihatzaileei xede horrekin eskatzea, aipatu dokumentuak lortzen ez baditu.

6.2. Epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

6.3. Aurkezteko modua.

A) Presentziala.

Parte hartzeko eskabideak, eta, hala badagokio, dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Arrosadiko campusa, 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazona etorbidea z/g 31500 Tutera), edo, bestela, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora (Arrosadiko campusa, z/g, 31006 Iruñea).

B) Telematikoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoren Erregistro Elektronikoan bere egoitza elektronikoaren web-orrialdearen bidez: https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/catalogo-de-procedimientos/pas

7.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

7.1. Eskabideak aurkezteko epea igaro eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du onetsi diren deialdi hauetako onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onesteko.

Behin-behinean baztertu dituzten edo aipatu ez dituzten izangaiek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta ondorengo 5 egun naturaletan, zilegi dute erreklamazioak aurkeztea, eta, hala badagokio, egindako akatsak zuzentzea. Aipatutako epean zerrendetan agertzen ez direlako, horren aurka alegatu, eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dituzte probetatik.

7.2. III. eranskineko burutzetakoren baterako eskaerarik aurkeztuko ez balitz ezarritako epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emango du burutza hori betetzeko lehiaketa hutsik geratu dela adierazteko.

7.3. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emango du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko.

Hautaprobetako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek ez daukala eskatzen diren betekizunetakoren bat, deialdian parte hartzetik erator litezkeen eskubide guztiak bertan behera geratuko dira.

7.4. Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenak lan-txostena eta izangaiek alegatutako merezimenduak aurkezteko epea ezarriko da.

7.5. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da egin beharreko jakinarazpena egin dela, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

8.–Epaimahai kalifikatzaileak.

8.1. Hauek dira deialdiko burutza bakoitzeko merezimendu-lehiaketak kalifikatu behar dituzten epaimahaietako kideak:

–Epaimahaiburua: NUPeko Kudeatzailetzaren titularra, edo bete nahi den burutzari dagokion unitate organikoaren ardura daukan errektoreordea edo burutza horretako nagusi hierarkiko bat edo haiek eskuordetutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Epaimahaikide-idazkaria: bete nahi den burutzari dagokion unitate organikoaren ardura daukan zerbitzuko zuzendaria. Zerbitzu bati atxikiak ez dauden burutzen kasuan, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona arituko da epaimahaikide-idazkari.

8.2. Burutza bakoitzerako onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira Epamahai kalifikatzaileko kideen eta ordezkoen izenak.

8.3. Administrazio prozedura erkidearen arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu egoera horietako bat gertatzen denean.

8.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauen interpretazioan eta aplikazioan sortzen diren zalantzak.

8.5. Epaimahaiak sei hilabete izango ditu gehienez ere, eskaerak aurkezteko epetik kontatzen hasita, lehiaketaren atalen balorazioak egiteko eta dagokion proposamena kudeatzaileari bidaltzeko.

8.6. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.

9.–Elementuen balorazioa.

9.1. Elementu hauek balioetsiko dira, ehun puntuko balio maximoa edukiko duen eta honela banatuta egongo den eskala batean:

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: hogeita hamabost puntu, gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: hogeita bost puntu, gehienez.

c) Lehiaketaren xede den burutzari edo zuzendaritzari buruzko lan-txostena: berrogei puntu, gehienez.

9.2. Aurreko apartatuetan adierazitako puntuazioari balioespena gehituko zaio hizkuntzak jakiteagatik, II. eranskinean adierazitakoarekin bat etorriz.

10.–Baloratzeko prozedura.

10.1. Izangaieklan-txosten bat aurkeztu behar dute 7.4 oinarrian aipatutako ebazpenean ezarritako epean, eta eduki hau izango du:

a) Burutzako edo zuzendaritzako eginkizunen analisi bat.

b) Eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren betekizunak, baldintzak eta bitartekoak.

c) Deialdiko unitate organikoaren antolaketa tekniko-administratiboa.

Norbaitek lan-txostena behar den epean aurkezten ez badu, lehiaketatik kanpo geratuko da.

