139. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Ordenantza fiskala, Jubiloteka Zerbitzua emateko/erabiltzeko prezio publikoa arautzen duena. Behin betiko onespena

Garesko Udalak, 2019ko martxoaren 21ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Jubiloteka Zerbitzua emateko/erabiltzeko prezio publikoa arautzen duen ordenantza fiskala. Hasierako onespena 2019ko 67. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 5ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Garesen, 2019ko maiatzaren 24an.–Alkate udalburua, Oihan Mendo Goñi.

ORDENANTZA FISKALA, JUBILOTEKA ZERBITZUA EMATEKO/ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza honetako prezio publikoa.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Jubiloteka Zerbitzua erabiltzea da zerga-egitatea.

Subjektu pasiboa

3. artikulua.

3.1. Jubiloteka Zerbitzua erabiltzen duten pertsonak izanen dira prezio publiko hauen subjektu pasiboak.

3.2. Zerbitzu honen onuradunak izan ahalko dira Garesen edo Izarbeibarko udalerrietan erroldatuta daudenak, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

–65 urtetik gorakoak edo urte horretan adin hori beteko dutenak.

–Edo adin hori baino gazteagoak izan arren, eritasun neurodegeneratibo bat dutenak (iktus, parkinson, dementzia, etab.).

–Edo, salbuespen gisa, eta betiere irizpide teknikoei jarraikiz, beren autonomian dituzten mugengatik bestelako baliabide soziokulturalak erabili ezin duten pertsonek, beren garapen pertsonal eta familiarrerako zerbitzu hau onuragarritzat jotzen bada.

Kudeaketa arauak

4. artikulua. Zerbitzua eskatzeko:

Jubilotekan parte hartzeko interesdunek Garesko Udalean eskatu beharko dute, Bulego Bakarrean, Gizarte Zerbitzuan eta Udalaren web-orrian eskuragarri egonen den eskabide eredu bat betez.

Gizarte Zerbitzuak egiaztatuko du baldintzak betetzen ote diren, baloratuko du haren egokitasuna, eta horretarako informazio osagarria eskatu ahalko du (medikuaren txostena, desgaitasunaren ziurtagiria eta balorazio horretarako beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri). Ondoren, dauden lekuen eskuragarritasuna kontuan harturik, txosten bat eta Alkatetzaren ebazpen proposamen bat eginen ditu, eskaera onartzen edo baztertzen dela adieraziz.

Ematen den ebazpena interesdunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxaron zerrendan sartu duten.

5. artikulua. Ordaintzeko betebeharra sortzen da zerbitzua ematea onartzen den unean, Alkatetzaren ebazpenaren bidez hartutako erabakiaren arabera.

6. artikulua. Hamabost eguneko probaldia ezarriko da Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak baloratu dezan haren egokitasuna, jubilotekako monitoreak emandako informazioan oinarrituta.

7. artikulua. Prezio publikoa ordainduko da kargua helbideratuz eskabidean emandako kontu zenbakian.

Prezio publikoa aldez aurretik ordainduko da, hilabete osoa ordainduz; hamabost eguneko probaldia iragan eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak baloratzen badu baliabide hori ez dela egokia pertsona horrentzat, hamabostaldi hori bakarrik kobratuko zaio.

Prezio publikoaren kargua hilabete bakoitzaren lehenengo bost egunetan eginen da; aitzitik, zerbitzua hilabetea hasi eta gero ematen hasten bada, kargua hurrengo hilabetearen lehenengo bost egunetan eginen da, dagokion hilabeteko ordainketa aurreratuarekin batera.

8. artikulua. Azkentzea edo etetea:

Zerbitzua azkenduko da honako kasu hauetan:

1.–Interesdunaren borondatez.

2.–Probaldia gainditzen ez bada.

3.–Erabiltzailearen mendekotasun mailak ezinezko egiten badu erantzun ahal izatea haren beharrei eta taldeak dituenei, taldearen jardueren garapena eragozten duten portaerak dituelako edo taldean egokitzen ez delako.

4.–Hilabete baino denbora luzeagoan zerbitzua etenda edukitzen bada.

Zerbitzuan baja emateko, zerbitzu horretako gizarte-langile edo animatzaile soziokultural arduradunak agiri bat sinatu beharko du; agiri horretan, erabiltzaileari dagozkion datuak eta baja emateko arrazoiak azalduko dira, baita zerbitzua emateari utziko dion eguna ere.

Behar den organoak zerbitzua uzteko ebazpena emanen du, eta hartan arrazoia eta ondorioetarako data agertuko dira.

Bajaren arrazoiak bigarrena eta hirugarrena badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emanen zaio interesdunari.

Etetea: zerbitzua aldi baterako eten ahalko da, gehienez ere hilabete baterako. Bitarte horretan lekua gordeko da eta dagokion tarifa kobratuko da.

Etenaldia bukatzen denean ez badago itxaron zerrendarik, luzatu ahalko da lekua gordetzeko epea, eta dagokion tarifa kobratuko da, gehienez ere bi hilabetez.

Zerbitzua interesdunak eskaturik abiaraziko da berriz.

Tasaren kudeaketa baja gertatzen denean:

Azkentzea gertatzen denean, ordainketa honela eginen da:

–Baja gertatzen den hilabetea osorik kobratuko da.

–Probaldian, azkentzea gertatzen bada teknikari arduradunek zerbitzuaren egokitasuna baloratu ondoren proposaturik, hamabostaldi hori bakarrik kobratuko da.

Tarifa

9. artikulua. Jubiloteka Zerbitzua erabiltzeko tarifak eranskinean agertzen dira.

ERANSKINA, JUBILOTEKA ZERBITZUA ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ARAU FISKALARENA

2019ko tarifak

Familia unitatearen urteko errenta justifikatuko da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren 2019ko aitorpena aurkeztuz.

Banakako errentatzat hartuko da honen emaitza: zerga-oinarriaren alde orokorra gehi kapital higigarriaren etekinen saldo positiboa eta ondare-eskualdaketen saldo positiboa, ken etxebizitza birgaitzeko edo eskuratzeko jasotako dirulaguntzak.

Ondorio praktikoetarako, errenta honela kalkulatuko da: Nafarroako Foru Komunitatean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren 2019ko aitorpeneko 507, 8810 eta 8808 laukitxoen baturari 708 laukitxoa kenduko zaio; Estatuko gainerako aitorpenetan horien baliokide direnak erabiliko dira.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egin beharrik ez bada, 2. paragrafoan aipatutako errenta edo diru-sarrerei buruzko zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, eta/edo zentroaren titularra den toki entitateak familiaren 2019. urteko diru-sarrerak kalkulatzeko beharrezkotzat jotzen dituen agiriak.

PER CAPITA ERRENTAREN TARTEAK

KUOTA, ERABILTZAILE ETA HILABETEKO

Zenbateko honetatik

Zenbateko honetara

15.000,01 euro

baino gehiago

15 euro

10.692,01 euro

15.000,00 euro

10 euro

7.980,01 euro

10.692,00 euro

5 euro

0,00 euro

7.980,00 euro

0 euro

665 euro hilabetean: 7.980 euro urtean.

891 euro hilabetean: 10.692 euro urtean.

1.250 euro hilabetean: 15.000 euro urtean.

Iragarkiaren kodea: L1907107