1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
141E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: Elo-Untzitibarko L/4669-02 eta Venta de Judas-Loiti-Itzagaondoko L/4230-01 arteko lineak itxiko dituen 13,2 kv-ko linearen proiektua, Itzagaondoko udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución SA da.
2018ko azaroaren 9an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartzen da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Jarduketa honen bidez 13,2 kV-ko aireko linea bat eraikiko da, egun antenan amaitzen diren Elo-Untzitibar (Irison) eta Venta de Judas-Loiti-Izagaondoa (Urbizainen) lineak itxiko dituena; horren helburua sarearen ahalmena bermatzea da, tarteune erradialetan itxierak eginez, legeak segurtasunari, kalitateari eta energiaren horniduraren efizientziari buruz egiten dituen eskakizunak bete beharrez.
Linea berriak ekialdetik mendebalderako norabidea izanen du, hegiz hegi, batetik, Irisotik Urbikaina bitarte Itzagako mendilerroaren behealdean eta Gongolazko hegoaldera dagoen haran txiki baten aldera, eta bertzetik Iriso eta Turrillas arteko NA-2400 errepidearen aldera. Proposamenak hartzen dituen eremuei aplikatzekoa zaio abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baitira hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak.
Eskaera hori jendaurrean egon da 30 egun baliodunez, iragarri ondoren 2019ko Nafarroako 8. Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 14koan,eta ez da alegaziorik jaso epe horretan.
Espedientean jasota daude Itzagaondoko Udalak eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostenak. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena eman du, zenbait baldintza jarrita.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: Elo-Untzitibarko L/4669-02 eta Venta de Judas-Loiti-Itzagaondoko L/4230-01 arteko lineak itxiko dituen 13,2 kv-ko linearen proiektua, Itzagaondoko udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución SA da.
2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:
Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, proiektuaren aldeko txostena eman da, baldintza hauekin:
–Ingurumenaren arlokoak:
- Dokumentazioan jasota dagoen moduan, isolatzaileak U70YB20AL motakoak izanen dira, txoriak pausatzearen aurkako PECA-1000 elementuarekin, eta metro 1 baino gehiagoko isolamendua izanen dute.
- Deribazioko euskarrietan deribazioko zubi lasaiak eta linea nagusikoak isolatuko dira.
- Gangaren euskarrietan, eroale nagusiaren amarradura grapa eta eroalea bera isolatu beharko dira eta albo bakoitzean metro bateko isolamendua izanen dute. Gauza bera egin beharko da RC gurutzeta eta BC gurutzeta dituzten sareta euskarrietan.
- Linea guztia seinalatuko da hiru eroaleetan paratutako txori-babes balizekin. Balizen arteko tartea 15 metrokoa izanen da asko jota fase bereko bi baliza elkarren segidakoren artean, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.
- Oihan eremuan proiektatu den zatian (Itzagaondoko 12. poligonoaren 105 I eta K azpilurzatiak) larreetako eta sastrakako okupazioa murriztuko da. Horretarako, euskarri horietarako sarbideak zehazteko xedez, zati hau zuinkatu aurretik 48 ordu lehenago 8. barrutiko basozainei (Agoitz) abisatu beharko zaie (telefonoa: 948334213 eta helbide elektronikoa: guarderío.forestal.aoiz.8@navarra.es).
- Lanek aldatutako eremu guztiak, euskarrietara joateko bide berrien ertzak eta lanak burutu ondoren utziko ez diren aztarnak barne, inguru horretako berezko belar eta zuhaixken espezieak jarriz lehengoratuko dira.
- Lanak egin bitartean, horren berririk izan ez eta aztarna arkeologikoren bat aurkituz gero, obrak berehala geldiaraziko dira eta aurkikuntzaren berri emanen zaio Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari.
–Hirigintzari eta lurraldeari dagokienez:
- Instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun-eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikulua).
- Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu nahi diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.
- Herri-lurren gaineko ukipenari dagokionez, 2019ko martxoaren 18ko Herri-lurren Atalaren txostenean adierazitakoa beteko da:
- Azkenean herri ondasunak ukitzen badira, Itzagaondoko Udalak, okupazio-espediente bat izapidetu beharko du eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez okupazioa baimentzea eskatu beharko du. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.
- Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2019ko urtarrilaren 15eko txostenean adierazitakoa beteko da.
- a) Aireko lineari eusteko dorreak ukitutako errepidearen galtzada zedarritzeko kanpoko lerrotik bereiz egonen dira. Tarte hori, gutxienez, dorreen garaieraren parekoa izanen da. Tokiko errepideetan (NA-150 halakoxea da), ezin da inola ere 25 metrotik beherako tarterik utzi, halako moldez non eroriz gero ez baitu galtzada ukituko.
- b) Errepideen plataformaren eta kablerik baxuenaren artean gelditu beharreko gutxieneko garaiera librea departamentu eskudunak eskatutakoa izanen da, eta ez da inola ere 7 metro baino gutxiagokoa izanen ukitutako errepidean.
- c) Sustatzaileak, lanak gauzatu aitzin, eta haietarako behar den eskaerarekin batera, egin beharreko obrak guztiz zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri Lan Zuzendaritza Nagusian, NA-2451 errepidean ukitzen dutena azalduz, eta goian ezarritako determinazioak beteko dituzte baimena lortzeko, hori bidezko bada.
- d) Sustatzailearen kargura izanen dira dokumentazio teknikoa prestatzeari, lanak egiteari eta behar bezala funtzionatzeko behar diren kontsumoei dagozkien gastuak.
- Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
- Zehatzago, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baimena ukitutako errepideei dagokienez, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat, eta Ebroko Ur Konfederazioaren baimena, Urei buruzko lege indardunean ezarritakoarekin bat.
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak jardueraren titularra behartuko du ukitutako lurrak lehengoratzera, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsi eta/edo kenduta. Hari beretik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratuko duela, bost urteko epean gehienez.
3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 20.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu, orobat, baimen honek; aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena emateko prozedurari buruzkoa).
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Itzagaondoko Udalari, Basozaintzari (8. barrutia: Agoitz) eta interesdunari.
Iruñean, 2019ko maiatzaren 23an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1907148