139. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Ordenantza, Herritarren parte-hartzea arautzen duena
Behin betiko onespena

Uharteko Udalak, 2019ko otsailaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herritarren parte-hartzea arautzen duen ordenantza (251/2018 espedientea).

2019ko 68. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 8an, bai eta Udalaren iragarki oholean ere, eta legezko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, testu aldatua argitara ematen da jarraian, indarra har dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean.

Uharten, 2019ko maiatzaren 27an.–Alkatea, Alfredo Javier Arruiz Sotes.

ORDENANTZA, HERRITARREN PARTE-HARTZEA
ARAUTZEN DUENA ZIOEN AZALPENA

Herritarren Parte-hartzearen gaineko Erregelamendua Uharteko Udalaren tresna bat izanen da, herritarren aitzinean konpromiso hau hartzeko: parte-hartze demokratikoa eta tokiko afera publikoetan gardentasuna sustatzea, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legeak eta Hirian Giza Eskubideak Babesteko Europako Gutunak oinarri dituzten printzipioei jarraikiz.

Espainiako Konstituzioaren 9. artikuluan ezartzen denez, aginte publikoek betebeharra dute herritarrei bizi politikoan parte hartzeko erraztasunak emateko. Herritarrek parte hartzeko eskubideak, Espainiako Konstituzioaren 23. artikuluan aldarrikatzen baita, banako nahiz talde gisa eskariak egiteko eskubidea du osagarri, Lege Nagusiaren 29. artikuluan jasotzen dena. Bi eskubide horiek Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean garatzen dira, 69. artikuluan eta hurrengoetan hain zuzen ere. Halaber, herritarren informazioa eta parte-hartzea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean garatzen da, testu arau-emaile horren 92. artikuluan eta hurrengoetan. Herritarrei informazio tresnak bermatu behar zaizkie, baita afera publikoetan zuzenean parte hartzeko aukera ere. Gaur egun, parte hartzeko aukerak ez dira berdinak denontzat; beraz, beharrezkoa da inbertsio bat egitea, emakumeen, gazteen eta etorkinen parte-hartze handiagoa bultzatzeko. Herritarrek sortutako auzolan dinamikak sustatu behar ditugu.

Erregelamendu honen bidez, Udalak konpromisoa hartzen du udalerriko herritarrek, elkarteek, entitateek eta kolektiboek parte hartzeko bide egonkorrak ezartzeko. Erregelamendu hau tresna juridiko bat da eta, horren bidez, udal kudeaketa publikoan parte hartzeko sistema integratu bat ezarri nahi da, helburu hauekin: Uharteko bizilagun guztiek bertako jarduera publikoan parte hartzea, demokrazian sakontzea eta kudeaketa eraginkor eta efizienteagoa lortzeko lankidetzan aritzea. Hori guztia, udal aferen gardentasun osasuntsua oinarritzat hartuta.

Asmo politiko horri forma emate aldera, herri kontsultarako bide bat ezarri da, bat etorriz Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen Legearen 69. eta 70 bis artikuluekin, eta Toki esparruko herri kontsultak arautzen dituen urriaren 28ko 27/2002 Foru Legearekin. Horrez gain, Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroa sortu da, Uharteko lurraldean diharduten entitate irabazi asmorik gabeko guztiak bildu behar dituen erakundea. Gisa hartara, herrian diren elkarteen benetako egoera ezagutu nahi da, gogoeta egiteko eta gizarte sare antolatu eta modernoa sendotzen lagunduko duten ildoak definitzeko, gizarte sare horrek bide berriak bilatu behar baititu eta hobeki egokitu behar baitzaio gaurko herritarrek axola dieten arazoetan parte hartu eta jarduteko duten interesari.

Era berean, eskariak egiteko eskubidea garatze aldera, eta bat etorriz Politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legearekin, erabiltzaileek udal zerbitzu publikoei buruzko kexak eta iradokizunak egiteko izapideak zehaztu dira.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1.artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Uharteko bizilagunek eta herritarren elkarte zein entitateek udal kudeaketan parte hartzeko eta informazioa jasotzeko manerak, bitartekoak eta prozedurak arautzea, bai eta herritarrek benetan parte har dezaten eta administrazioa herritarrengana hurbil dadin sortuko diren organoen antolaketa, eskumenak eta funtzionamendua ere.

Uharteko Udalak parte-hartzearen eta gardentasunaren arloan hartu duen konpromiso irmoa kontuan hartuta, asmo hori ordenantza honetan islatu nahi dugu, gure hiribilduko herritarrek behar dituzten tresnak izan ditzaten tokiko afera publikoetan esku hartzeko, betiere legeetan ezarritakoa betez.