10.2. Izangai bakoitzak lan-txostena ahoz azaldu eta defendatuko du Epaimahaiaren aurrean jendaurreko ekitaldi batean. Epaimahaiak azalpenarekin zerikusia duten eta egoki derizkion galderak egiteko aukera izango du. Jendaurreko ekitaldiaren eguna Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean jakinaraziko da.

10.3. Izangairen bat lan-txostena azaltzeko eta defendatzeko ekitaldira etortzen ez bada, lehiaketatik baztertua izango da besterik gabe.

10.4. Lan-txostena baztertzailea izango da. Gehienez ere berrogei puntuko balioa izango du, eta gutxienez ere hogei puntu lortu beharko dira gainditzeko.

10.5. Gero, eta lan-txostenaren proba gainditzen duten izangaiei dagokienez soilik, Epaimahaiak 9. oinarriko a) eta b) apartatuei buruz alegatzen dituzten merezimenduak baloratuko ditu II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera.

10.6. Epaimahaiak inolaz ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman. Epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan azalpenak eta datu osagarriak eskatzeko aukera du, izangaiek garaiz eta forman alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

10.7. Izangai batek bakarrik gainditzen badu lan-txostenari dagokion proba, lehiaketako gainerako atalak ez dira baloratuko.

Halaber, atala baino maila txikiagoko unitateetako burutzen kasuan, izangai bakarra dagoenean eta deialdia baino lehenagoko bi urteetan lanpostuan etenik gabe jardun badu, lehiaketa besterik gabe esleituko zaio.

11.–Gainditu duten pertsonen zerrenda, izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

11.1. Lan-txostenari dagokion proba gainditzen duen izangai bakoitzak proba horretan izan duen puntuazioa merezimenduen kalifikazioan izan duenari gehituko zaio, guztira atera dituen puntuak kalkulatzeko.

Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde ebatziko da. Hala ere berdinketak irauten badu, adinez nagusiena denaren alde ebatziko da.

11.2. Lehiaketako elementu guztiak baloratu ondoren, Epaimahaiak prozesua gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesedunek dagokiena alega dezaten balorazioaren gainean. Bakarrik pertsona baten lan-txostena baloratu bada, proba horretan lortu duen puntuazioa jakinaraziko da.

11.3. Behin erreklamazioak ebatzi ondoren, edo epea igaro denean erreklamaziorik gabe, Epaimahai kalifikatzaileak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari igorriko dio proba gainditu duten lehiatzaileen behin betiko zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, espediente osoarekin batera.

11.4. Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatuko du burutza bakoitzerako.

11.5. Izendapenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.

11.6. Izendatuak diren lehiatzaileek izendapenaren jakinarazpena egin eta hurrengo hamar egun naturaletan jabetu behar dute burutzaz.

Ezarritako epean burutzaz jabetzen ez direnek izendatu dituzten burutzan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte behar bezala egiaztatutako ezinbesteko kausa dagoenean izan ezik. Kasu horietan oinarri honetako bigarren apartatuak aipatzen duen gaindituen zerrendan hurrengoa den lehiatzailea izendatuko da.

12.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko ekintzen aurka, Epaimahai kalifikatzaileak egindakoak ez direnean, zilegi da hauetako errekurtsoetako bat, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, aurkatutako erabakia jakinarazten edo iragartzen den eguna eta biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazten den eguna eta biharamunetik kontatzen hasita.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

a.1) Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdian eskatzen diren mailako/taldeko eta titulazioko lanpostuetan: 1,50 puntu urte bakoitzeko.

a.2) Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, aurrekoetan ez bezalako lanpostuetan: 0,37 puntu urte bakoitzeko.

Oharra a) atalari buruz: Urte kopurua osoa ez bada, zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

Oharra b) atalari buruz: Atal honetan, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak besterik ez da aintzat hartuko.

b.1) Erakunde edo ikastetxe publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartu izana: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu); 10 puntu gehienez ere.

