139. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESTERIBAR

Ollokiko gizarte etxearen funtzionamenduaren erregelamendua
Behin betiko onespena

Esteribarko Udalak, 2019ko martxoaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ollokiko gizarte etxearen funtzionamendua arautzen duen erregelamendua.

Iragarkia 2019ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen apirilaren 11n, eta jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik aurkeztu gabe; hortaz, behin betiko onetsi da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan.

Esteribarren, 2019ko maiatzaren 22an.–Alkatea, Mikel Gastesi Zabaleta.

OLLOKIKO GIZARTE ETXEAREN FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA

ATARIKO TITULUA

Ollokiko gizarte etxea

Ollokiko gizarte etxea Udalaren ekipamendua da, Esteribarko Etorbidean dagoena, gizarte eta kultura aldetik dagoen ekimenari, hitzaren zentzurik zabalenean, erantzuna emateko sortua.

Toki irekitzat jotzen da, herritar guztien informaziorako, heziketarako eta aisiarako sortua.

Ollokiko gizarte etxearen ezaugarriek ondotik aipatuko diren xedeekin bat eginen dute. Beraz, araudi hau ondoko printzipioetan oinarritu beharko da:

–Kultura eta gizarte arloko programa eta zerbitzuak bultzatzea, pertsonaren eskari eta beharrei erantzuna emanen dietenak eta haren garapen osoa helburu izanen dutenak.

–Herritarren ekimen eta jarduerak bideratzeko tresna egokia izatea, pertsona eta taldeen parte hartze bizia sustatuz, gizarte eta kultura arloan Ollokin gertatzen diren prozesuetan.

ERABILTZEKO ERREGELAMENDUA

LEHEN TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Ollokiko gizarte etxeko instalazioak eta gainerako zerbitzuak erabiltzeko eskubideak, betebeharrak eta baldintzak arautzea.

2. artikulua. Aldaketak.

Udalak xedapenak eta ebazpenak emateko eskubidea gordetzen du beretako, Erregelamendu honetan ezartzen dena azaldu, aldatu edo garatzeko, instalazioak era egokian erabili beharrez.

Erregelamendu hau, tasak eta erabiltzeko arauak jendearen eskura egonen dira Herriko Etxean eta Herriko Etxearen webgunean.

BIGARREN TITULUA

Funtzionamenduaren baldintza orokorrak

3. artikulua. Ollokiko gizarte etxearen erabilera, bertzerik ez bada doakoa, librea eta irekia izanen da pertsona, entitate, talde eta irabazi asmorik gabeko elkarteentzat, salbu eta erregelamendu honen 19. artikuluan xedatua.

4. artikulua. Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek eskubide berak dituzte toki, baliabide eta zerbitzuak erabili eta baliatzeari dagokionez, unean uneko ahalbideen neurrian, betiere materialak eta instalazioak zaintzeko eta zuzen erabiltzeko oinarrizko arauak betetzen badituzte.

Hala ere, Udalak arau bereziak ezartzen ahalko ditu halako talde batzuek instalazioak erabili eta baliatzeko, betiere behar bezala arrazoiturik eta elkarte guztien jarduketen egutegia ezarriz.

5. artikulua. Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek betebehar berdinak dituzte instalazioak erabiltzeko, arau honetako eta barne araubideko erregelamenduetako artikuluen arabera.

6. artikulua. Ollokiko gizarte etxean funtzionatzeko baldintza orokor hauek beteko dira:

1.–Gizarte etxeko instalazioak zenbait pertsona, talde edo elkarteren artean partekatzekoak dira. Beraz, norbanako, talde edo elkarte erabiltzaile batek ezin du toki, baliabide edo zerbitzurik hartu berak bakarrik erabiltzeko edo bere jabetzakoa balitz bezala. Udalak aitzinetik onesten badu, lehentasuna izaten ahal dute erabiltzaile batzuek, baina ez esklusibotasunik.