Horiek horrela, Udalaren kudeaketa publikoan integratzen den parte-hartze sistema bat ezartzeko tresna juridikoa da ordenantza hau, Uharteko bizilagunen parte-hartze eta informazio eraginkorra bermatuko dituena, tokiko bizitza publikoari dagokionez.

Era berean, Uharteko bizilagunen interes orokor eta sektorialak defendatzeko sortutako herritarren entitateek ere udal bizitzan parte hartzeko irizpideak eta moduak ezarri dira.

2.artikulua. Helburuak.

Uharteko Udalak, erregelamendu honen bidez, helburu hauek lortu nahi ditu:

1. Uharteko bizilagun guztien eskubideen eta betebehar zibikoen erabilera hobetzea.

2. Udalaren jarduera, zerbitzu, proiektu eta programei buruz ahalik eta informazio zabalena eta gardenena ematea.

3. Bizilagunek, elkarteek eta herritarren entitateek udal kudeaketan parte har dezaten sustatzea eta horretarako bideak jartzea, informatzeko, entzuteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko faseetan, azken fase horretan Udaleko ordezkaritza organoek erabakiak hartzeko duten ahalmena ukatu gabe.

4. Herritarren eta udalerriko sektore guztien artean parte hartzeko eta komunikaziorako bideak eta moduak sor daitezen sustatu eta erraztea.

5. Herriko elkarte bizitza sustatzea, udalerriko sare soziala sendotzeko eta interes orokorreko ekimenak garatzeko. Horrez gain, Udalak elkarrizketa sozialerako egoera okerrenean dauden taldeen asoziazionismoa bultzatu eta herritar guztien parte-hartzea sustatuko du. Udalaren menpeko erakundeak eta lan batzordeak zabaltzea, udal eztabaidak herritarrentzat irisgarriagoak izan daitezen:

–Bilera irekiak antolatzean kontuan izatea zer ordutegi diren egokiak herritarrentzat, eta ez ordezkarientzat.

–Hizkera instituzionala erraztea, teknizismoak albo batera utzita eta genero ikuspegia aintzat hartzen duen hizkera erabiltzeko irizpide argiak ezarriz. Horretarako, behar duten informazioa emanen zaie administrazioko langileei.

–Informazioa behar adinako aurrerapenarekin ematea, ondoren herritarrekin lantzeko.

–Agenda Publikoa sortzea Udalaren webgune eta iragarki ohol guztietan; bertan zehaztuko dira udal bilerak eta horien gai zerrenda, bilera publikoak, eta hartutako erabakiak eta akordioak.

6. Erabilera publikoko ekimenak gauzatzea, egungo eta etorkizuneko arazoak modu eraginkorragoan ebazteko, adimen kolektibo gehiago baliatuz.

7. Bizikidetza solidario eta orekatua sustatzea, herriaren intereseko afera publikoen gaineko alternatiben lehia irekian.

8. Indarrean dagoen araudian jasotako bizilagunen eskubideak benetan baliatzeko aukera ematea.

9. Udal kudeaketa herritarrengana hurbiltzea.

3.artikulua. Aplikazio eremua.

1. Araudi hau Uharteko Udal Erroldan inskribaturik dauden bizilagun guztiei aplikatuko zaie, bai eta herritarren elkarteei ere, egoitza soziala edota jarduera eremua Uharten badute, gauzatzen duten jarduera udal interesekoa bada eta Herritarren Elkarte eta Entitateen Uharteko Udal Erregistroan inskribaturik badaude.

2. Halaber aplikagarria izanen da aurreko idatz-zatian aipatu ez diren herritarrentzat, beren eskaerak modu arrazoituan egiten badituzte.

3. Arau hauen ondoreetarako, herritarren entitatetzat hartuko dira Herritarren Elkarteen Uharteko Udal Erregistroan inskribatuta dauden elkarteak.

4. Elkarteen Udal Erregistroan inskribatzeko eskubidea izanen dute interes orokorrak edo sektorialak defendatzeko, sustatzeko eta hobetzeko asmoz sortutako entitateek.

I. TITULUA

Herritarren informaziorako eta parte hartzeko eskubideak

4.artikulua. Informazio publikorako eskubidea.

Udalak informazio publikorako eskubidea bermatuko du, soilik indarreko araudian ezarritako mugekin. Horretarako, behar diren plataformak jarriko ditu erabilgarri, Uharteko herritarrek udal eskumenen kudeaketari buruzko informazio egokia jaso dezaten, osatzen dituzten elkarteen bidez baliatzen ahal dituzten eskubideak alde batera utzi gabe.

5.artikulua. Informazioa ikusteko eskubidea baliatzea.