Oharrak b.1. atalari buruz:

1. Aintzat hartu beharreko prestakuntza jardueretan, ikastorduen zatikien hainbanaketa egingo da.

2. Ikastorduen kopuruaren berri ematen ez duten ziurtagiriak kreditu batekotzat hartuko dira.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriak 12 kreditukotzat hartuko dira.

4. Puntuazio berarekin balioetsiko da prestakuntza jardueretan parte hartu izana baldin eta, erakunde antolatzailearen baldintzak bete ez arren, Unibertsitatearen aginduz egin badira edo Unibertsitateak baliozkotu baditu. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoen Etengabeko Prestakuntza Akordioen barrenean antolatutakoak.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, nola unibertsitarioak hala unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan balioetsiko.

b.2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztu izana, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egin izana eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratu izana: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak balioetsi beharrekoak, betiere kontuan harturik lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak nolako maila duen, hots, lokala, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa.

b.3) Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatzea edo halakoetan irakasle aritzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahai kalifikatzaileak balioetsi beharrekoa jardueren iraunaldiaren arabera.

b.4) Deialdian eskatzen ez diren titulazioak eta espezialitate akademikoak: 4 puntu gehienez ere.

b.5) Deialdian eskatzen den titulazioari dagokion doktore gradua edo lizentzia: 2 puntu gehienez ere.

b.6) Bestelako merezimenduak, epaimahaiak baloratu beharrekoak, hala nola sektore pribatuko lanak, bekak edo prestakuntza egonaldiak, edo kontsultako, aholkularitzako, partaidetzako edo ordezkaritzako organoetan parte hartzea: 4 puntu gehienez ere.

c) Puntuazio gehigarria hizkuntzak jakiteagatik.

c.1) Merezimenduen baremo guztietan baloratu beharreko merezimendu gisa gehituko da frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira. Bakoitzarengatik gehienez ere 5 puntu emanen dira.

c.2) Baremoetan baloratu beharreko merezimendu gisa gehituko da euskara jakitea. Gainerako merezimenduen baremoari esleitutako puntuazioaren %6 izango da gehieneko balorazioa.

Oharrak c) atal osoari buruz:

1. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa eskuratuko du.

2. Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.

III. ERANSKINA

Deialdi honetako atal, bulego eta unitate burutzen zerrenda

Jakintza Transferitzeko Ataleko burutza.

Lanpostu zenbakia: 516.

Betebehar espezifikoak: Maila: A/B.

Komunikazio Ataleko burutza.

Lanpostu zenbakia: 36.

Betebehar espezifikoak: Maila: A/B.

Hizkuntza Plangintzarako Ataleko burutza.

Lanpostu zenbakia: 597.

Betebehar espezifikoak: Maila: A/B.

Hizkuntza: Euskara C1.

Azpiegitura Ataleko burutza.

Lanpostu zenbakia: 593.

Betebehar espezifikoak: Maila: A/B.

Analisi eta Programaziorako Ataleko burutza.

Lanpostu zenbakia: 614.

Betebehar espezifikoak: Maila: A/B.

Graduondoko Ikasketen, eta Irakaskuntza Antolamenduaren eta Programazioaren Ataleko burutza.

Lanpostu zenbakia: 596.

Betebehar espezifikoak: Maila: A/B.

Kudeaketa Hobetzeko Ataleko burutza.

Lanpostu zenbakia: 150.

Betebehar espezifikoak: Maila: A/B.

Unibertsitate Arretarako Ataleko burutza.

Lanpostu zenbakia: 621.

Betebehar espezifikoak: Maila: A/B.

Lan Osasuneko eta Ingurumenaren Kudeaketako Ataleko burutza.

Lanpostu zenbakia: 594.

Betebehar espezifikoak: Maila: A/B.

Titulazioa: Lan Arriskuen Prebentziorako Goi Mailako Teknikaria.

Bulegoko burutza (Sarbidea).

Lanpostu zenbakia: 551.

Betebehar espezifikoak: C/D maila.

Bulegoko burutza (Proiektuen Jarraipena).

Lanpostu zenbakia: 514.

Betebehar espezifikoak: C/D maila.

Iragarkiaren kodea: F1900171