132. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

252/2019 FORU AGINDUA, ekainaren 20koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Félix Garrido egoitzako egoiliarrek jaso beharreko gutxieneko arreta zerbitzu funtsezkoak arautzen dituena.

2019ko ekainaren 13an Garapen Ekonomikorako Departamentuan erregistratutako idazki baten bidez, Elisa Vázquez Subirats andreak –ELA sindikatuaren izenean langileen delegatu gisa– jakinarazi zuen Sarrigurengo Félix Garrido egoitzan 7 eguneko grebara egiteko deialdia, 2019ko ekainaren 24ko 7:00etatik ekainaren 30eko 22:00etara, hain zuzen.

Jakinarazpenean azaltzen denez, Elisa Vázquez Subirats andrea da greba batzordeko kide bakarra.

Egun horretan bertan, datei dagokienez berdinak diren grebarako jakinarazpenak aurkeztu ziren Lizarrako Ordoiz eta Tuterako Queiles errehabilitazio psikosozialerako zentroetan.

Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriro xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.

Desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonentzako egoitzak ezin dira arretarik gabe utzi, horrek bertan bizi diren pertsonen zaintzan, osasunean eta bizitzan ondorio larriak eraginen bailituzke.

Egun guztian zaindu eta lagundu beharreko pertsonak hartzen dituzte aipatu zentroek beren instalazioetan. Pertsona horiek zainketa pertsonala behar dute beren oinarrizko beharrak betetzeko, eta zainketa pertsonal hori gabe kalte larriak izaten ahal dituzte osasunean.

Grebarako deialdia dela eta, egoitzako arreta zerbitzua ezin da osorik eten. Izan ere, nabaria da hizpide dugun kasua gizartearentzako funtsezko zerbitzua dela, eta horren hartzaileak desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonak direnez, larritasun bereziko inguruabarrak daudela onartu behar da. Hori horrela, Konstituzio Auzitegiak dioenez, gizarteak ezinbesteko prestazioetarako duen eskubideak lehentasuna dauka grebarako eskubidearen aurrean, eta botere publikoek babestu behar dituzte, izatez, gizartearen zati batek ezinbestean behar dituen zerbitzuak.

Beraz, gutxieneko zerbitzuak ezartzeko orduan, Konstituzioak grebarako aitortzen duen eskubidea errespetatu eta erabiltzaile horien ongizate pertsonala babesteko eskubidea bermatu behar da, Espainiako Konstituzioaren 28., 49. eta 50. artikuluek botere publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betez.

Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena gobernuko agintaritzari dagokio, halaxe xedatzen baita lan harremanei buruzko araudia berritzen duen martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan. Eskumen hori Nafarroako Foru Komunitateak hartua du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.b) artikuluaren arabera.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailearen txostena ikusita, Félix Garrido egoitzako gutxieneko zerbitzuak ezarri dira egoiliarrek greba egunetan behar dituzten zerbitzuen eta arretaren arabera, eta kontuan hartu dira haien autonomia maila eta behar duten laguntza, baita langileek esleituta dituzten eginkizunak eta egoiliarrek hartzen dituzten zerbitzuak ere.

Lizarrako Ordoiz eta Tuterako Queiles errehabilitazio psikosozialerako zentroei dagokienez, aipatu txostenetik ondorioztatzen denaren arabera eta zentroen eta grebarako deialdiaren ezaugarriak direla eta, ez da bidezko gutxieneko zerbitzuak ezartzea, deusetan galarazi gabe gutxieneko zerbitzu horiek ezartzea inguruabarrak aldatzen badira.

Horrenbestez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoa eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikulua, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Jarraian agertzen diren gutxieneko zerbitzu funtsezkoak errespetatzea Félix Garrido egoitzan deitutako 7 eguneko greban, 2019ko ekainaren 24ko 7:00etatik ekainaren 30eko 22:00etara egitekoa, hain zuzen:

a) Zuzeneko arretako langileak:

–Egun guztietan: langile bat txanda bakoitzean (goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan).

b) Zerbitzu orokorretako langileak (garbiketa, ikuztegia):

–Lanegunetan: langile bat txanda zatituan, goizeko eta arratsaldeko ordutegian.

Bigarrena.–Foru agindu hau jakinaraztea Félix Garrido egoitzako greba batzordeari (helbide hau duena jakinarazpenetarako: Iturralde y Suit kalea z.g., 31004 Iruña) eta Avanvida SL enpresari (helbide hau duena: Ruben Beloki plaza 4, solairuartea, 31600 Burlata).

Hirugarrena.–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailearen txostena ikusita, ez dira gutxieneko zerbitzuak ezartzen Lizarrako Ordoiz eta Tuterako Queiles errehabilitazio psikosozialerako zentroetarako.

Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea Félix Garrido egoitzako zuzendaritzara (helbide hau duena: Elizmendi kalea 8, behea, 31621 Sarriguren), Lizarrako Ordoiz errehabilitazio psikosozialerako zentroko zuzendaritzara (helbide hau duena: Curtidores kalea 33, 31200 Lizarra) eta Tuterako Queiles errehabilitazio psikosozialerako zentroko zuzendaritzara (helbide hau duena: Alberto Pelairea kalea 1, 31500 Tutera).

Bosgarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, deusetan galarazi gabe jakinarazten denetik bertatik ondorioak izatea.

Seigarrena.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko ekainaren 20an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1908499