1. Herritarrek Udalaren artxibo fisikoak eta erregistroak ikusten ahalko dituzte. Horretarako idatzizko eskaria egin beharko dute, eta informazio hori jasotzeko zuzeneko interesa dutela egiaztatu. Informazioa ikusteko aukera emanen zaie eskaria egin eta gehienez hogeita hamar egun balioduneko epean.

2. Udal organoek hartutako erabakien kopiek eta ziurtagiriek herritarren eskura egon beharko dute Udalaren webgunean. Webgune horretan eskuragarri egon ezean, interesdunak betebehar hori bete dadila eskatzen ahalko du, eta aurreko atalean adierazitako epe berdinean eskuratu beharko du informazioa.

3. Eskubide horiek baliatzeko aukera emanen da Udalaren webgunearen bidez, udal bulegoen bidez eta Herritarren Parte-hartzearen Zinegotzigoaren bidez.

4. Informaziorako sarbidea doako wifi bidez ere bermatuko da, hala adostu duten udal eraikin publikoetan; kasu horretan, Udalaren jabetzako datu sentikorrak zaintzeko behar diren bitartekoak jarriko dituzte.

5. Udal agintariek entzunaldian hartzea. Herritarrek eskubidea dute alkateak entzunaldian hartuak izateko, ezarritako ordutegian eta ezarritako hitzordua eskatzeko prozeduraren bidez. Alkateak entzunaldian hartzeko epea gehienez 30 egunekoa izanen da, baina 15 egun luzatzen ahalko da, behar bezala arrazoitzen bada. Lehentasuna izanen dute interes legitimo eta zuzena dakarten prozeduren izapideetan edo udal jarduketetan entzunaldia izan nahi dutenek.

6. Interesdunak badira, espedienteetako dokumentazioa eskuratzea eta tramitazioaren prozesuaren berri izatea, betiere hirugarrenei buruzko datuen konfidentzialtasuna errespetatuz. Herritarrek eskubidea dute Udalaren helbide elektronikoen zerrendan egoteko, esparru publikoko dokumentuak eta herritarrek parte hartzeko prozesuei buruzko dokumentazioa bitarteko horretatik jasotzeko.

7. Uharteko Udalak informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera interaktiboa sustatuko du, bizilagunekiko harremanak eta parte hartzea errazteko, agiriak aurkezteko eta administrazio tramiteak, inkestak eta herritarrekiko kontsultak egiteko, haiek arautzen dituen foru legearen esparruan.

6.artikulua. Kexak eta iradokizunak.

1. Hala udal bulegoetan nola webgunean, bizilagunek udal organoei ematen ahal diete udal zerbitzu publikoetan ikusitako gabezia eta anomalien berri, kontuan hartu gabe Udalak zuzenean edo zeharka emandako zerbitzuak diren edo Udalaren menpeko bertze erakunde edo enpresa batek ematen dituen.

2. Bizilagunek udal bulegoetan aurkeztutako kexa eta iradokizunak dagozkien zerbitzuek izapidetuko dituzte, eta kexari buruzko lehen informazio bat emanen zaie gehienez hilabeteko epean.

7.artikulua. Osoko bilkuren publikotasuna.

1. Osoko bilkuren deialdiak eta gai zerrendak tokiko hedabideetara helaraziko dira, bizilagunek, oro har, horien berri izan dezaten. Horrez gain, Udalaren iragarki oholean, udal bulegoetan eta Udalaren webgunean ere argitaratuko dira. Era berean, gai zerrenda helaraziko zaie Udal Erregistroan inskribatutako elkarte eta entitateei, gutxienez 48 ordu lehenago.

8.artikulua. Jendeak osoko bilkuretan parte hartzea.

1. Herritarren Elkarte eta Entitateen Uharteko Udal Erregistroan inskribaturiko elkarte edo entitateek osoko bilkuran zerbait adierazi nahi dutenean zerrendako gairen bati buruz, betiere gai horren administrazio tramiteetan interesdun gisa esku hartu badute, Alkatetzari eskaera eginen diote bilkuraren eguna baino 5 egun baliodun lehenago, gutxienez. Hartan zehaztuko dute zer gairen gainean mintzatu nahi duten, eta erran nahi dutenaren laburpena eskainiko dute.

Osoko bilkura hasi baino 60 minutu lehenago, alkateari idatzi bat aurkezten ahal zaio, bilkuran mintzatzeko baimena eskatuz eta kasuan kasuko gai zerrendako puntuaren inguruan duten interesa frogatuz.

2. Eledunen Batzordearen oniritziaren ondotik Alkatetzak baimena emanda, ordezkari bakar baten bidez, bere iritzia agertzen ahalko du, gai zerrendan sarturiko proposamenaren irakurketaren, eztabaidaren eta bozketaren aitzin Alkatetzak gehienez ere zehaztuko duen denboran.

