135. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

318E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Urraulgoitiko Udal Plan Orokorrari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena. Urraulgoitiko Udala da planaren sustatzailea.

Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan (ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazio eremua) ezarritakoaren arabera, planek ingurumen ebaluazio estrategikoa eta ingurumen adierazpen estrategikoa behar dituzte, plana onetsi baino lehen edo horrekin batera.

Urraulgoitiko Udal Plan Orokorraren ingurumen arloko tramitazioa hasteko, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduaren (LOEE) gaineko txostena aurkeztu zuen 2015eko urtarrilaren 13an. Bertan zehazten dira hirigintzako udal plana eta hari dagokion ingurumen ondorioen azterketa (ingurumen azterketa estrategikoa) egitean kontuan hartu beharreko ingurumen- eta paisaia-alderdiak.

Urraulgoitiko Hirigintzako Udal Plana 2017ko urriaren 27an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurreko epea hasi zen 2017ko 245. Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarki bat argitaratuz, abenduaren 26koan. 2018ko urtarrilaren 15ean, Urraulgoitiko Hirigintzako Udal Planaren dokumentazio osoa sartu zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan.

Plan hau udalerriaren lehenengo hirigintza agiria da; izan ere, Irurozki da hiri lurzorua mugatzeko proiektu bat daukan bakarra. Udal plan orokorrak berekin dakar Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua aplikatzea, baita Pirinio aldeko Lurralde Antolamenduko Planaren (LAP-1) ondoriozko determinazioak ere.

Hirigintzako planaren analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udal-mugarte osoan dute eragina, zeina Aretako mendien eta Illon eta Leire mendilerroen artean kokatzen baita, 142 km² dituela. Urraulgoitiren ezaugarri nagusia da landa giroko hainbat bizigunez osatua dagoela; izan ere, 9 herri eta 14 kokagune historiko ditu.

LOEEn berean proposatu zen udal eredua hiru alternatibaren balorazioaren ondorioa da. Bigarren alternatiba hautatu zen, bizitegiei eta jarduera ekonomikoari buruz proposatzen duenak hazkunde moderatuagoak dituelako helburu, ingurumen baldintzetara eta egoera sozioekonomikoetara egokituak. Hori horrela, hirigintzako planaren helburuek bilatzen dute gaur egun hiri-bilbea duten biziguneak finkatzea eta hazkunde moderatua izatea, eta, orobat, hiri-bilbea galdu duten biziguneak, berreskuratu gogo direnak, finkatzea (kokagune historiko tradizionalak).

Aurreikusi diren zabalkuntzak eta garapenak jadanik eraikita dauden hiri-lurzoruen inguruetan kokatzen dira, batez ere nekazaritza- eta abeltzaintza-erabileretarako eta, neurri txikiagoan, baratze tradizionaletarako diren lurretan. Horregatik, ingurumen eraginik nabarmenena erabileren aldaketa horietatik dator, zeinak ingurumenaren aldetik bateragarriak diren, ez baitaukate ingurumen elementu eta/edo eremu nabarmenik.

Imirizalduko hegoaldean jarduera ekonomikoetarako aurreikusitako eremuari dagokionez, Planak LAEEn hautatutako alternatiba zehazten du, eta ingurunearen garapen eredua zaintzeko lurzoru gisa sailkatzen du. Eremu horretan azalera handia erreserbatzea aurreikusi da, iparraldean ibarbide bat duena, Gesaltzeko erreka-zuloak drainatua, eta alde zelaiago bat NA-2100 errepidearen ondo-ondoan. 2015eko urtarrilaren 13ko agirian azaldu bezala, aurreikusita dago, eremu hori eraldatzen denean, ingurumen aldetik nabarmenki eragitea erliebeari, paisaiari eta erreka-zuloari berari. Prebentzio neurri gisa, eta betiere eremua modu justifikatuan garatzen bada, Planak eremu zelaienak lehenetsi beharko lituzke.

Urraulgoitiko udalerrian lurraldearen aldetik ageri diren ezaugarri nagusiak hauek dira: landaguneen barnetik edo horien inguru hurbiletik doazen erreka-zuloak eta errekak; biziguneen ertzetan ageri diren erliebe zorrotzak, eta “Artxugako mendilerroa, Zarikieta eta Aretako mendiak” eta “Areta ibaia” kontserbazio bereziko eremuen ondoan egotea.

Planean adierazi dira Areta ibaiak hartzen ahal dituen eremuak; gainera, biziguneetarako egin diren hirigintza proposamenak bateragarriak dira, eta ez diete eragiten urak hartzen ahal dituen eremu horiei. Dena dela, udalerria drainatzen duten erreka-zuloek eta errekek, zeinek sare handi bat osatzen baitute, eragin puntualen bat jasan lezakete herriguneak zeharkatzen dituzten aldeetan. Adoainen kasuan, 8. poligonoko 505. lurzatia hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatu da, etxebizitza bat eraikitzeko (AA-AD-04) Lezapeko erreka-zuloak eta “Ugarrako mendilerroa” KBEan integratuta dagoen erreka-zuloak bat egiten duten tokian. Horregatik behar diren neurriak hartuko dira erreka-zuloen zortasuna bermatzeko eta ibilguaren aldaketa topografikoak saihesteko.