2.–Erabilera eta balio anitzekoak izateko sortu dira toki, zerbitzu eta baliabideak, eta pertsona eta entitate guztien eskura daude, Udalak aitzinetik baimenduz gero.

3.–Toki, baliabide eta zerbitzuen erabilera bat etorriko da gizarte etxearen eginkizunekin, egindako eskaerarekin eta bertan dagoen ekipamenduarekin.

7. artikulua Instalazioek legezko xedapenak beteko dituzte hirigintza, segurtasun, osasun eta higiene aldetik, bertako zerbitzu eta jarduerekin bat.

8. artikulua. Udalak izanen du higiezinaren mantentze lanak egiteko ardura.

HIRUGARREN TITULUA

Erabiltzaileak

9. artikulua. Ollokiko gizarte etxearen erabiltzaileak izanen dira behar den eskaera egiten duten ibarreko pertsona, talde edo elkarte guztiak.

LAUGARREN TITULUA

Espazioen lagapena

10. artikulua. Tokiak lagatzeko arauak ezarri badira, pertsona, talde eta elkarte erabiltzaileei beren jardunerako beharrezkoak dituzten tokiak eta baliabide oinarrizkoak eskaintzeagatik egin da.

11. artikulua. Antolamendu honek kontuan hartu beharko du Ollokiko gizarte etxearen funtzionamendurako gutxieneko araudi hau:

1.–Gizarte etxearen erabilera lagatzeko, behar den eskaera aurkeztu beharko da. Hartan Udalak eskatzaileen jarduerak eta ordutegiak koordinatzeko moduko datuak jasoko dira. Lagapena ez da irmotzat joko organo eskudunak eskatzaileari kontzesioa idatziz jakinarazi arte.

Udala izanen da espazioa esleitzeko eskumena izanen duen organoa, betiere horretarako eskaera aitzinetik egiten bada. Eskumen hori gauzatuko du horretarako egoki diren kudeaketa baliabideak erabiliz.

“Ireki eta ixteko orduak” (herritarren txartela)

2.–Edozein pertsona, talde edo elkartek erabiltzen ahal du gizarte etxea, erabilera araudia aplikatuta zigortuak izan diren elkarte edo erabiltzaileek izan ezik.

3.–Egin litezkeen ikastaroetan materialak aretoetan uzteko eskubidea mugatua dago, eskura zer toki dagoen, materiala nolakoa den, eta zein den egin beharreko jarduera, horren guztiaren baldintzapean, izan ere ez da utzi behar higiezina biltegi bilakatzera. Nolanahi dela, material horiek prekarioan utziko dira, ez Udalak ezta kudeaketa taldeak ere ez baitute erantzukizunik izanen galdu, lapurtu, ebatsi, gaizki erabili edo hondatzen badira.

4.–Ollokiko gizarte etxeak biltegi bat izanen du. Biltegi zerbitzua Udalak antolatutako jardueretarako gordeko da. Hala ere, kolektiboek ere erabiltzen ahalko dute, betiere eskaera aurkezten badute eta zentroa kudeatzeaz arduratuko den organoak baimena ematen badu.

12. artikulua. Erabiltzaileen parte hartzea antolatzeko, urtean bitan bileretarako deialdia eginen da, bat programazio ikasturtearen hasieran eta bertzea bukaeran, balorazioa egin eta proposamen berriak eztabaidatzeko. Gizarte etxeko erabiltzaile guztiek izanen dute bilera horietan parte hartzeko eskubidea.

13. artikulua. Ekipamendua erabiltzeko eskubidea galduko da kasu hauetan:

1.–Instalazioak eta altzariak hondatu edo behar ez bezala erabiltzea. Hala gertatuz gero, Udalak aitzinetik txostena eginda, kalte eta galeren erantzukizuna hartu beharko da.

2.–Higiezina kudeatzen duten langileekin edo Udaleko zinegotziekin manera desegoki, txar edo erasokorrean jokatzea.

3.–Motzegi nahiz luzeegi, gizarte etxea erabiltzeko ordutegia ez betetzea, ezta eskaintzen diren jarduera eta programena ere.