Gai zerrendako puntu batean ordezkariak mintzatu ahal izateko, alkateak etenaldi bat eginen du eta adierazpena burutu ondoan jarraipena emanen zaio bilkurari.

Izaera orokorra ez duten mozioak direnean, botoa emateko eskubidea duten bizilagunek proposatzen ahalko dute Udala osoko bilkuran gai batez aritu dadin, udal talde baten bidez mozioa aurkeztuta.

Elkarte edo entitatearen izenean osoko bilkuran mintzatzen ahalko dira hura legez ordezkatzen dutenak, haren estatutuen arabera, edo berariaz horretarako izendatutako bertze edonor. Betiere, ordezkaritza frogatu beharko da.

3. Uharteko bizilagunek, beren kabuz edo Herritarren Elkarte eta Entitateen Uharteko Udal Erregistroan inskribatutako elkarte eta entitateen ordezkari gisa, alkateari galderak egiten ahalko dizkiote herriaren intereseko gai zehatzen gainean, behin bilkura buruturik. Alkateak Udaleko edozein kideri ahalmena ematen ahalko dio galdera horiei erantzuteko.

Bilkura bakoitzean bi agerraldi egonen dira, eta Alkatetzari dagokio eztabaida kudeatzea eta zuzentzea; haren esku egonen da, halaber, eztabaida luzatzea, bidezkoa bada.

Udal taldeek labur hitz egiten ahalko dute. Informazio eskaera izanez gero, erantzuna idatziz eman beharko da 15 egun balioduneko epean. Horrek ez du galaraziko berehalako erantzuna ematea. Udalaren osoko bilkura bakoitzaren bukaeran mintzatzeko txanda ireki bat zabalduko da, bertaratuek egokitzat jotzen dituzten iruzkinak edo galderak egiteko. Hizlariek errana ofizialki jasota gelditzea nahi badute, eskabide bat egin beharko dute, ezarrita dauden ohiko arauzko metodoen bidez.

Bilkuran buru egiten duenari dagokio aktan jaso gabeko hitz egiteko txanda ireki hori moderatzea.

9.artikulua. Herri kontsulta.

1. Toki esparruko herri kontsulta tresna erabilgarria da herritarrek afera publikoetan parte hartzeko. Horren bidez, herri bateko bizilagunek beren iritzia adierazten dute bereziki interesatzen zaizkien udal eskumeneko eta toki izaerako aferei buruz.

Herri kontsulta bertako bizilagunek osatzen duten hautesleen sufragio unibertsal, libre, berdin, zuzen eta isilpeko bidez erabakiko da; hautesle horiek adinez nagusiak izan behar dute kontsulta egiten den unean, eta udal erroldan erregistratuta egon.

Toki esparruko herri kontsultak arautzen dituen 27/2002 Foru Legearen ondoreetarako, udal-mugartea izanen da herri kontsultetarako hautesbarrutia.

2. Honako hau da aplikatu beharreko legeria:

–Espainiako Konstituzioaren 92.3 artikulua.

–Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 69. -71. artikuluak.

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 96. eta 96 bis artikuluak.

–Toki esparruko herri kontsultak arautzen dituen urriaren 28ko 27/2002 Foru Legea.

–Erreferendum motei buruzko urtarrilaren 18ko 2/1980 Lege Organikoaren xedapen gehigarria.

–128/2005 Foru Dekretua, urriaren 17koa, Nafarroako Foru Komunitatean deituko diren toki esparruko herri kontsultetan, oro har, balioko duten boto txartelen, bozketarako gutun-azalen, eraketa akten eta zenbaketa akten ereduak onesten dituena.

3. Herri kontsulta egiten ahalko da bizilagunentzat bereziki interesgarriak diren udal eskumeneko eta toki izaerako aferen inguruan, salbu eta tokiko ogasunarekin zerikusia duten aferak badira, bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 71.artikuluan ezarritakoarekin.

Ezin izanen da afera bati buruzko herri kontsulta egin hautatu beharreko aukeretako bat ordenamendu juridikoaren kontrakoa denean.

Era berean, herri kontsultak ezin izanen ditu udalerriko ordezkaritza organoei dagozkien erabakitzeko ahalmenak urritu.

4. Ezin izanen da herri kontsultarako deialdia edo kontsulta bera egin Gorte Nagusietarako edo Nafarroako Parlamenturako diputatu eta senatariak, toki entitateetako kideak edo Europako Parlamenturako diputatuak aukeratzeko hauteskundeak edo estatu mailako erreferendumak egiteko deialdia egiten denetik hauteskunde edo erreferendum horiek egin arte. Ezin izanen dira egin, halaber, salbuespen eta setio egoeretan.

