139. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

223/2019 FORU AGINDUA, maiatzaren 29koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, San Martin Unxeko “Santa Zita” adineko pertsonentzako egoitzako egoiliarrek jaso beharreko gutxieneko arreta zerbitzu oinarrizkoak arautzen dituena.

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuan 2019ko maiatzaren 17an erregistratutako idazkiaren bidez, Igor Arroyo Leatxe jaunak adierazi du San Martin Unxeko “Santa Zita” adineko pertsonentzako egoitzan greba deialdia egin dela ekainaren 1erako eta 2rako, 12:00etatik 14:00ak arte.

Jakinarazpen horretan adierazten du, orobat, greba batzordea Socorro Lizasoain Guillén andreak osatzen duela.

Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriro xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.

Adineko pertsonentzako egoitzak ezin dira eskutik utzi, horrek bertan bizi diren pertsonen zaintzan, osasunean eta bizitzan ondorio larriak eraginen bailituzke.

Egoitza horiek beren instalazioetan egun guztian zaindu eta lagundu beharreko pertsonak hartzen dituzte. Pertsona horiek zainketa pertsonala behar dute beren oinarrizko beharretarako, hori gabe kalte larriak izaten ahal baitituzte osasunean.

Grebarako deialdia dela eta, egoitzako arreta zerbitzua ezin da osorik eten. Izan ere, gizartearentzako funtsezko zerbitzua da, eta haren hartzaileak adineko pertsonak eta/edo mendekotasunak dituztenak direnez, gorabehera larriak gerta daitezkeela hartu behar da kontuan. Hori horrela, Konstituzio Auzitegiak dioenez, gizarteak ezinbesteko prestazioetarako duen eskubidea grebarako eskubidearen gainetik dago, eta funtsean agintari publikoek babestu behar dituzte gizartearen zati batek ezinbestean behar dituen zerbitzuak.

Beraz, gutxieneko zerbitzuak ezartzeko orduan, Konstituzioak grebarako aitortzen duen eskubidea errespetatu, eta erabiltzaileen ongizate pertsonala babesteko eskubidea bermatu behar da, Espainiako Konstituzioaren 28., 49. eta 50. artikuluek agintari publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betez.

Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena gobernuko agintaritzari dagokio, halaxe xedatzen baita lan harremanei buruzko araudia berritzen duen martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan. Eskumen hori Nafarroako Foru Komunitateak hartua du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.b) artikuluaren arabera.

Gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, aintzat hartu dira egoiliarrek greba orduetan behar dituzten zerbitzuak eta arreta, kontuan harturik, betiere, beraien autonomia maila eta behar duten laguntza, egiten diren jarduerak, langileek esleituta dituzten eginkizunak, eta zentroko egoiliarrek hartzen dituzten zerbitzuak.

Grebarako aurreikusitako orduetan, jarduera eta zerbitzu hauek egiten dira, besteak beste:

a) 12:00etatik 14:00ak arteko zerbitzuak:

–Zuzeneko arreta ematen duten langileak/Zaharren zaintzaileak:

  • Janari zerbitzua 34 egoiliarrentzat:

1.–Lehen txanda, 12:30etik aurrera. Menpekotasuna duten 11 egoiliarri bazkaltzen eman behar zaie.

2.–Bigarren txanda, 13:30etik aurrera. Gainerako egoiliarrek bazkaltzen dute, eta horietatik 4k laguntza behar dute.

Horrenbestez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldea eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikulua, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–San Martin Unxeko “Santa Zita” egoitzan ekainaren 1erako eta 2rako, 12:00etatik 14:00ak bitarte, deitutako greban gutxieneko eta funtsezko zerbitzuak eman beharko dira, goian aipatutako irizpideei jarraikiz:

–Zuzeneko arreta ematen duten langileak/Zaharren zaintzaileak:

  • 12:00etatik 12:30 arte, ordu horretan hasten baita bazkaria, zaharren zaintzaile bat.
  • 12:30etik 14:00ak arte, zaharren bi zaintzaile.

Bigarrena.–Foru agindu hau jakinaraztea, batetik, San Martin Unxeko “Santa Zita” egoitzako Greba Batzordeari, zeinak, deialdiaren idazkian besterik azaldu ez duenez, egoitza, zitazioen ondorioetako, San Martin Unxeko Irailaren 13a kalean baitu (32495 posta kodea), eta bestetik, Idea Servicios Socico Sanitarios SL enpresari, helbide hau duena: Ezkirozko bidea 6, 3. bulegoa, 31190 posta kodea.

Hirugarrena.–Foru agindu hau zentroko zuzendaritzari igortzea (Irailaren 13a kalea, San Martin Unx, 31495).

Laugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen baditu ere.

Bosgarrena.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 29an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1907527