134. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

141E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, biodiesela eta olio-produktuak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako eskatutako aldaketa onartzen duena. Instalazioa Caparrosoko udal-mugartean dago eta haren titularra Extracte Lur SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak urriaren 5eko 360/2006 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 8ko 2E/2019 Ebazpenaren bidez aldatua.

2019ko otsailaren 18an, denbora batez biodiesela fabrikatzeko jarduerarik izan gabe, titularrak eskatu du ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzen aldaketa, zehazki frijitzeko olioaren hondakinaren kudeaketa, LER 200125 kodearekin; hondakin hori prozesatu nahi du, olio birfindua lortzeko, zeina ondoren hidrobiodiesela (HVO) egiteko lehengai gisa erabiliko baita.

Frijitzeko olioa fintzeko lerro horren funtzionamendu operatiboa gaur egun indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzen arabera eginen da, baina ez da baimen horretan zehaztutako guztia bere horretan mantenduko; izan ere, lerro hori beste lerro produktiboekiko independentea izanen da, ingurumen baimen integratuan produkzio prozesua deskribatzen den atalean jaso diren neutralizazio eta gomagabetze etapak baizik ez direlako gauzatuko.

Bestetik, bidezko da zuzentzea Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 8ko 2E/2019 Ebazpenean atzemandako akatsa; glizerina fintzeko lerroa abian jartzea onartu zen ebazpen horren bidez, eta bertatik ezabatu behar da instalazioa hondakin arriskutsuen kudeatzaile gisa baimentzeko betebeharrari buruzko paragrafoa.

Azkenik, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuak ez du barne hartzen jabari publiko hidraulikora isuriak egiteko baimena; izan ere, instalazioan jarduera aldi baterako etetearen ondorioz, 2015eko irailaren 30ean Ebroko Konfederazio Hidrografikoak indarrik gabe utzi zituen 2006ko martxoaren 21ean eta 2013ko uztailaren 15ean eman zituen txosten nahitaezko eta lotesleak.

2018ko urriaren 22an, ordea, arroaren erakunde horrek beste txosten lotesle bat eman zuen isurien onargarritasunari buruz, instalazioan jarduerari berriz ekitearekin lotuta. Horren ondorioz, azaleko uretara isurketa zuzena egiteko baimen partziala ere erantsi da, jabari publiko hidraulikoari buruzko erregelamenduaren 245. artikuluaren arabera eskatu beharrekoa, eta horretarako, arroaren erakundearen txosten horren edukia gehitu da, 4. fluxuari dagokionez: galdararen purgetatik eta ekarpeneko uraren desmineralizazio katearen berritzetik datozen urak.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Biodiesala eta olio-produktuak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa onartzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen I. eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioa Caparrosoko udal-mugartean dago eta haren titularra Extracte Lur SL da.

Bigarrena.–Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren urriaren 5eko 0360/2006 Foru Aginduaren bidez instalazio horri emandako ingurumen baimen integratuan sartutako hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko baimenaren (15G04065008142006 erregistro zenbakia) indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.

Hirugarrena.–Zentroak Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa duen 15P01065008 142004 eta P/5/NA/2004 inskripzioa kentzea, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legearen 29.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena ere ematea, alegia, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Urei buruzko Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen dira zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege-dekretuaren 104. artikulua). Zehazki, gerora sortutako inguruabarrak gertatzen direnean, hain zuzen, lehenago gertatu izan balira, baimena ukatzea edo beste baldintza batzuetan ematea ekarriko zutenak. Era berean, titularrak informazio edo gorabeheraren bat aitortu gabe utzi duenean, jakinarazi izan balu, baimena ukatzea edo beste baldintza batzuetan ematea ekarriko zuena. Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isurketaren baldintzak aldatzen ahalko ditu kalitate helburuak, ingurumen arloko kalitate arauak eta baliabide hartzailearen ingurumen baimenak bermatzeko. Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea, isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Bosgarrena.–Glizerina fintzeko lerroa abian jartzea onartzeko, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak urtarrilaren 8an eman zuen 2E/2019 Ebazpenetik paragrafo hau kentzea: “Hori dela eta, eta erabiliko den lehengaia hondakin arriskutsutzat jo litekeenez, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean xedatutakoarekin bat, beharrezkoa da instalazio horri Hondakin Arriskutsuen Kudeatzaile izateko baimena ematea”.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Extracte Lur SLra, Caparrosoko Udalera eta Ebroko Konfederazio Hidrografikora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 17an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1906843