Afera baten inguruko kontsulta egiten denean, ateratzen den emaitza edozein dela ere, ez da berriz afera berari buruzko kontsulta egiten ahal Udalbatzaren agintaldi berean.

5. Honako hau izanen da herri kontsultaren deialdia egiteko prozedura:

a) Kontsultaren prozedurari Udalbatzak berak ematen ahal dio hasiera, edo bizilagun talde batek eskatuta ematen ahal zaio hasiera; horretarako, sinadurak bildu behar dituzte, gutxienez kasuan kasuko udalerrian erroldatuta dauden pertsonen ehuneko hamarrenak.

b) Kontsulta egiteko erabakia Udalbatzaren gehiengo osoz hartuko da eta erabaki horretan kontsultaren zehaztasun guztiak jasoko dira. Kontsultan argi eta garbi idatzitako galdera bat edo gehiago eginen dira, eta boto emaileek baietz edo ezetz erantzun beharko dute.

c) Herri kontsulta egitea erabaki ondoan, Udalak nahitaezko baimena eskatu behar dio Espainiako Gobernuari, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 96.artikuluarekin. Horretarako, alkateak bortz eguneko epea izanen du Udalbatzak kontsultaren alde hartutako erabakiaren hitzez hitzeko ziurtagiria igortzeko Nafarroako Gobernuko lehendakariari, espedientearen kopia batekin batera. Azken horrek baimena eskatuko dio Espainiako Gobernuari, erabakia jaso eta hamar eguneko epean.

d) Udalak herri kontsulta egiteko baimena hartu ondoan, deialdia eginen da, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, eta bertan adieraziko da bozketa zer egunetan eginen den eta informazio kanpainak zenbateko iraupena izanen duen. Bozketa igande edo jaiegun batean eginen da, deialdia egin eta hurrengo hogeita hamar eta berrogeita borzgarren egunen artean.

e) Deialdia argitaratu egin beharko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki oholean, webgunean eta hartzaile gehien dituzten tokiko hedabideetan.

10.artikulua. Herri inkesta.

Alkateak, osoko bilkuran gehiengo osoz hala erabakita, herri inkestak egiten ahalko ditu herritarren intereseko udal aferei buruzko iritzia biltzeko, gai horri buruz indarrean diren legeetan eta 27/2002 Foru Legean ezarritakoarekin bat, herritarrek sustaturiko ekimenez egindako kontsultak alde batera utzita.

Herri inkestetan honako jardunbide honi jarraituko zaio:

a) Gutxieneko bermeak.

Herri inkestak baldintza hauek beteko ditu:

1. Udal erroldan izena emanda dauden herritar guztiek kontsultatuak izateko duten eskubidea. Gutxieneko adin muga bat paratzen ahalko da, inkestaren xedearen arabera.

2. Inkestak barnean hartzen dituen aukeren berri izateko eskubidea, idatziz nahiz irudi bidez ahalik eta informazio gehien jasoz.

3. Udalak behar diren neurriak hartuko ditu herritarren parte hartzeko eskubidea eta inkestaren gardentasuna bermatzeko.

b) Prozedura.

1. Uharteko Udalari dagokio bere eskumeneko gaietan herri inkesta egiteko behar diren tramiteak egitea.

2. Inkesta ebazten duen parte-hartzearen portzentajea inkestaren xede den gaiaren izaeraren eta interesaren arabera erabakiko da.

3. Inkesta berean, gaiari buruzko galdera bat baino gehiago egiten ahalko da. Hala ere, urte bakoitzean artikulu honetan jasotakoen moduko bi inkesta baizik gehiago ezin dira egin, ez eta inkesta bera agintaldi berean errepikatu ere.

11.artikulua. Mozio bidezko parte-hartzea.

Udalbatzak eztabaidatu eta bozkatuko ditu Elkarteen Udal Erregistroan inskribatuta dauden elkarteek aurkezten dituzten mozioak. Horretarako, kasuan kasuko elkarteko ordezkariak Herritarren Parte-hartzearen Zinegotzigoari igorriko dio mozioa, eta hark hurrengo osoko bilkuraren gai zerrendan sartuko du, betiere Udaleko talde politikoren baten babesa badu.

12.artikulua. Informazio batzordeak.

Garrantzi bereziko eta eragin sozial handiko gaien kasuan, betiere udal eskumenekoak badira, Udalbatzari beren iritzia azaldu nahi dioten Uharteko bizilagunen taldeko ordezkariak dagokion informazio batzordean parte hartzen ahalko du.

13.artikulua. Udal eztabaidarako urteko saioa.

Udal eztabaidarako eta gobernu taldearen kontrolerako urteko saio bat ezarri da.

