137. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

142E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Garesko udal-mugartean ibilgailuak desegiteko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratua aldatzen duena. Instalazioaren titularra Recuperaciones Valdizarbe SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 27ko 419/2012 Ebazpenaren bidez emana, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea aplikatuz. Baimen hori Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 4ko 28E/2016 Ebazpenaren bidez eguneratu zen.

Bizitza baliagarriaren bukaeran dauden ibilgailuei buruzko urtarrilaren 20ko 20/2017 Errege Dekretuak, 2017ko urtarrilaren 22an indarra hartu zuen horrek, hau ezarri zuen lehenbiziko xedapen iragankorrean, instalazioen baimenak egokitzeari buruzkoan alegia: bizitza baliagarriaren bukaeran dauden ibilgailuak kudeatzeko instalazioek baimenaren berrikuspena eskatu behar dute, Errege Dekretua indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, horren ezarpenetara egokitzeko, hala behar denean.

Aipatutako instalazioak hondakinak kudeatzeko baimena du, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarriarekin bat. Baimen hori jasoa dago instalazioaren ingurumen baimen integratuan.

Hori dela eta, 2017ko irailaren 22an instalazioaren titularrak beharrezkoa den dokumentazio teknikoa aurkeztu zuen, eta horrekin batera ingurumen baimen integratuaren berrikuspena eskatu; beraz, baimena berrikusteko prozeduraren tramitazioari hasiera eman zitzaion.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Berrikustea honako instalazio honetarako ingurumen baimen integratua: Garesko udal-mugartean ibilgailuak desegiteko instalazioa (titularra Recuperaciones Valdizarbe SL da). Berrikuspenak helburua du bizitza baliagarriaren bukaeran dauden ibilgailuei buruzko urtarrilaren 20ko 20/2017 Errege Dekretura egokitzeko neurrien proiektua egitea, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren kasuan kasuko espediente administratiboetako baldintzak bete ditzaten, baita ebazpen honen eranskinean agertzen direnak ere.

Bigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzekoak izanen dira instalazioaren titularrari jakinarazten zaizkion egunetik aurrera.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau Recuperaciones Valdizarbe SLra eta Garesko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 17an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1906844