4.–Arau edo barne araubide honen artikuluetako edozein urratzea.

BOSGARREN TITULUA

Erreklamazioak

14. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.

Esteribarko Udalak erantzukizun zibileko asegurua du, eta haren barnean sartzen da Ollokiko gizarte etxea, bertako instalazioak huts egiteagatik gertatzen ahal diren istripuei erantzuteko. Gainera, Ollokiko gizarte etxean egiten diren jardueren sustatzaileek behar den asegurua sinatu beharko dute kasun kasuko egintzarako, irabazizko jarduera baldin bada eta erregelamendu honen 19. artikuluak tasa ordaindu beharrekotzat jotzen dituenetarikoa baldin bada.

15. artikulua. Galdutako gauzak.

Udalak ez du erantzukizunik izanen erabiltzaileen objekturen bati kalte egiten bazaio edo ebasten badute Ollokiko gizarte etxean.

SEIGARREN TITULUA

Betebeharrak

16. artikulua. Betebeharrak betetzea.

Erabiltzaile guztiek bete beharko dituzte eginbehar hauek:

–Instalazioak ongi tratatu eta egoki erabiltzea. Okerreko erabilerak eragindako kaltea egilearen kontura izanen da.

–Okerreko funtzionamendua, hausturak, akatsak edo erregelamendu honetan xedatutakoa betetzen ez dela Udalari jakinaraztea.

–Gainerako erabiltzaileen aldera behar den errespetua gordetzea, elkarrekiko harremanetarako behar den jokabidea izanez.

–Ezarritako prezioak garaiz eta zehaztu den bezala ordaintzea.

ZAZPIGARREN TITULUA

Zehapen araubidea

17. artikulua. Betebeharrak ez betetzea.

Erregelamendu honetako arauak ez betetzea arau-haustea da eta zehapena merezi du. Udalari gertakarien berri emanen zaio, eta hark dagokion zehapen espedientea abiaraziko du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen arabera. Halaber, espedienteari bukaera ematen ahal zaio dagokien zigorrak ezarririk, organo eskudunaren eskutik.

Esteribarko Udaleko Alkatetza izanen da zehatzeko organo eskuduna.

Falta horiengatik honako zehapen hauek ezarriko dira:

–Falta arina. Ohartarazpena.

–Falta larria. Erabiltzaile izateko eskubidea denbora baterako kentzea.

–Falta oso larria. Erabiltzaile izateko eskubidea behin betikoz kentzea.

Hori dena, batere ukatu gabe izandako kalte eta galerak erreklamatzeko aukera.

–Falta arina izanen da estatutu hauen 21. artikulura bildutako eginbeharretako edozein ez betetzea.

–Falta larria izanen da bi falta arin edo gehiago egitea.

–Falta oso larria izanen da bi falta larri edo gehiago egitea.

ZORTZIGARREN TITULUA

Instalazioetan sartzeko eta haiek erabiltzeko arauak

18. artikulua. Arau orokorrak.

Aretoa Udalaren baimen espresa dutenek erabiltzeko da, baita programazio eta ordutegi jakin baten barnean antolatzen diren jarduera eta ikastaroetan parte hartzen dutenek ere.

Gizarte etxearen erabilera laga ahal izateko, kontuan hartu beharko da Esteribarko Udalak antolatu edo baimendutako ekitaldirik ba ote dagoen, eta ezin izanen da erreklamaziorik aurkeztu, gisa horretako ekitaldiren bat dela medio lagapenerako lehendik baimendutako ordutegia bertan behera utzi edo aldatu behar bada. Dena dela, ahal izanez gero, erabaki hori 48 ordu lehenago bederen jakinaraziko da.

Halaber, kontzesioa deuseztatzen ahalko da, premia izanez gero, instalazioa gaizki erabili bada edo, bertzela, egindako jarduerek lagapenaren jatorrizko arrazoien aurka jotzen badute.