1. Urtero, Udalbatzak politika orokorrari buruzko eztabaida bat eginen du, bilera ezohiko eta monografikoan, eta saio horretan ezin izanen da bertze gai batzuei buruz mintzatu. Udal hauteskundeak egiten diren urteetan ez da eginen udal eztabaidarako saioa.

3. Gobernuak planak edo programak igortzen ahalko ditu Udalbatzan eztabaidatzeko, eta horiei buruzko iritziak eskatu. Kasu horretan, Lehendakaritzak erabakiko du, Bozeramaileen Batzordea entzun ondotik, gai hori Udalbatzan edo Batzordean tramitatu behar den.

4. Antolamendua eta eztabaida.

Prozedura hasteko, alkateak hitz eginen du, denbora mugarik gabe. Ondoren, 30 minutuko etenaldi bat eginen da. Jarraian oposizioko taldeetako bozeramaileak mintzatuko dira, gehienez 20 minutuz. Ondoren, alkateak, egokitzat jotzen badu, erantzun eginen die, denbora mugarik gabe. Gobernu taldea osatzen duten taldeetako bozeramaileak mintzatuko dira jarraian, 20 minutuz. Alkateak erantzun duen edo ez kontuan hartu gabe, hamar minutuko txanda irekiko da oposizioko taldeentzat. Ondoren, alkateak, egokitzat jotzen badu, erantzun eginen die, denbora mugarik gabe. Erantzun dien edo ez kontuan hartu gabe, gobernu taldea osatzen duten taldeetako ordezkariak mintzatuko dira, hamar minutuz. Alkateak erantzuteko txanda erabili duen edo ez kontuan hartu gabe, talde guztietako bozeramaileek hiru minutuko txanda bana dute.

Alkate jaunak/andreak eztabaidari bukaera emanen dio.

14.artikulua. Udal elkarteendako dirulaguntzak.

1. Nafarroako Gobernuan elkarte gisa erregistratu ondoan, udal bulegoetara ekarriko dituzte erregistroaren kopiak, udal zerrendan sartu ahal izateko.

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/3773/Elkarteen-erregistroa

2. Udalak jardueretarako dirulaguntzak emanen dizkie herriko bizilagunen interes orokor edo sektorialak defendatzen dituzten elkarteei, baldin eta Herritarren Elkarte eta Entitateen Uharteko Udal Erregistroan inskribaturik badaude edo inskripzioa eskatu badute, eta kasu bakoitzean dirulaguntzak emateko onesten diren oinarrietan ezarritakoa betetzen badute. Betiere, Udalak bere baliabideek aukera ematen dioten neurrian emanen du dirulaguntza.

3. Udalak helburu horretarako kontusail bat ezarriko du bere aurrekontuetan.

4. Herritarren elkarte edo entitateendako laguntzen banaketan kasu bakoitzerako onesten diren oinarrietako arauak beteko dira, eta kontuan hartuko dira haien ordezkaritasun maila, xedeen interes edo onura publikoa, ahalmen ekonomikoa, autonomia, eta bertze entitate publiko edo pribatu batzuek ematen dizkieten laguntzak.

15.artikulua. Dirulaguntzak eskatzeko eredua.

Herritarren Elkarte eta Entitateen Uharteko Udal Erregistroan inskribaturik dauden elkarte eta entitateek Udalari laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko diote, araudi honetan eta bizilagunen interes orokor edo sektorialen defentsarako dirulaguntzak emateko kasuan kasuko oinarrietan ezarritako baldintzak betez gero, bat etorriz 2018ko maiatzaren 30eko osoko bilkuran onetsitako oinarriekin edo horien ordez aplikatzen ahal diren arauekin.

16.artikulua. Udalaren lokalak edo komunitate espazioak erabiltzea.

1. Udalak, ahal duen heinean, udalerriko lokal publikoak eta bertze baliabide batzuk erabiltzen utziko die Herritarren Elkarte eta Entitateen Uharteko Udal Erregistroan inskribaturik dauden elkarte eta entitateei.

2. Eskaerak idatziz eginen dira eta Uharteko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko. Baimena emateko tenorean kontuan hartuko dira programatutako jarduerak, erabilgarri dauden tokiak, langileak eta ordutegiak, eta eskatutako baliabideak kudeatzeko ardura duten unitateek finkatzen dituzten irizpideak.

II. TITULUA

Herritarren elkarte eta entitateen udal erregistroa

17.artikulua. Xede eta ezaugarriak.

1. Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroaren xedea da Udalari bide ematea udalerrian diren entitateen kopurua, motak, xedeak, ordezkaritza eta eragina ezagutzeko, hiriko elkarte egitura sendotzen lagunduko duen udal politika egokia antolatze aldera.

2. Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroak ez du loturarik Elkarteen Erregistro Orokorrarekin. Beraz, entitate edo erakunde bat bigarren horretan inskribatzeak ez du esan nahi lehenengoan inskribatzen denik, eta alderantziz.

3. Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroko datuak nornahik ikus ditzake.

18.artikulua. Erregistroan inskribatzea.

Erregistroan inskribatzen ahalko dira irabazteko asmorik gabeko herritarren elkarte eta entitateak, baldin eta haien xedea udalerriaren interes orokor edo sektorialak defendatu, sustatu edo hobetzea bada; batez ere, auzoen elkarteak, aita eta amen elkarteak, kultura, kirol eta josteta elkarteak, gazteen elkarteak, sindikatu, enpresa eta lanbide elkarteak, eta Uharteko lurralde eremuan diharduten antzeko entitate guztiak.

19.artikulua. Inskribatzeko prozedura.

Inskripzioa egin nahi duten herritarren elkarte eta entitateek eskaera aurkeztu beharko dute Uharteko Udalaren Erregistro Orokorrean, ondoko agiriak erantsita:

1. Estatutuen kopia eta elkartearen eratze dataren ziurtagiria.

2. Elkarteen Erregistro Orokorreko eta bertzelako erregistro publikoetako inskripzio zenbakiak.

3. Zuzendaritza karguetan dauden pertsonak izendatzeko onetsi eta batzarretako aktetan jaso ziren erabakien hitzez hitzeko ziurtagiriak, kargudunen izenekin.

4. Egoitza soziala.

5. Urteko aurrekontua.

6. Urte horretako jardueren egitaraua.

7. Bazkide kopuruaren ziurtagiria.

20.artikulua. Inskribatzeko eskaeraren gaineko ebazpena.

Uharteko Udaleko Idazkaritza Orokorrak behar diren egiaztapenak eginen ditu elkartea inskribatzeko; erregistroa eskatzen denetik hasi eta hamabortz egun balioduneko epean inskripzio zenbakia jakinarazi beharko dio elkarte interesdunari. Elkarte edo kolektibo egonkortzat hartzen dira baliabide ekonomiko eta/edo pertsonalak partekatzeko konpromisoa hartzen duten hiru pertsona baino gehiagoko taldeak, irabazi asmorik gabeak, zeinen helburua izanen baita interes orokorreko xede bat erdiestea. Ez da nahitaezkoa elkartea Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuaren Elkarteen Erregistroan edo gisako zereginak dituen bertze edozeinetan inskribatuta egotea. Ez dira erregistro horretan sartzen alderdi politikoak, koalizioak edo hautesle elkarteak. Erregistro publikoa da, eta interesdun guztiek kontsultatzen ahal dute. Organo dinamikoa da, udalerriko elkarteen errealitatearen berri ematen saiatzen dena; orobat, elkarteen sarea nola garatu den analizatu eta aztertzen du, geroago informazio hori Udalari eta entitateei emateko, elkarteetan biltzea sustatu eta hobetzeko politika benetan gara dadin.

Epe hori eteten ahalko da, elkarteari agiri gehiago eskatu behar bazaizkio hasieran aurkeztutakoez gainera. Elkarteak, ematen zaion epean, eskatutako datuak aurkezten ez baditu, inskribatzeko asmoa bertan behera utzi duela ulertuko da.

Arestian aipatutako hamabortz egun balioduneko epean elkarte eskatzailearen inskribatzeko eskaerari erantzuten ez bazaio, inskripzioa egintzat joko da, baldin eta elkarteak aitzineko artikuluan eskatzen diren agiriak aurkeztuak baditu.

21.artikulua. Interes edo onura publikoaren deklarazioa.

1. Elkarte inskribatuek udalerriaren interes edo onura publikoko elkarte deklaratu ditzatela eskatzen ahalko dute, baldin eta haien xede soziala eta egiten dituzten jarduerak altruistak eta udal eskumenen osagarriak badira. Udalak, osoko bilkuran, erabakiko du deklarazio hori eman edo ukatzea, zerbitzu tekniko eskudunek txostena egin ondoren. Deklarazio hori beharrezkoa izanen da ezartzen ahal diren onurak lortzeko. Izaten ahal diren onurak aplikatzekoa den araudiaren eta kasuan kasuko ordenantzen araberakoak izanen dira.

2. Hona elkarteak udalerriaren onura publikokoak deklaratuak izateko prozedura eta tramitaziorako behar diren agiriak:

–Eskabidea, alkate udalburuari zuzendua.

–Izendapen hori onartzeko bidea ematen duten arrazoien azalpena.

–Udalbatzako idazkariak luzaturiko ziurtagiria, Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroko inskripzio datuak jasotzen dituena.

