134. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

64/2019 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, baimena ematen duena El Quinto 2895 ustiapen-emakidaren minerala birrindu, eho eta bahetzeko instalazioa abiarazteko.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 4ko 629/2014 Ebazpenaren bidez, baimena eman zitzaion Magnesitas Navarras SAri “130 mailako ebakiko sakontze-lanak” izeneko proiektua gauzatzeko. “El Quinto 2895” eta “El Quinto 2896 handitzea” izeneko ustiapen-emakiden barnean sartzen zen aipatu proiektua, Esteribarko udal-mugartean.

Enpresak planta bat du ustiategi-gunean, bertan erauzten diren baliabide mineralak birrindu, eho eta bahetzeko; planta hori 1986ko proiektu baten araberakoa da eta 1996ko proiektu bati jarraikiz lekualdatu zen. Ordutik hona, hura hobetzeko eta arriskuak gutxitzeko zenbait jarduketa egin dira, eta horregatik, 2019ko maiatzaren 5ean enpresak eskaera egin zuen instalazioa egungo konfigurazioarekin abian jartzeko. Langileek lan ekipoak erabiltzeko segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ezartzen dituen uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretua betetzeari buruzko egiaztagiria erantsia du eskabideak.

Aipatu dokumentazioa azterturik, bidezkoa da, Meategietako Segurtasunari buruzko Oinarrizko Arauen Erregelamendu Orokorraren 7. eta 117. artikuluetan ezarritakoarekin bat (apirilaren 2ko 863/1985 Errege Dekretuaren bidez onetsia) eta Meatzaritzako Araubiderako Erregelamendu Orokorraren 138. artikuluari jarraikiz (abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren bidez onetsia) baimena ematea abian jartzeko El Quinto 2895 ustiapen-emakidaren minerala birrindu, eho eta bahetzeko instalazioa.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Baimena ematea El Quinto 2895 ustiapen-emakidaren minerala birrindu, eho eta bahetzeko instalazioa abiarazteko, 130 mailako ebakiko sakontze-lanetako ustiategi-gunean, Eugiko Kontzejuan, Esteribarko udal-mugartean.

2. Ebazpen hau Meategien Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Magnesitas Navarras SAri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 17an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F1906909