Halaber, Udalak badu aukera instalazioak erabiltzaileendako eta jende ororendako erabat edo partez ixteko, ustekabean erabilera arriskutsu gertatuz gero.

Toki bat laga edo erreserbatzen denean, programatutako ikastaro edo jardueretan, tokia manera egokian erabiltzeaz arduratuko den pertsona bat behar da, eta haren izena eskaeran agertu beharko da.

Nolako jarduera egin gogo den edo zer toki behar den, guraso edo tutoreen baimena erantsi beharko da, eskatzaileak adin txikikoak badira. Halakoetan behartzen ahalko da adin nagusiko arduradun bat izatera.

Instalazioetan, utzikeriagatik edo gaizki erabiltzeagatik zerbait hondatzen bada, erreserba egin duten erabiltzaileek erantzun beharko dute.

Onuradunek beren baliabide tekniko propioak izan beharko dituzte (pertsonalak eta materialak) jarduerak gauzatzeko, eta gizarte etxearen materiala erabiltzen ahalko dute baldin eta lokala erabiltzeko eskaeran hori adierazten bada.

Kasu bakoitzeko lagapenean bete egin beharko dira Esteribarko Udalak ezartzen dituen baldintzak.

Ollokiko gizarte etxean egiten diren jarduera guztietan material egokiak erabili beharko dira. Material horiek edo jarduerak ezin izanen dute ondasun higigarri edo higiezinen egoera aldatu. Horretaz gain, kontuan hartu beharko dira edozein instalazio eta/edo material erabiltzeari buruzko arau berariazkoak.

Jardueren arduradunek aurreko araua errespetatu eta errespetarazi beharko dute.

Instalazioetan ez da zilegi:

–Kartel edo eskuorriak paratzea Udalaren baimenik gabe.

–Publizitatea paratzea baimena eta/edo kasuan kasuko araua bete gabe. (Kasu guztietan, debeku da edari alkoholdunak eta/edo tabakoa kontsumitzera bultza dezakeen publizitatea).

–Udal arduradunak ez direnek zentroko aparatuak eta instalazioak kontrolatzea eta erabiltzea, non ez daukaten haien berariazko baimena.

–Oro har, debekaturik dago animaliak instalazio guztietan sartzea, zakur gidariendako araudian ezarritakoa izan ezik.

–Debekatuta dago Ollokiko gizarte etxean bazkari edo afariak egitea.

BEDERATZIGARREN TITULUA

Irabazizko jarduerak.

19. artikulua. Pertsona fisiko edo juridiko guztiei, edo mota guztietako entitateei, herrikoak izan ala kanpokoak izan, gizarte etxearen lagapena eskatzen badute irabazizko jarduera bat egiteko, hartara joaten direnek sarrera bat ordainduta edo edozein ordain eskaturik, edo halakorik eskatu gabe ere, berez antolatzailearendako irabazizko xedea badu edo salerostekoa, baimentzen ahalko zaie, aitzinetik Udalari dagozkion tasak ordaintzen bazaizkio:

Espresuki bazterturik gelditzen dira irabazi asmorik gabeko jarduerak egiten dituzten kultur eta josteta elkarteak, betiere egiten badituzte beren xedeekin bat heldu diren jarduerak, baita elkarte horiek xede horien barnean edo xede horiek betetzeko antolatzen eta/edo kontratatzen dituzten jarduerak ere.

20. artikulua. Esteribarko Udalak egokia iritziz gero, bai doaneko jardueretarako bai irabazizkoetarako, berme bat dirutan ordaintzeko eskatzen ahal da, jardueraren arabera; jarduera bukatu ondoren sustatzaileari itzuliko zaio, baldin eta lokalean edo altzarietan kalterik ez badago.

HAMARGARREN TITULUA

Ordenantzaren indarraldia eta aplikazio esparrua

21. artikulua. Esteribarko Udalak beretako gordeko du artikulu hauek interpretatzeko eta bertan aurreikusten diren egoerak arautzeko ahalmena.

Iragarkiaren kodea: L1907521