–Entitateko lehendakari eta idazkariaren zinpeko aitorpena, udalerriaren onura publikoa eskatzeko uneko kide kopurua egiaztatzen duena.

–Eskabidearen aitzin urtean egindako jarduketen memoria.

–Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroko inskripzio zenbakiaren ziurtagiria.

–Espedientea baloratzeko beharrezkotzat jotzen den bertze edozein agiri.

22.artikulua. Herritarren elkarte eta entitate inskribatuen betebeharrak.

1. Herritarren elkarte eta entitate inskribatuek Herritarren Elkarte eta Entitateen Uharteko Udal Erregistroan jakinarazi beharko dituzte beren inskripzio datuen aldaketa guztiak, gertatzen diren egunetik hasi eta hilabeteko epean.

2. Urtean behin, urtarrilean, erregistroa kudeatzeko ardura duen unitateak eskatuta, herritarren elkarte eta entitateek, memoria labur baten bidez, urteko jardueren programa eta aurrekontua aurkeztuko dituzte. Halaber, eskatzen zaizkien erregistro-datu eguneratu guztiak emanen dituzte.

3. Herritarren elkarte eta entitateek erantzukizuna izanen dute udal instalazioen erabilerarengatik eta haietan eragiten ahal dituzten kalteengatik.

4. Betebehar horiek bete ezean, behar den espedientea tramitatu ondotik, herritarren elkarte edo entitatea erregistrotik kentzen ahalko da. Horrek erregelamendu honetan jasotako eskubideak galtzea ekarriko du.

III. TITULUA

Aurrekontu parte hartzaileak.

23. artikulua. Aurrekontu parte hartzaileak.

1. Uharteko aurrekontu parte hartzailea 60.000 eurokoa izanen da. Udalak aurrekontuaren muga handitzen ahal du bertze proiekturen bat gauzatzeko, baldin eta aurrekontuak ematen dituen aukeren barnean sartzen bada.

2. Udalerrian erroldatuta dauden eta gutxienez 16 urte dituzten (edo aurten beteko dituzten) pertsonek eta beren jarduera Uharten gauzatzen duten elkarte eta kolektiboek parte hartzen ahalko dute.

3. Obrei (berriak edo mantentze lanak) , erosketa iraunkorrei eta udal eskumeneko jarduera edo programei eragiten dieten proposamenak aurkezten ahalko dira.

4. Proposamenak Herriko Etxean aurkeztu beharko dira, berariazko formularioak erabiliz (Udalaren webgunean ere eskuratzen ahalko dira), prozesua abiatu aurreko prozesuan hautatutako lanegunetan.

5. Proposamenek izenburu nagusi bat izanen dute, baita txosten labur bat ere (gehienez 500 hitz). Txostenean proiektua azaldu beharko da, labur-labur, eta justifikatu beharko da zergatik den interesgarria Uharteko bizilagunentzat. Proposamenekin batera argazkiak, eskemak, taulak eta marrazkiak aurkezten ahalko dira, proposamenak hobeki ulertzeko eta irudikatzeko.

6. Proposamenek bideragarriak izan beharko dute alderdi juridikotik (legezkoak), teknikotik (egingarriak), denboraren aldetik (urtean egiteko modukoak) eta alderdi ekonomikotik (ezarritako aurrekontu mugarekin bat heldu direnak). Hori egiaztatzeko azterketak Udalak eginen ditu.

7. Parte-hartze Batzordeak egiaztatuko du aurkeztutako proposamenak bat heldu direla oinarri hauetan ezarritako baldintza eta irizpideekin. Parte-hartze Batzordeak ontzat ematen dituen proposamenei buruzko txostena eginen da, eta horiei buruzko botazio publikoa eginen da.

8. Boto eskubidea duen pertsona bakoitzak proposamen bat markatzen ahalko du. Bozketa egiteko, hautetsontziak emanen dira Herriko Etxean, balio anitzeko guneetan eta Ugarrandia kiroldegian, prozesua abiatu aurreko prozesuan hautatutako lanegunetan.

9. Berdinketa egonez gero, Parte-hartze Batzordeak aukeratuko du zein diren herritarren oinarrizko beharrei hobeki erantzuten dieten proposamenak, baldin eta lehendik halako proiektuetan gisako inbertsiorik egin ez bada.

10. Herritarrek hautatutako proposamenak, aurrekontu mugara iritsi arte, Uharteko Udalaren 2018ko aurrekontuan sartuko dira. Udalaren webgunearen bidez jarraipena egiten ahalko zaio hautatutako proposamenen egikaritze egoerari.

11. Beharrezkoa bada, oinarri hauek urtero berrikusi eta eguneratuko dira.

Iragarkiaren kodea: L1907501