Aietxu eta Adoain herriak “Artxugako mendilerroa, Zarikieta eta Aretako mendiak” KBEaren ondoan daude, eta proposamenak bateragarriak dira ingurumenaren aldetik. Irurozkiko herrigunearen zabaltzea “Areta ibaia” KBEaren mugaraino iristen da. Itxura batean, ibai-sistemari ez zaio eragiten, kota nabarmen ezberdinetan dauden zona mugakideak direlako. Hala ere, prebentzio neurriak hartu beharko dira ibai ondoko sahastietan eta makaldietan eraginik ez sortzeko.

Giza-kokaguneak nolabaiteko malda duten aldapetan edo mendi-mazeletan daudenez, ibarreko behealdeak eta, horrenbestez, udalerriko nekazaritza-lur bakanak okupatzea saihestuz, neurriak hartu beharko dira herriguneen balizko handitze horiek jatorrizko erliebean integratzeko. Hori gertatzen da Elkoatzen, esate baterako, non eremu zabal bat proposatzen baita elizaren ingurunea bilduz (UE-EL-01) ezponda baten gainean, eta Eparotzen (AA-EP-07 eta 06).

Planak zonifikazio akustikoa ere jasotzen du, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak ezartzen duen bezala, eta gaueko ingurunea babesteko argi-zonifikazioa.

Landa-lurzoruaren antolaketari dagokionez, udalerri osoa sartu da babestu eta gorde beharreko lurzoruen sailean, honako hauek oinarri harturik: lurralde diagnostikoa, eremu babestuen identifikazioa, ingurumen balioa duten eremuen identifikazioa (Natura sarekoak, LAP-1 Planaren babes bereziko eremuak), kultur balioak (kultur intereseko ondasuna, abelbideak eta aztarnategi arkeologikoak) eta paisaia naturalak (Ugarrongo arroila).

Lurzoru urbanizaezinen kategorizaziorako proposamena bateragarria da han dauden balioekin. Hala ere, ebazpen honen baldintzen artean jasotzen diren determinazioak gehitu behar dira, ingurumen eta paisaia aldetik dauden balioak zainduko direla bermatzeko, ingurumen balioa duten eremuak osatuz eta araudia eta zehaztapen kartografikoa lurralde-testuingurura egokituz.

Arriskuei dagokienez, Planean jaso dira basoko suteak pizteko arriskutsuak diren eremuak eta Areta ibaiak hartzen ahal dituen eremuak.

Agiri guztiak azterturik, Urraulgoitiko Hirigintzako Udal Planaren aldeko txostena eman da, zenbait baldintza ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta aurkeztutako alegazioak aurkezturik, ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura egoki bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen adierazpen estrategikoa egiten da Urraulgoitiko Udal Hirigintza Planaren alde. Planaren sustatzailea Urraulgoitiko Udala izan da.

2. Ingurumen adierazpena determinazio hauek betetzearen menpe dago:

–Hirigintza plana garatzean, ingurumen azterketa estrategikoan jasota dauden zuzenketa eta prebentzio neurriak aplikatuko dira.

–Lurzoru urbanizaezina sailkatzeko proposamenean honako hauek jasoko dira:

  • Eremu babestu gisa sartzea, daukan ingurumen balioagatik, Areta ibaia KBEa; eta, Areta ibaiaren inguruetan, zaindu beharreko ingurumen balioa duten zuhaitz formazioen mugapena zuzentzea, lur landuak direlako.
  • Ibai aldeari dagokionez, afekzio-eremua deiturikoa kentzea (100 metro), han dauden eraikuntzak handitzeko muga delako, justifikatu gabe; izan ere, ibai sistema –Pirinio aurrekoa– tuparrietan ahokatutako sare bat da, eta haren eragin eremua proposatutako distantzia baino txikiagoa da.

–Ebaluatzea, Adoainen, AA-AD-04 proposamena bideragarria den, eta erreketan zortasun eremua betetzen den.

–Elkoazko (UE-EL-01) eta Eparozko (AA-EP-07 eta 06) aurreikuspenetan, integrazio topografikorako neurriak eta paisaian integratzekoak sartzea, eta Adoaingo paisaia babesteko eremua baloratzea (LAP-1).

–Imirizalduko jarduera ekonomikoen eremuan, garapen eredua zaintzeko lurzoru gisa sailkatzeko baldintza izanen da garapena alde zelaienetan egitea, Gesaltzeko erreka-zuloaren inguruetan jardutea saihestuz.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Udalen Hirigintza Planeamendurako Atalari eta Urraulgoitiko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 30ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: ebazpen honen eranskinak honako helbide honetan eskuratu daitezke: http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/ANUCLEO/F1907610c_Anexos-MA.pdf.

Iragarkiaren kodea: F1907610